"Zergatik tematzen da Sortu EAJrekiko akordioan, honek ez badu nahi?"

  • Munduko zortzi pertsona aberatsenek 3.600 milioi pertsona txiroenek beste dutela jakitera eman du Oxfamek. Errealitate horri bete-betean erantzuten dion liburua argitaratu berri du Joxe Elorrietak (Loiu, Bizkaia, 1951). Emango du zeresanik. Besteak beste burujabetza soziala akuilatuko duen ELAren eta LABen jarduera batasunaren itzulera grinaz aldarrikatzen duelako: “Ezinbestekoa da”. Egoerari aurre egiteko errezeta argia bezain tinkoa da: aliantzak eta borroka.

Joxe Elorrietak
Joxe Elorrietak "Una mirada sindical contracorriente" liburua argitaratu berri du.Dani Blanco

Zurea zergatik da korrontearen aurkako begirada sindikala?

Kasu honetan berdin da begirada edo estrategia erabiltzea. Begirada hori korrontearen aurkakoa da hainbat arrazoirengatik. Bat, neoliberalismoaren aurkakoa delako. Bi, Mendebaldeko gehiengo sindikalak gaur egun duen ikuspegi sindikalaren aurkakoa delako. Eta hiru, Euskal Herrian badagoelako bestelako gehiengo sindikal bat, ELAk eta LABek osatzen dutena, oso konprometitua errealitate nazional eta sozialarekin, eta hauen jarduera sindikala bilaka daitekeelako borroka eredu berri baten ardatz eta akuilu, egungo indar harremanak aldatzeko gai izan daitekeena. Salbuespenak salbuespen, mundu politiko eta sindikalean hori ez da aintzat hartzen eta horregatik ere begirada hau bada korrontearen aurkakoa.

Azpitituluan hiru kontzeptu aipatzen dituzu: klasea, lurraldea eta aliantza berriak.

Hiru esparru horiek funtsezkoak dira borroka eredu berria finkatzeko. Batetik, euskal sindikalismo horrek klase ikuspegian oinarritzen du bere eguneroko jarduera. Instituzioen legitimitatea eta babesa baino, langileen hurbiltasuna eta legitimitatea bilatu behar da, eta hauek hori egiten dute. Jakina, neoliberalismoa hegemonikoa da, eta batzuetan galdu egiten da, baina hori da pedagogia, borroka eta konfrontazioa.

Hori da liburuaren helburua: diren zailtasun guztiak kontuan hartuta, ELA eta LABen gehiengo sindikala berriz abiaraztea

Azpimarratu nahi dut baita ere lurraldea, azken urteetan ELAren eta LABen sindikalismoak hazten jarraitzen duelako, baita Nafarroan ere; lurralde honetan gertatzen ari dena oso interesgarria da, UGT –%25 orain eta %36 1993an–eta CCOO atzera doaz eta, ostera, ELA eta LAB aurrera. Ezkerrean sarri ematen da lokala eta globalaren arteko eztabaida, eta [David] Harvey moduko autore erreferentzialek diote borrokatu behar dela okupatzen duzun lekua, eskala espazialetan gora egiteko oso garrantzitsua dela bakoitzaren espazioa politikoki eta sozialki ondo osatzea.

Zer falta zaigu? Aliantzak, hori da ez duguna. 90eko hamarkadan egin zen bi sindikatuen arteko saio bat, oso erreferentziala eta indartsua, baina bertan behera gelditu zen. Zer gertatuko zen prozesu hark aurrera jarraitu izan balu? Hori da liburuaren amaieran mahai gainean jartzen dudana;eta horik, halaber, liburuaren helburua:diren zailtasun guztiak kontuan hartuta,gehiengo sindikal hori berriz abiaraztea.

Argazkia: Dani Blanco

Neoliberalismoak langile klaseari ekarri dion atzerakada handia aipatzen duzu, baina Euskal Herrian ez dirudi hori garrantzitsua denik. Politikaren eremutik begiratuta, neoliberalismo hori sostengatzen duten alderdiek samur irabazten dute. Begira EAJ.

Lagun psikiatra batek dio neoliberalismoa perbertsoa dela eta ados nago. Perbertsitatea ez da bakarrik txarra izatea, da baita ere barrutik ezin dela aldatu. Neoliberalek pentsatzen dute errealitatea haiena dela eta ez dagoela beste errealitaterik. [Margaret] Thatcherrek argi esan zuen: “Ez dago alternatibarik”, eta espazio batzuetan lortu dute ideia hori finkatzea, baita sindikalismo nagusian ere. Behin galdetu zioten ea zein zen bere lorpenik handiena eta argi esan zuen: “Sozialdemokraziak gure programa onartu duela”.

Nirekin ekonomia ikasi zuen pertsona ongi kokatu batek zera esan berri dit: “Baina Joxe, ez duzu ikusten errealitatea non dagoen? Ez duzu ikusten zuek mendira joan zaretela?”. Hori irabazlearen pentsamendua da eta, beraz, zera erantzun nion: “Nirea galtzailearen ikuspuntua da, baina oraindik badut esperantza”.

Batzuek nahi dute EAJ Maltzagara joatea, baina EAJk bere aliantzak estatuko indar sistemikoekin egiten ditu, PSOE eta PPrekin, eta arlo sindikalean, posible bada, UGT eta CCOOrekin

EAJren arrakasta aipatzen duzu, eta bai, hala izan da, baina parlamentuan gehiengo osoa izateko lehenbiziz bi indarrekin egin behar du ituna eta ez bakar batekin. Baina EAJren egoera ona ez dator bakarrik bere emaitzatik, egoera pribilegiatua du bai PSOEk eta bai Sortuk berarekin akordioa egin nahi dutelako. Sortuk, esaterako, Arabako Diputazioko aurrekontuak onartu ditu, hauek ez dutenean aldaketarako ikuspegirik. Nafarroan antzera: zergatik EH Bilduk ez du esaten ez direla onak, baina hala ere onartu egiten dituela? Hori pedagogikoagoa litzateke. Hala ere, eta politikoki eraginkorra ez bada ere, EH Bilduk eta Ahal Duguk EAJk baino parlamentario gehiago dituzte.

Langileen eskubideetan, eta denboran kokatzeko, noraino egin da atzera?

Grafikoki esateko, kapitalismoaren aurreko fasera heldu gara, haren fase zakarrenera. 1901etik 1909ra AEBetako lehendakari izan zen Theodore Rooseveltek zera esaten zuen orduko diru pilatze eta aberatsen botere ekonomikoaz: “Baroi madarikatuak!”. Gaur egun ezinezkoa da irudikatzea sistemako politikari bat halakoak esanez. Tomas Piketty ekonomilariak desberdintasuna aztertu du bere liburu ospetsuan [Le Capital au XXIe siècle eta bere ustez XX. mendeko 40ko hamarkadara itzuli gara desberdintasunari dagokionez.

Argazkia: Dani Blanco

Bigarren Mundu Gerraren ostean ongizatearen estatua eraiki zen Europan. Hainbat fenomenoren ondorio izan zen hori, besteak beste Gerra Hotzarena, baina baita sindikalismoak egindako borrokarena ere. Lana eta kapitalaren arteko borroka horretan, orain zein fasetan gaude?

Orain sindikalismoa galduta dago. Ikusten du ezin dituela lortu garai bateko helburuak bere ohiko tresnekin, negoziazio kolektiboa eta abarrekin, baina ez du bere jokaera aldatzen, eta harrapatua dago. Sindikalismo espainiarra, esate batera, CCOO eta UGT, erabat harrapatuak daude. Alemanek eta britainiarrek, adibidez, baliabide ekonomiko ugari dituzte eta zerbait egiten dute. UGTk eta CCOOk ez dute ezer, Estatuaren laguntza ezinbestekoa da haien biziraupenerako. Botere ekonomiko eta politikoari interesatzen zaie hauek egotea eta mantenduko dituzte, baina subjektu aldarrikatzaile gisa hilda daude.

Generoa, ingurumena, multikulturalismoa eta arrazakeriaren aurkako jarrera… Sindikalismo klasikoak horiek ez dituela behar bezala jorratu diozu eta kritika egiten diozu zuen buruei.

Fordismoaren garaian genero borroka aintzat ez hartzea sindikalismoaren akats estrategiko nagusia izan da. Onartu zuen emakumezkoa lan merkatutik kanpo uztea, emakumea etxera eta familiara zokoratuz; eta baita haren lan bazterketa ere, lan berdina eginez soldata gutxiago jasotzea, adibidez. Nire adinekoek ezagutu dugu hori. Gai hau sakon jorratu duen Nancy Frasser-ek esaten du sozialdemokraziak bere proiektutik kanporatu zuela emakumezkoa. Beraz, argi ikusten dut sindikalismoak lehen mailako aliatutzat hartu behar duela genero ikuspegia lantzen duten emakumeen mugimendua.

Ingurumenaren gaiak ere hartu behar du zentralitate bat, sindikalismoak ez zuen kontuan hartu hazkunde ekonomiko honen bidez planeta hondoratuko zela. Klima aldaketaren gaiarekin oso garbi ikusten da hori eta hau ukatzen dutenak oso gutxi dira jada. Orain ikusi beharko da Donal Trumpen etorrerarekin zer gertatzen den.

Etnien ikuspegiari dagokionez, [David] Harvey-k dio kapitalismoak erabili duela espazioa langileen arteko desberdintasunak sortu eta hauek menperatzeko: arraza, erlijioa, hizkuntza.. AEBetan, dena den, sindikalismoaren zati batek eta Luther Kingen arrazakeriaren aurkako mugimenduak aliantza indartsua izan zuten.

ELAren eta LABen arteko batasun sindikala proposatzen duzu soberanismo soziala bultzatzeko. Zergatik orain?

Neoliberalismoaren oldarraldia inoiz baino gogorragoa delako azken urte hauetan. Adibidez, aurreko legealdian EAJk akordio bat egin zuen patronala eta gutxiengo sindikalarekin gehiengo sindikala baztertzeko. Iragan udako kontua da hori. Urkullu lehendakariak dio sindikatuek ez dutela legitimitaterik espazio politikoa eta soziala aldarrikatzeko, lan esparrura mugatu behar dutela. Inoiz ez da halakorik gertatu. Hori sasi sindikalismoa da. Sindikalismoaren historian ardatza izan da baldintza politiko eta sozialak aldatzea. Zer gertatzen da? Konturatu dira hauteskundeen bidez ez dela posible eredu sindikala aldatzea, hemen nagusi ELA eta LAB direlako. Orduan zer? Bide horretatik ezin bada, beste batzuk erabiltzen dituztela arauak aldatu eta sindikatu nagusiak ikusgarri izan ez daitezen.

ELAren eta LABen konbergentziarako oztopo nagusia honakoa da: lehentasun instituzionala baztertu behar da agenda politikotik, autonomia sindikala eta soziala maila guztietan onartuz

Azken urteetan bereziki, EAJ ahalegin berezia egiten ari da enpresariengana hurbiltzeko, bere marka-irudia da hori egitea. EAJren irudi neoliberala batez ere zerga politikan ikusten da, ez da ahaztu behar Bruselak zigortu egin zuela “opor fiskalen” auzian. Europar Batasuneko batez bestekoa baino zazpi puntu beherago dago EAEko presio fiskala: hori 6.000 milioi euro da (Nafarroan 1.600 milioi lirateke). Aurrekontuetan ere argi ikusten da. Nola kontrolatzen da defizita? Osasun eta hezkuntza sailetan –handienetan– murrizketak eginez.

Argazkia: Dani Blanco

Hortik abiatuta, EAJren desertzio nazionala aipatzera ere iristen zara liburuan.

EAJ logika neoestatutista baten barruan dago. Euren helburu nagusiak hauek dira: eskumen gehiago jasotzea orain baino segurtasun juridiko handiagoarekin, hori bai, beti Madrilek finkatzen dituen mugen barruan. Ez nabil ezer ondorioztatzen, hori da haiek esaten dutena. Ez dago beste plan alternatiborik. Logika horretan, negoziazioa planteatzen dute eta mahaian adosten dena herritarrei eramaten zaie onartzeko edo ez. Herritarrek ez dute beste zereginik eskema horretan. Batzuek nahi dute EAJ Maltzagara joatea, baina EAJk bere aliantzak estatuko indar sistemikoekin egiten ditu, PSOE eta PPrekin, eta arlo sindikalean, posible bada, UGT eta CCOOekin. Urkulluk argi esan du, fase politiko berri baterako ez dela beharrezkoa Konstituzioa aldatzea.

Orduan, EAJk Maltzagara joan nahi ez badu, zergatik tematzen da Sortu EAJrekin akordio historiko bat lortu beharrarekin? Ez dago baldintzarik horretarako. Euskal Herria Bidean agirian Sortuk esaten zuen bere zeregina zela mapa instituzionala aldatzea. Hauteskundeen logikatik kanpo, zer esan nahi du horrek? Eta pentsa liteke erabiltzen dela Maltzaga aitzakia gisa beste gauza bat lortzeko: mapa instituzionalari lehentasun bat emateko.

Liburuan diozu Maltzagaren bideak ez duela balio. Zergatik?

Pozgarria da Nafarroako Gobernuaren balorazioa egiterakoan ELAk eta LABek erakutsi duten posizio kritiko eta bateratua

EAJk ez duelako hara joan nahi eta, hortaz, hara joateko baldintzarik ez dagoelako. Badakigu prozesu nazionalak behetik hasita egin behar direla, gizartea kontuan hartuta, baina ezin da prozesu nazionalari buruz hitz egin neoliberalismoa aztertu gabe. Eraikuntza akademiko bat izan daiteke hori, baina neoliberalismoa eztabaida nazionalaren zentroan dago. Aztertu ondoren zer egin? Hori beste eztabaida bat da, baina egon hor dago eta diagnostikoan egon behar du. Planteamendu soberanista batzuk aipatu ere ez dute egiten neoliberalismoa: behetik hasi behar dela, denen artean, borondate onarekin… Orduan zer, errealitate hori ezabatu egiten da eta listo? Hori guztia ondo aztertu behar da, are gehiago kontuan hartuta errealitate sindikalak noraino lagun dezakeen indar harremanak aldatzen. Eta hor jartzen dugu guk ELAren eta LABen jarduera batasuna.

Gure Esku Dago dinamikak, adibidez, neoliberalismoaren irakurketa hori bazterrean utzi nahi du?

Ez naiz kontu horretan sartuko. Behe mailan egiten den guztia ondo dago, etorkizunerako kapital metaketa da.

Katalunian, aldiz, Maltzagaren ideian gauzatzen ari dira beren prozesu independentista.

Bai, hala da, baina ez dirudi Urkullu eta EAJ oso ados daudenik hangoarekin. Ezin da ukatu teorikoki Maltzagaren ideia aukera bat dela. Baina Katalunian zergatik gertatu da prozesu hau? Dudarik gabe, Pujolen alderdia aldatu delako. Euskal Herrian errealitatea ez da hori. Horregatik esaten dut lehen fase honetan burujabetzarako indar metaketa EAJ gabe egin behar dela. Beste fase batzuk ere beharko dira eta, hor bai, abertzale guztien beharra izango da.

Zein ardatzen inguruan egin beharko litzateke jarduera hori?

Historia eta kultura desberdineko sindikatuak dira ELA eta LAB eta, beraz, prozesu horretarako bidea honakoa litzateke: bi sindikatu eta estrategia bat. Bateratasun horren ardatzak hauek lirateke: eredu sindikal bateragarria; eguneroko jardunarekin koherentea izango den ezkerreko praktika; eta prozesu soberanista argi bat, bere alde nork egiten duen eta zein gai jorratuko dituen argi identifikatuko dituena.

ELAk dagoeneko proposatu dio LABi hiru esparrutan eragina izango lukeen elkarlan egonkorra. Bat, esparru sindikala: negoziazio kolektiboan erantzun eraginkorra izango dena diseinatu behar da, izan diren lan erreformei –bereziki 2012koari– erantzun egokia emateko. Bi, esparru soziala: neoliberalismoaren aurkako proposamenak eta mobilizazioak prestatzeko. Hiru, esparru politikoa: gizarte ereduaren inguruan egituratuko den proiektu soberanista marrazten joateko.

Neoliberalismoa nagusi da, bale, bai munduan eta bai hemen, baina ez da garaitezina

Zure ustez zergatik ez da gauzatzen ELA-LAB jarduera batasuna?

Bi arazo daude. Sindikatu bakoitzak bere kultura eta moldeak ditu, bestela sindikatu bakarra izango ginateke, eta ez da hala. Negoziazio kolektiboa era desberdinean ikusten dugu, adibidez. Lan erreformaren aurrean ere ñabardurak izan dira bien aldetik. Baina oztopo nagusia konbergentziarako honakoa da: lehentasun instituzionala baztertu behar da agenda politikotik, autonomia sindikala eta soziala maila guztietan onartuz. Gramscik-eta argi diote eta ni ados nago: bi fronteetan borrokatu behar da, sozialean eta instituzionalean, eta borroka hori dialektikoa da. Zer esan nahi du horrek? Hainbat unetan kontraesanak sortuko direla bi fronteen artean, eta hori kudeatu egin behar dela. Kontua da ez egotea bata bestearen menpe.

Une honetan zuk ez duzu Ezker Abertzalea –zuk ENAM deitzen duzun hori– aukera horretan ikusten.

Bere antolaketa moldea aldatzen ez badu ez, hor baitaude Sortu, LAB eta Ernai, eta agirietan argi utzi dutelako estrategia eta lidergo politikoa Sortuk eramango duela. Horrez gain, azken hauteskundeetan ikusi dugu EH Bilduk EAJrekin akordioetara iristeko egin duen ahalegina. Bestetik, pozgarria da Nafarroako Gobernuaren balorazioa egiterakoan ELAk eta LABek erakutsi duten posizio kritiko eta bateratua.

Hitz egin duzue LABekin kontu hauei buruz?

Ez da nire kontua horretaz hitz egitea, baina nik oso aspaldi esan nuen: bi erakunde, ELA eta LAB, eta estrategia bakarra. Gure garaian ez genuen lortu.

Liburuan kritiko ageri zara sindikalismo klasikoak generoa, ingurumena eta multikulturalismoa jorratu dituen moduaz. Zein leku dute gizarte mugimenduek burujabetza sozialaren bide horretan?

Asmatu beharko da generoa, ingurumena eta multikulturalismoa lantzen dutenekin edo gainerako gizarte mugimenduekin zer nolako aliantzak egin behar diren zehazteko. Aliantza politiko horiek guztiak ondo jostea ezinbestekoa da, kontua da nola. Eta kontua ez da sindikatuak esaten duena egin behar dela, baizik sindikatuak askatasuna behar duela pentsatzen duena esateko eta egiteko. Edozein modutan argi izan behar dugu borroka dela aliantza horiek josteko biderik eraginkorrena, gizartea aldatzeko borroka ezinbestekoa dela. Borroka deslegitimatzeko neoliberalismoak “antisistema” kontzeptua erabiltzen du gero eta gehiago: bada bai, sistema honen aurkakoak gara eta indar harremanak aldatu nahi ditugu.

Eta gaur egungo Euskal Herrian posible ikusten duzu halako prozesu bat?

ELA eta LABen konbergentzia? Posible ez, derrigorrezkoa da, eta ez bada ematen ez dago indar metaketarik. Ez dut ulertzen indar harreman berri bat behar dela esatea eta euskal sindikalismoaren potentzialitatea ez baloratzea. Manifestazioak gure militanteekin egoteko baliatzen ditut, eta hauek badakite egoera oso gogorra dela, baina motibazioa eta ilusioa dute. Haiei eskaini diet liburua: “ELAren laugarren belaunaldiko emakumezko eta gizonezkoei, euskal langile klasearen alde daramaten borroka irmoagatik”. Nire jubilazioko gauza ederrenetakoa izan da ikustea nola aldatu den egoera azken hamar urteotan eta, hala ere, gure jendeak zer indar eta potentzialitatea duen. Neoliberalismoa nagusi da, bale, bai munduan eta bai hemen, baina ez da garaitezina.

Una mirada sindical contracorriente (Icaria, 2017)
Antikapitalista, abertzalea eta independentea

Liburu dokumentatu, ausart eta polemikoarekin, Joxe Elorrietak bere burua eta bere sindikatua erretratatu ditu. Bide horretan, ELAko idazkari ohia konbergentzia sindikalaren aldekoa da. Elorrieta antikapitalista da, eta badaki zein den garaitu beharreko etsaia: neoliberalismoa. “Bere-berea duen gaiztakeria” aitortu behar diogu aurre egiteko, bere esanetan. Neoliberalismo hori ez da soilik patronalean ikusten, baita EAEko eta Nafarroako gobernuetan ere, eta haren kudeatzaileekin oso kritiko da egilea: EAJrekin, murrizketa sozialak egin eta jarrera antisindikalista duelako; Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Erekin, “ekonomikoki eta sozialki oso bide motza izan duen aldaketa” ekarri dutelako.

Abertzalea izaki, ELA eta LABen arteko konbergentzia proposatzen du Elorrietak, “prozesu independentista egituratzen lagunduko duen ardatz sendo bat” edukitzeko. Bere ustez, euskal gehiengo sindikalak ordezkaritza maila ia hegemonikoa duenez, izaera aldarrikatzaile eta nazio eraikuntzarekin konprometitua baliatu beharko luke: “Oportunitatea dauka ‘erregimenaren’ agorraldia  agerian uzteko, neoliberalismoa eta estatutismo debaluatua bihurtu baititu bere izateko eta egoteko arrazoi bakar”. Testuinguru horretan, deigarria da Maltzaga-ren kontra duen jarrera. Metafora horrek indar abertzaleek –euren epe luzerako helmuga, ideologia eta gizarte eredua zein diren kontuan eduki gabe– elkarrekin egin beharreko bideari jartzen dio azpimarra. Praktikan, dio sindikalistak, erakunde abertzale guztiek gutxieneko izendatzaile komuna bilatzea “antzua izateaz gain, arrisku handia ere badakar”. Liburuaren hitzaurrean Elorrietak hauxe idatzi du: “EAJren zalantzarik gabeko aukera neoliberalak urrundu egiten du indar soberanisten arteko batura ekar dezakeen ezein agertoki”.

Nazio subiranotasunarekin konprometiturik dagoen arren, egungo alderdiengandik independentea da ELAko idazkari ohia. LABekin egin beharreko konbergentziarentzat, honek Sorturekin eta ENAMekin dituen loturak zama handia direla uste du. Hala, bere iritzian ENAMek emandako bira –autodeterminazioaren aldeko Lizarra-Garaziko baturatik, PSOErekin zeharkako kontsentsu bat izatera igaroz– “akats estrategikoa izan zen, ez baitzuen ibilbiderik nazio subiranotasunari begira”. Orain subiranotasun hori ez omen da lehentasunezkoa ENAMen, bere aburuz.

Ika-mika eta eztabaida sortuko ditu liburuak, ezker zein eskuin, eta ea egia den, Elorrietaren “begirada sindikal” eta politikoa korrontearen kontrakoa den seinale.

Juan Mari Arregi

ELA eta LAB akuilu, burujabetza soziala helburu

Zeresan handia emango duen liburua idatzi du Joxe Elorrieta ELA sindikatuko idazkari nagusi ohiak: Korrontearen aurkako begirada sindikala. Klasea, lurraldea eta aliantza berriak (Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas Icaria 2017). Letra txikian bildutako 300 orrialdeak atzera bota dezake irakurlea lehen unean, baina irakurketari ekin ahala lerroek begietatik egiten dute tira idiak gurditik nola.

Liburua Icaria argitaletxearekin argitaratu du Joxe Elorrietak.

Bada pedagogia handiko testua, 1980ko hamarkadan –nolabait kokatzeagatik– neoliberalismoaren bultzada hasi zenetik gaurdaino gertatutakoaren klabe asko azaleratzen dituelako. Ez dira klabe berriak eta 2008tik asko idatzi da horien gainean, baina Elorrietak asmatzen du horiek irakurlearen aurrean samur azaltzen, besteak beste ohar bilduma jantzi eta aberatsaren bidez. Nik bezala irakurtzen badu bederen, testu orokorretik oharretara makinatxo bat aldiz egingo du jausi irakurleak.

ELA-LAB

Baina bere ekarpen mamitsuena Euskal Herrian burujabetza soziala amets dutenei bideratua dago,  neoliberalismoa nazio eraikuntzaren erdigunean jarri behar dela sinesten duten esparru zabalei zuzendua. “Neoliberalismoa hegemonikoa da gaur egun, baina ez da garaitezina”, dio berak eta berau garaitzeko klase ikuspegia oinarri izango duen lekuan lekuko aliantza zabalak jorratu behar dira. Lekuan lekuko hori, gaur eta hemen, Euskal Herria da eta bultzatu beharrekoa, euskal gizartean indar harreman berri bat ekarriko duen burujabetza prozesu soziala.

Norekin eta nola egiten da hori? Hasteko bederen ELA eta Ezker Abertzalearekin –berak ENAM deitzen du–. Elorrietak dio ELAren eta LABen borrokaren potentzialitatea gutxietsia dagoela gaur egun, baina berarentzat indar hori klabea da prozesu soberanistari ezkerretik ekiteko. Hiru esparru autonomo behar dira bere ustez: sindikala, politikoa eta instituzionala, bakoitza bere izaerarekin eta harreman dialektikoan.

Funtsean, Euskal Herrian neoliberalismoaren aurka ari diren guztiak bildu behar dira prozesu soberanista horretan. Alde horretatik Elorrietak garrantzi handia ematen die emakumeen mugimenduari, ekologiari eta arrazakeriaren aurkakoari. Sindikalismo klasikoak bere borrokan hiru esparru horiek ez kontuan hartu izana ere kritikatzen du.

Agur Maltzaga, agur

Telesforo Monzonek erabilitako Maltzagaren figura historikoaren zain ezin dugula egon dio berak. Monzón bergararra zen eta Maltzagako bidegurutzearen metafora erabiltzen zuen adierazteko autodeterminazioaren unera arte ezker zein eskuineko abertzaleek elkarrekin egin behar zutela bide hori. Liburuan Elorrietak dio EAJk molde askotara erakutsi duela ez duela Maltzagara joan nahi eta, aldiz, Sortu bere zain dagoela. Ez du Maltzagaren ideia baztertzen, baina fase honetan bide hori EAJrik gabe egitea proposatzen du.

Aperitiba egin nahi duenak aste honetan ARGIAn egindako elkarrizketan azaltzen ditu horiek guztiak Elorrietak. Bihar, asteazkena, liburuaren aurkezpena egingo du Bartzelonako Aula Rondan (Carrer Sant Pere Més Alt, 59), besteak beste CUPeko parlamentari ohi David Fernandezekin batera.

Xabier Letona


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Burujabetza
‘Hamarreko bitxia’ ipuin liburu kolektiboa argitaratu du Udalbiltzak

Udalbiltzak 2021etik antolatzen du Geuretik Sortuak sormen beka. Oraingoan, literaturaren alorrari dagokion Hamarreko bitxia ipuin liburua aurkeztu dute Donostian.


2023-12-07 | Kronika
Energia bulegoa ireki da Hernaniko Burujabetzen Etxean, Iturolan

Herritarrei eta Hernaniko enpresei energia aholkularitza eskainiko die.


2023-12-06 | ARGIA
Gaur, abenduak 6, ARGIAn lanean ari gara normaltasunez

Abenduaren 6an Konstituzioaren Eguna ospatzen da Espainiako Estatuan. ARGIAn aspaldi egin genuen hautua gure egutegi propioa landu eta jai inposatzaile eta arrotzak ez onartzeko; horregatik, asteazken honetan normaltasunez ari gara lanean, ez dugulako ezer ospatzeko.


Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra egingo dute Gasteizen: ura, elikagaiak, energia, garraioa, klima...

Ostiral honetan ekonomialari euskaldunek zita garrantzitsua dute Gasteizko Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, biltzarra egingo dute hirugarrenez. Euskal Herrian estrategikoak izan daitezkeen hainbat gairen... [+]


Eguneraketa berriak daude