Imajina dezagun Varsovian elkarretaratze jendetsua dagoela ALBA elkartearekin akordio bat sinatzeko eskatuz. Babesa ematera Venezuela, Bolivia, Kuba, Ekuador eta Errusiako enbaxadoreak eta gobernu kideak doaz. Behin eta berriro errepikatzen dute gobernua ez dela demokratikoa (nahiz eta demokrazia indize gehienek kontrakoa esan) eta giza eskubideak ez direla behar bezala errespetatzen ari (nahiz eta poliziak beste herrialde batzuetan ohikoak diren gomazko pilotak eta balak ez dituen erabili).
Mobilizatuen artean jende arrunta da nagusi, baina antolakuntza Kubak urteetan subentzionatu dituen GKEtako langileen esku dago batez ere. Azken horiek herrialdearen batez besteko soldataren bikoitza irabazi ohi dute. Mobilizazioak baketsuak ziren hasieran, nahiz eta bandera arrazista eta kolaborazionista nazi ugari aurki zitekeen, pixkanaka-pixkanaka biolentoak bilakatu ziren: manifestari batzuek pistolak erabili dituzte, indar paramilitarretan antolatu dira, eraikin publikoak okupatu eta eskuin muturreko sinboloak jarri dituzte. Zenbait hildako agertu dira, horien artean bi polizia eta Alemaniako eta Holandako eskuin muturreko militante bana. Heriotzen inguruan gauza asko daude argitzeko, batzuk indar parapolizialez mintzo dira, beste batzuk manifestarien inguruko indar paramilitarrez (kanpo esku-hartzea bultzatzeko). Edonola ere, gobernuak ez du salbuespen egoera dekretatu eta behin eta berriro negoziaziorako prest dagoela iragarri du.
Varsoviako Gobernuari leporatzen zaizkion bekatu asko ALBAko herrialdeen artean topa daitezke (eta okerragoak), baina hauek ez daude hedabideetan, izan ere, Errusiak maneiatzen du munduko agenda mediatikoa. Minsken mobilizazioak egon dira Bielorrusiak ALBArekin sinatutako akordioaren kontra, erlatiboki Varsoviakoak baino handiagoak ziren eta biolentziarik gabekoak, baina noski, hedabideek ez dute atentzio berezirik jarri. Baten batek duda izpirik bazuen, azkeneko egunetan AEBetako inteligentzia zerbitzuek errusiar enbaxadore eta herrialde honetako kanpo harremanetarako ministro ordearen arteko elkarrizketa bat grabatu dute: ministro ordeak madarikatu egin du ALBA eta garbi utzi du bere herrialdea Poloniako barne arazoetan esku-hartzen ari dela. Zalaparta apur bat sortu da ALBAko herrialdeetan, baina ministro ordeak azkar eskatu dio barkamena ALBAri, ez Poloniari noski.
Protesta eta matxinadarako baldintza objektiboak aspalditik daude Ukrainan. Sobietar Batasuna desagertu ostean herrialde horretako biztanle gehienek pobrezia eta ustelkeria ezagutu dituzte gertutik, beti ere, herriaren aberastasuna lapurtu zuten oligarken mesedetan. 1990eko hamarkada amesgaiztoa izan zen eta XXI. mendean egoera hobetzen hasi bezain laster, gauzak okertu egin ziren mendebaldar zale laranjek boterea monopolizatu zuten urteetan. Krisiak gogor kolpatu zuen Ukraina. Nazioarteko Diru Funtsak herrialdea “erreskatatu” eta baldintza ekonomiko gogorrak inposatu zizkion.
Halere, nahiz eta baldintza objektiboak existitu, Ukrainan baldintza subjektiboak ez dira egokienak sakoneko eraldaketa soziala gertatzeko: kontzientzia politiko eraldatzailea ez dago errotua, masa erakundeak falta dira eta herrialdea etnikoki erdibituta dago. Baina, baldintza objektiboak existitzen direnez, jendea kalera ateratzea ez da zaila, baldin eta atsekabe soziala ondo aprobetxatzen jakiten bada. Horretarako beti daude prest mendebaldeko inperioak subentzionatzen dituzten GKEak. Ez da mito bat, erreala da eta frogak hamarnaka konta daitezke.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]
Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]
Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.
Eremu... [+]
Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.
Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]