2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezian, eta urriagoak dira zerbitzu sozialak Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez

  • Eskubide Sozialen Kartak deituta diru sarrera duinen aldeko ekimena egin dute Bilbon eta Iruñean. 1.400€ko gutxieneko soldatak eta 1.260€ko gutxieneko pentsioak exijitu dituzte. Adierazi dutenez, 2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezia egoeran 2021ean, alegia, %44 gehiago.

Diru sarrera duinen alde mobilizatu dira Bilbon eta Iruñean, Karta Sozialak deituta. / Argazkia: Eskubide Sozialen Karta

2022ko azaroaren 11n - 06:46
Azken eguneraketa: 12:18

“STOP Pobretzeari” dinamikaren bueltan, Eskubide Sozialen Kartak diru sarrera duinen aldeko ekimena egin du ostegunean Bilbon eta Iruñean. Finantza sektorea, energiarena eta oro har elite ekonomikoak gehiengoaren pobretzea eragiten ari direla salatzen ari dira urria eta azaroa bitartean, hitzaldi, tailer eta mobilizazio bidez. 2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezia egoeran 2021ean, alegia, %44 gehiago.

Okerrera doan egoera horren aurrean, ELAko idazkari nagusiaren ondoko den Amaia Muñoak eta LABeko koordinatzaile orokorra den Garbiñe Aranburuk azaldu dute prestazio sozialak geroz eta urriagoak direla, Naiz-ek jaso duenez. Esate baterako, DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak gutxieneko soldataren igoeraren arabera igo behar dira, legeak zehazten duenez, baina Eusko Jaurlaritza ez da hori betetzen ari. Sindikatuetako ordezkariek esan dute errenta hori izan beharko lukeena baino ia 300€ txikiagoa izaten ari dela, eta gehienbat emakumeak kaltetzen dituela horrek, soldata eta pentsio txikienak jasotzen baitituzte oro har.

Pobrezia amaituko duten politika egonkorrak eta eraginkorrak eskatu dizkio Karta Sozialak Lakuako Gobernuari, Nafarroakoari eta Espainiakoari, “eliteen diru gosea bermatzen ez dutenak”. Naiz-en irakur daiteke 2019an baino %83 gehiago irabazi dutela 2021ean Ibex 35eko enpresek.

“STOP Pobretzeari” dinamikaren hurrengo eta azken hitzordua azaroaren 19ko manifestazioak izango dira, Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean "langileen mesedetarako politikak” exijitzeko helburuz deitu dituztenak. Besteak beste, 1.400€ko gutxieneko soldata eta 1.260€ko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen du Eskubide Sozialen Kartak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herritarren pobretzea
2024-02-13 | Gedar
Bost urtean, ia bikoiztu egin da seme-alabarik eduki nahi baina ezin duten gazteen kopurua EAEn

Urte gutxiren buruan lanik aurkituko dutela uste dutenen kopurua 20 puntu beherago kokatzen da bost urteren ostean. Norberaren gogobetetzearen balorazioari dagokionez, 10 puntu jaitsi da 2015etik.


Oxfamen txostena 2024
Bikoiztu egin dituzte fortunak munduko bost aberatsenek azken hiru urteetan

Egunero milioi bat dolar xahutuko balitu bost aberats horietako bakoitzak, 476 urte beharko lituzkete aberastasun guztia agortzeko. Era berean, 2020tik hona, munduko 5.000 milioi pertsonaren erosahalmena murriztu egin da. Oxfam GKEaren aurtengo txostenaren emaitzak dira.


Paris 365: Iruñeko Udalaren migrazio politikek “erakartze efektuaren diskurtsoa” barneratu dute

Fundazioak 650 lagun ingururen elikadura bermatzen du urtean. Erakundetik diote azkeneko bi urteetan laguntzarik gabe geratu diren pertsonak artatu ahal izan dituztenak baino gehiago izan direla.


2023-09-15 | Gedar
Ikasleen erdiak egiten dute otordu bat gutxiago Frantziako Estatuan, diru falta dela-eta

Berokuntzari edo higiene-produktu batzuei ere uko egin behar diete ikasleen ia erdiak, Cop1 erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera. %25ek 50 euro baino gutxiago izaten dituzte eskura, alokairua eta tasak ordaindu ondoren.


Testuliburuak berrerabiltzen al dituzte zure eskolan?

DBH 4ko sei testuliburutan 223 euro ordaindu ditu Ainhoak, lau liburu aurtengo edizioak, gainerakoak berrerabiltzeko aukerarik gabe, "ez familian, ez lagunartean, ez bigarren eskuko plataformetan". Testuliburuen mailegutza edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira... [+]


Eguneraketa berriak daude