Santxikorrota: Bardea Zuriko iraganaren lekukoak

  • Lurraren historia geologikoa urtebetean laburtu beharko bagenu, Errege Bardea abenduaren 30ean sortu zela azpimarratu dute adituek. Baina hala ere, milioika urte ditu.

Santxikorrota Bardea Zurian dagoen muino lekuko ezagun eta historikoa da (argazkia: Mendikat)

Ebro ibarraren sorrera bitxia da: duela 40 milioi urteko orogeniaren ondorioz, Tertziarioan, mendikateen artean Mediterraneora ihesbiderik ez zuen aintzira erraldoi bat zen. Pixkanaka, Pirinioetatik eta Iberiar Mendikatetik higatutako buztinak, hareharriak, kareharriak eta konglomeratuak pilatu ziren. Duela 12 milioi urte inguru Ebro ibaiaren arbasoak itsasorako atea zabaldu zuenean higadura prozesuak azkartu egin ziren. Bardeetan orain ikus ditzakegun paisaia eta forma harrigarri askoren jatorria, azken milaka urtetan gertatu den ustutze prozesu horren ondorio da.

Higadura prozesuek aurrera egin ahala, erliebea eratzen da substratu geologikoaren gogortasunaren arabera: hareharri eta legarrek errazago eusten diote, eta haien azpian dauden lutitak –buztin eta lupetzez sorturiko arroka sedimentarioak– babesten dituzte. Horrela sortu ziren, besteak beste, hainbestetan fotografiatu ditugun Bardeako sorgin tximini eta muino-lekukoak, Castildetierra, Piskerra, El Rallón edo Santxikorrotakoa kasu.

Azkeneko muino honek badu historiatik eta kondairatik asko. XV. mendean Bardean bizi zen Sancho Rota bidelapurrarengandik datorkio izena, eta gaztelu baten arrastoak ere badira bertan –Juan II.a erregearen gudarosteak setiaturik, harrapatua izan baino lehen Rotak bere burua labanaz hil zuela dio kondairak–.

Halako muino-lekuko ikusgarriak batez ere Bardea Zurian aurki ditzakegu. Ertz malkartsuko sakan, karkaba eta trokarte ugari dituen eremua da, etengabe aldatzen ari den basamortu moduko bat, eta azalera irteten den gatzaren kolore zuriagatik deitzen diote horrela. Bardea Zuriko sakonunea azken 11.000 urtetan moldatu dute gorabehera klimatikoek, baina baita gizakiaren jardunak ere: duela mende batzuk urtero 300.000 ardi iristen ziren transhumantzian –Erronkariarren abelbidea bertatik igarotzen da–; XVII-XVIII. mendeetako Izotz Aro Txikian ere deforestazio handia jasan zuen inguruak, sutarako-egurra lortzeko; XX. mendean nekazaritzarako labakitu ziren 20.000 hektarea inguru; eta gaur egun, ezin ahaztu tiro-eremu militarra dugula erdi-erdian.

Errege Bardeako Natur Parkeko ibilbide ofizialen artean, bada bat mendiko txirrindarekin Santxikorrotatik igarotzen dena eta iraganaren lekuko geologiko horretaz gozatzeko aukera ematen duena.

Fitxa teknikoa

Non

Nafarroa (Errege Bardea)

Nola iritsi

Argedas eta Tutera arteko NA-8712 errepidetik Parke Naturaleko bidea hartu eta Turistentzako Informazio Gunera eramango gaitu; hortik pista batez hurbildu gaitezke  Santxikorrotako eremura.

Informazioa

www.bardenasreales.es eta Geolodía aldizkaria (11 zk.)

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa
Eneko Etxeberria: “Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama. Azken indusketa honek ez du, berriki hildako... [+]


2024-05-03 | ARGIA
Esan erran irratiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala gaur estreinatuko dute Larraintzarren

Nafarroako euskara hutseko irratiak 25 urte bete ditu eta Dialeko azkenak dokumentalean bildu dute bere ibilbidea. Maiatzaren 3an Larraintzarren estreinatuko dute, eta hurrengo asteetan Aizarotzen eta Erason egongo da ikusteko aukera.


Israel Olinpiar Jokoetatik baztertzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Israelek Gazan duen jarrera genozida salatu eta neurriak hartzeko eskatu dio Parlamentuak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari.


Irantzu Fernandez eta Belen Ausejo
"Arlo askotan aurrekaria izan zen Julia Fernandez Zabaleta, nortasun handiko emakumea"

Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren bizitza ezagutzera ematen duen pastorala larunbatean estreinatuko da, San Frantzisko eskolako jolastokian.


Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


Eguneraketa berriak daude