“Aniztasunaren lilura gisako batean bizi gara, baina gure elikadura gero eta homogeneoagoa da”

  • Esther Vivas (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1975) aspaldi hasi zen elikagaien industriaren zirrikituetan murgiltzen. Hainbat urteko ikerketaren harira gogorarazten dizkigu gizartean erabat barneratuta dauden praktiken arriskuak. Horretaz mintzo da, hain zuzen ere, 2014an argitaratu zuen El negocio de la comida (Janariaren negozioa) liburuan. Iragan apirilean liburuaren hirugarren edizioa atera zuen.

(Argazkia: Jordi Borràs)
(Argazkia: Jordi Borràs)

Liburuak sekulako harrera izan du. Emaitzarekin pozik?

Liburuaren lehen edizioa kaleratu nuenean inpaktu positiboa izan zuen. Pozik nago, liburua nekazaritzako elikagaien industria ereduaren azterketa sakon baten ondorioa delako, alegia, urte askoko lanarena. Argi dago gai honek geroz eta jende gehiagoren interesa pizten duela.

Zenbateraino aldatu da egoera liburuaren lehen edizioa 2014an argitaratu zenuenetik?

Zoritxarrez, ez asko. Egoera hobetzeko aurreikuspenak ere ez ziren oso baikorrak. Enpresa handien esku dagoen elikadura eredu bat dugu, hainbat gobernuren sostengua izan duena. Beraz, herritarren mobilizazioak eta egoeraren kontzientzia hartzeak soilik ahalbidetu dezakete aldaketaren bat sistema horretan. Are gehiago, nekazaritza elikagaien ereduaren alternatibak proposatzen dira gizarte zibilaren mobilizazioak erakundeen erabakietan eragin nahi duelako. Azken finean, gure eskakizunek harrera hobea izango dute erakundeetan dauden gobernuen siglen arabera.

“Errazagoa da elikagaiak zakarretan bukatzea gure sabelean baino”

Nola uler daiteke historikoki elikagai gehien ekoizten diren une berean egotea gose tasarik handienak?

Funtsean elikadura negozio bilakatu delako, jatea oinarrizko eskubidea bada ere. Eskubide hori merkaturatu egin da, nekazaritza-industriaren multinazional gutxiren negozio bilakatuz. Ondorioz, enpresa gutxi horiek dute nekazaritza elikagaien industriaren kontrola eta, noski, euren interes ekonomikoak eta zekentasuna lehenesten dituzte, gosez hiltzen ari direnen beharren gainetik. Horrela, errazagoa da ekoizten diren elikagaiak zakarretan bukatzea gure sabelean baino.

Zure liburuan kritika gogorra egiten diozu elikagaien itzalean ezkutatzen den merkatuari.

Bai, eta larriena da enpresa handi horiek baldintzatzen dutela guk ondoren merkatuan erosiko dugun produktuaren prezioa, baita ekoizleek euren lana egiteagatik izango duten ordainsaria ere. Ondorioz, nekazariek geroz eta diru gutxiago jasotzen dute saltzen dituzten produktuen truke, geroz eta garestiago ordaintzen ditugun bitartean. Multinazionalek kontrolatzen dute ekoizle, nekazari eta kontsumitzailearen artean dagoen inbutua eta, kontuan hartuta gure erosketen %80 egiten dela supermerkatuetan, ondorioak oso larriak dira.

Joera honek eraginik izan du bertako elikagaiak lehenetsi ordez kanpokoak ekartzeko?

Ehun-ekoizpena deskokatu den bezala, elikagaien ereduan ere fenomeno berdina gertatu da. Enpresa handiak kanpoaldeko herrialdeen lan prekarietateaz baliatzen dira, salneurri arras merkean ekoiztu eta produktuak hemen prezio lehiakorrean salduz. Eta, beraz, supermerkatuek pisu handia dute jaten duguna nondik datorren erabakitzeko, baita nekazaritza txirotzeko ere.

(Argazkia: Jordi Borràs)

Arriskuan al daude geure elikagaiak?

Arriskua ez, egitatea da. FAO Nekazaritza eta Elikaduraren Erakundearen arabera, XX. mendean desagertu zen elikagaien aniztasunaren %75. Eta gurea ez da salbuespena izan. Supermerkatura joan eta aukera gutxi ikusten dituzu iceberg letxugatik haratago, adibidez. Aniztasunaren lilura gisako batean bizi gara, eta aldiz, gure elikadura geroz eta homogeneoagoa da. Ez hori bakarrik, enpresa handien apustua da errentagarriagoak, eta ondorioz, artifizialagoak diren laboreak ekoiztea. Beraz, beste behin, merkatuaren logika inposatzen da landatutako produktuaren gainetik. Adibide gisa, mundu zabalean ekoizten den arrozaren %95 bost motatakoa baino ez da.

Elikagaien pribatizazioa Iraultza Berdeak eragin omen zuen.

Nekazaritzan eta ingurugiroan inpaktu oso negatiboak eragin zituen fenomenoa izan zen Iraultza Berdea. Ez zen iraultza, ezta berdea ere. Aurrekariak 40 eta 50eko hamarkadetan dituen arren, Iraultza Berdea 60ko hamarkadan Ford eta Rockefeller Fundazioek, AEBetako Gobernuaren laguntzarekin, ekoizpenaren kopurua handitzeko asmoz sustatu zuten fenomenoa izan zen. Munduko gosearekin amaitzeko eslogana zuen, nekazaritza modernizatu eta produktiboago egiteko politikak sustatuz. Baina fenomeno horren atzean dagoena da baliabide naturalak pribatizatu eta nekazaritza enpresa gutxiren esku uzteko apustua.

“FAO erakundearen arabera, XX. mendean desagertu zen elikagaien aniztasunaren %75”

Kontsumo kritikoaren inguruan ez al dago gizartean desinformazio handia?

Baikorra naiz horrekiko. Uste baitut geroz eta jende gehiagok duela interesa kontsumo kritikoan. Azken finean, osasuntsu bizi nahi dugu, eta geroz eta informazio gehiago dugu elikagaiak behar bezala aukeratzeko. Horregatik, gehiago dira gaur egun janari ekologikoa kontsumitzen dutenak. Goraka doan merkatu sektorea da janari ekologikoarena. Joera hori oso interesgarria da, baina erronka kontsumo kritikoaren joera politizatzea da. Urrats hori ematen ez badugu gerta daiteke –dagoeneko gertatzen hasi da–, elikagai ekologikoen merkatuan eredu konbentzionalean kritikatzen dugun hori onartzea. “Eko” etiketaz haratago, hurbiltasuneko etiketaren garrantzia aldarrikatu behar da.

Elikadura eredu komertzialaren krisiak badu irtenbiderik?

Noski, egoera aldatu daiteke. Horretarako ezinbestekoa da batetik, gizarte mugimenduak aspalditik elikadura burujabetzaren alde sustatu duen borrokaren jarraipena, eta noski, nahimen politikoa. Izan ere gaur egun lehen eta bigarren mailako elikagaiak daude, eta logikoena da erakunde publikoek lan egitea elikagaiak hiritar guztien sabeletara iristeko. Hori bai, asko dago egiteko oraindik.

Zeintzuk lirateke zure ustez erakunde publikoek hartu beharko lituzketen funtsezko neurriak?

Hasteko, eta ekoizpenari dagokionez, lur eremuak nekazarientzat eskuragarri jartzea. Era berean, ekoizle txikiei erraztasun handiagoa ematea ezinbestekoa da, produktuak merkaturatu ahal izateko. Noski, elikadura konbentzionalak geure osasunean dituen inpaktu negatiboez informatzeko politika argien beharra dago, eta azkenik, legez behartzea erakunde publikoetako jangela guztietan kontsumo kritikoa sustatzen duen elikadura.

