Indartu dezagun indartzen gaituena

  • ARGIA iritsi dadin Euskal Herrian gertatzen diren gai gehiagori jarraipena egitera eta jende gehiagori ahotsa ematera, proiektua gehiago indartu nahi dugun jendea bagara. Nola indartzen dugu ARGIA? Ekarpen ekonomikoa egingo duen jende gehiago lortuta eta norberak, bere aukeren barnean, ahalik gehien jarrita. Diru ekarpen horiek zuzenean proiektura bideratzen ditugu: langile guztiok soldata bera dugu eta enpresaren urteko emaitza ekonomikoak proiektuan berrinbertitzen ditugu.
    Jendearen babes ekonomikoa handitzeko, gure gurea den harpidetza eredua egokitu dugu eraikitzen ari garen mundura, gure betiko logika eta balioei eutsiz.


2016ko abenduaren 04an
Josevixky

“Harpidetza sistema berri bat, produktuari lotutako prezio zehatz bat gabe? Bakoitzak ahal duena jarriz eta nahi duena jasoz? ARGIAko hauek burutik jota daude”, entzun diogu bati baino gehiagori.

Logika kapitalistatik irteten dela produktuaren prezioak alboratu eta proiektuaren atxikimendua bilatzea? Jasotzen duzun produktua eta egiten duzun ekarpen ekonomikoa bereiztea? Jendeari ahal duena ordaintzeko aukera ematea? Bada bai, baina ARGIA proiektua ia ehun urtean garatu bada, ez da logika kapitalistari esker izan. Dirutan ordain ezinak diren balioak bultzatzeko gure dirua jartzen dugun jendeari esker iritsi gara hona. Alde horretatik ez dakar ezer berririk. Zein da gakoa, orduan? Dirua jartzeko motiboak argiago erakustea eta ekarpen denak hartzea: gehiago eman nahi dutenena eta gutxi eman dezaketenena. Proiektu honek merezi duela uste dugunok, oraintxe dugu ARGIA indartzeko aukera.

Betiko logika eta jendea, gaurko proiektua

“Gu betidanik gara harpidedunak, eh!”, edo “bazkidetza egin berri dut” edo “zu ere ARGIAkoa zara?”... bakoitzak bere hitzekin adierazten du ARGIA proiektua martxan egon dadin dirua jartzen duela. Inplikatzen dela.

1980tik ARGIAren biziraupen modua izan da astekaria eta Larrun hilabetekaria jasotzearen truke herritarrek urteko kuota ordaintzea.

Urteekin, asko aniztu dira ARGIAk egiten dituen kazetaritza lanak, ordea: webgunean egunerokoari lotutako informazioa lantzeaz gain, eduki guztiak jartzen ditugu libre eta doan euskarazko lanak ahalik gehien zabaldu daitezen; sare sozialetan bizi ari gara eta hortik gazteak eta irakurle berriak etortzea lortzen ari gara; Interneten euskarazko ikus-entzunezko lanen bildumarik handiena (2.100 bideotik gora) ari gara jartzen herritarrok erraz topatu ditzagun; bi astez behin ingelesera itzuli eta zabaltzen dugu gure erreportajeetako bat Euskal Herriaren berri Euskal Herritik eman dadin (agentzia handien menpekotasunik gabe)...

ARGIAren balioak sustatzeko egiten diren lan horiek denek zer dakarte? ARGIAk herritarren eta euskararen onurarako egiten dituen lan asko ez direla merkatuaren legeetan prezioa duten “produktuak”. Eta bestetik, badirela ARGIAk egiten dituen lan horiek baloratzen dituzten eta ekarpen ekonomikoa egin nahi duten lagunak, papereko edukirik jaso gabe.

Nola egokitu betidanik dugun harpidetza eredua egoera berri honetara?

Harpidetzaren muinari eutsita. Alegia, ulertuta ARGIA proiektu osoa dela gure ekarpen ekonomikoarekin eusten duguna. Beraz, orain arte astekariaren prezioari lotua egon den harpidetza kuota, aurrerantzean proiektuari egongo da lotua. Astekaria etxean jaso edo ez, alegia, “harpide” izan edo ez, ARGIA proiektuaren alde dirua jartzen dugun denak gara ARGIAkoak: “ARGIA jendea”, Xamarren “euskara jendea”-ri keinu eginez.

Zenbat jarri behar dut orduan? Bakoitzak bere erako parte-hartzea

Lasai, sozio estimatua. Zuk ezer jakinarazten ez diguzun artean, beti bezalaxe mantenduko dugu harremana: urtean 148 euro jarri (alegia, hilean 12 euro irteten da) eta astero astekaria, hilero Larrun eta otsaila hasieran Gakoak urtekaria jasoko dituzu etxean –80 euro jartzen dutenek hamabostero jasotzen dute astekaria, eta 42 euro jartzen dutenek hilero–.

Horrela nahi dugunok, ordea, orain dugu aukera ARGIA komunikazio proiektuari ematen dioguna eta bertatik jasotzen duguna gure bizimodura egokitzeko. ARGIAk astekariarekin batera egiten dituen beste kazetaritza lan horiek eta betetzen dituen funtzio horiek indartzeko, zer emateko prest dago norbera? Eta zer da ARGIAtik norberak gustura jasotzen duena? dena? astekaria? Larrun eta Gakoak? Interneta aski?...

Elkartasun oinarria: Betidanikoa

Ez dira garairik xamurrenak. Asko eta asko dira azken urteetan hau esan diguten gazteak: “Nire lehenengo soldatarekin ARGIAko harpidetza egingo dut”. ARGIAn beti ahalegindu gara egoera ekonomiko zailenean dauden herritarrek irakurtzeko modua izan dezaten. Badakigu jendeak eusten duela jendea momentu zailetan. Eta bizitzan badirela hartzeko eta emateko garaiak. Denok nahi dugu ahalik eta gazte gehienek ARGIA irakurtzea, biharko egunean eurek ere beren ekarpenarekin ARGIA proiektua eutsi dezaten. Eta denok ados egongo gara, urteetan bere ekarpenarekin ARGIA proiektua eutsi dutenak ezin ditugula ARGIAtik kanpo utzi, langabezian geratu direlako edo larrialdi ekonomiko bat duten orduko –gaur gaurkoz, egoera ekonomikoagatik harpidetza eten beharrean aurkitu diren urte askotako zenbait kideri, urtebeteko harpidetza doan bidaltzen ari gara–.

Konfiantza da harremanen, eman eta hartuaren oinarria. Honezkero ezagutzen dugu elkar eta konfiantza dugu, bakoitzak ARGIA baloratzen duen moduko ahalegina egingo duela, diru ekarpena egiterakoan. Badakigu zintzo eta arduraz jokatzen dugula ARGIA proiektuari eusteko ekarpen ekonomikoa egiten dugunok. Azken pagotxaren bila dabilenak, aspalditik du Interneten dena doan. Proiektu honetan dirua jarriko duen jende gehiago lortzea, eta norberak bere aukeren barnean ahalik gehien jartzea da ARGIAren helburua. Horrela, egun heltzen ez garen eremu eta gaietara heltzeko bitartekoak izango ditugulako.

Informazio gardena, konfiantzaren oinarria

ARGIA indartzeko jendeak konfiantza eta dirua jar dezan, gakoa dira, noski, etengabe ahalik eta kazetaritza lanik onena egitea, eta bestetik, jendeari argi komunikatzea berak jarri duen diru horri esker zer egitea lortu dugun. Astero Komunitatea orrian Itsaso Zubiriak kontatzen du ARGIAn zer egiten ari garen, nola eta zergatik. www.argia.eus-en ARGIAren barrenak blogean ikus dezakezu noiznahi.

Horrez gain, ARGIAkook urtero gutun bidez jasoko dugu egindako lanen eta diru kontuen berri. Eta edozein galdera duzula, zuzenean jo dezakezu hona: 943371545 zenbakira deituta (Iraitz Agirrek bideratzen ditu ARGIAkoon arteko harremanak) edo harpide@argia.eus-era idatzita.

ARGIAren indarra jendea da

Oso pozik gaude azken urteetan gero eta ARGIAko jende gehiago garelako. ARGIA gora doa.  ARGIA indartsu egiten duena, bere oinarri soziala da. Jendea. Astekaria zenbat eta esku gehiagotatik pasa, sare sozialetan zenbat eta artikulu gehiago partekatu, tabernako elkarrizketetan zenbat eta gehiagotan aipatu, orduan eta eraginkorragoa da ARGIAren lana. Eta ARGIAn zenbat eta jende gehiagok jartzen dugun dirua, orduan eta indartsuagoa da proiektua: gauza gehiago eta hobeak egiteko gaitasuna irabazten dugu eta etor daitezkeen erasoen aurrean hobe erantzun dezake. Horren adibide dugu Mozal Legea aplikatuz, Espainiako Estatuan lehen kazetariari (kasualitatez, ARGIAkoa) jarritako isuna. Isuna ez ordaintzea eta lege injustu eta ez-legitimo hau epaitegietan ere borrokatzea erabaki dugu. Horrelako erasoen aurrean ARGIAren indarra jendea dela irudikatzen duelako, azal hori poster eginda jasoko dugu ARGIAko guztiok, Durangoko Azokan.

Beraz, inguruan ARGIA zaleren bat badugu, oraintxe du ARGIAkoa egiteko garaia. Bere ahalen neurriko ekarpena eginez, bere gustuko formatua jasoz. Durangora bazatoz, pasa ARGIAren mahaitik, posterraren aitzakian. Elkar ezagutzeko desiatzen gaude.

ARGIAren indarra jendea da. Eta jendeontzat, informazio kritikoa jasotzeko, egiten diren ekimen interesgarrien berri izateko, mundutik datorren albiste zurrunbiloaren aurrean balio batzuen gainean kokatzeko, eguneroko bizitzatik balio horiek bultzatzeko, txikitik eragiteko... ARGIA tresna dugu. Indartu nahi, indartzen gaituena?

Azken ikerketaren arabera, ARGIA da kalitate handiena duen hedabidea, parekideena eta herritarrei ahotsa gehien ematen diena

EHUko irakasle Maria González Gorosarrik eginiko albisteen kalitateari buruzko ikerketak Euskadi Irratia, ETB1, Berria eta ARGIA aztertu ditu, 2016ko martxoaren amaieratik maiatzaren erdialdera bitarte egindako kazetaritza lanak aztertuz (guztira, 340 albiste). Hona hemen, ikerketak ARGIAri buruz eman dituen hainbat ondorio:

Astekaria

- Herri mugimenduak erakundeetako ordezkariak baino albiste gehiagoren protagonista dira (%25 eta %18,75).

- Emakumezko eta gizonezko protagonisten arteko parekidetasun informatiboa agertzen duen hedabide bakarra da.

- Euskal Herria islatzeko ahalegin handia egiten du (%11,76) eta tokian tokiko informazioa modu nazionalean interpretatzen du (adibidez, “Gatika: herri euskalduna erdalduntzearen arrazoiak aztertzen”).

Argia.eus webgunea

- Herri mugimenduei eskainitako tartea erankudeetako ordezkariek hartzen dutenaren bikoitza da ia (%53,85 eta %30,77).

- Webguneak parekidetasun informatiboa ez du papereko edizioak bezain zorrotz zaindu eta emakume bakoitzeko bi gizon agertzen ditu. Hala ere, emakumeen agerpena ondoen zaintzen duen webgunea ez ezik (Eitb.eus-en ratioa 1-5ekoa zen eta Berria.eus-en, 1-16koa), gainerako hedabideetako produktu informatibo nagusien gainetik ere geratzen jarraitzen du (Euskadi Irratian emakume bakoitzeko hiru gizon agertzen ditu; Etb1ek eta Berriak, sei).

Astekariaren eta webgunearen indarguneak

- Informazioaren jatorriaren zehaztapena (informazio gardena eskaintzeko), gertaeretan oinarritutako albisteak, zehaztasun handiko tituluak, informazio sakona eta hainbat kausalitate azaltzen ditu.

- Informazioaren sakontasunean, zazpi W-galderen erantzunak azaltzen dituzten albisteak paperezko edizioan %58,82 dira eta sarean, %46,15. Sareko ARGIAk kaleratutako informazioaren sakontasunak webgune guztiena (Eitb.eus-en, albisteen %4,45 eta Berria.eus-en, %16,67) eta hedabide guztiena ere gainditzen du (Euskadi Irratian, albisteen %8,69 dira; Etb1ean, %3,92; eta Berrian, %35,71).

- Bizpahiru ikuspegi ematen dituzten albisteak bertsio idatzian %41,18 dira eta, bertsio digitalean, %38,46. Berriro ere, ARGIAren Interneteko edizioak gainerako webguneak eta informazio-produktu nagusiak gainditzen ditu (Eitb.eus-en, %0; Berria.eus-en, %4,167; Euskadi Irratian, %13,04; Etb1ean, %1,96; eta Berrian, %28,57).

Horrenbestez, kalitate-indizeak astekariko albisteei 6,63 puntu eman dizkie eta sarekoei, 6,36. Euskarazko hedabideek lortu dituzten puntuaziorik altuenak.

'Zenbat gara? Lau, bat, hiru, bost, zazpi...'

Orain arte astekariaren harpidetza, pertsona bakarraren izenean egon da. Baina badakigu, etxera iristen den astekari horren atzean, normalean pertsona bat baino gehiago izaten direla ARGIA irakurtzen dutenak, estimatzen dutenak, eusten dutenak, harpide sentitzen direnak. Kapitalismoaren logikan, ordaintzen duena da jabe, baina badakigu bizitzan, etxeko ekonomian bakoitzak bere ekarpena egiten duela, beti txanponetan egiten ez dena. Eta beraz, ARGIA etxeko kide bakarrak ordaintzen badu ere, ekonomikoki etxeko kide gehiagok eusten diotela ekarpen horri.

Eredu aldaketa hau baliatu nahi dugu, jakiteko zein den ARGIAren benetako oinarri soziala. Zenbat jendek eusten du ekonomikoki ARGIA? Zenbat gara?

Ariketa zintzoki egitea estimatuko genizueke, ez dugu zenbaki puzturik bilatzen. Ekarpen ekonomiko bakoitzaren atzean zenbat jende gauden jakin nahi dugu. Proiektua zenbaten artean eusten dugun. Oraingoz, zenbat helbidetara bidaltzen dugun dakigu. Oinarri soziala ezagutu orduko publiko egingo dugu datua. Baita guztion artean zenbat diru osatzen dugun ere.

Mesedez, sartu www.argia.eus-eko “Egin ARGIAkoa” atalean eta bete datu hori. Edo bidali postaz idatzita, hurrengo astean astekariarekin batera jasoko duzun orria.

Elkarte eta eragileak ere, noski

ARGIAkoak egin daitezke, noski, eragile, elkarte, ikastetxe, lantoki, erakundeak... ere. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Jendea
2023-10-25 | ARGIA
Pello Zubiriaren ‘Planeta Prekarioan’ liburua argitaratu du ARGIAk, XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak

Gaur egungo eta etorkizuneko mundua ulertzeko gakoak eskaintzen dituen ezinbesteko liburua kaleratu du ARGIAk, Pello Zubiria Kamino kazetariaren eskutik. Aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta... [+]


2022-12-06 | Garazi Zabaleta
Garbiñe Larrea "Sendabelar baratzea" argitalpen berriaz
“Hasiberriek ere erraz egiteko moduko sendabelar baratzea proposatu dugu”

Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena liburuak iaz izandako arrakastaren ondoren, proposamen berri batekin datorkigu aurtengoan: Sendabelar baratzea. Aurreko lanean sakonean landutako 12 sendabelar aukeratu eta horiekin baratzea sortzea proposatu digu, horretarako... [+]


2022-11-25 | Estitxu Eizagirre
Azaroak 26an 11:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan
"Sendabelar baratzea": Garbiñe Larreak argitalpen berria aurkeztuko du Hernanin

Garbiñe Larreak Sendabelar baratzea argitalpena aurkeztuko du Hernanin, azaroaren 26 goizean. Egileari galdetu diogu bai loreontzietan eta bai baratzean norberak lantzeko moduko hamabi sendabelar proposatzen dituen liburuxka biribil honetaz. Maitane Gartziandiaren... [+]


2022-11-04 | Garazi Zabaleta
Antton Olariaga, “Ilargia eta landareak” AGENDAZ
“Testuaren esklabu izan gabe, agendari nire ekarpena egiten saiatu naiz”

Ilargia eta Landareak agendan Jakoba Errekondoren aspaldiko konplizea da Antton Olariaga marrazkilaria. 2023ko aleari ere berak jarri dizkio irudiak, eta sortze prozesuaren inguruan gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diogu komikigile usurbildarrari. Baratzerik ez omen du, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude