Doinua: ETAren su-etenetik.
	Gorputzak eta buruak
	bazuten haien desira
	ta oporrak egin ditugu
	gure beharren neurrira.
	Nafarroko kanping baten
	hogei egunez guztira
	orain kanpotik jarrita
	oporraldiai begira:
	eguneroko ohiturei
	so egitea aski da
	soziologo batek azkar
	aterako luke gida:
	kanpingean ere lehengo
	mundu denak batzen dira.
	
	Partzelan gosaldu edo
	tabernan barra gainean,
	ingurutara muitu edo
	beti leku jakinean,
	telebista batekin joan
	edo e-booka soinean,
	haurrekin denbora pasa
	edo askatu ring-ean,
	lentejak edo kostillak
	parrilarik haundinean,
	arropak garbitu edo ez;
	eta nork? Azken finean…
	Lehengo mundu guztiak
	batzen dira kanpinean.
	
	Bikoteak haserretu
	edo erraz jarri ados,
	norberaz hitz egin edo
	beste denei adarra joz,
	oporrak dastatzen egon
	edo bukatzeko gogoz,
	dagonaz gozatu edo
	amestu gehiago askoz…
	Hutsune handien ispilu
	egi txikien altaboz
	oporretan iraultzarik
	ez da gertatu oraingoz:
	kanpineko mundu denak
	berriz gizartera gatoz.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.