Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”. Eta esan orduko, eskua aldendu du egunkaritik. Bekainak igo eta buruarekin baietz egin dio besteak. Hasperen txikia egin dute. Horrela heldu zaie ogia eskatzeko txanda.
Iranek Israelera hainbat misil jaurti ditu bezperan eta horixe dakar egunkariak tamaina handian: irudian, su-artifizialak edo izar uxoak diruditen jaurtigaiak. Egunkari horrek, lehen kolpean bederen, esaten ez duena da aurreko egunean armada sionistak egin ziola eraso Irani. “Gerra ate-joka” dagoela, hori bai dio ekaineko larunbat honetan. Orain arte “gerra” ate-joka ez bazegoen bezala, edo Palestinako apartheida existituko ez balitz bezala. Zifren artean gizatasunik gabe gaude itota, aspalditxotik, eta hori horrela da; baina hartu zifra gehiago: Palestina etiketarekin 800 artikulutik gora argitaratu ditugu ARGIAn. Erdiak, azken bi urteotan; beste erdia erakusle da Palestinaren aurkako sarraskia ez zela atzo hasi. Baina gerra, ate-joka, “oraintxe” dago.
Notizia ilunek inguratzen gaituzte, bizi dugun edo bizi gaituen gizartea bera ilun dago-eta.
Ilundu zen eguna apirilaren 28an Hego Euskal Herrian. Argindarra eten zen hainbat orduz, eta batzuei orduan piztu zitzaien argia, zer nolako energia zentralizazioa bizi dugun eta norantz egin beharko genukeen bide, zerbait utopikoa bailitzan. Baina gauzak ez dira askorik aldatu; batzuek horregatik planteatzen zuten utopikotzat. Gertatu dena da, udaberrian ez bezala, argindarraren kostuek suziriek nola egin dutela gora apirilaren 28tik aitzina.
Aurtengo urtean ere desazkundeaz mintzatu gara hedabide honetan, luze eta zabal. Energiari dagokionaz ez ezik, turismoaz ere bai. Elkarlotuta doaz; elkarlotuta dago dena. Bizitzak bizigarriago egiteko, ezinbestekoa da batetik eta bestetik eragitea, batari bezainbeste begiratzea besteari, eta eztabaidagaiak bezainbat elikatzea alternatiba proposamenak. Eta elikatzen ditugun espazioek badute garrantzi berezia horretan: aurten, ARGIAk Twitter eta Facebook sare sozial toxikoak uztea erabaki du, gorrotoa hauspotzen duten lekuetan egotea gero eta deserosoagoa zitzaigulako, eta ez genuelako nahi gure lana izatea gizon zuri supremazista batzuen aberastasun iturri. Sare horiek hastapenetik izan dira ARGIAren ereduaren aurkakoak, baina kontraesanak kontraesan, euskarazko kazetaritza independentea gehiago hedatzeko, denbora batez baliagarri izan zaizkigu; egunetik egunera, gutxiago. Aldatzeko garaia iritsi arte. Bitartekaririk gabe argia nahi duenak badaki non aurkitu. Betiko lekuan.
Eta betikoen aldean. Hedabideak ez gara neutralak, eta zer esanik ez garai nahasiotan. Ez kasualitatez, Aroztegikoen kolore horiak asko argitu du ARGIA aurten. Baita espazio autogestionatuen eta lurren defentsek ere. Edota lanpostuen borrokek, zerbitzu publikoen balioei eusteko mobilizazio nazional eta tokian tokikoek, bazterketa sozialaren aurka arraunean dabiltzan proiektuek, eskuin muturreko ideia erreakzionarioei ipinitako galgek, euskarafobiaren aurrean altxatzen direnek...
Bizi gaituen aspalditxoko aldi hau ez omen da kazetaritza egiteko onena. Papera desagertuko zelako hasteko, eta inork informazioagatik pagatuko ez zuelako gero. Negozio honen ugazabei beste arazo bat gehitu zaie: sinesgarritasunaren galera. Ez dakite noren erruz gertatu den, baina badakite haiek ez direla errudunak. Hain argi edukitzeko, zertxobait jakingo dute. Handinahien menpe ez gaudenontzat, behintzat, aldi interesgarria da kazetaritza egiteko, eta une hau erabakigarria da informazioa emateko eta jasotzeko ereduak aldatzeko. Kazetaritza independenteak abagune hori hor daukala badaki sistemak, eta horregatik eraman ditu tentakuluak bazter guztietara, besteak beste, ARGIAren adiskide Red.media hedabide alemaniarraren itxiera behartzera, horretarako behar beste jazarpen eginda; edota Guatemalako Prensa Comunitariako kazetariei eraso eta kartzela zigor mehatxuak egitera, haien bizitza muturreraino eramanda. Aiaraldea komunikabidean ere asteak eman dituzte deman, eta ondo borrokatuta lortu dute Amurrioko Udalak dirulaguntzak mantentzea.
Okindegian, behin ogia poltsatxoan sartuta, adineko emakumeak egunkaria eskuetan hartu eta, titular nagusia ikusi ondoren, zera esan dio lagunari: “Enpin, erdi-egia hauek esateko... Dokumentaletako animaliek egia gehiago esango dizkidate!”. Utzi du bere lekuan egunkaria.
Garaiari ezin zaio bizkarra eman. Bizi gara influencer-en garaiotan, aldian-aldian entzuten “nahiago dut albisterik ez ikusi, ez dago ezer onik-eta” diotenak. Eta hortik “hedabide guztiek gezurra esaten dute”-ra ez dago tarte handirik. Hor ipintzen du marra gorria kazetaritza independenteak. Horregatik, garaiak aldatzeko daudelako, eta aldatzen ari direlako, konpromisoz egiten den ugazabarik gabeko kazetaritza da bidaia horretarako aliatua. Bide horretan, ekarpen bat gehiago da Gakoak hau.
Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]
Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]
Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina... [+]
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene... 70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]
1985. NATOn mantentzearen kontrako manifestazioak egin ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan azaroaren 10ean, tartean Donostian. Milaka lagun irten ziren kalera Koordinadora Antimilitaristaren deiari erantzunez, orduko agintariak karikaturizatzen zituzten mozorroekin. Kanpaina... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]
Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]
Ekainak bost ditu gaur; udara atarian gaude eta giroak badaki. 15:00ak dira, sorbeltz saldoa aztoratuta dabil, udara beteko zeruan, kirrinka batean, eltxoak ehizatzen. Azpitik Ibaik erreparatu die sorbeltzei, eta tartean dauden enara azpizuriei; gorde ditu basozain arropak,... [+]
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]
Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]