"Argitaletxeak dirurik ez ematea ez da ona, ez niretzat ez euskal kulturarentzat"

  • 1979. Vilagarcía de Arousa (Pontevedra). 1999 urte aldean Bilbora etorri zen zuzenbide ikasketak egitera. Abokatutzan bi urteko praktikak egin zituen, baina ez zitzaion laketu. Donostian finkatu zen urte bat geroago bertako bikote-lagunarekin. Decathlon kirol enpresako langilea da egun erdiz. Beste erdian, bi haurren ardura izateaz gain, liburuak ditu pasio eta bizibide.
    Ez ogibide, haatik.  Pasazaite argitaletxea zabaldu zuen 2012an. Urtea amaitu orduko beste bi liburu kaleratuko ditu: Hassan Blasimen Kristo irakiarra eta Jack Kerouacen On the Road.

“Kalkulu zorrotza egiten dut. Aurrekoak dirua eman badu, gastuak kitatu eta beste edizio bat prestatzen dut. Irakurketa klubetan ongi funtzionatzen dute Pasazaiteko liburuek”.
“Kalkulu zorrotza egiten dut. Aurrekoak dirua eman badu, gastuak kitatu eta beste edizio bat prestatzen dut. Irakurketa klubetan ongi funtzionatzen dute Pasazaiteko liburuek”.Argazkia: Dani Blanco

Editore ezohikoa. Berezia. Arraroa. Historia honetako protagonistak nahi beste izenondo har dezake. Donostiako San Telmo Museoko kafetegi-terrazan luzatu dizkiogu bostekoak elkarri. Argazkilariak adi entzun du, liburua mozkin berezi moduan azaldu digun historiaren protagonista. Pasazaiteko liburuak munduko mugen gaindi datoz, “literatura” dute izenondo. Estreinako galdera, harridurazkoa: “Nolatan editore?”.

“Egiari zor, ez naiz editorea. Ez daukat editatzeko beharrezkoa den euskararen ezagutza. Familiaren edo lagunen aldetik ez daukat literaturarekin loturarik. Bikote-laguna ere ez da literaturaren mundukoa. Noski, gurasoek irakurtzeko grina sarrarazi ziguten. Horixe izan da nire txikitako hobbya”, diosku solaskideak. Kirola egitea ere gustatu zaio Queirugari, errugbilaria izana da.

Argitaletxea zabaltzea aspaldi zuen buruan; 2012 urtean eman zuen urratsa, hain zuzen beste editorial batzuk ixtekotan zirenenan: “Galiziako Rinoceronte Editorako Moisés Barciari deitu nion. Ez nuen ezagutzen. Itzulpena lantzen du. Berak azaldu zidan argitaletxearen alde enpresariala. Kalkuluak egin nituen eta aurrera”. Haatik, enpresak ez du diru etekinik ematen, liburuak argitaratzeko doia baino ez. Lau urte bete ditu uztailean. Bizpahiru liburu kaleratu ditu urtero: 10 dagoeneko. Denak euskaraz: “Ez zitzaidan gaztelaniara itzultzea ez bururatu ez interesatu. Hutsunea euskaraz zegoen eta dago. Beraz, izatekotan, euskaraz”.

Rinoceronte Editora galiziarra ezagutzean, batez ere, literatura unibertsaleko klasikoak itzuliak zirela jabetu zen, batik bat klasiko handiak: “Itzulpena konpromisoz egina da, nolabait. Galizieraz horiek edukitzea ongi dago, ez nago aurka. Baina, badira ezezagunak diren liburu asko, itzuli gabe direnak. Horiek euskarara ere ekarri behar zirela pentsatu nuen”.

Kaleratutako hamar liburuen tamainan erreparatu dugu, antzekoak dira denak. Ez da bere aukera, ekonomiak mugatzen du handiagoak argitaratzea. Kostuak geldiarazten du: “Orri gehiago egiteak liburua garestitzea dakar, itzulpena ordaindu behar delako. Gehienez, 220-230 orrialdetan doitu behar izan dut; 14-16 euroko prezioan. Itzulpena izateko ez da garestia, liburuek gehiago balio dute normalean”.

Queirugak ez du deus irabazten, ezta galdu ere: “Batzuek triatloiak egiten dituzte, mendiko martxak edo surfa... Nik gustuko autoreak argitaratzen ditut euskaraz. Baina, argi gera bedi, ez dut hobby bezala hartu nahi. Hobe gehiago argitaratuko banu eta ogibide bihurtu. Niri ekonomikoki ez dit deus uzten, eta hori ez da ona editorearentzat, ez euskal kulturarentzat orobat. Ahalaz, nahiago nuke honetaz bizi”.

Pasazaite editorialak lan profesionala egiten du, baina editorea ez da profesionala: “Dena den, ez altruismoa ez boluntarismoa ez dira onak. Igual nekatzen naiz eta bizimodu hau aldatu behar dut”.

Editore berezi honek proiektua iraunaraztea lortu du eta pozik dago. Ez da gutxi, liburuaren mundua ikusita: “Beste bi urterako indarrean aurreikusten dut proiektua. Harrituta nago, urteak pasa ahala liburuak saltzen direlako. Editorialak ixten ari diren garaiotan, editoriala ezerezetik ateratzea ez da gutxi. Areago: idazle berriek eta itzultzaileek morroi hau nondik agertu den galdetzea eta interesatzea, ez da gutxi. Besteak beste, jatorriz bertakoa ez naizelako”.

Argitaletxearen izenak eta honen logoak (Check pointa) aditzera ematen dutenez, Pasazaitek inportazioko liburuak ekartzen ditu. Queirugaren nahia liburua muga gainditzen duen merkantzia gisa lantzea zen. Donostiako La Personnalité estudioan lagundu zioten liburuak eta webgunea diseinatzen. Diru etekinik uzten ez duten liburuen maitale honek ez du argazkirik nahi liburuen azalean, irudiz kargatu gabeak maite ditu: “Azal garbiak izateko mugakin jokatu genuen. Liburugileen herrialdeen mugak ageri dira azalean eta kontrazalean. Liburuak berez ematen du bere burua ezagutzera. Bereiz dira bestetik”.

Bulegoa eta liburuen biltegia etxean ditu. Baina dena legala da: autorea, argazkigilea, itzultzailea, zuzentzailea, diseinua… den-dena ordaindua da. Alta, ez da Eusko Jaurlaritzaren ez Gipuzkoako Foru Aldundiaren logorik ageri: “Laguntza jasotzeko arauak berritu beharko lirateke. Liburuak tirada gutxieneko bat izan behar du. Nireak txikiak direnez, laguntzarik ez dut. Lehen bost liburuak offseten egin nituen: 900 ale bakoitzeko. Orain, berriz, tirada digitala da. Liburua pixka bat garestiagoa da, baina tirada txikiagoa: 300 hasteko. Salduz gero, beste 50 eskatu eta segi aurrera”. Editore asko digitalean ari da egun. Gaztelaniazko tirada 2.000 ale ingurukoa da. Arriskurik ez, beraz.

Elkar enpresa banatzailearen bidez zabaltzen du tiradaren parte bat. Gainerakoak berak eramaten ditu dendetara. 5.000 liburuki ekoitzi eta ia denak saldu ditu. Adibidez, bigarren edizioaren Muskuiluak afaltzeko (Birgit Vanderbeke; Ainhoa Irazustabarrenak itzulia) 900 aleak salduta dauzka: “Kalkulu zorrotza egiten dut. Aurrekoak dirua eman badu, gastuak kitatu eta beste edizio bat prestatzen dut. Irakurketa klubetan ongi funtzionatzen dute Pasazaiteko liburuek. Literatur klubetako kideek gonbidatua izaten naiz, harreman modu goxoa izaten da. Irakurleek liburuak gomendatzen dituzte euren zirkuluetan”.

Ospe oneko editorea

Pasazaitek ospe ona lortu du irakurleen artean, hasteko eta behin, editoreak itzultzaile onak inguratu dituelako: “Kostatu zitzaidan itzultzaileak aurkitzea. Guztiak ez dira horretara emanak, batzuk unibertsitatean ari dira edota prentsan. Orain arte, liburu bakoitzeko  itzultzaile bat aurkitu dut, diferentea beti, autorearen hizkuntza eta gaiaren araberakoa”. Xabier Queirugak hainbat hizkuntza ezagutzen du, euskara ez du guztiz menperatzen, baina itzultzaile eta zuzentzaileez fio dela dio: “Konfiantza osoa daukat eurengan. Itzuli. Irakurri. Aldaketak berrikusi, itzultzaileak ontzat eman eta argitara ematen dut”.

Liburuaren egile eskubideek %8 balio dute. Egileek badakite editoriala txikia dela, baita hizkuntza ere: “Hala ere, nik EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) jarritako tarifak ordaintzen ditut. Kontzientzia lasai behar dut. Horregatik muntatu nuen proiektua. Edo deitu negozioa. Negozioa da, niretzat ez, baina liburuaren gainerako egileentzat hala da bere txikian”.

Internetek egin du posible bere proiektua. Munduan barrena nabigatzen du, liburuak zerrendatzen ditu, gomendioak eskatu, iritziak eta kritikak irakurri...: “Batez beste, kalkulatu dut egun bakoitzeko 15 minutu behar dudala. Aldian-aldian, egile, itzultzaile, zuzentzaile eta diseinatzaileekin ari naizenean, bi asteko lan intentsua egiten dut liburu bakoitzeko”.

Hurrengo bi liburuetan ari da: Hassan Blasimen Kristo irakiarra, Ana Isabel Moralesek itzulia eta Jack Kerouacen On the Road, Iñigo Roquek itzulia. Azken horren euskarazko izenburua ez da oraindik erabakia. Bidean dago, hala ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude