"Tamalez, Euskal Herri hau oso txintxoa da"

  • Korapiloa askatzean ez da sokarik eteten, luzatu egiten da.

Dani Blanco

Handitzea kostatzen zaion haur bat omen zara.

Zailtasunak ditut mundu heldu honetan nire burua kokatzeko. Behin heldutasunera iritsirik, gizarteak pertsona jakin bat izatea eskatzen dizu, arduratsua izatea, xelebrekeriak baztertzea... Oso serioa da heldua izatea, familia eta lanaren inguruan soilik mugitzen dela dirudi, eta haurtzaroak eskaintzen dituen ehunka leiho espontaneoak pixkanaka ezabatzen ditu. Nik, alta, elikagai bat nonbait topatzen badut leiho zirrikitu horietan da. Hori gutxi ez, eta gizonezkoen erreinuan eraikiriko helduen munduan beti zerbait garela frogatu behar dugu. Umeek ez dute filtrorik, adin batera arte ez dute aurreiritzirik, eta harremanean dena esan dezakezu. Heldutasunarekin, aldiz, maskarak agertzen dira, gure buruari exijitu eta besteak ispilu bihurtzen ditugu, besteek gugandik zerbait espero dutela suposatzen dugu, eta horixe da elikatzen duguna. Ni gizonezko naizen heinean, ohartzen naiz publikoki gizon bati ezin diodala “triste naiz, negar egiteko gogoa dut” esan, edo maitasunez besarkada bat eman kalean. Zamaz betetako motxila daramagu, tabuek setiaturik bizi gara.   

Motxila hustea baino harriak eramaten segitzea nahiago izaten dugu batzuetan.

Baina gure barneko sentsazioak ez dira hain estuak, ezabatuak zaizkigunak dira espontaneoki ateratzen zaizkigunak. Ume bat jaio orduko bideratzen da, bera bakarrik ez dela izateko gai pentsatuz. Okerrena da gurasoen arazoa dela, ez haurrarena, gurasoak baitira plaza publikoari euren umea zein txintxoa den erakutsi behar diotenak plaza publikoak guraso onen onespena eman diezaien. Gero, ni ez naiz 20 urteko mutiko bat. Baserri munduan lana, lana eta lana baizik ez zen garai batean sortua naiz. Sasoi hartan, aitaren rola tokatzen zitzaion gizonezkoak autoritatearen kapa jantzi behar zuen, hotz eta gogor agertu, behar zenean zigortu. Hori zen aita, eta bestaldean, ama zegoen, ezabatua kasik. Holako mundu batean aterrizatzen duzunean ez dakizu zure ereduak zein diren, ez dakizu zu zer deabru zaren, eta kanpoan ikusten duzunaren arabera zure burua eraikitzen saiatzen zara. Alabaina, nik kanpoan ikusten nituenak ehiza eta errugbia ziren, ez kontu atsegin, goxo eta sentsibleak. Horregatik, min asko dauzkagu gugan, lokatza bezala gure baitan daramatzagunak, eta etengabe galdetzen dugu zer pentsatuko duten besteek gutaz. Denek nahi dugu maitatuak izan, maitatuak izateko antzerki pixka bat ere egiten dugu, eta gure barne sentsazioetatik desbideratzen gara.  

Barneko lokatz hori garbitzen lagundu zizuten Parisen iragandako urteek?

1980tik 1993ra egon nintzen Parisen. Gainera, eta publikoki lehen aldiz diot, prostituitu egiten nintzen. Horrek lagundu ninduen nire mundutik ateratzen. Klase ertainetik gorako bezeroak aukeratzen nituen, beste mundu bat irekitzen zidatenak. Mundu horri esker hasi nintzen irakurtzen eta musika entzuten, giro horretan deskubritu nituen opera eta munduko literatura. Hor jabetu nintzen askok amesten dutela ondasun edo klase eskaileran goiti joatea, horrek zoriontsu eginen dituelakoan, baina zoriona ez dela hori. Nire bezeroek ohore guztiak zituzten, postu ospetsuak jendartean, baina ez ziren zoriontsu, zerbait falta zitzaien. Horrek nire baserritar, lur eta etxegabe jatorria deskonplexatzen lagundu zidan. Nire gurasoek ez zuten lurrik, ez zuten etxerik, etxeko sukaldea buztinezkoa zen, komunak lau taula kanpoan... Ni hortik atera naiz. Jakina da munduan jende desberdin asko izaten ahal dela, baina agertzen zaizun munduan jende molde bakar bat baizik ez denean ez dauzkazu mila bide: egokitu edo ospa egin. Memento batean, ezinegon bat nuen Euskal Herrian, osasun pertsonal-mentalaren izenean gainditu beharreko gaizki izate bat. Ez duzu alde egiten ez dakit zer topatuko duzula pentsatuz. Ez, bazoaz eta kito.

