"Lapurdi kostaldean hirigintza ereduak hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa du"

  • Eneko Gorri (Angelu, 1983) euskaltzale militante izateaz gain Biarrizko Herriko Etxeko euskara teknikaria da. Lapurdi kostaldeko hirigintza ereduak euskal hiztunen bilakabidean duen eragin handiaz ohartarazi nahi izan gaitu: “Biarritzek hamarrez biderkatuko balu ere euskarari ematen dion aurrekontua ez luke eragin handia izango hemendik 50 edo 100 urtera”. Jendarte ereduak eredu, euskaltzale-izokinak ur xaloagoetara iritsiko direla sinesten du.

Argazkia: Jagoba Manterola /Argazki Press
Argazkia: Jagoba Manterola /Argazki Press

BAB Baiona-Angelu-Biarritz eskualdeko euskara-datuak ondokoak dira: euskaldunak %8 eta kale erabilera %2. Zein gogoeta datorkizu datuok jakinda?

Ikusiz testuingurua zein den, hau da, hizkuntza gaitasuna hain da apala, hizkuntza paisaia nagusiki frantsesa, eta hiri eremua izateak dakarrena, hau da, anonimotasuna eta beste... %2 ia mirakulu txiki bat da, ez dakit nondik ateratzen den.

Asko iruditzen al zaizu?

Ez asko.

Ezagutza-erabilera proportzioan esan nahi nuen.

Hori da. Jakina da Baionan zein Biarritzen euskal hiztunak testuingurua oso kontrakoa duela, lehen aipatu ditugun faktoreengatik, eta euskaraz aritzea espontaneoki karrikan ez da gauza naturala, beti da hautu kontziente baten emaitza, eta borroka pertsonal edo kolektibo baten ondorioa. Urrun gaude normaltasun egoeratik. Hala ere, ari gara hiztun gisa erosoago bizitzeko eta estres linguistikoa baztertzeko espazioak eraikitzen eta esango nuke duela 10-20 urte baino errazagoa dela gaur egun euskaldun gisa bizitzea BABen.

Euskararen aldeko jarrerek behera egin dute. Zenbat eta aldeko politika gehiago, aurkako erreakzioak indartsuagoak al dira?

Ez dakit. Segur dena da, eta kakotx artean errango dut, gaur egun euskararen inguruan kontsentsu sozial bat eraiki dela, orain dela 15 urte ez zena.

Funtsezko galdera da ea kontsentsu hori paradigma aldaketa baten emaitza denez benetan edo denez garai zehatz bateko zerbait. Azkenean, duela hamar urte baizik ez gara hasi hizkuntza politikak garatzen eta hizkuntza politikak definizioz eraldatzaileak direnez, bortxaz iritsiko gara momentu batean krispazio puntu batera. Ez dakit euskararen aldeko jarreraren apaltzea krispazio puntu horren hasiera denez. Duela hamar urteko argazkia aldatu nahi dugu eta jendarte euskalduna, edo gutxienez elebiduna, eraikitzera goaz. Bortxaz izanen dira erresistentziak, inertziak.

Artezki begiratzen baditugu azkeneko inkesta soziolinguistikoaren emaitzak jendeak dio ados dela bere seme-alabek euskara ikas dezaten, ados dira funtzio publikoan lan egiteko euskara ikasi behar dela, baina haien egunerokotasunean euskara sartuko delarik hasten dira kontra izaten. Hedabide publikoetan, irratian eta telebistan, euskara gehiago txertatzearekin kontra agertzen dira. Hau hipotesia da, baina pentsa daiteke Ipar Euskal Herrian euskara duela hamar urte baino askoz gehiago toleratua dela, baina ez dugu oraindik lortu benetako onarpena.

Funtsezko eztabaida da gaur egun euskararen alde lan egiteko haizeak alde ditugula, eta hemendik hamar urtera ez dakigula alde edo kontra izango ditugun. Beraz, bi estrategia izan daitezke, edo aitzina goaz gauza asko egin behar delako eta gaur egun testuinguruak baimentzen duelako, edo kontsentsu soziala ez hausteko garatzen ditugun hizkuntza politika epelak egingo ditugu.

“Duela 25 urte Biarritzen haurren %1ek ikasten zuen euskara ikastetxean, 25 urte berantago %25ek ikasten du”

BAB Baiona-Angelu-Biarritz eremu deskonektatuena dela diozu. Zer esan nahi duzu?

Alde guztietatik dago deskonektatua; bai ezagutza datuen aldetik, bai erabilera, bai aldeko jarrerak, baita norberaren familiako historia ere. Hein batean, BABen garatzen diren hizkuntza politikek badute nolabaiteko artifizialtasuna. Ez goaz berriz sortzera desagertu den zerbait, baina hutsetik ari gara eraikitzen. Kanpotik Euskal Herrira bizitzera etorritako familia asko Lapurdi kostaldean kokatzen dira, BAB eremuan, eta haien historian ez dute euskararen aztarnarik, zerutik zerbait eskuratzen dute, haien seme-alabentzat egiten dute euskararen hautua. Ipar Euskal Herri osoan euskararen berreskuratzea gazte belaunaldietatik pasako da, baina BABen ez dugu familia transmisioaren indarra edo naturaltasuna, haurtzaindegiek eta eskolek transmititzen dute euskara %90ean kasik. Horregatik diot deskonexioa eta artifizialtasuna.Horrek ez du erran nahi ez dugunik lortuko. Alderantziz, duela 25 urte Biarritzen haurren %1ek ikasten zuen euskara ikastetxean, 25 urte berantago %25ek ikasten du. Lortzen ahal dugu bide horretatik, baina kontziente izan behar gara ez dela Ipar Euskal Herri barnealdean bezalako lana eraman beharko, desberdinki egin beharko dugu lan, egoera erabat desberdina delako.

BABek Ipar Euskal Herriko biztanleen herena du, 120.000 biztanle.

Gune estrategikoa da euskararentzat eta beste jendarte eredu batean sinesten dugunontzat ere bai. Euskarari begira, hor bizi da masa kritikoa. Ohartzen gara Ipar Euskal Herriak bizi duela urbanizazio garai handi bat, eta pixkanaka BAB barneko lurretara sartzen ari da. Jendartearen deseuskalduntzea gero eta urrunago doa, garai batean Baiona, Biarritz, Angelu, Basusarri, Arbona, Bokale, Hiriburu ziren, eta orain Hazparnetik Luhusorako lurralde hori guztia deseuskalduntzen ari da. 2050ean euskara ez badugu BAB eremuan irabazia biziki-biziki zaila izanen zaigu Ipar Euskal Herrian irabaztea. Ez da erraza BAB eremua, baina hor jokatzen da estrategikoki bataila handia. 

Eta hau ez da batere gutxiestea barnealdean eraman behar den lana, alderantziz, esan nahi duena da lan asimetrikoa eraman behar dugula, ez dugu berdin eta ber baliabideekin lan egin beharko Amikuze eskualdean adibidez eta BAB eremuan.

Argazkia: Jagoba Manterola / Argazki Press

Hirigintza ereduak hizkuntzan duen eraginaz hitz egin nahi duzu.

Jendeak, euskaltzaleek, aski barneratuta ez dutena da euskararen egoeran administrazio publikoan garatzen dituzten beste politika publikoek eragin askoz handiagoa dutela hizkuntza politikak baino. Adibidez, konbentzitua naiz gaur egun Biarritzek biderkatzen badu hamarrez euskarari ematen dion aurrekontua eta beste hogei langile hartzen baditu lan egiteko, hala ere, ez luke eragin handia izango euskararen egoeran hemendik 50 edo 100 urtera. Zergatik? Hirigintza ereduak, turismo ereduak, etxebizitza politikak, hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa izanen duelako.

Biarritz batean adibidez, alokairuen prezioak hain handiak dira, non familiek ihes egiten duten, eskolak ixten dira eta ezin dugu gazte belaunaldiekin kontatu euskararen berreskuratzeko. Biztanleria zahartzen da, kanpotik etortzen da, eta horrek badu eragin handi-handia.

Hirigintza hemen ez da batere aipatzen eta auzi horretaz gogoetatzea premiazkoa da.

“2050ean Baiona-Angelu-Biarritzen ez badugu euskara irabazia biziki zaila izanen zaigu Ipar Euskal Herrian irabaztea”

Orain azaldu duzun hirigintza eredua barnealdera zabaltzen ari dela diozu.

BABeko hiriak saturatuak dira, ezin da inon gehiago eraiki eta zer egiten dute promotoreek? Joaten dira pixkanaka-pixkanaka Uztaritzera, Hazparnera, Itsasura, Luhusora. Hango euskaldunek erraten dute baduela sekulako eragina, baina diskurtso hori eramatea oso zaila da. Beraz, egin behar dugu molde bat kontzientziak pizteko.

BABeko militantea jabetzen al da nolako eremuan bizi den?

Militanteek BAB perimetroa barneratzea oso inportantea da, horretaz jendeari hitz egiten diogularik erraten dute, “bai, baina nik Euskal Herria dut ardatz, nik Ipar Euskal Herria, nik Lapurdi”. Ados, baina nire ustez, bada BABetik ihes egiteko gogoa gure baitan, lurralde horretan inplikatzeak erran nahi baitu joan behar direla konfrontaziora jendearekin eta ez dakit gaur egungo militantzia horretarako prest garenik. Hori ez diot euskara teknikari gisa, baina uste dut politikoki eta euskalgintzan gogoetatu beharko dugula. Gasteizen edo Iruñean, hiri handietan, eman duten gogoeta berdina egin behar dugu.    

Onartu beharko dugu BABen bizi garenok izokinak garela eta beti korrontearen kontra ibili beharko garela, korronteak azkarrak direla. Adibidez, ni Angelun bizi naiz, Baionan politizatu eta Biarritzen lan egiten dut. Beti izan naiz izokina eta beti izan dut kontzientzia hori. Izokina ez da sekula akitzen, beti joan behar du bururaino eta beti ibaian ibiliko da korrontearen kontra, baina egun batez iritsiko da ur xaloagoetara. Horretarako milaka izokin ahaldundu beharko ditugu ondoko urteetan BABen.

Erakunde publikoen hizkuntza politikak, euskalgintza, herritarrak, nola egituratu? Bi adibide emango dizkizut: Mintzalasai egitasmoa elkarlanean egiten duzue, eta aktibazio sozialari lotutako azaroaren 27tik abenduaren 3ra arteko BAB dinamika euskalgintzak bultzatu du.

Ez da kasualitatea eta gogoeta kolektibo baten emaitza da. Duela zazpi urte Mintzalasai sortu genuelarik Biarritzen, diagnostiko batetik sortu zen. Euskalgintza sektorializatzen ari zen, helduen irakaskuntza, ikastola, haurtzaindegiak, aisialdia, kultur elkarteak... eta profesionalizazio horrek atomizazioa ekarri zuen eta haien artean harreman gutxi zen. Ideia asko zituzten eta baliabide gutxi. Udalerriek baliabide asko eta ausardia gutxi.

Mintzalasai sortu zen bakoitzaren indarguneak mahai gainean pausatzeko. Elkarteek zituzten ideia ausartenak eta mobilizazio gaitasuna, eta administrazioak lan egiteko baliabideak ekartzen zituen, bai diruz, bai legalki, bai azpiegitura aldetik, eta abar. Konplizitate handia sortu da Mintzalasairi esker sei urtez eta aurten Biarritzetik BABera pasa gara.

Aldiz, BAB eremuan bizi garen euskaltzaleoi iruditu zaigu aktibazio soziala ezin zela instituzioetatik eraman, ezta instituzioen laguntzarekin ere. Oraingoz bederen hala jokatzea pentsatu dugu. Lan horizontala egin behar genuela uste genuen, kolektiboki, eta sigla guztietatik kanpo. Hautu bat izan da, beharbada ez da egokia.

"Hizkuntza politikak eraldatzaileak direnez, bortxaz iritsiko gara momentu batean krispazio puntu batera"

Aktibazio sozialari dagokionez, BAB dinamikan azaroaren 27tik abenduaren 3ra arte Donostiako Egia auzoan egin zen moduko egitasmoa egin duzue. Lasarte-Oriako eredura gerturatu zarete, baina zuen ñabardurekin.

Guk ez dugu ezer asmatu, besteek utzitako arrastoetatik eraiki dugu. Hala ere, ez dugu errezeta guztia hartu nahi izan, eraikiz egiten baita bidea. BAB dira hiru hiri nagusi herriko plazarik ez dutenak, horietan bizi dira hamarnaka mila pertsona, baina ez dute Euskal Herrian ezagutzen ditugun hirien konfigurazioa. Bertako militanteek harreman txikia dute haien artean. Lau ikastola badira BABen eta ez dute batere harremanik.

25 pertsonako talde eragilea osatu dugu, denak euskaldunak, belaunaldi desberdinetakoak, genero aldetik ere aniztasuna bermatuz, perfil soziolinguistiko desberdina duten pertsonak. Askok erran dugu BAB dinamika sortzea guretzat ere autoterapia kolektibo ederra izan dela, zeren denek nahi dugu euskaraz bizi, baina denek ez genuen urrats hori egiten. Lau hilabeteko autoterapia eta gero, jadanik hasiak ginen ahalduntzen, BAB dinamika hasi aitzin.

Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak 2018an antolatuko duten Euskarak 365 egun (Euskaraldia) egitasmoa omen duzue gogoan.

2018an, hamaika egunetan, Euskal Herri osoan nahi baditugu milaka eta milaka hiztun ahaldundu eta aktibatu euskara praktika dezaten utzi behar zaio lurralde bakoitzari bere bidea egiten. Guk hastapenetik argi genuen: 2018ko azaroan egitasmo hau  eginen bada Euskal Herrian, BABek egin behar du berea lehenik. Eta BAB izan behar da lehena, egin behar du Itsasu, Maule, Baigorri edo Garazi aitzin, ez bidea irekitzeko, baizik eta BABek eginen duena besteona baino apalagoa izanen da. Guk egingo dugu orain eta amesten dugu bihar egitea Hendaiak, Senperek, Sarak... eta Ipar Euskal Herri osoa prest izatea 2018rako.


ASTEKARIA
2017ko abenduaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-10 | Euskal Irratiak
Hur Gorostiaga
"Behotegik berak adierazi du euskara ez dela lehentasuna"

Aitzinkontua ez emendatzea bozkatu du Euskararen Erakunde Publikoak. Iazko bera izanen da, lau milioi t'erdi inguru. Horrek Euskalgintzako hainbat sektoreren kexua piztu du, eta EEPren izatea zalantzan jarri dute, gaur egun, tresna baliagarria ez delakoan. Hur Gorostiaga... [+]


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


2024-02-04 | Bea Salaberri
Alde egin ala deus ez

Udaberrian, Iparraldeko Hizkuntz Politika Publikoa berrituko da: hortik, datozen urteetako norabideak, asmoak eta horien zerbitzuko jarriko diren dirutzei buruzko erabakiak hartuko dira eta horretan jarrera argia hartu beharko dute eskualdeak, departamenduak, estatuak eta Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude