Berezitasunetik maisu-lan klasikoetara

  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

    Zuzendaria: Andrey Boreyko

    Bakarlaria: Elizabeth Leonskaja (pianoa)

    Egitaraua: Pärt, Schumann, Bach eta Hindemith-en obrak

    Lekua: Gasteizko Principal Antzokia

    Data: maiatzaren 25a

Leonskajak ez ditu ohiko irakurketak egiten obra famatuekin.
Leonskajak ez ditu ohiko irakurketak egiten obra famatuekin.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Halaxe sailka genezake Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi honetako azken aurreko saioa. Gutiziek eta betiko pisuzko obrek, ondo nahastu eta dosifikaturik, egitarau orekatu eta gustagarria osatu zuten. Horrez gain, Elisabeth Leonskajak, aurtengo artista gonbidatuak, berme nahikoa eman zuen jakiteko aldez aurretik saio hau ez zela txantxetakoa izango. Eta ez zigun hutsik egin.

Hasteko, sarrera gisa, delicatessen hutsa: Arvo Pärt konpositore estoniarraren Fratres izeneko obra laburra, non aurki daitekeen bere konposizio estilo partikularra, berak asmatutakoa, tintinnabuli izenekoa, minimalista, adierazkorra, baketsua. Boreyko zuzendariaren ulermen sakona begi-bistan geratu zen, benetan iritsi baitzitzaion publikoari lanaren mamia.

Ondoren, kontzertuaren erregina iritsi zen taula gainera. Leonskaja andreak ez ditu betiko irakurketak egiten obra famatuenekin. Ezta pentsatu ere. Aldi honetan, mila aldiz entzun dugun Schumann-en La minorreko op. 54 piano eta orkestrarako kontzertua desberdina iruditu zitzaigun. Desberdina eta arraroa, nahiz eta ederra. Baina Leonskajak eman zion garraztasun puntu ilun bat, batez ere lehenengo mugimenduari, eta horrek deserosotasun pittin bat sentiarazi zigun. Pedal justua, gutxi, soinu lehorra, beraz, oso azentu markatuak, eta noizean behin pasarte benetan ameslariak, gozoak… horrek guztiak bertsio bitxia egin zuen, eta, esan bezala, ohiko bideetatik ateratzen zena. Bis bezala, Beethoven delikatu eta aldi berean irmo bat oparitu zigun.

Saioaren bigarren zatia irekitzeko, Bachen koral ederrenetako bat, Wachet auf, ruft uns die Stimme (Esnatu, esaten digu ahotsak), Granville Bantock-ek orkestrarako moldatua, primerako sarreratxoa izan zen Paul Hindemith-en Mathis pintorea sinfonia dastatzeko. Artisten isolamendua irudikatu nahi izan zuen Hindemith-ek obra honekin, eta aitzakia gisa hartu zuen XV. mendean bizi izan zen Mathis Grünewald margolaria, askatasun artistikoa aldarrikatu baitzuen bere garaian. Interpretazio ederra egin zuten Euskadiko Orkestrakoek. Azpimarragarria izan zen hirugarren mugimendua, San Antonioren tentaldiak, handientsu eta benetan ondo eraikia.


Eguneraketa berriak daude