Lorearen muin zitalak

  • Egun bereko alarguna anitzetan hautematen da, Zuberoan bederen, edozein adinetako abeslarien ezpainetatik isurtzen. Maddi Oihenartek adibidez zuzenean ematen duenean, emozioa gora doa, mailaz maila eta ahotsa beti perpaus zati berdinarekin behaztopatzen da: “zitru urez üküzten nizün astian egün batian”… xuxurlatzear dagoelarik. Hamazazpigarren mendeko krimen honen lekukotasun poetikoak erraiak nahasten dizkigu oraindik ere. 


2015eko uztailaren 26an
Ainara Azpiazu "Axpi"

1633ko uztailaren 8 hartan, besta erraldoia ontsa aitzinatua zen Garazitik eta Basabürüatik hurbildu gonbidatu parrasta liluratuaren pozerako. Atabalak lagun, txülülak eta txistuak erotzen zihoazen. Bertsolariak zoko batean zeuden, etxeko jaunak libertitzeko gaiak noiz emango zizkien aiduru. Zerbitzariek ez zekiten nola burutze egin berotzen ari ziren gizon eta emazteen artetik lehiatzeko. Zaroko Lohitegi sendia Altzaiko Irigarai familiarekin uztartuko zen, Pierra eta Gabriela ezkonduz gero. Nehork ez zuen huts egin nahi bikote gaztearen alaitasuna partekatzeko ordua, nahiz eta gizona hartu zuenean Gabrielak dagoeneko hogeita hamar bat urte zituen. 

Adinaren florian, Gabriela ez zen edonor. Zaro, Aintzila, Ipartze eta Larzabaleko Santa Mariako jauna eta Nafarroako Parlamentuko kide zen aita ohoretsuaren alabak dote ederra ekarriko zion Altzaiko eta Mendikotako Cazenaveren ondorengoa zen Pierre Irigarai noble apalari. Eztei-itunez 1.875 librako dirutza eskuratu zuen senarrak. 
Altzaiko plaza irekian alegrantzia ikusgarria zen! Gabrielaren begitarteak ez zuen zoriona ukatzen, zetazko jantzi zuriarekin, fura-furan eta firin-faran, agurrak eta besarkadak banatzen zebilen, irri sanoak edertzen baizik ez zuela. Etorkizuna eskura zuten, osasuntsu eta aberats ziren biak ala biak. Ingurukoak ez ziren arrangura, basoak altxa eta huts ari zirela, zaratarik airosenean:

Goizian goizik jeiki nündüzün 
ezkontü nintzan goizian;
Bai eta ere zetaz beztitü 
ekhia jelki zenian.
Etxekandere zabal nündüzün 
egüerdi erditan…

Jean Dominique Sallaberry (1837- 1903) musika eta bertso ondare biltzaileak jarri zuen bere bilduma ezagunean 1870ean. Ordura arte ahotik ahora pasatu zen, belaunaldi batetik bestera. Aitzinako eresietan bezala, honetan ere, olerkari herrikoiaren gauzen labur eta on errateko trebetasunaz ohartzen ahal gara: ele bakaneko lau koplatan mundu bat moldatu zuen, ahantzi ezina. Hori baino gehiago, aditzen dugun bakoitzean negarra begira jauzi arazten digu… Bertsolaria, Gabrielaren baitatik mintzo da, lehen pertsonan, kontakizuna intimitate batetik harilkatuz. Irudi zinez azkarrak direla medio txertatzen ditu gertakari latzak aditzaileen memorietan. Amaren Alabak taldeko neskek grabatu zuten lehen diskoan eta ardura eskaintzen dute, modu moderno batean, Euskal Herriko taula gainetan. 

Goizetik arrats halatan bizitza baten tragedia garatu eta zartatu zen, goizean goiz jaikitzetik ekhia sartu zeneraino. Bere jantzien aipamenetik ezkongaiaren poza irudikatu dezakegu eta haren estatutu soziala halaber, Txinako oparotasuna eta eztitasuna oroitu arazten duen zeta karioz beztitua zelako. Derragula 1271tik aitzina zetaren bidea ezaguna zela. Marco Poloren itzaletik, merkatariek oihal preziosoa garraiatzen zuten ekialdetik, Europako aristokraten arropak josteko. 
Bigarren eta hirugarren kopletan dator senar emazteen solasaldia. Jadanik hiltzen ari zen Musde Irigaraik burua makur zetxikan eta horrek andrea beldurrez hormatu zuen, bien arteko amodioaren naturaz kezkatzen zela. Emakume senezko susmoak zituen, zerbait ongi ez zihoala alegia:  

Musde Irigarai, ene jauna, 
altxa izadazüt büria
Ala dolützen ote zaizü 
enekila ezkontzia?
–Ez, etzitadazü dolützen 
zurekin espusatzia,
ez eta ere dolütüren 
bizi nizano maitia.

Altzaiar gazteari herioaren unearekin batera etorri zitzaion aitortzaren tenorea. Gabrielaren altzoan erdi-etzana, azken hatsa ematean, sekretuan ikusten zuen maitale bat zeukala salatu zion. Isilik eta gordean zeraman harremana, erantsiz zeruetako jainkoa baizik ez zegoela jakinean. Arrazoia zuen Gabrielak Pierraren amodioaz zalantza egiteko: ezkontza konbeniozkoa izan zitekeen, garai haietan ohitura zenez, gurasoek antolatua, ardita ozenen truke.

Nik banizün maitetto bat 
mündü ororen isilik,
Mündü ororen isilik eta 
Jinko Jaunari ageririk;
Buket bat igorri ditadazüt 
lili arraroz eginik.
Lili arraroz eginik eta 
erdia pozoatürik…

Krimenaren arma zein zen azaldu zion senarrak xehetasun franko eskainiz: lore sorta edo lili buketa zitala. Italiarrek landu zuten maisuki lili pozoituen alorra. Teknika, belagile ibiltarien bidez, etorri zen Frantziako gortera. Aristokraziaren hoberena, orduan ere, jendarte arruntera heltzen zen agudo. Berpizkunde aroan asko eta asko zendu ziren molde leun eta eroso honez: aita sainduak, erregina turkiarrak, Shakespearen eskutik Hamlet Danimarkako erregea eta Altzaiko Musde Irigarai bere ezkontza-egunean:

Bai eta ere alargüntsa gazte 
ekhia sartü zenian…

Agripa D’Aubigné (1552-1630) historialariaren arabera Labriteko Joanak antzeko heriotza jasan zuen, 1572an Parisen semearen ezkontza handiosa apailatzen ari zela: Medizistar Katarinak, funtsean makiavelikoa zenak, pozoitutako eskularruak oparitu zizkion. Sukar latzak gatibatu zuen Nafarroako erregina alderraia. Lau gau eman zituen hiltzen, sufrikario garratzetan. Legenda hau ez da gehiago nehon agertzen, biriketako minak akabatu zuela dioelako engoitik bertsio ofizialak. Baina D’Aubigné poeta egona zen Nafarroako lurretan, hainbat miresten zuen erregina defuntuaren zerbitzuan. 

Zein ziren bada Irigarai jaunak aipatzen zituen lili arraroak? Sasietan, larretan, denetan aurkitzen dira udaminean biltzen eta neguan idortzen uzten diren loreak. Haietako pare baten lanjerostasuna ezaguna zaigu: astaperrexila, belladona eta txarpoila bereziki, xendra ertzetan, han hemen ikusten direnak. Haurtzarotik lore mota horiek ez ukitzen irakatsi ziguten etxekoek. Herritarrek buketa zitalak egiten zekiten aristokraten aholkurik gabe. 

Bukaerako koplak zirrara distilatzen du gorputzetan. Errealismoz bete hitzak datoz bertsolariaren ahotik. Herioaz eta eromenaz haratagoko eremu uher batean gaude: herioa bizitzarekin zizare dantzan dabil…

–Zazpi urtez etxeki dizüt 
gizon hila ganbaran;
Egünaz lür hotzian eta 
gaüaz bi besoen artian,
zitru urez üküzten nizün 
astian egün batian. 
Astian egün batian eta 
ostirale goizian!

Alargundu zen Gabriela. Irigarai familiak dotea Lohitegitarrei itzuli zien berehala, biharamunean bertan. Bakartasun horretan andreak, pena gainditzeko, erritual makabroa eraiki zuen, mistikoa eta epikoa batera. Lizuna halaber: bere senarra ganbaran atxiki zuen zazpi urtez, egunaz lur azpi hotzean eta gauez bere besoen artean. Fideltasun izugarria. Miresgarria. Okaztagarria, kontuan hartuz usteltzeak berea egiten jarraitzen zuela. 

Zazpi zenbakia, urte denbora neurria, astea ekinaren errepikakortasuna indartzeko eta fededunek errespetatzen zuten ostirala hilotzaren garbiketari ekiteko eguntzat erabiliz bertsolariak giro mitikoan kokatzen gaitu. Ostiraletan alabaina, mehe eginez, ez zen haragirik jaten. Gabrielak, arrastirian, senarra biluzten zuen eta elikaduren kontserbatzeko egokia zen zitroin urez ikuzten, astiro eta maitekiro. Beharbada alarguntsa gazteak medikuei eskatu zien Musde Irigarairen gorpua baltsamatzea, maitasunak bezainbeste iraun zezan, edozein baldintzatan. 

Jean de Jaurgain XIX. mendeko ikerlaria Zuberoako Legenda Poetiko Zenbait liburuxkan, artxiboak arakatuz, Gabriela Lohitegiren bizitzak nolako destinoa eduki zuen kontatzeko gai izan zen: hamabost urtez eraman zuen Musde Irigarairen dolua eta kasik mende erdia kunplitzean, Muskildi eta Urdiñarbeko Ahetze jauretxeko jaunarekin ezkondu zen 1648an. Adin aitzinatuagatik, zurubi sozialean hupatu ziren hiru haur ukan zituen. Hondarrean, 1688ko apirilaren 27an, laurogeita sei bedatsetan hil zen heriorik lasaienean. 
Eta kantaren ikara gugan... 


ASTEKARIA
2015eko uztailaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


Eguneraketa berriak daude