Iņaki Caminorekin, Amikuzeko (h)euskara zaharraz

  • Iñaki Camino Lertxundi (Donostia, 1963) irakaslea da EHUren Gasteizko Letren fakultatean. 1980ko hamarkadan ARGIAko lankide aritu zen. Garai hartan hasi zituen hizkuntzalaritzako ikerketak Aezkoan eta beste hainbat eskualdetan. “Amiküzeko Euskara” liburua plazaratzen du udazken honetan Euskaltzaindiaren eskutik.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko azaroaren 27a
Iņaki Camino hizkuntzalaria Amikuzeko ikastolako haurrekin eskolan.
Iņaki Camino hizkuntzalaria Amikuzeko ikastolako haurrekin eskolan.Zabalik

Amikuzeko euskara aztertzen, zer dela eta?

1985ean Aturri aldean eta Baxenabarren grabazioak egiten ibili nintzen, Amikuzeko Oragarren ere bai. Amikuzen lanean 2005eko azaroan hasita 2015 bitarte aritu naiz. Beti izan dut gogoan mugako mintzo bat izanik hor badirela ezaugarri batzuk… Eman dezagun, Baxenaberreko berrikuntza batzuk heldu dira Amikuzera baina ez denak, Zuberoako berrikuntza batzu Baxenabarren ez baina Amikuzen badaude, Zuberoako ezaugarri zahar batzuk ez Baxenabarren eta ez Lapurdin baina Amikuzen gorde dira, Bardozeko ezaugarri batzuk badaude Amikuzen eta Zuberoan baina Baxenabarren ez… Amikuzen bada ezaugarrien konbinazio bat dialektologia aldetik garrantzia duena. Gerora jakin dut  Jean Etxeparek (1912) René Lafonek (1955), edo Henri Guiterek (1973) ere ikusi zutela Amikuzen zerbait berezia badela.

1985eko lehen elkarrizketa hartatik hasita, gaiaren inguruko dokumentazio guztia arakatzeaz gain, Amikuzeko herri guztietan lekuko bana elkarrizketatu duzu.

Bat edo bi eta Behauzen hiru. 31 herritatik 29tan egon naiz. Beti saiatu naiz herri bakoitzean bertan jaio eta gurasoak ere bertakoak zituzten lekukoak elkarrizketatzen. Horrek huts egiten du Donapaleuko kasuan: Donapaleuko karrikan ez dut aurkitu aipatu baldintzak betetzen dituen lekuko euskaldunik.

“Amiküze” idazten eta esaten duzu. “Ü” hori Zuberoako kontua besterik ez zela uste genuen.

“Ü” hori ez da esaten Amiküzeko herri guztietan, baina gehienetan bai, eta denak daude iparrari begira, hegoaldekoetan ez da egiten.

Gainera “Amiküzeko h-Euskara” diozu, liburu osoan ipini duzu “h” ttikiago batez. Liburu zaharretako “Heuskara” aldarrikatzen duzu?

Nik ez dut ezer aldarrikatzen. Beharbada inoiz izan bazen “Enuskara” hitza, gero “n” hori galdu da eta arrastoa utzi du hasperen gisa… Inoiz irakurri izan dugu “Heuskara” (edo “Heskuara” edo “Hüskara”) ez zela inon geratzen Zuberoako Santagrazin baino, eta hori ez da horrela. Amikuzen zenbait herritan zahar batzuek, ez denek, hasperen egin eta “Heskuara” esaten dute, batzuek ahulxeago eta beste batzuek ozenago.

"Amikuzen zenbait herritan zahar batzuek, ez denek, hasperen egin eta ‘Heskuara’ esaten dute, batzuek ahulxeago, beste batzuek ozenago"

Urteotan Iparraldeko beste hainbat lekutan bezala zure begiekin ikusi duzu euskararen katea eteten.

Heletan 1982an ezagutu nituen senar-emazteak elkarrekin euskaraz ari zirenak eta seme alabek ez zekiten euskara. 1982ko udaberria zen, gogoan dut guraso haiek nola galdetu zidaten Hegoaldean independentzia noizko zen.

Galeraren prozesua aspalditik dago abian. Hiriart-Urrutik 1898an Erronkariko datuak ikustean adierazten du Hegoaldean, Nafarroan, gauzak gaizki daudela baina Ipar Euskal Herrian “zaharrak dira beti euskaraz baizik mintzo ez direnak”. Esaten du Zokoatik abiatzen baldin bagara Santagraziraino bidean hainbat kasketadun eta frantximant agertuko zaigula eta aldi oro frantsesaren beharra gertatuko zaigula. Ordurako gauzak aldatzen ari ziren, gerora badakigu aldatu egin direla, azken 30-40 urtean nabarmen aldatu ere. Ez dakiguna da zer heldu den.

