ELA eta LABen arteko ekintza batasuna, euskal sindikalgintzaren historia hurbilean beti egon da presente. Ez da harritzekoa, bi konfederazioek elkarlan estrategikoari ekiten dioten bakoitzeko dardarka hasten da boterea.
Ez da sekretua ELA eta LABen artean harremanak gero eta estuagoak direla azkenaldian. Bi sindikatuek gor egin behar izan diete gobernu, instituzio publiko eta enpresek urteotako krisiaren aurrean hartutako norabide oldarkor eta askotan murriztaileari. Batzuetan ez dute norabide berean bultza egin, baina orain gertu dituzte jarrerak: biek egin berri dituzte uda aurretik euren kongresuak eta biek azpimarratu dute euren arteko elkarlana ezinbestekoa dela herri honetako egoera soziala aldatuko bada burujabetzaren bidetik.
Garbiñe Aranburuk LABeko kongresuaren itxiera ekitaldian ELAri begira eskua luzatu zuen. Ezker abertzaleko sindikatuaren idazkari nagusi berriak azaldu zuen “ausartak izan eta arriskatzeko ordua” dela, eta eztabaida politikoa baldintzatzeko bidelagun gisa aurkeztu zituen biak ala biak. ELAk ere “lehentasunezkotzat” jo zuen bere biltzarrean LABekiko harremana; hala jaso zuen aurkezturiko ponentzian: “Sindikalismo abertzalearen aliantzak ahalmen izugarria du, indar metaketa handia bildu baitezake burujabetzaren eta justizia sozialaren bidean”.
Egiaz, ekintza sindikal bateratuarena “betiereko” lelo bat izan da, kongresu zein aldarrikapen egunetan, garaiaren arabera indar gehiago edo gutxiago izan duena. Zergatik orain egin kasu?
1992ko M-27ko greba abiapuntu
Historian atzera jotzen badugu esperientzia eta saiakerarik ez da falta izan. 1994an lehen aldiz Maiatzaren Lehena modu bateratuan deitu zuten, aurretik ordea euren arteko hurbilketa hasita zegoen beste krisi baten testuinguruan: 90eko hamarkada hasierako bigarren industria birmoldaketa. 1992ko maiatzaren 27an greba orokorra deitu zuten bi sindikatu abertzaleek –CCOOk ere babestua– Espainiako Gobernuaren “berrindustrializazio” dekretuaren aurka eta esan liteke hura izan zela ekintza sindikal bateraturantz egiteko abiapuntua.
LAB sindikatu “gazteak” jadanik erroak ongi sustraiturik zituen, 1975ean sortu zenean %4ko babesa izatetik %15ekoa izatera igaro zen hogei urtetan. Gehiengo sindikal abertzalea izateko aukera ematen zuen horrek. Bestetik, ELA Gernikako Estatutuaren inguruko bere diskurtsoa aldatzen joan zen, inplizituki onartuz marko autonomikoa agorturik zegoela. “Esan daiteke, bada, 1992an ELA zein LAB estrategia zaharrak berraztertu eta berriak saiatzera behartuta aurkitzen zirela”, dio German Kortabarria ELAko sindikalista beteranoak Gauzak horrela (ere) izan ziren liburuan.
1994an euskal lan esparruaren aldeko manifestazioa egin zuten elkarrekin eta 1995eko Aberri Egunean agiri historikoa kaleratu. Testuinguru politikoaren ondorioz zailtasunak aurkitu zituzten noski, baina ekintza batasunak fruitu ugari eman zituen, 35 orduko lan astearen aldeko borroka, kasu. Elkarlan horrek 2000. urtera arte iraun zuen, Lizarra-Garazi Akordioaren porrotak eta negoziazio kolektiboaren inguruko desberdintasunek haustura ekarri zuten azkenean.
Oztopoak oztopo, bizi ditugun garai zailei erantzunak ematera behartuta daude, berdin fabrika handietan nola saltokietan edo gazteen eta emakume prekarizatuen artean. Horrek konbergentziaren xendra urratzera eramango ditu LAB eta ELA
25 urte geroago, berriz ere abagune berean aurki daitezke LAB eta ELA. Burujabetzaren inguruko ikuskeran bat egiten dute: “Ez dago burujabetza prozesurik neoliberalismotik”, idatzi zuen Garan Rafa Díezek El Duesoko kartzelatik, Joxe Elorrietak burujabetza sozialaren aldeko indar harreman berri bat sortzeko proposamenari erantzunez. Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta idazkari nagusi ohien arteko elkarrizketa oso kontuan hartzekoa dirudi.
Kontra-botere sindikatua
Bi sindikatuak patronalaren haginkaden jomuga dira azkeneko urteetan eta horren aurrean nolabaiteko enpatia zor diote elkarri. Confebaskek 2014an gutuna idatzi zion Espainiako Estatuko CEOE elkarteari, eskatuz ELA eta LAB sindikatuen erregistrotik kentzeko aukera zabal zezala, “ez dagokien izaera” dutelako –gero ukatu egin zuen gutuna berea zenik–. Hortik bi urtera gehiengo sindikala bazterrean uzteko estrategia hasi zuen patronalak, “eragin mugatuko” hitzarmenak sinatuz CCOO eta UGTrekin eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Kontra-botererako tenperamentuak eta konfrontazio esparruan aritzeko beldurrik ezak ezaugarritzen ditu sindikatuok. Ez dute beste aukerarik gainera. Madrilen onartutako lan erreformek, estatalizazio eta prekarietatearen zabalkundeak, eta 2008ko finantza-lurrikaratik hona neoliberalismoak harturiko bideak –hego euskal herritarren erosteko ahalmena %4-6 artean jaitsi da– horretara derrigortzen ditu: “ELAk eta LABek errealitatetik aldentzeko arazo larria dute, nahita ere ezin izango lukete”, azaldu du EKAI Centerrek.
Negoziazio kolektiboa da erakunde sindikal baten lan-tresna nagusiena, eta seguruenik ekintza batasuna lortzeko oztopo handienetakoa hor aurkituko dute, orain arte hala izan baita. ELAk enpresa esparruan jarri izan ditu indarrak batez ere, LABek eremu sektorialean edo lurraldekakoan. Baina batak eta besteak euren biltzarrean onartutako testuetan ateak irekita utzi dituzte: “Ez dago esparru on edo txarrik negoziazio kolektiborako –dio ELAk–, enpresa sindikalizatuak eta ez-sindikalizatuak daude”. Garbiñe Aranburuk ere garbi azaldu zuen ARGIArekin izandako elkarrizketan (2.554 zk.): “Nekez pentsa liteke burujabetza prozesua hauspotuko dugunik negoziazio kolektiboan elkar joka bagabiltza”.
Sindikatu “autonomoa”
Esanguratsua da buruzagitza jeltzalea ELAren kontra nolako sinkronizazioarekin aritu den igaro dugun kurtso politikoan. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiaren esanetan, baina, sindikatuaren autonomia ondo gorde beharreko “altxorra” dute. LABek eta ELAk elkarrekin aritzeko beste traba handi bat horixe da hain zuzen.
Finantzarioki bi sindikatuak afiliazioan oinarritzen dira, baina politikoki ELAk mesfidantza handia du LABekiko, ezker abertzaleak “instrumentalizatua” izateko arriskua ei duelako. Ezberdina da LABen ikuspegia: “Badirudi sakoneko eztabaidan ez sartzeko jartzen duela ELAk hori mahai gainean” dio Aranburuk.
Oztopoak oztopo, bizi ditugun garai zailei erantzunak ematera behartuta daude ordea, berdin fabrika handietan nola saltokietan edo gazteen eta emakume prekarizatuen artean. Horrek konbergentziaren xendra urratzera eramango ditu LAB eta ELA; agian ez duela 25 urte bezala, ezta sindikatu bakoitzaren autonomia maila zalantzan jar dezakeen balizko egitura batean ere. Seguruenik, egoera sozioekonomiko konplexu honek beste aktore sozial batzuk bilduko dituen paradigma aske bat beharko du.
Ostiral honetan manifestazioa antolatu dute Gasteizko lorezainek, greba mugagabea hasi zutenetik sei hilabete beteko diren egunean. “Gatazka konpontzeko aurrerapausoak urriak izan dira”, salatu du enpresa batzordeak aste hasieran. Irtenbide bakarra “soldata... [+]
Garnica taldeak egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka hasi dute greba mugagabea Laudioko egur fabrikako langileek. Goizean bilera izan du Enpresa Batzordeak Garnicako zuzendaritzako kideekin, eta langileek txistu artean jaso dituzte.
Hala iragarri dute langileek ostegun arratsaldean Laudion eginiko mobilizazioaren amaieran.
Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]
Greba eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan. "Dena blokeatzeko" mobilizazioaren kari, 50 bat lagunek ekintza bideratu dute Miarritzen, Hotel du Palais luxuzko hotelaren atarian. Bi lagun atxilotu ditu Poliziak.
Laudioko fabrikako jardunaren zati bat tokialdatu nahi du zuzendaritzak, 39 behargin kaleratuz.
"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]
Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.
2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.
Horri gehitu behar... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.