Zestoako Osinbeltz berreskuratzeko artea

  • Zestoako Osinbeltz harrobia berreskuratzeko proiektuaren diseinatzailea da Peter Fink (Londres, 1948). Paisaiaren arkitektoa eta ingurumen diseinatzailea da, eta antzeko lanetan aritua bezain aditua.

Mota askotako parkeak eta plazak egindakoa da Peter Fink diseinatzaile ingelesa. Bere proiektuei tankera hartzeko www.studiofink.eu webgunea bisitatu dezakezu.
Mota askotako parkeak eta plazak egindakoa da Peter Fink diseinatzaile ingelesa. Bere proiektuei tankera hartzeko www.studiofink.eu webgunea bisitatu dezakezu.

Gipuzkoako hondakinak tratatzeko Zubietan eraiki asmo den TMB plantatik ateratako materia inertizatua biltzeko gordetegiaren proiektua Zestoako Osinbeltz harrobian egiteko aukera dago. Horrela aurkeztu zuten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko azaroan. Proiektua Zestoan egiteko erabakia herritarren esku utzi dute eta galdeketa egingo da, baina bitarte horretan parte-hartze prozesu bat jarri dute martxan, zestoarren esku ahalik eta informazio gehien jartzeko ahaleginetan. Fase honetarako gonbidatu dute Peter Fink. Hamar bat egun pasa ditu Urola Kostan Osinbeltz koloreztatuko duen diseinatzaileak, eta tarte txiki bat hartu du ikusi eta aditu duenaz hausnarketa gurekin partekatzeko.

Zer ikusi diozu Osinbeltzi, proiektua onartzeko?

Jendea zalantzati dago, eta gustatzen zaizkit horrelako egoerak. Proiektu hau ez da soilik ingurumena berreskuratzea, herritarren identitatea eta espiritua indartzea ere bada. Jendarteari egoera sozioekonomiko zaila bizitzea tokatzen ari zaio, eta mesfidantza dakar horrek. Askotan ez da jakiten nondik askatuko den korapiloa, baina horrelako proiektuek lagundu dezakete pauso horietan. Nik artea galerietako lau paretetatik at ulertzen dut, jendeari eskaintzeko, emateko, laguntzeko zerbait bezala; eta horixe da Osinbeltzeko proiektua.

Hainbat bilera egin dituzu zestoarrekin herrian izan zaren bitartean.

Ikasteko ireki egin behar da. Proiektu bakoitza mundu bat da, mundu horretan jendea bizi da, eta mundu horrek funtzionatzea nahi baduzu herritarren hitza kontuan hartu behar duzu. Nik herriko ekosistemaz ezer ere jakin gabe proiektu chic bat ekarriko banu, chic izango litzateke bai, baina ez luke balioko. Pixkanakako ibilbidea da. Herritarrei entzun egin behar zaie, leku horrekin duten harremana ulertu, sentipenak azaleratzen lagundu. Eta hortik abiatuta osatuko dugu guztion artean egitasmoa. Hori izan da aurreneko bisitaren helburua: lehen harremana.

Eta zer da lehen harremanean jaso duzuna?

Asko gustatu zait euskaldunek “gure” kontzeptua erabiltzeko duzuen joera. Jendartearen izaera erakusten du. Bilera hauetan oso jarrera desberdinetako herritarrak ezagutzeko aukera izan dut, eta nire eginkizuna da horietako bakoitzari Osinbeltzen bere tokitxoa ematea. Bilera batean tokatu zitzaidan hasieran kontrako jarrera adierazten zuen lagun batekin hitz egitea. Meategiak interesatzen zitzaizkion berari, eta ez zuen horrentzat lekurik ikusten. Interpretazio zentro baten adibidea eman nionean piztu zitzaion argia, eta hortik aurrerako eztabaida askoz ere errazagoa izan zen. Bere sentitu zuen proiektua. Esan bezala, hau prozesu bat da eta bakoitzak bere denbora behar du.

Turismoari bakarrik begiratu gabe, herritarrentzako gune bezala ikusten dute askok, irekia, naturarekin harremanetan jarriko dituena, edo inguruko mendi, meategi ala kobazuloekin lotu ahal izango dena. Elementu bakoitza koadro osoa pintatzeko kolore bat da, eta beharrezko pintzelada guztiak eman nahi dizkiot.

Zestoakoa bezalako proiekturen batean lan egin duzu inoiz?

Londresen egin genuen Northala Fields parkearekin badu berdintasunik Osinbeltzek. Hura obra-hondakinekin eta materia inertizatuarekin berreskuratu zen, Zestoan Zubietako TMB plantatik ateratako materiarekin egin nahi denaren antzera.

Kareharrizkoa da harrobia. Horrekin arazorik?

Ez dut uste. Zubietako plantatik materia behar bezala tratatuta badator ez da arazorik egongo. Harrobia iragazgaitzeko sistema oso bat prestatuko dute, Bad Kissingengo (Alemania) kareharrizko harrobi batean erabilitako bera. Zestoakotik bezala, Alemaniako harrobi honetatik gertu ibaia pasatzen da, eta ingurumena errespetatzen duen eredua da.

Harrobia hamabost urteren bueltan betetzeko asmoa dago.

Epe nahiko laburrean zestoarrek berreskuratuta ikusi ahal izango dute Osinbeltz. Eta abantaila nagusietako bat da Udalak berak ez duela inbertsio ekonomiko txikienik ere egin beharko, kanpoko kapitala bideratuko baita horretarako. Ez hori bakarrik: harrobia betetzeko beharko diren urte horietan guztietan diru-sari zuzena izango du herriak, eta ondoren ere zeharkako sari ekonomikoa indartuko da (dela turismoa, dela ikerketa…).

Dagoeneko izango duzu proiekturen bat buruan, ala?

Estrategikoki leku aproposa da Zestoa, mendia eta kosta baitauzka elkarren ondoan. Lehendik ere ezaguna da kulturarekin, ingurumen edertasunarekin edo historiarekin duen loturagatik; eta Osinbeltzen berreskurapena indargune bat gehiago izan liteke ikuspegi horretatik.

Azken irudia nolakoa izango den zehaztu gabe ere, prozesuaren lehen fase honetan imajinatu ahal izan dut ze esentzia har dezakeen euskal identitatea, kultura eta baloreak oso presente dauden gune honek. Herritarrek eta bisitariek XXI. mendean euskal ohiturekin harremana mantentzeko txoko bat eduki ahal izango dute; ingurumena kontuan hartuta beren herrialde berdea mantendu beharreko lekua dela ikasi edo baloratzeko leku bat izan daiteke; eta euskaldunek horren barruan daukazuen “etxea”-ren kontzeptua kanpotik datorrenari transmititzeko aukera ere izan daiteke, “munduak darraien bitartean etxea zutik mantentzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


Eguneraketa berriak daude