Zure errealitateak zerikusi gutxi du Benito Lertxundiren kantuetako Zuberoa bukolikoarekin. Xora filmak bezala, funtsean.

Hegoaldean ez dute onartu nahi Zuberoa berdea izateaz gain iluna ere badela, euskara galtzen ari dela, ez dela uste duten bezainbeste abesten, pastoralak iruzur kulturala direla kasik, bertan parte hartzen duten erdiari baino gehiagori bost axola zaiela Euskal Herria eta euskara... Zaila zaie klixeetatik kanpo dena entzun eta onartzea. Xora ikusita horregatik galdetzen digute, “holakoa da Zuberoa?”. Hangoak garelako kontatu dugu hori; urtean hainbatetan entzuten dugulako 20 urteko gazte bat istripuz hil dela edo bere buruaz beste egin duela; ikusten ditugulako gazteak, bereziki mutilak, astebururo mozkortzen, ahanzteko, cocotte-minute-aren tapa leherrarazteko. Badago bizi nahi bat, jendeak ez du bertatik alde egin nahi, baina ze gogorra den hain lotuta dagoen gizartean norbere tokia topatzea. Nik ez dut uste Zuberoaren arazoa ekonomia denik. Problema nagusia beste bat da: pertsona bat bere osotasunean, bere ñabardura guztiekin, nola izan daitekeen onartua hain jendarte lotu eta blokeatuan. Zuberoan, ez bazara errugbian ari, ez bazara ehiztaria, eta ez baduzu tradizio jakin bateko ildoa segitzen, bakartia zara, bakarrik zaude.  

Ez dakit Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ere ez diren beste lau probintziak idealizatzen. Zu Oiartzunen bizi zara.

Guretzat, Iparraldeko belaunaldi batentzat, euskaldun gisan irauteko eredu bat zen Hegoaldea. Bertatik elikatzen ginen, bertako fantasiatik. Oiartzunera iritsi nintzenean, alta, “Little Ipar-Amerika” iruditu zitzaidan hau. Harrituta nengoen jendea zein kontsumista zen ikusita. Guk lasterka, mendira edo bizikletan ibiltzera joateko jogging zahar bat eta kamiseta zulatu bat jantzi eta aitzina. Baina hemen ez, arropa bat bada bide gorrian ibiltzeko, beste bat mendira joateko, eskiatzeko beste bat... Oso kontsumista da jendea, eta harrituta nago mundu kontsumista horrek bere burua ezker abertzalean kokatzen duelako. Ni bizi naizena ezker abertzale mundua da, baina burgesa. Bestetik, euskaldunak orokorki horretan gauden arren, flash egin zidan ikusteak nola jendeak euskaldun sentitu nahi duen baina ez baitezpada euskaraz hitz egin. Horrez gain, gertatu izan zait inauterietara mozorrotuta joan, eta bide bazterrean mozorrorik gabeko jendea ikustea mozorrotuoi argazkiak ateratzen. Jende horrek gure ohitura zaharrez hitz egiten du, baina ez ditu bizitzen. Beraiengandik kanpo dauden euskarriak behar ditu euskal sentimendu hori elikatzeko, baina ez du sentimendu hori bizi. Hemen dantza eta abarrak ikusten ditudanean, oso artifiziala da dena, umeen afera. Arropa folklorikoekin janzten dituzte haurrak gurasoek argazkiak har ditzaten, baina gero herriko plazan kaleko jantziz dantza egitea, kultura bizitzeak dakarren plazerarekin, ez zaio inori burutik pasatzen. Futbola bai, baina beste adierazpide kultural herrikoirik ez dago hemen. Nahiago dugu nostalgia bati eutsi oraindik horretan gaudela sinesteko.

Kasik iruzur kulturaltzat dituzun pastoralak kritikatu izan dituzu, baina era berean, 2009an eman zen Belagileak pastoralaren egilea ere bazara.

