François Hollanderekin sozialdemokrazia ari denean langileei ehun urteotako eskubide murrizketarik handiena antolatzen, astekari txiki batek ekoiztutako film dokumental xumeak inarrosi du klase borroka Frantziako estatuan. Klase borroka, bai, pobreak aberatsen kontra, ez gutxiago, baina oraingoan txiroak menderatu du aberatsen arteko aberatsena.
François Ruffin kazetaria gerta ote daiteke Frantziako Pablo Iglesias berria? ARGIA baino handiagoa ez den Fakir aldizkarian oinarrituta, Merci Patron! filmarekin aspaldiko jipoirik handiena eman dio denen jabe egina den oligarkiari. Noiz eta François Hollande eta Manuel Vallsen eskutik sozialdemokrazia prestatzen ari denean langileen eskubideen ehun urteko atzerakadarik handiena.
Baionako L’Autre Cinema salan dago ikusgai martxoaren 21 arte Merci Patron!. Ez da segurua gaztelaniaz ikusi ahalko dugun. Euskaraz ziur ezetz. Belgikako mugako Frantzia horretan bertan girotutako Bienvenue chez les ch’ti filmak ekarri bazuen Bienvenidos al norte eta Chomin del Regatoz girotutako sekuelatzat Ocho apellidos vascos: Madril eta Bilboko oligarkiek lortuko ote dute euskaldun espainoloi ezkutatzea?
Ikusi. Serge eta Jocelyne Klur senar-emazteak miserian bizi dira. Munduko luxu konpainiarik sendoena den LVMH –Louis Vuitton, Dior...– taldearen Ecce enpresan ari ziren Kenzo markako janzkiak josten, harik eta langabeziara bota zituzten arte: ugazabak produkzioa Poloniara deslokalizatu zuen.
Lau urte daramate lanik gabe. Agortu zaie langabezia saria. Hilabetea 400 eurorekin pasatu behar. Negua luze egiten da kalefakziorik gabe. Lanik bilatzen duzue? Bai, gasolina ordaintzeko bost edo hamar euro dauzkatenean badoaz batera eta bestera ate joka. “Egunean hiru eurorekin bizitzea ez dirudi erraza, nola lortzen duzue?”. “Batzuetan jan gabe. Eguberri ospatu dugu gazta tarta batekin”. Erruki bila ez dabiltza Klurtarrak, baina pobre izatea ez dute ezkutatzen.
CGTko militante baten bitartez aurkitu ditu François Ruffinek. Aspalditik ari da Frantziako gizonik aberatsena, Bernard Arnault, LVMHren jabea ikertu eta pertsegitzen. Ironiaz baino sarkasmoz betetako hizkera darabil Ruffinek: aberatsen eta langileen arteko bakea nahi duela, klaseen arteko elkarrizketa, ezin duela sinetsi Arnault esaten dutena bezain bihozgabea denik...
Arnaulti buruzko dokumentala grabatzen ari direla, ezustekoa: miserian egoteaz gain etxetik alde egin beharra egokitu zaie Klurtarrei. Segururik gabe daukaten kotxearekin 4x4 handi bat jo dute eta auzitegiak ezarri die 25.000 euroko kalteordaina. Etxea ere galdu?
Ez zaio buruan sartzen Sergeri. Bizi osoko lanaren fruitua den etxe hotz xumea, beren eskuz zaharberritua, eguneroko otorduetan zer jana ematen dien baratzea... Etxea galdu baino lehen emango dio su eta ez da izango inoren.
“Ez dago –dio Frederic Lordon ekonomialari ezkertiarrak– Klur familiarena baino historia lokalagorik, baina ezta globalagorik ere. Klurtarrek laburbiltzen baitute ia osorik sistema”. Gauza da hortik abiatuta Ruffinek eta Fakirreko ekipoak ez dutela jo neoliberalismoak langileak nola tratatzen dituen azaltzera pedagogiaren eta analisien ildotik, beste batzuek egin duten gisa. Merci patron! nekez klasifikatzen da. Frederic Lordonek dio dela “un film d’action directe“. La Vanguardian Rafael Pochek deitu dio “una película gamberra”.
Ekintza zuzenaz zerbait badaki Ruffinek. Arnaulten gezurrak salatzeko, artikuluak eta liburuak argitaratzeaz gain, hark langabezian utzitako langile askorekin batera LVMHren akziodun bilakatu eta 2008an lehertu egin zioten akziodunen urteroko batzar lasaia. Merci Patron! filma ere salaketatik harago doa: Klur familiaren kinka larriari erantzuteko, xantaia egingo diote Frantziako gizonik dirudunenari. Xantaia, argi eta garbi, besaulkitik zeure begiekin ikusiko duzuna. Baina a zer nolako mendekua!
Batez ere, ez esan Fakirekoei
Bernard Arnaulten fortunaren hasiera lotuta dago Boussac herriaren eta oro har Picardie, Pas de Calais eta Nord departamenduetako milaka familiaren malurrarekin. 1984an erosi zituen horko oihal lantegiak, 13.000-15.000 langile, %20 kaleratu eta gainerakoak salbatzea agindu… ondoren dena deslokalizatzeko.
Konpainia osotik Dior zen erostea interesatzen zitzaion bakarra, gainerako industria alferrik zuen eta likidatu egin zuen. Baina 30 urte geroago ia ez da inor oroitzen hartaz, Boussacen bertan prekariotasun osora kondenatutako gazteek ez dakite ezer sarraskiaz.
Urteotan Arnaultek lortu du inork inon ez aipatzea Boussac Saint Freres usinen hondamendia, langabezia, kaleratzeak, suizidioak, miseria... edo aipatzekotan, eufemismoz itxuraldatuta. Kontakizun propioa –relato famatua– sorrarazi du, kazetari erosiek idatzitako liburu, elkarrizketa eta erreportajeekin.
Arnaultek lortua zuenean “jatorrizko bekatua” estaltzea. Ruffinek aurkitu du krimenaren oroimena zaindu duen azken lekukoa, Catherine Thierry moja langile sindikalista, urte haietan gordetako prentsako orrietan dager Saint Freres nola arpilatu zuten, hura salbatzeko subentzioak gezurretan baliatu, enpleguak mantentzeko promesak ahaztu…
Ez joan Merci Patron! 30 urteotako neoliberalismoaren historia ikusita tristatzera: oligarketan lotsagabeenari eskarmentua ematea da hemen kontua. Catherine lekaide gorria haserretu egiten da oraindik Arnaultekin. Alta, Ruffin-Davidek Klur senar-emazteekin batera irri egin nahi du Goliaten kontura, barregarri utzi, izorratu... eta 45.000 euro kendu.
Gutuna idatziko diote nagusiari: estu eta larri gaude, astakeria bat egiteko zorian, baina zuk lagundu diezagukezu 45.000rekin eta Sergeri zure konpainia ugarietako batean lanpostua emanez. Zuretzako keinu txiki bat, guretzako hil ala biziko aldaketa. Bestela, prentsara jo beharko dugu gure miseriak azaltzera, Le Monde, Mediapart, Fakir...
Sinesteak lan duen arren, amarruak funtzionatu egingo du. Oligarkak kezkatuta egon behar du Klurtarren etxeraino bidali duenerako negoziatzera bere segurtasun pribatuko buru bat, Frantziako polizia sekretuko komisario izandakoa. Gero esku hartuko du François Hollanderen aholkularia eta politiko sozialista ezagun batek. Panikoa jauregian, antza. Padrone prest dago obrero baldarrari 45.000 euro dirutan emateko eta Carrefourren enplegua... edozer, prentsara ez jotzekotan. Azkenean, langileon algara betea izan dadin, bietan galtzaile aterako da sekula ezertan galdu ez duen urrezko Arnault: pagatu eta gainera mundu guztiaren aurrean irrigarri geratu.
Hona itxaropenezko film bat langileen zanpatze orokorraren garaiotan, menturaz ezkerreko jendeaz gain txiro zanpatu batzuek ere ikusiko dutena. Zalapartaren gakoa non dagoen komisario-ohiak azaldu du, Klurtarrei esan dienean kontuz ibili behar dutela batik bat Fakirreko jendearekin. Aldizkari txiki horrekin? Zergatik? ”C’est les minorités agissantes qui font tout”. Gutxiengo ekintzaileak dira arriskutsuenak.
Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek... [+]
Militante eta borrokagune ugari salatu ditu 2022az geroztik, onura administratiboen truke.
Protesta eguna da gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, François Bayrou lehen ministro ohiak egindako aurrekontu proposamenen aurka altxatu dira gizarte eragileak. Goizean goizetik, Baionako sarrerako biribilgunea blokatzeari ekin diote. Jada hogei manifestari atxilotu... [+]
François Bayrouk dimisioa eman eta ordu gutxitara izendatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ordezkoa: Sébastien Lecornu izango da lehen ministro berria, aurretik Defentsa ministro izandakoa eta Macronen oso gertukoa. Oposizioa haserre mintzatu da, ezker zein... [+]
Astelehen arratsaldean konfiantza mozioa galdu du Frantziako lehen ministro François Bayrouk. Konfiantza mozioa eskatu zuen, datozen lau urteetarako austeritate usaina zuten aurrekontu batzuk aurkeztu eta bere aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean eskuin muturrak. Aurrez... [+]
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]
Irailaren 10a izanen dute protestarako lehen hitzordua. 2018 urteko Jaka Horien mugimenduaren segipen gisa ikusten dute anitzek deia, nahiz eta alderdi politikoak eta sindikatuak dinamikari lotu izanak ezberdintzen dituen biak. François Bayrouren austeritate politikaren... [+]
2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.
Horri gehitu behar... [+]
Iaz jasotakoarekin alderatuta, %15eko murrizketa jasango luke Euskal Kultur Erakundeak. Prentsa ohar batean, erakundeak adierazi du erabaki horrek "ondorio latzak" izango lituzkeela: esaterako, hainbat postu arriskuan egongo liratekeela eta kideei emandako dirulaguntza... [+]
"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]
IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.
Bero boladek, haizeak eta lehorteek suteak pizteko aukerak bikoiztu dituzte Europan. Portugal, Espainia, Grezia eta Turkia pairatzen ari dira suterik handienak. Milaka suhiltzaile eta herritar ari dira suaren kontra borrokan Europa hegoaldeko herrialdeetan.
Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari.
40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]
Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]