“Erronka kontsumo kritikoa politizatzea da, bestela gerta daiteke –gertatzen hasi da– merkatu konbentzionalean kritikatzen duguna ekologikoak ere onartzea. ‘Eko’ etiketaz haratago, hurbiltasuneko etiketaren garrantzia aldarrikatu behar da”

Globalizazioaren eragina bizitzako alor guztietara iritsi da. Zuk diozu erditzea ere industrializatu egin dela. Zer erran nahi duzu?

Sistema kapitalistak merkaturatzen ditu gure bizitzaren alor guztiak; elikaduratik hasi eta erditzeraino. Ondorioz, azkenaldian sistema kapitalista eta patriarkalak sekulako eragina izan du emakumeen erditzean ere. Emakumeok hainbeste aldarrikatzen dugun erabakitzeko eskubidea, erditzen garenean ospitaleko ateetan gelditzen da, zoritxarrez. Adibide gisa, ezin dugu erabaki nola erditu edo nor egon daitekeen erditzearen unean.

Eraso obstetrikoaren arriskua salatzen duzu.

Noski, genero erasoaren azken mugetako bat baita eta, zoritxarrez, gizartean erabat barneratuta dagoena. Biolentzia obstetrikoa izan daiteke psikologikoa; emakumea erditzean gutxietsiz; edo fisikoa, beharrezkoak ez diren zesareen bitartez, edo episiotomiaren gisako hainbat praktikaren bitartez egunero gauzatzen dena. Gogorra da, baina erditzea bezalako ekintza natural bat gaixotasun bilakatu dute. Eta okerrena da emakumeok praktika horien aurrean ez dugula hitzik. Horretan ere asko dago egiteko. Datuak beldurgarriak dira: Espainian emakumeen %25 zesarea bitartez erditzen da. Hala ere datuak aldatu egiten dira lurraldearen arabera. Euskal Herriko zenbakiak dira baxuenak, erditzen diren emakumeen %15,1eri egiten diete zesarea.

Amaitu aurretik ezin politikaz solastatu gabe pasa. Urriaren 1erako aurreikusita dago Kataluniako autodeterminazio erreferenduma. Egingo da?

Tira, Kataluniako Gobernuaren borondate politikoaren araberakoa izango da erantzuna. Zalantzarik gabe, Espainiako legedia desobeditzeko irmotasuna mantentzen badu, egingo da. Ikusi beharko da, baina, noraino iristeko gai diren. Gizarte zibilaren ardura izango da Gobernua norabide horretan estutzea.

Espainiako Gobernuaren presioak ez du erreferenduma baldintzatuko, orduan?

Bai, noski, haren errepresioa noraino iritsiko den ere ikusi beharko da. Baina, orain arteko joera errepikatzen bada, Espainiako Gobernutik zenbat eta presio gehiago iritsi, orduan eta elkartasun handiagoa izan du independentismoak.

Zer deritzozu Generalitatak hilabete hauetan egin duen lanari?

Ikusi duguna da Generalitataren estrategian alderdi interesek pisu handia dutela, eta beraz, Junts pel Sí-k erreferendumarekin hartu zuen konpromisoan sigi-sagak egin dituela. Duela gutxi entzun genuen David Bonvehí, PDCateko bigarren zerrendaburuak esaten zuela, erreferendumaren emaitzen arabera PDCatek estrategia aldatuko zuela. Beraz, zalantza asko daudela esango nuke. Ikusi beharko da zerk duen pisu handiagoa, independentziak edo alderdi interesek.

Procés Constituent ekimeneko kide izan zinen. Porrot egindako egitasmoa izan da?

Tira, Procés Constituent egitasmo politiko berrien aitzindaria izan zela esango nuke. Politika egiteko bide berri bat eraikitzea posible izan da hari esker. Ekimen hark funtsezko eztabaida baten oinarriak josi zituen, hazia ereinez, gaur egun Kataluniako politikan erabakigarriak diren egitasmo politikoen sorrera ahalbidetzeko.

Katalunian agertoki berria marraztu da. Zeinen aldeko apustua egiten duzu, CUP-Crida Constituent edo sortzen ari den Catalunya en Comú egitasmoarekin?

Krisi ekonomikoak eragin zuen kontzientzia aldaketaren ondoren, ezinbestekoa zen mugimendu soziopolitiko berrien sorrera. Beraz, testuinguru horretan sortu ziren hautagaitza berriak ziren apusturik baliagarrienak, eta nik begi onez ikusten ditut herri hauteskundeetan Barcelona en Comú ekimena eta oraingo Catalunya en Comú ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura
Menopausian elikadura lagun izateko tresnak

Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.


Maiatza emankorra eta oparoa: “Maiatza urteko ardatza”

Sasoitsu, osasuntsu eta bizipozez gainezka egotea dut helburu. Jaten dudanak, egiten dudanak eta pentsatzen dudanak eragina du oreka eta malgutasuna lortzeko eta tentsioa saihesteko.


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-02 | Nicolas Goñi
Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?

Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]


Apirila, zikloaren hasiera

Udaberrian orain dela egun gutxi sartu gara eta intxaurrondoa dut maisu. Lasai sentitzen dut, konfiantzaz, bere prozesuan, ziklo berria hasten. Plan eta ohitura berriak hartu ditut apirilean, sasoitu naiz, bizitzan proiektu berriei heltzeko konfiantzaz, indarrez, sormen eta... [+]


2025-03-26 | Anuntxi Arana
Plater garbiak

“Hondakinik ez platerean!”. Hori zen kontsigna gure txikitako otorduetan. Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte, lodiarazten zuelakoan... [+]


2025-03-25 | ARGIA
Kaleratze arriskuan dago 40 urtez elikadura burujabetza landu duen Bizkaigane proiektua

Bizkaigane elkarteak elikadura burujabetzan oinarritutako proiektua du Errigoitin (Bizkaia), 1983tik. Instalazioak dauden lur eremutik aterarazi nahi du lur jabeak elkartea. EHNE Bizkaia sindikatuak adierazi duenez, instalazioek lege eta administrazio eskakizun guztiak betetzen... [+]


Hasi da Errigoraren udaberriko kanpaina

Martxoaren 10etik 26ra izango da udaberriko kanpaina. 'Beste modura, denona de onura' lelopean arituko dira gertuko ekoizpena, banaketa eta kontsumoa babestu eta sustatzeko, ager zonaldean euskara hauspotzen duten bitartean. Apirila amaieratik aurrera jasoko dira... [+]


“Herri Mugimendua saretu eta eraginkortzeko tresnak eskaini nahi ditu BAMek”

Euskal Herriko bi muturretatik datoz Itziar (Bilbo, 1982) eta Ekaitz (Erriberri, 2002), sortzen ari den Burujabetzaren Aldeko Mugimenduaren berri ematera. Euskal Herrian diren burujabetza prozesu ugariak arloz arlo bultzatu eta indartu nahi ditu BAMek. Lan horretan hasteko,... [+]


Nestlé eta Sources Alma eskandalua: supermerkatuko ur natural botilak ez genituen uste bezain naturalak

Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin nahasi izana... kontsumitzaileen osagarria bigarren mailan jarri eta bere interes... [+]


2025-02-24 | Estitxu Eizagirre
Ziminttere
Sukaldea emakumeen jakintzak partekatzeko botere eta plazer espazio denean

Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.


Udaberrian loratzen ausartzen naiz

Zuhaitza esnatzear dago, kimuak ageri dira adarretan. Gutxi falta da loraldirako, laster aro berria hasiko du, indarberrituta.


2025-02-18 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia

Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin estrategikoetako 210 mila tona merkaturatzeko agindua eman du,... [+]


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


Eguneraketa berriak daude