Pastoralaren forma oso konplikatu eta murriztailea da. Forma horrek, Frantziaren historiako heroiekin edo pertsonaia elizkoiekin gertatzen zen bezala, euskal sujetak onak eta txarrak, kristauak eta turkoak, binomioetara makurtu ditu, eta euskaldun guztiak onak bezala agertuak izan dira beti. Horrek deseroso sentiarazten nau. Edozein pertsona ez da ona edo txarra eta kito. Gainera, pastoralen bidez eskoletan irakasten ez den historia ikasten dela diotenean, ez da egia. Adibidez, pastoralean erakutsi izan zaigu Antxo bihotz onekoa zela, eskuzabala, buru argia, giristino moro eta juduekin akomodatzen zekiena, Konpostelarako bideak ireki zituena... Baina Gartxoten argi ikusten da zer ziren Antxotarrak. Familiaren interesak kudeatzeko mugitu ziren, ez besterik. Monzonekin ber gauza. Pastoralean Monzonek ideal bat dirudi, baina denek dakigu Monzon burges bat zela. Bere abestiak entzuten ditudalarik, garai batean kokatuak zirelako agian, fatxa kutsu bat hartzen diet. Beraz, jakina, aipa ditzagun euskal sujetak, euskal jendeak, baina ez hola. Gainera niretzat pastorala ez da historia kurtso bat. Enetzat pertsonaia bat hautatzea da gakoa, horren inguruan jokoan zegoena ikertzea, eta pertsonaia hori joko horretan nola mugitzen zen agertzea. Pertsonaia aitzakia da testuinguru zabalagoa aipatzeko. Hori da konplikatua. Nola erakutsi sujet bat, heroi bat, zuri eta beltza, lokatza eta marroia, alde guztietakoa dela.  

Ez zenuen kasualitatez hautatuko emakumearen presentzia nabarmena ahalbidetzen zuen sorgin-ehizari buruzko pastorala idaztea.

Ez dut nire burua eredu elizkoietan ezagutzen. Egun Elizak dituen enpatiarik gabeko jarrera erreakzionario, bortitz, eskumatar eta gaizto horietan ez dut nire burua topatzen. Are gutxiago, gizonezko gerlari eta matxoan. Eredu horiek nire etsaiak dira. Konbentzituta nago gizon-emakumeek ulertzen ez duteno beraien baitan feminitate eta maskulinitate eredu bat dagoela eta bien arteko oreka propio bat atxeman behar dutela, munduko iraultza guztiak eginda ere gauza bera izanen dela. Gizonezkoen ereduan bagabiltza beti, indarra, lehia, konparaketa eta 1etik 10erako zerrendak hobesten, iraultza guztiek porrot eginen dute. Ohartzen naiz, horren aurka borrokatu arren, hainbat gauza nola barneratuak ditugun. Gizonezkook objektu bat bezala begiratzen dugu emakumea, baina ez gara ausartzen gizonezko bat enpatiaz begiratzera, homosexualitatearen tabua sortuko delakoan. Zerbait goxo ez dagoeno gure baitan onartua, amorrua ez deno baztertua, horixe elikatzen ari gara. Kirol emankizunetako hitzak entzuten ditugunean, “eraso egin dute”, “oldarkorrak izan behar gara”, “ez diegu minik egin”... Ostia! Non gaude? Zertan ari gara? 30.000 pertsona doaz hori ikustera eta gero mundua aldatzeko iraultza nahi dugu? Hor oker bat dago. Ezinezkoa da mundua aldatzea eredu horiek aldatu gabe.   

Horregatik ez duzu sekula bozkatu?

Irratiko lanari esker, ikusi ditut politikariak, ezkerreko zein eskuineko, sorbaldak elkarri jo eta aitzina. Bakoitzak heien ideiak, baloreak eta gizarte ikuspegiak dituztela esango dizute, gizarte ikuspegi horiek obratzea dela heien lana, baina gero tururu! Funtsean, zer du Kontseilu Orokorrak? Lau sos eta lau sos horiek kudeatzea da dena. Sinetsarazten digute gure onurarako ari direla, baina ez, kudeaketa lana baizik ez dute egiten: petatxoa hemen, elkarretaratzea han, hango inaugurazio... Ez dituzte jendeen zinezko beharrak lantzen. Ilusioa pizten eta errotondak egiten dizkigute, besterik ez. Uste dute gu tontoegiak garela ñabardurak ulertzeko, amets horretan mantentzen gaituzte, eta izugarria da nolako jarrera dugun politikarien aitzinean. Heroiak bezala ikusten ditugu. Pastoralera Lasalle zikoina hanka-luzea agertzen delarik denak hasten gara “hor da...” elkarri begira. Nolako sumisioa daukagun! Guk ditugu ospetsu bilakatzen, beraiek ez dira deus, guk ematen diegu direna. Jende horri delegatzen diogu gure ahalmena, eskolari gure haurren heziketa delegatzen diogun gisan, eta hola ez dugu gure egitateez damutzerik. Haiek dira ustelak, haiek dute lana gaizki egiten. Beti da besteen errua. Besteak bai, baina gu zer? Non kokatzen gara? Nik ez daukat nire burua ekintzaile politikotzat, nahiago dut nire burua esparru kulturalagoetan kokatu eta hortik eragin.  

Esparru kultural horretan hitza duzu lan-tresna nagusi. Nola bizi duzu bere kamustea, bere debaluatzea?

Minez. Hizkuntza bat gozatzeko da. Etengabe arraberritu behar da, birsortu, eta tamalez oso zaila da hori gaur egun Euskal Herrian egitea. Euskalduntzeko dugun tresna garrantzitsuena eskola da, eta zoritxarrez, ume batentzat eskola da munduko gauzarik aspergarriena. Handik ateratzean, kalean, oxigenoa erdarekin kausitzen du. Hizkuntzak bizi behar badu, eskolatik hainbat ikasgai ezdeus kendu beharko dira, eta horien ordez argota, errespetu gabeko hitz kaskarrak eta jolasak sartu beharko dira. Euskarak hori behar badu bila ditzagun pornografoak, anarkoidak eta txintxoak ez diren guztiak, umeek beraien hizkera erabiltzeko gaitasuna ikasi eta gozatu dezaten. Hizkuntzarekin loturik bada askatasun bat, norberea eta gainontzekoek onartzen dutena, baina tamalez Euskal Herri hau oso txintxoa da, eta horrek sortzeko libertatea kentzen du, baita hitzen arloan ere. Galzorizko egoera bati lotuegi gaude, perfektuki mintzatzeko obsesionaturik. Baina ez, utzi dezagun hizkuntza bere bidea egiten, goza dezagun libreki. Hori bai, gozatzeko mugak apurtu behar dira, txintxotasun bat hautsi, tabuak eraitsi... Debekuak hautsiz dira gauzak gozatzen, eta euskarak bere esparru sozialean, debeku horiek astindu, irauli, hautsi eta gozatu behar ditu.
 

Nortasun Agiria

Ttittika Rekalt Altzabehetin sortu zen 1959an. Xiberoko Botza irratiko kazetari eta esatari izateaz gain, aktore eta idazle ere bada. Beste lan batzuen artean, Xora filmeko protagonistetako bat da, eta Oiherkoren trajedia (2006) eta Belagileak pastorala (2009) idatzi ditu. Oiartzunen bizi da, egun.

Off the record
Eskolan

“Nire bizilagunak bost hizkuntza menperatzen ditu, ingelesa barne, eta beti dio Euskal Herrira etorri denetik ez duela inoiz ingelesik erabili. Zer ari gara, beraz, eskoletan ingelesa sartu nahian horri esker gure haurrek lanbide bat atxemanen dutela sinetsita? Zergatik ez txinera sartu? Edo turkiera, badaezpada? Nork daki, egun batez turkiarrek hegan dabiltzan alfonbra numerikoak asmatzen badituzte sekulako aukera ekonomikoa izango da, eta funtsean, ez al gara gure haurrei eskolan mundu ekonomikorako ikasgaiak ematen ari?”.


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Ez dut moztuko bizarra

Saya da mayaz iyean behin igotzea. Hori esango digutelaren susmoa dut. Antigoaleko kaskamelon ni, irratian horrelakoak entzutean, zapuztu egiten naiz. Eta biloben eskolako haurrak Txipi-txapa, Korrika! oihukatzen eta berehala erdara garbiaz mintzatzen ikusten ditudanean, etsiak... [+]


2024-03-16 | Leire Artola Arin
Oihana Larrandaburu, Xiberoko ikastola:
“Pentsatuko ez genituen elkarte eta herriek hartu dituzte kilometroak Xiberoan”

Ostiral goizaldean igaro zen Korrika Zuberoatik, eta denbora tarte txikia egin bazuen ere, balio izan du erakusteko euskararen aldeko atxikimendua handituz doala, eta gazteak indartsu datozela. “Ikastolatik kanpo euskarazko aktibitateak egitea konplikatua da, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude