Gure literaturak merezi duen tornuia

  • Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeko (LIBeko) kideen lana da. Erdi Arotik Errenazimentura liburua Euskal Literaturaren Antologia sailaren lehen alea da. Antologiak egon badaude, baina berria egitea hobetsi zuten egileek. Orain arteko lanek ez dute jasotzen euskal literaturak merezi duen tornuia. Ondo bidean, beste lauzpabost alek osatuko dute antologia osoa. LIBeko Karlos Otegi, Sebastian Gartzia Trujillo eta Iratxe Retolazarekin mintzatu gara proiektua kolektibo honetaz.

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Iparraldeko EEPko lehendakari Mathieu Bergé, liburuaren bi arduradunetako Karlos Otegi eta Jon Casenave artean.

Euskal literaturaren antologiak egon badaude, generoka antolatuak: poesiaz eta nobelaz. Antigoalekoak edo aro modernokoak. Erakargarriak al dira, ordea? Interesgarriak izan daitezke, baina gure solaskideek diotenez, “ez dute ikuspegi osoa eskaintzen, oso mugatuta daude”.  Antologia berriaren lehen alea –Erdi Arotik XXI. mendera bitartekoa– dagoeneko irakurgai dago: “Gure asmoa antologia osoagoa egitea izan da, autore eta testu gehiago ekarri ditugu: sarrerak, azpi-testuak eta oin oharrak gehitu ditugu. Ez daude euskara batuan ez jatorrizko moldean, bien artean baizik”, diosku Karlos Otegik. Antologian hamaika lagunek parte hartu dute. Ezaugarri nagusia talde lana izan da: “Taldea oso egokia da, Iparraldeko eta Hegoaldeko literatur arloko jende zaildua eta ikasia biltzen duelako”, gehitu du Sebastian Gartzia Trujillok. Iratxe Retolazaren hitzetan “antologia hau ez da ikerketa lan bat, batez ere, goi-mailako dibulgazioa du xede. Literatura ikerketa dezente daude, baita kritika ere, baina irakaskuntzaren esparrua ez dago ongi betea”.

Idazle eta testu klasikoen esparrua osatu gabe zegoen. Klasikoak liburutegi zaharretan eta artxiboetan badaude, baina ez egungo zentro modernoetan, ez behar bezalako euskarrietan. Antologia berriaren arduradunek zubi lana egin dute. Ikerketa eta literatura zaleen arteko espazioa betetzera dator, irakaskuntzarako bitarteko egokitzat joz. Lehenagoko antologiaren bidean beste urrats bat eman dute, testuak gaurkotu eta egokitu dituzte.

S. Gartzia Trujillo:
“Testu zaharretan sorpresa asko hartu dut. Uste baino testu gehiago eta hobeak daude, pentsatzen nuen baino gauza interesgarriagoak”

Gartzia Trujillorentzat lan esperientzia itzela izan da: “Testu zaharretan sorpresa asko hartu dut. Nire arloa bada ere, uste nuen baino testu gehiago eta hobeak daude, pentsatzen nuen baino gauza interesgarriagoak. Testu bat aztertzean oztopoak daude, baina landu ahala, berau gozatzen ikasten duzu”. Lanak eman dien plazer handiena hori izan da: “Argibideak emanez testuak ulertzeko bidea erraztu dugu. Baina horiek ez dira filologikoak, testua ulertzeko oharrak baizik”, zehaztu du Otegik.

Historia istorioek osatuta

Euskaldunok ez dugu gure herriaren historia behar bezala ezagutzen. Testu hauen bidez ezagutu dezakegu. Adibidez, gure ahaideen liskarrak literaturaren bidez heldu zaizkigu: “Liburua, berez, ez da literaturaren historia, baina historia ikasi daiteke testuon bidez. Historia liburuak testuinguru politikoaz izaten dira sarritan, baina non daude euren garaiko testu biziak? Literaturak beti kontatzen du istorio bat, guk istorio onak ekarri ditugu. Biak behar dira. Historian gertatua istorioz osatua ere bai”.

Egungo euskaldunok antigoaleko testuak, hala kanta eta nola bertso zaharrak, jende inkultuenak zirela uste dugula, esan digute LIBeko kideok: “Askotan pentsatzen dugu gure testu zaharrak pobreak direla [Gartzia Trujillo mintzo da], pobreak dira agian asko ez direlako, edo laburrak direlako, baina edertasun aldetik zoragarriak dira, metafora ausartak eta politak daude. Testu horietako askoren egiletasuna ez dugu ezagutzen, baina jende kultuak zirela berretsi dugu”.

Retolazak azpimarratu duenez, “gure burua gutxietsi egiten dugu askotan, eta ahozko literaturan erabiltzen ziren baliabideak izugarriak dira”.

Liburuaren egitura

Liburua egileen eta testuen arabera egituratuta dago. Autoreek nahiko nortasun, obra edo kalitate baldin badute, kapitulu bat eskaini zaie. Bernat Etxepare, Joan Perez Lazarraga eta Joanes Leizarragak atal bana dute. Horregatik, I. atala, Erdi Aroko Kanta eta Bertso zaharrak biltzen dituena, generoz, gaika edota multzoan antolatuta dago. Kanta eta bertso zaharren autore horietako asko anonimoak dira. Testuak apailatzean ez dituzte bakarrik autoreak aintzat hartu, testuetan agertzen diren protagonistek berealdiko lekua dute Erdi Aroko literaturan. Areago, testu zaharrak elizgizonenak diren ustea aski zabalduta dago, baina garai hartako testu gehienak jende zibilenak dira. Ez da kasualitatea testu horiek Etxepareren aurretikoak izatea, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren aurretikoak: “Trentoko Kontzilioak aldatu zuen errotik euskal kultura ere. Eresiak debekatuak izan zirela jasotzen duen dokumentua dago. Trentoko Kontzilioaren aurretiko kulturaren adierazpideak dira, eta justu ondoren, kultura aldaketaren ondorioz, horiek guztiak murriztu ziren”, adierazi digu Retolazak.

Historialariek jasotako testuak landu dituzte arduradunek, dokumentuetako historia jaso dute, eta euren lana kronologikoki zehazki kokatzea izan da: “Ahoz jasota daude batzuk, askotan gertakizunaren bueltan suma dezakezu testua noizkoa den, baina tentu handiz ari behar izan  gara” erran digute.

Trentoko Kontzilioaren muga

Etxepareren obran Trento aurreko mundu ikuskera dago. Apaiza izanagatik, adierazgarria da emazteen eta sexuen inguruan nola idatzi duen. XVI. mendeko poema horiek gero zentzuratuak izan ziren: “Trentoko Kontzilioak eragin txarra izan zuen Etxeparek proposatzen zuen ikuspegian. Bere obra publikatu zen, baina justu kultura aldaketa izan zen garaian”. Euskaraz publikatutako Linguae Vasconum Primitiae lehen liburuaren egileak kulturaren bestelako ikuspegia islatu zuen bere obran. Besteak beste, Etxepareren Emazten fabore eta Amorosen disputa poesia lanak jaso ditu antologia honek. Etxeparek Bernard Leheteri delako gutunek zabaltzen dute II. atala. 

Iratxe Retolaza:
“Trentoko Kontzilioak eragin txarra izan zuen Etxeparek proposatzen zuen ikuspegian. Bere obra publikatu zen, baina justu kultura aldaketa izan zen garaian”

III. atala Joan Perez Lazarragari eskainia dago. Lazarraga noblea eta euskaltzalea zen: “XV. eta XVI.  mendeetan euskara ere, nobleen hizkuntza zen. Egun, garai hartako euskara pobreen eta baserritarren hizkuntzatzat hartua da, baina ez, mende horietan nobleen hizkuntza ere bada, testuak jende ikasiak idatzita daude. Testu zahar horiek gehienak mendebaldekoak dira, eta Nafarroakoak”, diote Gartzia Trijullok eta Otegik. Paradoxikoki testu gutxienak Gipuzkoakoak dira.

Bitxikeri gisa, I.  atalean argitaraturiko Maria Estibaliz Sasiolaren Amodiozkoak eta Perutxoren kanta Lazarragaren testuen artean aurkituak izan ziren: “Patri Urkizuk Estibalitz de Sasiolaren testutzat jo ditu, Urkizuk berak ondutako atalean dioenez. Autoreek pisu handia ez dutenean, testu multzoen atalean egokitu dituzte. Halarik, Sasiolaren testuak kokapen historiko baten aurkikuntza dira, lehen emakume idazleen testuak.Egiari zor, hala denetz ez da guztiz jakina, oraintsu arte, Bixenta Mogel baita lehen emakume idazlea bezala joa. Hala ere, guk testuok Sasiolak sortutakotzat jo ditugu”. Solaskideen berbetan, badago horregatik zer ikertua oraindik ere.

Ahaide Nagusiak

Historia jendeek protagonizatutako liskarren bidez heldu zaigu. Euskaldunona ez da beste herrialdeetakoekin alderaturik diferentea. Erdi Aroko testuek liskarrak kontatzen dituzte gehienbat, amodiozko testuak tarteko, bai hemen, bai Espainian eta Europan orobat: “Horiek lehen kapituluan ageri dira, gero erregen garaiko egileak datoz. Etxeparerekin hasita, Leizarraga gero. Honek Albreteko Joanarekin lotura zuen”.  Erregeek lagundu zuten eskuizkribuak inprimatzen. Alabaina, Lazarragaren obra eskuizkribua da, argitalpenik gabe, ez zen inprimatua izan”.

V. atala salbuespena da, Leizarragari dagokio, testuen itzulpenak dira: Joana Albretekoari eta Euskaldunei testuez gain, Ebanjelioen zatiak eta Apokalipsia daude: “Gaia oso eztabaidatua izan zen. ‘Euskal Literaturaren Antologian itzulpenak sartu behar al ditugu?’. Baiezko batez trenkatu genuen ezbaia. Itzulpen horiek ekarritakoa izugarria baita, Anjel Lertxundik aitortu du lan funtsezkoa dela. Euskaraz sortuak edo lehen aldiz argitaratutako liburuekin batera salbuespen izan da Leizarragarena, hizkuntza eredu bat eskaintzen duelako”.

V. eta VI. ataletan Gutunak eta Paremiak egokitu dituzte. Gutunak Bertrand Etxauz eta Urtubiako anderearenak dira. Etxauzen eskuizkribuak Parisko Biblioteka Nazionalean daude eta Urtubiarenak Simancasen (Salamanca). Paremiak Esteban Garibairen Refranes y Sentencias (1596) dira. Paremiak, adagio, axioma eta errefrauak dira gaztelaniaz: “Gutunak eta paremiak literatura al dira?”. Horretan ere eztabaida izan zen: “Bai eta ez. Hala ere, atal bi horiek sartzea erabaki genuen”. Solaskideen hitzetan, gutunak euskaraz sortutakoak dira, bi hizkuntzatan agertu diren arren. “Batzuk garbi dira euskarazkoak, beste batzuk zalantzazkoak, lehenik gaztelaniaz eta gero euskaratuak. Asko euren itzulpenak dira, itzulpenak baino moldaketak. Ahozko errefrauak dira, eta hala edo nola jasoak, batean euskaraz bestetan gaztelaniaz. Beraz, ezin jakin zein hizkuntzan diren sortuak”.  

Karlos Otegi:
“Euskal Literaturaren Antologian itzulpenak sartu behar al ditugu? Baiezko batez trenkatu genuen ezbaia”

Errefrauak literatura generotzat hartuak ziren garai hartan, gutunak ez bezala. Hauek orduan halakotzat hartzen ez ziren arren, oso adierazgarriak bilakatu dira egun, pertsona historiko horiek euskara hautatu eta erretorika landu zutelako: “R. M. de Azkuek dioenez, [Gartzia Trujilloren hitzetan] XVI. mendean gutunak euskaraz idatzi zituzten, horietako batzuk komertzialak ziren, eta oso ongi idatziak. Badira ere espioitza eta gerra gutunak”.

“Jendeak dio [Retolaza eta Otegi ari dira] gure literatura ahula dela, baina betiere espainolarekin, ingelesarekin, alemanarekin edo frantsesarekin alderatzen delako. Ezin da ordea, konparatu. Ez hiztun tamainan eta hedaduran, ezta portuges eta katalanarekin ere. Orduko euskal literatura Albaniako edo Estoniako literaturekin alderatu behar da. Testuok garaiko onenak dira, historikoki oso adierazgarriak direlako. Gainera, kontua ez da soilik guk gaurtik begiratuta zer hartzen dugun testu literariotzat, liburua historiaren ibilbidean eginda dago“. Gartzia Trujilloren iritziz “arazoa ez da hizkuntzarena ez hiztunena, guk baditugu jende onak literaturan, baina ez dugu unibertsitaterik izan, ez instituziorik. Ez ditugu baldintza egokiak izan literatura oparoagoa jasotzeko”.

Kulturak baliabide ekonomikoak behar ditu egun ere. Antologia hau luzerako proiektua da, eta lehenengo zenbakiak garrantzia berezia izan du. Izan ere, solaskideen aburuz, gure kulturaz hitz egiten dugunean, duela 20-40 urteko lanak klasikotzat jotzeko joera dago: “Gaurkoak kontuan hartu behar dugu, baina antigoaleko autoreek zein ildo eta genero literario jorratu zituzten jakitea komenigarria da. Besterik ez bada, euren ezaugarriek gaurko literaturan duten eragina ezagutzeko. Iragan mendeko 80ko hamarkadako literatura ezagutzeko aurrekoen literatura ezagutu behar dugu, egile horiek ordukoen erroetara jo dutelako”.

Transmisioa etena

Transmisioa eten egin da. Egun, gaurkoari garrantzia handia ematen zaio, eta aurrekoari ez. Otegi, Gartzia Trujillo eta Retolazak, liburua talde lana dela azpimarratu dute: “Guztion artean egin dugu hautaketa. Liburuan nik [Gartzia Trujillok] lehenengo zatian lan egin dut Iratxerekin, baina ez dugu biok bakarrik egin, irizpideak eta ezaugarri nagusiak denok artean erabaki ditugu, iritzia denona izan da. Liburua oso eztabaidatsua izan da”. Otegik dioenez “eztabaida nagusia testuak hautatzerakoan izan da, egokitzapena egiterakoan. Adibidez, H bai edo ez. Hemen jarri, eta hor ez. Gehiengoak erabaki du hala ere”.

Eztabaidak hainbesterainokoak izan dira, ezen eta atalen “egilea” eta “arduraduna” jarri artean eztabaidatu zutela: “Ez gara testu horien egileak, sarrera eta ohar egileak gara, orduan egokiena arduradunak garela esatea da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Ez da gerra onik

Soka-tira
Testua: Ilan Brenman
Ilustrazioak: Guilherme Karsten
Itzulpena: Ipar Alkain
Denonartean, 2024

-------------------------------------------------

Album honen bukaeran bada Benjamin Franklinen aipu bat: “Sekula ez da izan gerra onik, ezta bake txarrik... [+]


Noiz ospatuko dugu gurea?

Putzua
Goiatz Labandibar
Erein, 2024

----------------------------------------------------------

Goiatz Labandibarren Putzua egun batean gertatzen den hazkunde nobela bat da: hilekoa jaisteak markatzen duena, hain zuzen ere. Edo bestela esanda, heroiaren bidaia bat,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


2024-09-16 | Estitxu Eizagirre
‘Haziak’ liburua irailaren 20an aurkeztuko da, Azpeitiko Elikagunean

Liburuaren lehen aurkezpena irailaren 20an izango da, ostiralarekin, 18:30ean Azpeitiko Elikagunean. Bertan izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane Gartziandia diseinatzailea eta Dani Blanco argazkilaria. Egileen azalpenak... [+]


Hori dena eta askoz gehiago

Barkamena existituko ez balitz bezala
Mariana Travacio
Erein, 2024

---------------------------------------------------

Izenburuak autolaguntza liburu batena eman lezakeen arren Ereinek narratiba sailean argitaratu duen western itxurako testua da honako hau. Fernando... [+]


Euskarazko literatur sorkuntza sustatzeko doako idazketa tailerra antolatu du Euskal Idazleen Elkarteak

Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.


2024-09-09 | Behe Banda
Barra warroak |
Bueltan berriz ere


Ez da izenik agertzen, inon

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Elkar, 2024

-----------------------------------------------------

Josefa Agirre Etxeberria frankismo garaian neskame aritu zen emakumeetako bat izan zen. Hamalau urterekin deserriratu ondoren, bizitza osoan zehar bizilekuz aldatzera... [+]


Rakel Pardo Perez
“Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean”

Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]


Zapata pila!

Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus
EHAZE eta Susa

---------------------------------------------

Ander Lipus antzerkigileak EHAZE eta Susarekin argitaratu ditu bere autobiografia teatrala eta antzerkiari buruzko argitalpenak. Antzerkiaren labirintoan I. Bitakora... [+]


2024-08-26 | Behe Banda
Barra Warroak |
Atzean geratu dira albistegiak

Haurra nintzenean, etxean ohitura zen arratsaldeko zortzietan egiten ari ginen hori albo batera utzi, telebista piztu eta ETB1eko albistegia ikustea. Hasieran sekulako amorrazioa sentitzen nuen gaueroko kate aldaketa bidegabe horien aurrean, eta gurasoei galdetzen nien ea nola... [+]


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


2024-08-09 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


Eguneraketa berriak daude