Amikuzeko euskararen ezaugarriak azaltzerakoan esana duzu Euskal Herrian leku gutxi izango dela jendea batetik bestera hainbeste mugitu dena, etxetiarren fenomenoa ere [urtetik urtera baserriaren jabearekin kontratua berritu behar zuten maizterrak asko ziren hemen] tartean dago, eta oso aniztasun handia daukala bertako euskarak.

32 herri asko dira. Horietako jende batzuk Hazparneko merkatura joaten ziren, beste batzuk Maulekora, edo Biarnoko Salbaterrakora, Donibane Garazikora… Gero askok aita herri batekoa zuen eta ama bestekoa, hirugarren herri batera ezkonduak hango ugazaba batek eman dielako urte bete edo bost bertan lan egiteko aukera, eta gero beste batera doaz haur eta guzti… Amikuzen horrelako asko dago. Horrek dakar aniztasuna, baina beste aldetik gurutzatze horrek ekarri beharko luke batasuna, gurutzatzeak baitakar elkar ezagutzea, nahasketa eta azkenean markatuenak diren ezaugarri berexienak galduz bezala doaz eta denonak izan daitezkeenak nagusituz.

Bilakabide horretan zentrala omen da Donapaleu. Bueno… “Dnaplü”, zuk diozunez.

Beraiek hala esaten dute, Dnaplü, lehenbiziko bokala desagertuz edo xuabetuz. Guretzako oso zaila da berdintzea. Donapaleuren garrantzia? Berrikuntza bat gerta dadin masa kritiko bat behar da. Prestigioa duen norbaitek berrikuntza bat asmatzen dutenean ondokoek emulatu eta hedatzen da. Merkatua, dirua, lan aukera, aisia aukera… hori dena aspaldian Donapaleun gertatu da. Behar bada kanpotik eraman dira berrikuntzak, baina hiriak duen prestigioak eta erakargarritasunak eragin du bertakoek berenganatu ondoren ondoko herrietakoek hartu eta etxera eramatea. Uste dut, hipotesi bat da, hori gertatzeko moduko indarra Donapaleuk duela.

Baxenabarren bi eskualdeko euskarak nabarmendu dituzu oso berezitzat. Bata Amiküze, bestea Baigorri.

Baigorrin badira hizkuntza aldetik berrikuntzak Baxenabarreko beste eskualdeetan aurkituko ez dituzunak. Badira Nafarroa Garaiko berrikuntzak Baigorrin baizik entzuten ez direnak, eta era berean, Baxenabarreko beste eskualdeetako berrikuntzak Baigorrin falta dira. Berdin, Lapurdiko berrikuntzak Baxenabarren Baigorrin baizik entzuten ez direnak. Badakigu Baigorriko ardoa eta zerrien haragia baionesek erosten zutela… eta Iruñeko jendeek ere erosten zuten.

Baxenabarren erdiguneko errealitate linguistikoa, Garazik, Arberoak eta Oztibarrek dutena, amikuztar eta baigorriarrek ez dute partekatzen horrenbeste, lotura estuak dauzkate batzuek Zuberoarekin eta besteok Lapurdirekin.

Zuberoak Pirinioetako ekialde osoa artikulatzen zuela aldarrikatzen duzu, eta hori nabari dela ekialdeko euskalkietan.

2011ko artikulu batean aldarrikatzen nuen euskara batu zaharra, alegia, Mitxelenak-eta planteatzen dutenean V-VII. mendeetan euskarak egon behar zuela orain baino batuago, mintzo koineago bat egon behar zuela, nik planteatzen nuen euskaldun multzo bat bereizi zela lehenik enbor horretatik: zuberotarrak eta erronkariarrak. Hauek dira beren ezaugarri zaharrengatik eta berriengatik besteengandik bereiz gelditu direnak. Gero etorri dira beste zatiketa guztiak, ekialdeko besteak, gero Araba, Bizkaia eta behar bada Gipuzkoako alderdi batena, gero erdialdekoa eta adar desberdinak. Horien kronologia eta frogak bilatzeko lanak oraindik lehen urratsetan daude.

Ene ustea da garai hartan Aturri aldea, Bardoze, Amiküze, Zaraitzu, Erronkari eta Zuberoa lotuago zeudela gizarte aldetik, ekonomia aldetik, artzainago zirenean. Artaldeak Landetara, “a las Landas bordelesas” eraman behar ziren, ardiek eta behiek edan zezaten ur handia dagoen lekutik. Horregatik badira hizkuntza ezaugarriak gainerako Lapurdin eta Baxenabarren ez direnak baina Bardozen, Lehuntzen, Urketan, Amiküzen eta Zuberoan badirenak. Aziendek ura edateko behar zutelako gertatu zen ez dakit, baina kontua da Baiona ondo-ondoko Hiriburu, Mugerre, Lehuntze eta horietatik abiatuta Zuberoraino badela continuum eta batasun hein bat.

Eta berrikuntza horiek guztiak batera leku bakarrean daude: Zuberoan, beharbada artzain gizartea zelako. Zuberoako artzain gizartearen legedia ikaragarria da, Xarles Bidegainek Euskararen Atlasean horretaz azaldu dituen ezaugarriak ez daude Euskal Herriko beste inon. Behar bada arditik bizi zen gizarte hartan, hiriak eta merkatuak barne, sortu zen ekialdearen indarra. Bere garaian Gasteizen zegoen indarra bezala, iristen baitzen Zegamaraino, Urola, Deba Ibarra edo Bizkairaino.

Amikuzeko herriak eta euskararen aldaerak herrika. Mapak erakusten duenez, Zuberoako euskararekiko trantsizioa uhinka bezala gauzatzen da.

Biarnoren eragina ere bada Amikuzen.

Bai, lexikoan nabarmena da. Batez ere Zuberoan aztertu da, hitz zatarretan, kulturakoetan, tresnerian… Ahoskeran baliteke “ü” hori Biarnotik iritsia izatea. Morfologian ere zerbait agertzen hasi da, Manu Padillak aurkitu du zerbait, eta euskal dialektologia landuago daukagunean beste ezaugarri batzuk edukiko ditugu behar bada.

Zuberoan eta Amikuzen jendea soldadogora joaten zen euskara eta biarnesa jakinik, mutilak bidaltzen zituzten Biarnora urte beterako mutil [morroi] gero merkatuetan azienda tratuan moldatu zitezen. Soldadogoan, edo eskolan, ikasiko zuten frantsesa hobeki. Euskaldun kaskoin mintzalariaren fenomenoa errotik desagertua da gaur, baina duela hogei urte arrunta zen hemen.

Amikuzen betidanik Lapurdiko euskara ederretsi dutela diozu.

Hasteko, ez da Amiküzeko literaturarik. Dotrina liburu bat dago 1740. urtekoa, Akizeko apezpikuaren aginduz Pauen argitaratutakoa, baina hortik goiti ez dut ikusten amikuztar batek agertutako testurik, oso modernoak dira. Baina Baxenabarrek ere ez dauka literaturarik. XIX. mendeko baxenabatarrek idatzi dute Baionako apezpikuari begira. Hiztunek ere ederresten dute Hazparnekoa, apezek eta misionistek zekartelako, Zuberoakoa abila dela jotzen duten bezala. Hazparnekoaz gain, Sarrikotako hiztunak ederresten zuen Garazikoa, Oztibarrekoak Baigorrikoa, eta Baigorrikoak Lapurdikoa.

Jean Haritxelhar berak Baxenabarreko hizkera jotzen du idortzat, hitzak jaten dituela, berdin lehenago Jean Etxeparek. Ohitura da Lapurdiko eta Zuberoako euskarak ederrestea eta Baxenabarrekoa ez.

Zuberoak eragin handiagoa Hazparnek baino?

Askoz eragin handiagoa dute Maulek eta Zuberoak, Amikuze gehienean. Oztibarren zertxobait hedatu da eta Garaziraino ez da iritsi eragin hori, tartean mendi handiak daudelako. Orografiaz gain, merkatuen indarra dago, ostiraletan Donapaleun, larunbatetan Maulen. Eta Zuberoko eragina sartzen den bezala Amiküzen, Donapaleurena sartzen da Zuberoan, Ithorrotzen, Olhaibin, Berroetan…

"Ene ustea da garai batean Aturri aldea, Bardoze, Amiküze, Zaraitzu, Erronkari eta Zuberoa lotuago zeudela gizarte aldetik, ekonomia aldetik, artzainago zirenean"

Zuk, soziolinguista ez zaren arren, euskararen gainbeheraren xehetasun garrantzitsuak bildu dituzu liburuan.  Euskalkiaren mesprexua aurkitu duzu zure lekukoen artean?  

Nik ez dut sentitu ikerlanerako elkarrizketatu ditudan herritarrek beren mintzoa gaitzesten dutenik. Iruditzen zait Frantziako kulturaren, Frantziako estatu indarraren eragin hori, laborarien sukalderaino indarrean sartu dela eta azkenean bi plano geratu direla: iragana eta oraina. Oraina da ekonomia, artoa, sosa, Lur Berri… eta hor euskarak ez du funtzionatzen. Iraganean bai, baina iragana zen artoa eskuz biltzea, harreman hertsiak auzoen artean, beste mundu bat. Nire  lanean Domintxineko lekuko batek aipatzen du berak zortea ukan duela bi munduak ezagutzeko, iraganeko mundua euskaraz bizi baitzen, eta oraingo mundua modernoa dena, tresneria, maxinak… eta frantsesa. Nafarroa Garaian bezala, hemen ere jendearen imaginarioan bi plano horiek daude.

Ez dute sentitzen hegemonia frantsesak eten bat eragin duenik, enekin euskaraz segitzen dute normaltasunez baina gero haien ingurua sumatzen da frantsesa dela. Gamueko lekuko batek esaten du “herriko gazteak pilotan ari direlarik frantsesez entzuten ‘tut”, esan nahi du frantsesera lerratu direla baina hori ez litzateke posible lekuko horrek berak bere inguruan frantsesez egin ez balu. Etena gertatu da, gertatzen ari da, gertatuko da, etxetik etxera aldatuko da, baina horrek barrenean eragiten duen oinaze edo pozaren berri ez dugu garbi ikusiko nola den ez bada horretaz lan xehe bat egiten.

Liburuan diozu: “Euskal Kanta Berria, Ikastolak, Abertzaleak… Nolanahi ere den, ekintza euskaltzale edo abertzale hauek guztiek ez dute erdietsi Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den berezko hizkuntzaren galera saihestea”.  

Bai, baina egia da ere ari direla lanean eta egiten duten heinean horren fruitua azalduko da. Baina Amikuzen euskararen galera nabarmena da. Garazi, Iholdi edo Baigorriko eskualdeetan, herri txikietan, gazteak ari dira euskaraz edo ari daitezke. Amikuzen frantsestea nabarmenagoa da.

Zuk ondo ezagutzen duzu Amikuzeren ifrentzua egiten duen beste eskualde bat, Aezkoa. Hemen erakutsi da bestelako bidea ere posible dela, berreskuratzea alegia.

Bai, Aezkoan ni iritsi nintzenean [1980ko hamarkada hasieran] zero ume euskaldun zeuden eta gaur gazte guztiek dakite. Aezkoan, edo Agoitzen, edo Otsagin, edo Erronkarin, euskaldun hartzaileak dira. Badakite euskaraz, baina eskolako zerbait da, ez dute beren artean baliatzen. Eta inoiz idazten baldin badute zerbait, berehala nabaritzen da erdararen errotatik ehotako euskara dela.   

Baina etorkizuneko euskaldunek beharko dute balio duen euskara bat. Testu bat idaztean unibokoa izatea, anbiguotasunik gabea, kakotx artean “txukuna”, lehenbiziko irakurraldian ulertzeko modukoa, etorkizuneko gaietarako balio duena. Hori gertatu ezean, euskarak subalterno jarraituko du eta inork ez du aintzat hartuko.

Euskalkiak, euskara zaharrak, aztertu eta funtsean maite dituen zu bezalako gizon batek… nola bizi duzu ohartzea horiek bukatu direla eta aurrera aterako den euskara beste bat izango dela, lehengoaren aldean eskasa alderdi askotan?

Ni garbizalea naiz. Baina lan hau egiten dudanean ez naiz euskaltzalea, ikertzailea naiz. Bestela leher gaizto egingo nuke. Ni saiatzen naiz herri bateko euskara ahalik eta ondoen biltzen gero aztertzeko. Ondotik pentsatzen dut hor zer sentitu dudan, baina hori gehiago geratzen da soziolinguistikarako.

Gurpil meheko traktore zaharrak bukatu ziren bezala, gu bezalako euskaldunak ere bukatuko dira. Euskarak prestigioa ematen bazaio prestigioa hartuko du, horretarako euskarak ona beharko du, ez du balioko itzulpen-fotokopia moduko euskara kaxkarrak. Bide bakarra da euskara gaitua eta egokia izatea, dagokion garai eta gizarterako, baina hori sortzeko dago.

Kanal honetan artxibatua: Euskara Ipar EHn

Euskara Ipar EHn kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-16 | Miren Osa Galdona
Zazpi egunez euskaraz bizitzeko ekimena jarriko dute martxan Baionan, Angelun eta Miarritzen

Baiona, Angelu eta Miarritze artean egingo dute ekimena, azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean. 450 hiztun mobilizatu nahi ditu BAM ekimenak. Antolatzaileek euskaraz “naturaltasunez eta alaitasunez” aritzeko deia egin dute.


2017-07-19 | ARGIA
Mixel Thikoipe idazle eta euskaltzalea hil da 69 urterekin

Astearte gauean hil da Amendüzen jaiotako idazle, kantari, euskaltzale eta sindikalista Berria egunkariak argitaratu duenez.


Euskara Ipar Euskal Herrian: azken datuak "itxaropentsuak" dira Euskal Konfederazioaren ustez

VI. inkesta soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu berri dituzte Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Konfederazioak "itxaropentsutzat" jo ditu datuak, Enbatak adierazi duenez.


2017-07-07 | Udaltop topaketak
Zer eskatuko zenioke Herri Elkargoari euskaldunen aktibaziorako?
MULTIMEDIA - erreportajea

2017ko Udaltop jardunaldietan zabaldutako erreportajea. Hizlariak: Loretxu Etxemendi, Xan Aire, Beñat Arrabit eta Kattalin Saint Marie.


Baxoa euskaraz egiteko ezintasuna salatu dute ikasleek

Ipar Euskal Herriko ikasleek hasi dituzte baxoko azterketak. Oraindik, ordea, ez dute guztia euskaraz egiteko aukerarik, eta "Aitzina pausoa, euskaraz baxoa!" lelopean elkarretaratzea egin dute Angeluko Sainte-Anne lizeoaren aurrean lehen azterketa egunean, ekainaren 15ean.


2017-06-01 | Xalba Ramirez
Euskaraz baimenik gabe bizitzeko kateatu da Aitzina

Eskuak kateaturik eta ahoan Frantziako bandera zutela, Aitzina gazte erakundeko 30 bat lagunek ekimena burutu dute Baionako suprefeturaren aurrean. SNCF geltokitik eta epaitegitik abiatu diren zutabeek “Euskal hiztunon eskubideen aurka egiten duten enpresa, organo eta instituzioak seinalatzea” eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea zuten helburu.


2017-05-17 | Xiberoko Botza
R-a nola ahozkatzen da?

Eüskaraz, R letraren ahozkatzeko manera kanbiatü da azken hamarkadetan. Ondoramen hori da Xantiana Etxebestek lantzen düana eskolatze ikerkan edo tesian. Fakültateko tesiaren helbürüa zen ohartzea "r" ahozkatzeko manera nola kanbiatü den. Ohartü da orotarat R-aren ahozkatzeko bederatzi manera bazirela. Bi nagusiak direlarik eüskarazko manera, adinekoek egiten düena, eta 40 urte azpiko haboroxeenek ahozkatzen duten frantsesezko manera.


Milaka euskaltzale elkartu dira Iparraldeko ikastolen aldeko jaian

Jendetza bildu da Senpereko aintziran, Ipar Euskal Herriko euskararen aldeko festa garrantzitsuenean. Herri Urratseko aurtengo irabaziak Seaska Baionan egiten ari den lizeo berrira bideratuko dituzte, Iparraldean lanbide-heziketa euskaraz eskainiko duen lehena.


2017-05-12 | Kanaldude.tv
Kanaldude Zuzenean: Herri Urrats
MULTIMEDIA - solasaldia

Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia ospatu aurretik Senperera hurbildu da Kanaldude aurtengo Herri Urratsen protagonistekin hitz egitera.


Herri Urrats egingo dute igandean, Iparraldean lanbide-heziketa euskalduntzea helburu

Igandean milaka pertsona elkartuko dira Senpereko aintziran, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festan. Iaz bezala, aurten ere Bernat Etxepare lizeo berriari laguntzea izango da Herri Urratsen helburua. Lanbide heziketa euskaraz eskainiko duen lehenengo lizeoa eraikitzen ari dira Baionan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude