Mario Zubiaga, EHUko irakaslea

"Burujabetza sozialerako indar metaketa eta Gure Esku Dago ez daude kontrajarriak"

  • EHUko irakaslea da Mario Zubiaga, euskal nazionalismoa eta erabaki eskubideari lotutako gaietan aditua. Aldi berean, Gure Esku Dagoko idazkaritzakoa ere bada. Euskal gizartea erabaki eskubideari buruzko horren une esanguratsua bizitzen ari den honetan, bere begirada bereziki da interesgarria.

Xabier Letona @xletona
2017ko maiatzak 07

Nola baloratzen dituzu orain arte herrietan izandako kontsultetako emaitzak?

Halako galdeketetan oso erraza da beste edozein galdeketako parte-hartze markoa erabiltzea, eta hortik ateratzea oso zaila egiten zaigu. Vocentoko medioek, adibidez, etengabe azpimarratzen dute kontsulta hauetan parte-hartze txikia izaten ari dela. Gure Esku Dagoko herrietako kideoi ere zaila egiten zaigu parte-hartze datu horretatik ateratzea, %22, %25, %27… eta orduan, herri askotan gero etsipena sortzen da: “%25 bakarrik?”. Horregatik, aldaketa kualitatiboa baloratuko nuke lehenik: zer ibilbide egin da kontsultara iristeko? Zer suposatzen du horrek herrian? Zein neurritan bildu dira ikuspegi subiranista duten herri bateko herritarrak? Zein transbertsalitate mailarekin?

Gure Esku Dagon bultzatutako galdeketetan tranbertsalitate hori garrantzitsua izaten ari da herri guztietan. Artekaritza lana ere hor dago, desmobilizatuak eta deslotuak dauden sektoreak mobilizaziora ekarriz eta oso ekintza zehatzera: hau da, kontsulta batean ezezagun bati –ez baita ofiziala– zure datuak ematen dizkiozu eta zer nahi duzun adierazi.

Alde kualitatiboaren neurgailu bat da Ardanza lehendakaria botoa ematera joaten ikustea?

Bai, izan daiteke. Gure Esku Dago lan dezente egiten ari da erabaki eskubidearen inguruan alderdi guztien iritziak jasotzeko. EAJren kasuan, besteak beste, Xabier Barandiaran, Elixabete Piñol, Iñigo Iturrate, Josune Gorospe… aritu dira hitzaldietan. Baina zalantzarik gabe erreferentzialtasun berezia dute lehendakariek: Jose Antonio Ardanzaren bozka eta, batez ere, Juan Jose Ibarretxeren etengabeko konpromisoa erabaki eskubidearen alde.

Alor kuantitatiboaz zer balorazio egiten duzu?

Herri ekimen batetik abiatuta, erroldaren %25etik %30erako parte-hartzea lortzea izugarrizko arrakasta da. Kontu hauei buruz dakienak badaki hori. Madrilgo Udalak antolatzen du halako kontsulta bat eta ez da %5era iristen. Sevillako Udalak galdeketa antolatzen du Sevillako Feria luzatu nahi den hala ez jakiteko eta ez da %6ra iristen. Estatu oso baten tresneria guztia galdeketa baten zerbitzura jarrita ere ozta-ozta gainditzen da %50a. Katalunian orain indarrean dagoen estatutuak %48ko parte-hartzea izan zuen.

Har dezagun adibide zehatz bat, Tolosa. Iragan udal hauteskundeetan lehia sekulakoa izan zen EH Bilduren eta EAJren artean eta azken zokoetan ere miatu zen boto bila: 9.000 boto izan ziren. Orain erdia lortu da Gure Esku Dago taldean 10 lagun ari direnean lanean. Itzela da!

Zuk idatzitako Excepción compartida –Salbuespen partekatua– artikuluan honako galdera egiten duzu  hasieran: “Une konstituziogile batean gaude ala indar metaketari ekin behar zaio eta denbora hobeagoei itxaron?”. Non gaude?

Galdera hori egiten diet estatus politiko berri bat ekarri nahi duten eragile politikoei. Sumatzen dut ikuspegi subiranista duten alderdi eta sindikatuek uste dutela oraindik ez dela unea makina subiranista abian jartzeko. Ezker abertzalea aurreko zikloa ixten ari da oraindik eta, besteak beste,  barne berrantolaketa egiten ari da. EAJn ziurrenik zalantzak daude ataka honi aurre egiteko unean: Jauzi subiranistarako unea al da? Arriskuan jarriko al dugu daukaguna autogobernu maila handiago bat lortzeko? Oro har, Katalunian zer gertatzen denari begira daude, eta gero gerokoak.

Dena den, aldi berean, EAJren baitan ere badira uste dutenak dagoenari eusteak ez duela bermatzen autogobernuaren gutxieneko garapena.

Iritzi horiek ez dira ikusten edo gordeta daude.

Une honetan EAJk zortzi pistako zirkua nahi duela esaten badio, Estatuak baiezkoa emango dio. Eta horri ezetz esatea gogorra egiten zaio orain arte nagusi izan den pentsamendu jeltzaleari. Estatuaren klabea beti da bera –divide et impera–, eta kasu honetan ez dabil soilik abertzaleen arteko zatiketa elikatzen, Katalunia eta Euskal Herriaren artekoa ere bai. Eta otzantasunaren truke jasotzen ari diren opari horien alternatiba, oraingoz, proiektuak eta hipotesiak besterik ez dira, osagai materialik gabe. Dena den, aldi berean, EAJren baitan jakitun dira, erabakitzeko eskubideak bakarrik berma dezakeela etorkizuneko autogobernua eta, ondorioz, Gure Esku Dago moduko proiektu bat ezinbestekoa dela: “Bai, oso ondo dago trena, baina jendeak erabaki eskubidea ere eskatzen du”.

Nola ikusten duzu indar subiranisten inplikazioa erabaki eskubidearekin?

Galdeketekin hasi zenetik Gure Esku Dago pixkanaka beste indar batez ari da sartzen agendan. Dagoeneko ez da soilik giza katearekin lotutako bizikidetza, elkarrekin aritzea, giro ona sortzea gizartean, alaia… Dagoeneko indar subiranistek sumatu dute Gure Esku Dagok bide orri bat duela eta, Katalunian bezala, gure agintari politikoekin batera agenda bat osatzeko nahia dagoela. Dagoeneko, 100.000tik gora lagunek esan dute herri bezala erabaki nahi dutela. Badirudi GEDen asmoa mandatu demokratiko hori indartuz joatea dela, bai galdeketen bidez eta ekainetik aurrera Herritarren Itunaren bidez ere bai.

Datozen bi urteetan Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak oinarri batzuk finkatu behar ditu eta hortik estatutu berri baterako proposamena atera liteke. Ez bada ezer egiten hor aterako dena bakarrik parlamentuko indar harremanen fruitu izango da, eta egungo Eusko Legebiltzarrean erabaki eskubidearen aldeko indar harremana ez da oso argia. Erraza izan daiteke PSErekin eta Ahal Dugurekin oinarri lauso batzuk finkatzea, gehiegi lotuko ez dutenak, eta testu artikulatua ere Madrilek onar dezakeen testu artikulatua izatea. Batzuek ez dute inoiz errepikatuko Ibarretxeren ibilbidea, eta Madrilera badoaz onartzeko moduko testu batekin joango dira. Herritarren aldetik presiorik ez badago, hori da eszenatoki logikoena. Horregatik, ziurrenik hau da erabakitzeko eskubidea agendan jartzeko unea, testu artikulatuan gauzatzeko modu batean ager dadin. Gure Esku Dagok bideratzen duen herritarren presioa une honetan horri lotuta dago.

Kontrajarrita al daude ELAk planteatzen duen burujabetza sozialerako indar metaketa berria eta Gure Esku Dagoren egungo dinamika?

Ez dut uste. Batzuek kontrajarritzat jotzen dituzte eta pentsatzen dute Gure Esku Dagok oso oinarrizko planteamenduak dituela, lausoegiak. Ez dut uste horrela denik. Batetik, Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta berau gauzatzeko tresna zehatzak exijitzen ditu. Bestetik, erabakitzeko eskubidea ez da arlo bakar batera mugatzen, filosofia sakona du atzean, herritarren burujabetzaren aldarria. Horregatik, esango nuke Gure Esku Dagon dabilen jendeak duen mezu soziala eta ELAk edo beste eragile batzuek defendatzen duten mezu soziala edo estatugintza ez direla kontrajarriak. Burujabe izateko tresna naturala zein da? Estatu bat izatea. Zertarako nahi dugu burujabe izatea? Bizitza on bat izateko, ongizatea, justizia soziala… Bata bestearen atzetik dator. Eta segida horretan, zein da Gure Esku Dagoren ekarpena? Euskal herritarron esku dagoela bide horretan libreki urratsak ematea, mugarik gabe. Aldarrikapen hori ez zait batere xaloa iruditzen.

Zentzu horretan, ez dut uste eragile berrien beharra dagoenik. Paradigma aldaketarekin batera, indar metaketa zabala erdiestea denean jomuga, diskurtso erradikalago batek jende gehiago erakarriko duela uste dugu? Momentu historiko honetan kontua ez da gutxieneko abanguardia bat sortzea, independentismo argia, diskurtso sozial alternatiboa, kontraboterea landuko duena… une hau indar metaketarena da. Indar metaketa horretarako egokia al da ANC –Kataluniako Asanblea Nazionala– moduko eragile independentista argi bat, subiranista ez-abertzaleak kanpoan utziko dituena? Edo, beste ikuspegi batetik hartuta, egokia al da gehiengo sindikalistaren diskurtsoan soilik oinarritutako eragile bat, subiranista “zentristagoak” bidean utziko dituena? Gizartetik abiatutako tresna subiranista indartsu baten bilakaera ezin da aurreikusi, parte hartzaileen esku baitago, baina argi dago, mezuaren zabalkunderako eta gehiengoak trinkotzeko agian aproposagoa dela Gure Esku Dago bezalako ekimen bat. Finean, alderdi politiko edo sindikatu zehatz batek herritarrak biltzera deitzen baditu, horrek berez sortzen ditu hesi batzuk.

Joxe Elorrietak bere azken liburuan esaten du ezinezkoa dela prozesu subiranistarik egitea neoliberalismoa eztabaidaren erdigunean jarri gabe.

Neoliberalismoa erdigunean jartzeko modu asko daude, horietako bat neoliberalismoari kontra egiteko pedagogia egitea da, eta ez diskurtso klasiko eta oso ideologizatuekin. Gure gizartean agintzen duen elitea neoliberala da, baina ez dut uste gure gizartearen gehiengoa neoliberala denik eta bilatu behar da gehiengo hori erakartzeko diskurtso bat. Zein da indar metaketa ahalbidetuko duen diskurtso hori? Neoliberalismoaren aurkako diskurtso gogor eta klasikoa edo diskurtso lausoago bat, baina funtsean neoliberalismoaren aurkakoa ere izango dena? Diskurtso gogorrago hori egin dezakete euren egunerokoan sindikatuek, alderdiek… bakoitzak bere arloan, baina erabakitzeko eskubidea, bere sakonean, neoliberalismoari aurre egiteko diskurtsorik eraginkorrena da.

Badira gai gatazkatsu asko herrietan, adibidez Gipuzkoan Zubietako errauskailua, edo justizia sozialaren ingurukoak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta… horiek alboratu behar dituzte Gure Esku Dagoren kideek?

Gure Esku Dagoren oinarrizko agirian –“Eskura” dokumentuan–  eta orain abian dagoen Herritarron Itunean marko bat planteatzen da eta honek oso garbi uzten ditu helburuak zeintzuk diren: gauza guztiez erabaki nahi dugula. Marko orokor horrek guztiontzako balio du eta guztiei ematen die aukera haien plataforma propioa garatzeko. Ekainaren 10ean Herritarren Itunaren aurkezpena egingo da eta hor oso modu ikusgarrian egin daiteke edukiz betetzeko garapen hori: adibidez, sindikatuak bildu daitezke astebete lehenago –zerbait esateagatik– eta esan zergatik ematen dioten sostengua itunari, beren diskurtso osoa aipatuz. Eta berdin ikasleek, legelariek, kultur eragileek edo beste hainbat sektorek: itunak marko bat eskaintzen du –erabakitzeko eskubidearen aldarria eta berau gauzatzeko tresnen beharra–, eta gero bakoitzak bere plataforma eratzen du. Gure Esku Dagok 2.000 bazkide inguru ditu, herri askotan ditu taldeak, konfiantza batzuk eraiki dira… horrek merezi du konfiantza bat eta edukiz bete daitekeen bilakaera baten aukera ez baztertzea.

Maltzagako izpiritua berreraikitzeko ahalegina ere ikusten dute askok.

Honek ez du zerikusirik Maltzagarekin. Hori eliteen prozesua da: bateko zein besteko eliteak bildu, negoziatu, adostu eta gero jendeari esan. Lizarra-Garazikoa ere hori bera zen, eliteek adostu eta jendea begira. Gure Esku Dago mugimendu bat da, estatus politikoa erabakitzeko herritarron eskubidea aldarrikatzen duena, eta, zentzu honetan ekimen subiranista zabal gisa ulertu genezake, behetik gora eraikitzen eta edukiz betetzen ari den ekimen irekia. Hazi soziala, beste asko bezala, bertan dago eta eduki horiek, Gure Esku Dagon bakoitzak duen inplikazioaren arabera garatuko dira, ez daude aldez aurretik finkatuta. Gure Esku Dagok ez du lubaki berririk sortu nahi gizartean, elkarrekin askatasunez lan egiteko leku gozo bat baizik, euskal herritarron erabakiak gauzatzeko bidean. Gure Esku Dago elikatzen den heinean, kultura erabakitzailea eta parte-hartzeailea elikatzen da eta horrek jendearen ahalduntzea dakar. Bide horretan eraikitzen eta berreraikitzen dira nortasun politikoak, Kataluniak erakutsi bezala.

Galdeketek jende mobilizazio handia ekarri dute, baina hala ere ez da tentsiorik nabaritzen. Egin daiteke tentsiorik gabeko prozesu subiranistarik?

Hau prozesu dinamiko bat da: giza-katearen Gure Esku Dago, kontsultena eta etor daitekeena gauza bera dira, eta aldi berean, desberdinak. Ez dago aldez aurretik esaterik norabidea zein izango den, dinamikan parte hartzen duten herritarren esku baitago: batzuk gusturago egon daitezke hasierako eskema horretan, beste batzuk norabide politiko argiagoa ematearen alde dira eta beste batzuek honen bilakaera naturala Kataluniako Asanblea Nazionala bezalako bat sortzea dela pentsatuko dute. Argi dago giza katetik ona Gure Esku Dagok presentzia politiko handiagoa duela, baina oraindik tentsiorik gabe, tentsioa indar posizio bat lortzen denean pizten delako, herritarren borondatea errespetatzen ez dutenekin lehian.

Instituzioen inplikazioa lortzea ere helburuetakoa da Gure Esku Dagon. Zein neurritan lortzen ari dela uste duzu?

Galdeketekin aurrerapausoak ematen ari dira eta udaletan errepikatzen ari dira zinegotzi guztien edo gehienen argazkiak galdeketen alde. Ekainetik aurrera, Herritarron Itunak garapen bat izango du eragile era erakundeen artean. Hortik aurrera ikusiko da zein indar metatzen den, inoiz, gure erakundeei, Eusko Legebiltzarrari esan ahal izateko “herri-eskaera hau jaso behar duzu eta erabakia gauzatzeko modua bermatu”.

Galdeketak, Ituna... eta gero?

Gure Esku Dagoren bide orriaren azken jomuga herritarron erabakia gauzatzea da, noski, baina horretarako tresnak herri-dinamika berak definitzen ditu aldiro. Ezin dugu ahaztu beste errei batzuk badaudela zabalik, teorian helmuga berbera izan beharko luketenak. Esaterako, Eusko Legebiltzarreko ponentziak izango al du kontsulta ahalduntzaile bat? Hau da, testu artikulatua onartzen denean, gero Madrilera joan behar da. Bada, agian komeni zaigu aurretik kontsulta bat eginda joatea, nahiz eta hori ez dagoen legean aurreikusia. Agian, baimenduta ala debekua gaindituz, badago kontsulta ahalduntzaile hori 2018aren amaieran edo 2019aren hasieran egiteko aukerarik. Gizarte ekimena erabakitzailea izan daiteke abagune horretan. Katalunian hala izan zen azaroaren 9an.

Beraz, badira aurrera begirako zantzu batzuk.

Ez dakigu zer aterako den ponentziatik, baina argi dago, Kataluniatik ikasi dugunaren ildotik, egiten dela egiten dena elkarrekin egin behar dela, erakundeak, alderdiak, gizarte eragileak, herritarrak elkar hartuta…

Hemen ere badago Kataluniako En Comù-ren antzekoa: teorian urratsak eman dira erabaki eskubidearen alde. Eta praktikan?

Neurri batean, Katalunian gertatzen dena gertatzen da hemen ere. Eremu politiko horretan Estatuaren egiturak aldatzeari buruzko hainbat eredu daude. Hainbat lekutatik datoz espazio politiko horretara eta hainbat ikusmolderekin. Batzuek uste dute mobilizazio soziala ezinbestekoa dela erabakitzeko eskubidea lortzeko, beste batzuek lehenbizi Estatuarekiko akordioa behar dela eta horretarako ez dute hain garrantzitsu ikusten mobilizazioa, eta beste batzuek diote akordioa lortzeko agian interesgarria dela erreferenduma egitea aurretik, aldebakarrekoa bada ere. Egun denak daude erabakitzeko eskubidearen alde. Erabakitzeko unea iristen denean sortzen zaizkie zalantzak. Kataluniako En Comù-n dute eztabaida orain, une erabakigarritik gertu daude eta: “Zer egingo dugu Estatuak erreferenduma debekatzen badu?”. Han eta hemen, beti ere akordioz egitea da egokiena, baina baimenaren ezean, erabakia hartzeak emango dio bide eskubideari.

Hor desobedientziaren eremuan sartzen gara. Indar metaketak emaitza onak eman baditu, edo negoziatzen duzu edo desobeditu...

Gai potoloa da hori, desobedientzia subiranistarena. 1998-99an jorratu zen hemen, gero tamalez gaia standby geratu zen gurean, eta Katalunian errotu da eztabaida. Desobedientzia subiranista ez da desobedientzia hutsa, obedientzia aldaketa baizik…

Biak egin behar dira, desobeditu zuretzat ez duzun erakundeen subirania eta zurea obeditu.

Mandatu demokratikoaren aldebikotasunaren baitan dago hori: herritarrok gure erakundeei erabakiak har ditzaten ematen diegun mandatua eta erabaki horiek obeditzeko hartzen dugun konpromisoa, gureak ez diren erakundeen erabakiak desobeditu behar baldin badira ere. 

Hori al da Gure Esku Dago elikatzen ari dena?

Gure Esku Dagoren jarduera osoa eskubide politikoen egikaritza arautuan kokatzen da une honetan. Galdeketak, esaterako, laguntza publikorik gabe burutzen ari dira, jarduera herritarrak dira. Galdeketa guztien aurretik gobernu ordezkariak udal guztietara bidaltzen du ohar bat esanez zer ezin dezaketen egin – ezin dutela erroldarik utzi eta halakoak– eta udal guztietan zorrotz betetzen ari dira muga horiek. Beste kontu bat da, zein neurritan, beste gai batzuetan bezala –bakearen artisauen ekimena hor dago–, ez ote duen gizarte zibilak egin beharko erakundeek egin ezin dutena. Ekintza zuzenaren filosofiarekin ere lotuta dago Gure Esku Dago “erakundeek ezin dezaketena egin, egin dezagun guk”. Herritarrak erabakitzeko entrenatzen ari gara, erakusten posible dela kontsulta bat egitea: “Bada, egin ezazue”.

Erreferenduma egin egingo da, baina Madrilekin negoziatutako estatutu berri baten ingurukoa.

Estatutu erreforma baten amaieran aurreikusita dagoen erreferenduma koka daiteke Gure Esku Dagoren filosofian, baldin eta estatus horrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua eskaintzen badu. Horregatik, Eusko Legebiltzarreko autogobernu ponentzia gune garrantzitsua izan daiteke. Kontua da ez ditudala gure indar subiranistak ikusten hortik zerbait atera daitekeela pentsatzen, iruditzen zait aldez aurretik galdutzat ematen dutela gudu hori. Iritzi erabat pertsonala da hau, noski. Dagoeneko esaten duzu hemendik bi urtera onartuko den dokumentutik ez dela ezer aterako? Hori borroka bat galdutzat ematea da, zure indarretan konfiantzarik ez izatea eta, gainera, nolabaiteko ihesbide bat: “Ez, neoliberalak dira eta ni neoliberalismoaren aurka nago, guk gure indarrak tenkatu behar ditugu eta bost-hamar urte barru ikusiko dugu zer egin”. Hori ez zait jarrera egokia iruditzen. Oso eroso egon zintezke zure diskurtso garbi, huts eta “autonomoarekin”, baina abagune historikoak artikulazio zabalak eskatzen ditu, ez lubaki ideologiko zurrunak, finkoak. Eta artikulazio horietan arestian neoliberalak izandako batzuk sartu beharko dira halabeharrez.

Beste parametro batzuetan, baina azkenean 1978ko eztabaida berdina da: “Inzidituko duzu gaia zuk nahi duzun lekura eramateko edo mendira zoaz”. “Mendira” joateko modu asko dago, eta ez da ezinbestekoa horretarako borroka armatura jotzea. Nire kezka da batzuek une honetan “mendira” jotzeko tentaldia izan dezaketela, artikulazio zabalei muzin eginez. Batzuk borroka luze batetik datozelako, besteak eroso daudelako beren autonomian… orduan mendira. Une honetan eztabaida estrategikoetariko bat hor egon daiteke.


Erabakitzeko eskubidea kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-22 | Gure Esku Dago
Erabakitzeko prest gaude
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Gure Esku Dagok ekainaren 10ean Bilbon antolatu zuen ekimenaren laburpena.


2017-06-19 | Xalba Ramirez
Nafarroako 24 herritan %28,73k bozkatu du Gure Esku Dagoren galdeketetan

Igandean Bortziriak, Imotz-Basaburua, Sakana eta Mendialdeko 24 herritan 27.095 herritarrek izan dute botoa emateko aukera, eta horietatik 7.781ek eman dute.


2017-06-18 | Xabier Letona
Herritarren ituna, dohainak eta arazoak

Gure Esku Dagok herritarren ituna aurkezteko Bilbon egindako ekitaldia urrats bat gehiago da nazio politikoa egituratzeari begira. Bide horren onurak eta izan daitezkeen arazoak aztertzen dira ondorengo lerroetan.


Hautetsontziak prest dira Nafarroan

Lau eskualdetan egingo dituzte ekainaren 18an Gure Esku Dago dinamikak sustatutako Nafarroako lehen galdeketak: Bortziriak, Imotz-Basaburua, Mendialdea eta Sakana.


2017-06-15 | Xalba Ramirez
Irakeko lehen ministroak kurduekin independentzia erreferenduma negoziatzea onartu du

Irakeko lehen ministro Haider al-Abadi-k alderdi kurduak erreferendumari buruz hitz egitera gonbidatu ditu. “Erreferenduma gauzatzea zaila izango den arren”,  esan du kurduen erabakitzeko eskubidea errespetatuko duela.  


2017-06-12 | Xabier Letona
Herritarren ituna, dohainak eta arazoak

Gure Esku Dagok herritarren ituna aurkezteko Bilbon egindako ekitaldia urrats bat gehiago da nazio politikoa egituratzeari begira. Bide horren onurak eta izan daitezkeen arazoak aztertzen dira ondorengo lerroetan.


2017-06-12 | Xalba Ramirez
Herritarren Ituna aurkeztu dute Bilbon, "erabakiari bide emateko"

Milaka lagun elkartu ziren Bilbon pasa den larunbatean galdera ikur erraldoi bat eginez. Ekitaldiaren amaieran, “Herritarren ituna” aurkeztu zuen Gure Esku Dagok.


2017-06-07 | Uriola.eus
Herritarren itunetik itun nazionalera

Herritarron ituna aurkeztuko du Gure Esku Dago dinamikak larunbat arratsaldean Bilbon milaka herritar batu nahi dituen ekimenean. 2013tik erabakitzeko eskubidearen inguruan bildutako ideia, lan, esperientzia eta proposamenak jasotzen dituen dokumentua da, "itun nazional" baterako hazia. 


2017-05-26 | ARGIA
Gure Esku Dagok 'Prest Eguna' antolatu du, ekainaren 10eko mobilizazio handira bidean

Erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak ekitaldi ugari antolatu ditu asteburu honetan: galdera ikurra irudikatzen duen mosaikoa egingo dute herri askotan. Ekainaren 10eko Bilboko irudi erraldoiaren atariko izango dira.


2017-05-22 | Hala Bedi
Erabakitzeko eskubidearen aldeko 4.500 sinadura bildu ditu Gure Esku Dagok Gasteizen

Akordio sozial eta zabalaren beharra azpimarratu dute maiatzaren 21ean Gasteizen egindako ekitaldian. Sinatzaileek aldarrikapena errealitate bihurtzea nahi dute: erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dute. 


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude