"Mundua klima aldaketatik salbatu nahi badugu, kapitalismoari amaiera eman behar diogu"

  • Alemaniako ikatz-meategi erraldoien jarduna eteten duten ekintza desobediente masiboak antolatzen ditu Ende Geländek, talde ekologistek, ezkertiarrek eta gobernuz kanpoko erakundeek osatutako elkarteak. Elkarte horren ekintzak hartu ditu eredutzat Gipuzkoa Zutikek maiatzaren 27an egin zuen protestarako, eta bertan izan zen protesta desobedientean parte hartzen Laura Wollny, Ende Gelände eta AugeCO2hlt taldeetako militantea.

Hiru zutabeetako bat aurrera, justizia klimatikoaren izenean. (Argazkia:
Hiru zutabeetako bat aurrera, justizia klimatikoaren izenean. (Argazkia:
Zer esan nahi du Ende Geländek?

Nahikoa da! esan nahi du, ez dugula ikatz gehiago erauztea nahi. Esaldi alemaniarra da, eta ezin da itzuli hitzez hitz.

Nola sortu zen?

2010eko udan klimaren kanpamentuak antolatzen eta meatzaritza azpiegiturak blokeatzeko ekintzak egiten hasi ginen Renanian. Geroz eta pertsona gehiago gerturatzen hasi zen, esperientzia asko bildu genuen, eta jauzi bat ematea erabaki genuen: inguruan genituen lagun eta talde politikoei galdezka hasi ginen ea ekintza talde bat osatzeko prest zeuden, eta horren emaitza Ende Gelände izan zen.

Laura Wollny Zubietan. (Argazkia: Dani Blanco)
Zein da zuen jarduera nagusia?

Desobedientzia zibileko ekintza masiboak egiten ditugu. Ondo prestatutako taldeak osatu eta meategietara eta meategiak zentral termikoekin lotzen dituzten trenbideetara joaten gara. Gure gorputzekin blokeatzen ditugu. Han eseri, eta polizia etorri edo gu nekatu arte geratzen gara.

Zuen diskurtsoetan kapitalismo fosilari egiten diozue aipamena. Zertan datza?

Ez gaude lignitoaren —harrikatz mota bat— erauzketaren kontra bakarrik, baizik eta modu orokorragoan kapitalismoaren kontra gaude. Kapitalismoak erregai fosilen errekuntza du oinarrian, ikatzaren errekuntzarekin hasi zen Erresuma Batuan. Beraz, fosilen konbustioarekin amaitu eta klima salbatu nahi badugu kapitalismoari amaiera eman behar diogu.

Ez duzue uste kapitalismo berriztagarria posible denik?

Horixe da gakoa; ez dugu uste kapitalismo fosilaz harago kapitalismo berriztagarria egon daitekeenik. Kapitalismoa beti izango da fosila, biak batera doaz.

Beraz, zuek kapitalismoarekin amaitzeko bere oinarrietako batekin amaitu nahi duzue, fosilen konbustioarekin.

Abiapuntu batetik hasi beharra dago:  gu lignitoaren kontra hasi ginen, oso kaltegarria baita klimarentzat. Gainera, gure ekintzak jendea desobediente izatera bultzatzen du; jende askok parte hartu dezakeen ekintzak dira, deialdi publikoak dira, ongi azaltzen ditugu ekintzen nondik norakoak, ez gara talde klandestino bat. Baina aldi berean, ezohiko ekintzak dira, ez baititugu egunero poliziak babesten dituen guneak blokeatzen. Posizio aktibo bat hartzera bultzatzen ditugu parte-hartzaileak, eta pentsatzen dugu jendea beste alderdi batzuetan ere desobediente izatera bultzatzen duela horrek. Beti saiatzen gara lignitoaren kontrako borroka bestelako borrokekin lotzen: errefuxiatuen aldeko borroka edo klima aldaketaren beste alderdiekin, munduaren hegoaldeko herrialdeek sufritzen duten egoera, esaterako.

Justizia klimatikoa kontzeptua darabilzue. Zer esan nahi duzue horrekin?

Munduaren iparraldean planetako CO2aren zati handiena isurtzen ari gara, eta gainera jarduera horretan ekoitzitako produktuez gozatzen dugu. Gure bizimodua da klima aldaketaren iturria, baina eragina sufritzen dutenak munduaren hegoaldekoak dira. Han daude klima aldaketa pairatzen ari diren eremuak, esaterako itsasoaren maila igotzearekin desagertuko diren uharteak edo haziz doazen basamortuen inguruan dauden bizitokiak. Gainera, hango estatu eta gobernuak ahulagoak dira egoera horren aurrean erantzun sendo bat eman ahal izateko. Gu zerbait egiten hasi behar gara, ezin diogu eskatu Indiako inori ez dadila kotxean ibili.

Beraz klima justizia sozialarekin lotzen duzue?

Horixe da, ez da ingurumenaren edo hartz zurien kontua soilik. Ez dugu horretara mugatu nahi, gizateria osoa salbatu nahi dugu, batez ere klima aldaketa sortzearekin zerikusi gutxi duten pertsonak.

Metodo gisa desobedientzia zibila erabiltzen duzuela esan duzu, nolakoa da desobedientzia hori?

Ekintza bat egin aurretik horren berri ematen dugu, asanbladak deitu ohi ditugu egingo duguna, edo egingo dugun ia guztia azaltzeko, polizia ere adi egon ohi baita. Hainbat jarraibide ematen ditugu: gure gorputzekin egingo ditugu blokeoak, ez dugu ezer suntsituko, ez diogu poliziari eraso egingo haiek ez direlako gure helburu, gure helburuak trenbideak eta makineria dira. Prentsa ere deitzen dugu, jendeak jakin dezan zer egiten dugun.

Zergatik jotzen duzue desobedientzia zibilera?

Alemanian tradizio handia du desobedientzia zibilak, batez ere nuklearren aurkako mugimenduan. Guk egiten ditugunen antzeko ekintzak egin ohi zituzten. Eta noski, ekintza horiek legez kanpokoak dira.

Ez al duzue beste biderik ikusten?

Gu bezalako ekintzaile gazteak iritsi aurretik, han bizi zirenak ari ziren borrokan meatzaritza proiektuen kontra, baina beren herriak suntsitu zituzten. Politikariekin eta meatzaritza konpainiekin hitz egiten saiatu ziren, epaitegietara jo zuten, baina ez zuen emaitzarik izan. Ikatza atera nahi dutenei bost axola zaie eremu horietan edo mundu mailan gertatzen dena. Egoera horretan jo genuen desobedientzia zibilera.

Zuen desobedientziak legalitaterik ez, baina zilegitasuna duela diozue. Nondik datorkio zilegitasun hori?

Alemanian justizia klimatikoaren alde egiteak esan nahi du berehala amaitu behar dugula herrialdeko erregai fosilen erauzketarekin, gu geu kaltetzen ari garelako. Eta ez dago beste biderik hori egiteko, horregatik dauka zilegitasuna. Gure eginbeharra da.

Zein ondorio ekarri dizkizue legearen kontra egiteak?

Alemanian bide publikoak blokeatzea isunekin zigortzen dute. Baina meatzaritza egiten duten lur-eremu ia guztiak konpainien jabetzakoak dira, eta gure kontrako auzia hasi dute epaitegietan. Orain arte ez dugu arazorik eduki, epaiketak irabazi ditugu edo isun jasangarriak ezarri dizkigute. Arazoa da hasi direla gure blokeoak eragindako ekoizpen eteteen galera ekonomikoak egozten eta diru asko eskatzen.

Parisko klima akordioa gauzatzen hasteko bilera egingo dute udazkenean Bonnen, eta zuek ekintza bat egiteko asmoa duzue han. Zergatik?

Nazio Batuen Erakundearen klimaren goi-bilera egingo dute, eta mundu osoko estatuen ordezkariak ibiliko dira han. Halakoetan gertatu ohi den antzera, klima aldaketaren kontra zer egin eztabaidatuko dute, baina ondoren ez dute neurri eraginkorrik hartuko. Aurten Fiji uharteek antolatu dute goi-bilera, eta Alemanian egingo dute; hau da, klima aldaketaren erantzule nagusietako batean antolatuko du goi-bilera klima aldaketaren bultzatzearekin zerikusi gutxi duen herrialde batek, baina aldi berean itsasoaren maila igotzeagatik urpean geratzeko arriskuan dagoenak. Horrez gain, Bonn meatzeetatik gertu dagoen hiria da. Salatuko dugu Alemaniak ez duela horrenbeste egiten klima aldaketaren kontra, eta ez duela horrenbeste energia berriztagarri erabiltzen, askotan errepikatu arren lelo hori.

Getxon, Gasteizen eta Zubietan izan zara [ondoren Iruñera joan zen], zer deritzozu hemen ikusi duzun mugimenduaz?

Asko gustatu eta interesgarriak iruditu zaizkit mugimendu txikiak aurkitu ditudalako, baina oso ondo errotuak herri eta bizilagunen artean. Horrek ez du oso ondo funtzionatzen Alemanian, lantzeke dugun puntua da.


ASTEKARIA
2017ko uztailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


Eguneraketa berriak daude