Greba mugagabea hasi dute Maderas de Llodio enpresan, 39 kaleratzeen aurka

  • Garnica taldeak egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka hasi dute greba mugagabea Laudioko egur fabrikako langileek. Goizean bilera izan du Enpresa Batzordeak Garnicako zuzendaritzako kideekin, eta langileek txistu artean jaso dituzte.

Maderas de Llodion 39 kaleratze egin nahi dituela berretsi du Garnicak. Aiaraldea.eus

2025eko irailaren 22an - 10:12
Azken eguneraketa: 17:01
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Goizeko bostetan bildu dira beharginak fabrikako sarreran, Aiaraldea.eus-ek publikatu duenez. Grebalariez gain, inguruko langile batzuk edota eskualdeko bizilagunak bertaratu dira piketera. "Erabatekoa izan da grebaren jarraipena, goizeko txandan behintzat, ez baita inor sartu lantegira", agerkariaren webgunean irakurri daitekeenez.

Egunero egingo dituzte piketeak, txanda aldaketetan (5:00etan, 13:30ean eta 21:30ean). Horrez gain, hainbat mobilizazio izango dira aste honetan. Astelehen goizean, adibidez, elkarretaratzea egin dute lantegi aurrean; langileek txistu artean jaso dituzte Garnicako zuzendaritzako kideak eta abokatuak, hauek fabrikara sartu direnean Enpresa Batzordearekin zuten bileran parte hartzeko. Aiaraldea.eus-ek bideoa grabatu du:

Asteazkenean 12:00etan berriro bilduko dira langileak fabrikaren aurrean, eskualdeko komiteekin batera; eta ostegunean Laudioko plazan 11:30ean.

"Irabazi azkarren logika"

Grebalariek azaldu dutenez, enpresaren asmoa "deslokalizazio argia" da, 39 langileen kaleratzea lantegiaren behin betiko itxierarako lehen urratsa dela ohartarazita: "Irabazi azkarren logika baino ez dago atzetik, enplegua suntsitzea kontuak puzteko, giza kostuari eta gure eskualdearen etorkizunari erreparatu gabe". 

Langileen hitzetan, eskualdeak “kapitalaren enbatarik gogorrena" jaso du beste behin ere: "Merkantzia hutsa gara elite ekonomiko eta enpresarialen eskuetan. Muturreraino zukutzen dituzte gure baliabideak eta gure jendea, eta errentagarriak ez garela erabaki bezain pronto bide bazterrean botata uzten gaituzte. Luzeegia da kolpeen zerrenda, eta Guardianen zauriak zabal-zabalik jarraitzen duen honetan jaso dugu mehatxu berria". 

Halaber, instituzioei eskatu diete esku hartzeko: "Nekatuta gaude etengabe beste aldera begiratzen duten erakundeez. Aiaraldean lan eta bizi nahi dugu. Eta ez dugu etsiko hori defendatzeko bidean. Hemen dago gure bizitza, gure duintasuna eta gure etorkizuna".

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2025eko azaroaren 5
Gorka Perez de Mendiola. Lorezaina sei hilabetez greban
"Grebaren amaiera bidearen hasiera besterik ez da"

Eguneraketa berriak daude