"Gakoa historia klinikoa euskaraz lortzea da, herritarrek eskatzea"

  • Osakidetzaren euskalduntzean, euskara laneko hizkuntza izatea premiazko ikusten du Aitor Montes mediku galdakoztarrak. Aramaioko familia-medikua da Montes, eta ahozko harremanetatik harago, idatzizkoa euskalduntzeko beharrean dabil. Pazienteen osasun ibilbidea biltzen duen historia klinikoa euskaratzea da gakoa bere ustez.

“Etorriko dira langile euskaldunak, baina lan hizkuntza gaztelania bada, azukre koskorra kafean bezala, eurak ere giro erdaldunean urtuko dira”.

Lehen aldia izan da: erradiografia baten emaitzak bi hizkuntzetan jasotzea lortu duzu.

Bai, eskabidea egin eta hiru astetara jaso genituen. Hasieratik etorri da gainera txostena bi hizkuntzetan. Gertatu da Donostian, adibidez, pazienteak alta txostena erdaraz ikusi eta euskaraz eskatzea. Itzulpena handik hamar egunetara heldu zitzaion. Erradiografiarena desberdina da. Jatorriz ele bitan datorrenez, euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain, lan hizkuntza ere bada. Helburua Osakidetzak irudi proba guztien emaitzak ele bitan eskaintzea izan beharko litzateke.

Eskatzeko premiarik egon barik.

Hori da. Pazienteak edo medikuak ez du zertan eskatu. Erakunde publikoa da Osakidetza, eta bere idatziak derrigorrez egon behar dira bi hizkuntza ofizialetan. Europako legediak, EAEkoak eta Espainiakoak horrela agintzen dute.

Zure kasuan, emaitzak euskaraz eskatzea proposatu zenion pazienteari?

Ez, ez. Nik legea bete behar dut. Erakunde publikoan egiten dut lan  eta bete behar ditut medikuon kode deontologikoa eta legea bera; ezin dut legea urratu.

Euskara planak, legeak... hor daude. Berririk ez dela behar diozu.  

Daukagunarekin, nahikoa eta soberan. Batez ere Europako goi mailako araudiagatik; loteslea da, bete egin behar da eta kito. Osakidetzak ez badigu eskaintzen, eskatu egin behar dugu. Nire mezua hori da; euskaltzaleok, eskatu. Joan osasun zentrora, Elebidera, Behatokira... Eskatu proba osagarri guztien txostenak ele bitan, edo euskara hutsean, gura baduzu. Ez erabiltzaileek bakarrik; osasun langileok ere proben txostenak ele bitan eskatu behar ditugu. Gure betebeharra da pazienteei ematen diegun zerbitzua hobetzeko.

Odol analisien emaitzak euskaraz jasotzea ere eskatu izan duzu.

Oraindik itxaroten gabiltza. Nik dakidanez, aplikazio informatikoak egokitu behar dituzte horretarako. Eskatu bai, eta nik bakarrik ez, Bizkaiko Medikuen Elkargoak ere eskatu zuen. Pribatutik eskatuz gero ematen dizkizute analisiak euskaraz. Pribatuan bai, baina publikoan ez. Eta 31 urte dauzka Osakidetzak.

Lan handia al litzateke Osakidetzarentzat?

Berez ez. Euskara teknikoan trebatzeko prestakuntza beharko genuke. Hori erakundearen erantzukizuna da. Beste bidea itzulpen lana da. Horretarako, beharbada, itzultzaile edo euskara teknikari gehiago beharko da; hori ere erakundearen erantzukizuna. Bestalde esango dizute, “euskara teknikoa oso zaila da”. Ez. Hizkera medikoa ez da egun batetik bestera jasotzen, gaztelaniaz ere ez. Ospitalean ikasten duzu, beste medikuengandik. Traumatologoen txostenak irakurtzen dituzu eta horrela ikasten duzu. Euskaraz ere, ikastaroa egin, eta espezialisten euskara teknikoa elkarren arteko harremanean ikasiko genuke. Erraz.

Osakidetzako langile euskaldunen kopurua traba izan daiteke?

Bai, gutxi gaude eta. Hizkuntza eskakizuna erizainen %40 inguruk dauka. Medikuen artean %25ak bakarrik. Bestalde, 45 urtetik gorako osasun langileak ez daude hizkuntza eskakizuna edukitzera derrigortuta. Baina, hor badaukagu abantaila bat. Osasun langileon adinaren batez bestekoa 55 urte da. Hortaz, bost-hamar urte barru asko erretiratuko dira, eta euren ordez langile elebidunak ipiniz gero, kito, lortu duzu Osakidetza erdia euskalduntzea.

Orduan, belaunaldi berriekin, berez euskaldunduko da Osakidetza?

Etorriko dira langile euskaldunak, baina lan hizkuntza gaztelania bada, azukre koxkorra kafean bezala, eurak ere giro erdaldunean urtuko dira.

Zelan euskaldundu giroa, orduan?

Proba osagarrien emaitzak euskaraz bidaltzen hasi behar gara. Aplikazio informatikoak euskaraz jarri, formazioa euskaraz eskaini, eta gero zirkuitu euskaldunak sortu beharko dira. Hau da, lehen arretatik hasita, kupo elebidunak sortu beharko lirateke. Herri batean herritarren erdiak gura badu osasun arreta euskaraz, kupo erdiak izango dira euskaldunak. Astiro-astiro euskal pazienteak mediku horiengana bideratu beharko lirateke. Gero, espezialista euskaldunak identifikatu, trebatu, eta zirkuituan sartu. Ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izango lirateke zirkuitu horietan.

Borondate kontua dela diozu.

Zuena ere bai, e? Osakidetzak erantzukizuna dauka, bai, baina kuriosoa da jendeak ez duela osasun arreta euskaraz eskatzen.

Kexak ahozko arretara bideratu dira agian?

Gehien jota hori. Euskararen normalizazioan kristoren aurrerapausoak eman dira hezkuntzan, hedabideetan... Esparru horiek lortu ditugu. Herri administrazioan ere, astiro, baina udal askotan langileak elebidunak dira. Osasun arretan, ostera, euskaltzale izan eta osasun analisiak erdaraz jaso arren, inork ez du ezer esaten.

Euskalgintzak arlo honetan kale egin duela uste duzu?

Euskalgintzarentzat osasungintza guztiz ezezaguna da. Ez dute Osakidetza ezagutzen; nola eratzen den, barne antolakuntza... Zeharkaezineko edo ahazturiko gauza bat da, eta ez dakite nola jokatu, edo horrela ikusten dut nik.

Osasun langileek badaukazue OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea.

Orain 30 urte sortu zen. Aldarrikapen-lana baino gehiago, elkarteak corpusa sortu du. Saio klinikoak, hizkera teknikoa, gidaliburuak... Hori eratuta dago, ez litzateke hutsetik hasi beharko. Kontua da hori errealitate bilakatzea, sortuta dagoena erabiltzea.

Murrizketek eragin al dute?

Jakina. Logikoa da pentsatzea ordezko asko gazteagoak direla eta euskaldunak izan daitezkeela. Nagusiak erretiratu egin beharko lirateke, eta gazteak sartu. Kontrako norabidean goaz. Osakidetzako giza baliabideetako buruak eta sindikatu medikuek medikuen erretiroa 67 urtera arte atzeratzea sinatu dute. Horrek ez du ezer laguntzen. Murrizketen ondorioz, gainera, baliabiderik ez badago...

Egoera aldatzeko zein pauso egin behar lirateke?

Osakidetzak, edo presioa igartzen du, edo ez du ezer egingo. Kexatzen hasiz gero, lortuko da. Baina jendeak eskatu egin behar du. Anbulatorioak bete, ilaran ipini, eta kexatu. Gaur egun, teknologien bidez, aukera asko dauzkagu mobilizatzeko, militantzia kontzeptua aldatu egin da. Hor dauzkagu Facebook, Twitter, whatsappak, e-postak... Mezuak oso bizkor zabaldu ditzakegu. Osakidetzan edo Osasunbiden kexa bat nori eta nola zuzendu jakinez gero, erraza da. Nola eskatu ekografiak euskaraz? Hara, bada nik badaukat testua, legeak aipatuta eta guzti. Testua ebaki, itsatsi eta nire osasun zentrora joan. Zabaldu, katea egin.

Horretarako talde eragilea beharko da.

Herritik sorturiko ekimenak behar ditugu. Erakunde berri bat sortu behar da, euskalgintzaren eta osasungintzaren artean zubi-lana egiteko. OEEko medikuen eta legelarien aholkularitza izango luke.

Osakidetzak kasu egingo al luke?

Ikaratuko litzateke. Bai, benetan. Oraindik jendeak ez du eskatu. Aramaion ekografiak eskatu ditugu, eta lortu ditugu. Beste herrietan zergatik ez? Hasi eskatzen. Pentsatu zer lortu daitekeen beste edozein herritan hiruzpalau osasun langilek eskatuko balute herritarrekin batera. Egin, argazki bat atera eta prentsara bidali. Sare sozialetan zabaldu. Eskatu. Di-da batean egin daiteke, borondatea egonez gero.

Zuk esana da: “Osasun arloa euskaldunduko bagenu, euskara salbatuko genuke”.

Gakoa da osasungintza. Hezkuntzan eta hedabideetan lortu dugu. Pentsatu orain, osasun zentro guztietan eta ospitaletan lan hizkuntza euskara dela eta zerbitzu guztia euskaraz eskaintzen dela. Ospitalean egiten den hizkuntza ez da galtzen. Ez hemen, ez inon: osasun langileon lan hizkuntza dena ez da desagertzen. Esparru hori konkistatu behar dugu eta erabat euskaldundu. Eskubide aldetik, eta kalitate aldetik ere bai. Gakoa da historia klinikoa euskaraz lortzea. Eta gakoa da herritarrek eskatzea. Horretarako, auzolana eta antolakuntza behar dugu. Horrela izan da beti euskalgintzan. Begira ikastolak, hutsetik sortu ziren, legearen aurka. Atera kontuak: orain legea daukagu alde.

 

Mediku onak, ez euskaldunak

“Hori mito bat da. Irakasle onak behar ditugu; eta esan ikastolan, matematikako irakasle oso ona aurkitu dugula, ez dakiela euskaraz, baina matematika klase oso onak emango dituela. Oso ondo: ‘Inportanteena irakasleak dira, ez ikasleak’. Bada ez, inportanteena ikasleak dira. Kasu honetan gauza bera, inportanteena ez da medikua, osasun arreta bermatzea baino. Pazientea, erabiltzailea da inportanteena. Pazientea ardatza da, Osakidetzaren lerro estrategikoa. Hori da kontua: Kalitatezko osasun arreta pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena baino ez da. Hori mundu osoko literatura medikoan onartzen da. Pazientearen segurtasuna ere hor dago: batez ere adineko jendea, adimen urrikoak, haurrak, ictusa jasan dutenak... egoera estuan daude, ahuldade egoeran, eta horiei guztiei euren hizkuntzan hitz egin behar diezu. Arriskuan egon daitezke ez badizute edo ez badiezu ondo ulertzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea
“Hikaz egiten ere, eginez ikasten da”

Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian:... [+]


Sorionekuak: “Ekitaldi alaia antolatu dugu euskara gu guztiona dela aldarrikatzeko”

Sorionekuak mugimenduak larunbaterako mobilizazioa deitu du. Goizean herriz herri Nafarroako zubietan elkartuko dira eta arratsaldean Iruñean manifestazioa abiatuko dute, Kostarapea parketik (Trinitarios-Tren parkea) abiatuta 17:30ean. Ireki ateak euskarari lelopean... [+]


Pantailaldia
Sortzea ez da nahikoa, ohiturak aldatzen ez badira

Euskaraldiaren atarian, beste behin, Pantailaldia egingo da. Maiatzaren 6tik 15era iraungo du, eta euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea izango da helburua.

Baina non gaude, non dago euskara ikus-entzunezkoen mundu zabalean, nora goaz? Zein hutsune, zein erronka... [+]


Etorri berriak
Euskalduntzerako bidean harriak eta zubiak

Euskara ikastea zaila denaren mitoa aski zabaldua dago, batik bat, euskalduntzeko ahaleginik batere egin nahi ez dutenen artean. Arrazoi dute puntu batean. Zailtasun nagusiak, ordea, ez dira hertsiki linguistikoak, gizarte antolamendukoak baizik. Batetik, Onintza Iruretak... [+]


NUPeko ikasleen %85,5ek uste du unibertsitatea ez dela “behar bezala ahalegintzen” euskarazko ikasketak bermatzeko orduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu... [+]


2025-05-06 | ARGIA
Beste epai euskarafobo bat, administrazio publikoko langileen euskara eskakizunen kontra

Administrazio publikoarentzat Gipuzkoako zahar etxeetan lan egiten duten langileen euskara eskakizunak (B1 eta B2 mailak) “neurriz kanpokotzat” jo zituen iaz Donostiako epaitegi batek. Epai horren aurka Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako helegitea atzera bota du... [+]


2025-05-05 | ARGIA
Hamar egunez pantailetan euskaraz aritzeko erronka maiatzaren 6an hasiko da

Maiatzaren 6tik 15era egingo da Pantailak Euskarazek antolatutako aktibazio sozialerako ariketa. Helburua, hamar egunez soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea da. Ariketan izena eman daiteke maiatzaren 6ra arte.


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Filipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | Sustatu
Abizenaren grafia euskaratzeko modua

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abizenen grafia euskaratzeko kanpaina abiatu du. Adin txikiko seme-alabak dituzten gurasoei egiten zaie deia bereziki, gurasoek deitura euskatuz gero, automatikoki 18 urtez beherako seme-alaba horiei ere euskaratuko baitzaie.


Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Eguneraketa berriak daude