"Espediente guztiak bi hizkuntzetan egin behar al dira?"

  • Begoña Garmendia Errezilgo Udalean idazkari-kontuhartzaile izan zen 1988tik 1997ra arte; ordutik 2006ra arte, Usurbilgo Udaleko idazkari. Gaur egun Azkoitiko Udaleko idazkaria da. Udal barruko jardueran hizkuntzak nola kudeatzen diren ikusi du. Euskara hutsean aritzen saiatzeko, etengabe, lege zirrikitu bila aritu behar dela dio.

"Nola norbaitek espedientearen zati bat gaztelaniaz eska dezakeen edo eskatu duen, hasieratik egingo dugu dena gaztelaniaz. Ez du zertan"Argia

Azkoitiko Udalean, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren bisitarik izan al duzue?

Bere garaian udalak onartutako kontratazio irizpideen kontra egin zuen. Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzarekin batera aztertu genuen, eta autonomia erkidegoko Auzitegi Gorenak bertan behera botatzeko aukera asko zeudenez, atzera jotzea erabaki genuen. Orain, lehen ez bezala, kontratazio espediente bakoitza aztertzen dugu, eta bertan txertatzen dugu hizkuntza irizpidea. Auzia horrela bukatu zen.

Errezilen, Usurbilen eta Azkoitian aritu zara lanean. Zein ondorio atera dituzu hizkuntzaren kudeaketari dagokionez?

Galdera zaila da hori... Niretzat, garrantzitsuena, marko orokorrak zer esaten duen kontuan hartzea da. Alde batetik, esaten du herritarrek eskubidea daukatela administrazioarekin dituzten harremanetan beraiek aukeratzeko hizkuntza, eta bestetik, administrazioak herritarren eskubidea errespetatzeko betebeharra duela. 

Kontua da hori dena euskararen normalizazioarekin nola lotzen den.  Euskararen Legeak dio administrazioak bi hizkuntzetan aritu behar duela, beraz, horrek zer esan nahi du espediente guzti-guztiak bi hizkuntzetan egin behar direla? Nire ustez, elebitasun mekanikotik haratago joan behar dugu, bestela erdara nagusitzen da, erremediorik gabe.

Euskararen Legea aipatu duzu.

Bere garaian aurrerapena izan arren, lege markoa oso murritza da eta zaharkituta dago, ez da gai euskararen normalizazioaren prozesua aurreratzeko udal administrazioetan. Batez ere Euskararen Legeaz ari naiz. Une honetan oztopo handienetarikoa da euskaraz funtzionatu nahi duten udalentzat, edo euskararen normalizazio prozesuan aurrerapausoak eman nahi dituztenentzat.

Zein da aukera, orduan?

Euskararen Legea aldatzea, noski.

Eta Udal Legea?

Hizkuntza aukeratzeko herritarren eskubidea eta administrazioaren betebeharra. Horiek baldintzatu behar dute espediente guztien tramitazioa? Horren ondorioa izaten da espedienteak erdaraz bakarrik, edo gehienez, ele bitan osatzea. Kontua da zer egiten dugun euskararen normalizazioan pausoak emateko, adibidez, espedienteak euskara hutsez izapidetzea, edo herritarrek gaztelania erabiltzea aukeratzen dutenean, espediente horien zatiak (barne-txostenak,  ofizioak...) euskaraz egitea.

Zer esan nahi duzu, marko horren arabera udalek espediente osoak gaztelaniaz egiteko joera dutela?

Joera baino irizpidea. Nola norbaitek espedientearen zati bat gaztelaniaz eska dezakeen edo eskatu duen, hasieratik egingo dugu dena gaztelaniaz. Ez du zertan. Herritarrak bere eskaera gaztelaniaz egin dezake, erantzuna ere gaztelaniaz emango zaio, eskatuko du espediente osoko halako zati nahi duela... baina gainerako guztia euskaraz manten daiteke.

Udal Legeak ahalbidetu dezake hori. Ez dakit zergatik egiten dien aipamen berezia aktei, zergatik ez duen aipamen zabalagoa egiten, gainontzeko espedienteak ere zergatik ez dituen kontuan hartzen.

Ausardiaz jokatu behar dela diozu.

Ausartak, baina ez arduragabeak. Dena dela, gehienetan legearen hitzez hitzeko interpretaziora mugatu gara. Euskararen Legeak dio ele bitan egin behar dela, bada dena ele bitan egingo dugu. Bi zutabekoarekin bukatu behar dugu, gure udaletan euskararen erabilera normalizatua lortu nahi badugu. Ausarta diodanean esan nahi dut dauden aukerak aztertu behar ditugula, udalerri bakoitzaren errealitatea ahaztu gabe. Nire ustez, udaletan lan egiten dugunok galdera hau  egin beharko genioke geure buruari: Nik zer egin dezaket nire eguneroko jardunean? Seguru nago gauza berriak egingo genituzkeela.

Badaude zirrikituak?

Bai. Udaltop jardunaldiko [Lasarte-Oria, apirilak 29-30] hitzaldian esan nuen, espedienteak udaletako jardueraren oinarria dira eta horiek aztertu behar ditugu. Zein motatakoak dauden, nori zuzentzen zaizkion, zeinek hasten dituen, eta abar.  Sailkatu eta gero, bakoitzarekin nola jokatu erabaki beharko genuke.

Udalek egiten dute hori?

Udal bakoitzak ahal duena egiten du. Lan orokorragoa egin beharko litzateke. Diputazioek badute udalei laguntzeko ardura. Zergatik ez aholkularitza lana gai honi lotuta? Oso zaila da udal bakoitzak egitea.

Legeen zirrikituak baliatzea diozu, baina ez duzu ukatuko mugak badirela.

Bai. Aipatu dut Euskararen Legea. Egia esan, esan genezake espedienteak kudeatze mailan estatuko legea, 92koa, hori baino zabalagoa dela. Espedienteak tramitatzeko garaian legedi autonomikoari helduko zaiola dio. Bagatoz hona, eta zer gertatzen da? Lehenengo oztopoa Euskararen Legea dela.

Udal Legeaz zerbait gehiago?

Konpondu ez diren arazoak izaten segitzen dugu. Ez da baliatu legea horretarako. Adibidez, akten gaiaz Irurako Udalaren kasuan emandako sententzia eredugarria da. Epaileak garbi dio: hizkuntza eskubideen titularrak herritarrak dira, ez administrazioak. EAEn kokatutako administrazio batek esaten badio udal bati dokumentazioa gaztelaniaz bidaltzeko, epai horrek dio administrazio horrek ez daukala inolako eskubiderik euskarazkoaren itzulpena eskatzeko. Administrazioak bi hizkuntzetan izan behar du gaitasuna. Beraz, ez dago legitimatuta itzulpena eskatzeko.  

Notarioak ere zaku horretan sartzen al dituzu?

Erakunde publiko-pribatuak dira. Tokian tokiko hizkuntza errespetatu behar dute eta ezin gaituzte itzulpena egitera derrigortu.

Epaitegiak berdin?

Noski. Une honetan, ez dira ari euskararen ofizialtasuna errespetatzen, udaloi erreklamatzen dizkiguten espedienteetan. 

Beti hala izango zen, ezta?

Ez, atzerapausoa eman dugu. Gogoratzen naiz, Errezilen eta Usurbilen egon nintzenean, euskaraz egindako espedientea zegoen bezala bidaltzen genuela epaitegira, eta epaitegiak Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile ekipoa zeukan, beharrezkoa bazen itzulpen lanak egiteko. Eskuduntza Jaurlaritzarena da, zalantzarik gabe. Une honetan, betebehar hori udaloi jarri digute. Orain dela gutxi ia 1.000 orriko espedientea izan dut eta den-dena itzuli behar izan dugu epaitegira bidaltzeko garaian. Nola berma genezake orduan, euskararen erabilera normalizatua udal espedienteetan?

Legeren bat aldatu da ala?

EAEko Auzitegi Nagusiak irizpide orokorra aldatu du eta geuk itzultzeko obligazioa ezarri digu. Indarrean dagoen legean oinarritu da, esanez ele bitan egin beharra dugula. Baina kasu horretan, Eusko Jaurlaritzaren ardura nabarmendu behar da, berari dagokiolako epaitegietan baliabideak eskaintzea. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude