Esan barik ez doalako


2025eko uztailaren 25ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan ibili dena horretarako, ez da Sherlock Holmes izan behar haren herraren jomuga neu naizela ondorioztatzeko. G.L. jaunaren elokuentzia distirantaren erakustaldi hori ikusita, pareko sofistikazio erretorikoarekin erantzuteko tentazio handia izan dut –irain oso koloretsuak bururatu zaizkit, nire lagunak barreka eta arerioak sutan jarriko lituzketenak–, baina gure ama galletaginak eskola ona eta jendetasuna erakutsi zizkidanez, saiatuko naiz jaun horren parean ez jartzen.

Ezer baino lehen, argituko dut nire ekimena izan dela euskaraz Deustuko Irlako “Galletaginen etorbidea”ren ordez “Andre galletaginen etorbidea” jartzea, eta “Zamaketarien kalea” izenaren ordez, “Andre zamaketarien kalea” jartzea (gaztelaniaz: “Avenida de las galleteras” eta “Calle de las cargueras”), G. L. jaunak tartean beste izen eta beste kontu batzuk aipatzen baditu ere.

Dio G.L. jaunak “aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak” ekarri nahi ditudala euskarara, eta “euskarak hizkuntza gisa ez duela generorik”. Batetik, gogora ekarri dit Irango presidente ohi Ahmadinejad jaunari LGBT jendearen eskubideak aipatu eta berak Iranen halako jenderik ez dagoela erantzun zuenekoa, horiek Mendebaldeko herriek Irani inposatu nahi zizkioten arrotzkeriak zirela. Alabaina, Iranen LGBT jendea dagoen bezala, Euskal Herrian egon da, eta bada, emakumerik, eta ikusgaitasuna nahi eta merezi dute.

Baina kontu linguistikoari hertsiki helduta, G. L. jaunak euskarari buruz egindako baieztapen hori guztiz faltsua da. Generorik ez dagoela euskaraz? Eta zer da orduan hitanoa? Zer dira amama/aitita, emazte/senar, neba/arreba, anaia/ahizpa, agure/atso, neska/mutil, seme/alaba eta halako hitz bikoteak, inolaz ere trukagarriak ez direnak? Euskarak gehienbat ez daukana genero morfema da, baina horregatik euskaraz generorik ez dagoela esatea beste barik gezurra da, eta “aldameneko hizkuntzaren” parametroen arabera pentsatzea. Baten batek pentsa lezake genero morfema ekarri nahi dudala nik euskarara, eta horrek zain bat puztu diola G. L. jaunari. Lekutan ni halako asmo ausartetatik!

Kendu emakumeen aipamen oro hizkuntza bietatik, eta arazoa konponduta: emakumeen ikusgaitasunerantz, emakumeen ezabaketaren bidetik

Hori beste batzuek –ni baino askoz atrebituagoek– egin zuten, hemeretzigarren mendean, eta ez ziren andreak izan, gizonak baino, eta oso ilustreak, alegia P. P. Astarloaren teoria guztiz zientifikoaren ildotik –sehaskako mutikotxoek aaa egiten zutela negar eta neskatoek, aldiz, eee– bultzatu zutenak, S. Arana buru zela, euskaraz gizon izenak -a amaitu behar zirela, eta neska izenak, berriz, -e. Halaxe bete zitzaigun izendegia Josebaz eta Josebez, eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere. Halako iraultzarik ez dut ekarri nik, ezta hurrik eman ere, guztiz proposamen klasiko eta jator bat baino.

Munduan, linguistika pixka bat ikasi duen edonork dakienez, askotarikoak dira hizkuntza tipoak, eta askotarikoak dira hizkuntzek beren helburu pragmatikoetarako erabiltzen dituzten baliabideak. Euskarak genero morfemarik izan ez arren, baliabide lexikoetara jotzen du hiztunak generoa adierazteko premia edo desira duenean, ingelesak bezalaxe, gehienbat genero morfemarik ez duen beste hizkuntza oso ezagun bat aipatzearren: ingelesez “female writers”, “women scientists” eta halakoak erabiltzen dira, gaztelaniaz “escritoras” edo “científicas” liratekeenak adierazteko. Hala berean, euskarak ez dauka inongo arazorik esateko “andre auzapeza”, “andre errient”, “andre irakasle” edo “andre profeta”, eta are “andre serora” eta “andre errientsa” ere –erredundantzia eta guzti–, Orotariko Euskal Hiztegitik oraintxe kopiatu ditudan adibide batzuk besterik ez ematearren (“andre” sarreratik, “Junto a un sustantivo que expresa cargo, ocupación o estado” epigrafetik, zehazki).

Irainen artean, baina, G. L. jaunak beste ideia bat erabili du bere argumentuaren alde: historikotasuna. Bestela esanda: antzina ogibide jakin batzuk feminizatuta zeudenez, ba, esan gabe doa, bere ustez, delako izenaren atzeko izakiak emakumeak zirela, izen horretan inongo genero aipamenik ez egon arren. Adibidez, “Galletaginen etorbidea” plaka ikusi eta ikusleak braust jakingo omen du fabrika horretan behar egindako andreak daudela bertan islatuta. Beno, tira, edozein ikuslek ez, apur bat ilustratuak bakarrik, edo G. L.ren hitzetan esateko, “historian zehar ibilaldi labur bat” egin duenak, hau da, pixka bat leitua denak. Bistan da G. L. jaunak bere burmuinaren barruko geografiaren arabera neurtzen duela mundua, oso gauza gizatiarra, aitor dut, baina ez horregatik egokia. Berak dakiena mundu guztiak daki edo jakin behar luke, eta ez dakiena... bah, ez da oso garrantzitsua izango.

Nik neuk, ama galletagina izan nuen honek, ondotxo dakit galletagin hura emakumea zela, baina gehiegitxo irudituko litzaidake horrenbeste eskatzea Deustuko Irlatik paseatzera etorri eta “galletagina” dioen plaka ikusten duen edonori, izan gasteiztar, eskiular, iruindar, tolosar edo amorotoarra, edo izan Bilboko bertako 20, 15, edo 30 urteko auzotarra. Nik neuk ez nukeen jakingo Donostiako tabako fabrikan lan egiten zutenak emakumeak zirenik, plaza horri “andre zigarrogileen plaza” jarri ez baliote, eta ez dut zertan jakin, gainera. Bide batez esanda, bururatzen zait argumentu horrek gaztelaniarako ere balio beharko lukeela, zeren, mundu guztiak ei dakienez galletaginak andreak zirela, ba, zergatik ez jarri “Avenida de la Galletería” eta “Calle de la Carga” izenak kale horiei gaztelaniaz, “Avenida de las galleteras” eta “Calle de las cargueras” barik, lehendik Bilbon dauden Tendería, Sombrerería edo Cinturería kaleen moduan? Ala erdaldunak ez dira, euskaldunek omen behar duten bezala, zeharo irakurri eta jantziak Euskal Herriko udalerri guztietako historiaz, beren jatorria, adina eta interesak gorabehera? Hala, kendu emakumeen aipamen oro hizkuntza bietatik, eta arazoa konponduta: emakumeen ikusgaitasunerantz, emakumeen ezabaketaren bidetik. Baina hori bagenuen lehendik ere. Joan eta etorri, kapela gorri.

Itzultzailea naizenez, ondo jabetuta nago bi elementuren garrantziaz: bata testuingurua da eta bestea, pertinentzia. Testuan esplizituki adierazten ez dena, testuinguruak adierazten du sarri, baina kaleen plaketako testua inon den testurik deskontestualizatuena da, eta bertan adierazten diren hitzek eraman behar dute adierazi nahi denaren pisu guztia. Horregatik eransten zaie askotan aposizio argigarri bat pertsonen izenak daramatzaten kaleei –adibidez “Agirre lehendakaria” edo “Etxaniz suhiltzailea”–, batzuentzat oso jakina izango delako nor eta zer ziren, baina askorentzat, batez ere haien garaikide ez direnentzat, berriz, ez. Bestalde, pertinentziak esaten digu zer den testu bakoitzean nabarmendu beharreko informazioa, eta zer isilpean uztekoa. Esaten badut "Bero da, kenduko dut Louis Vuitton jaka", esaldi hori desegokia izango da, pertinentea ez den informazio bat nabarmentzen ariko naizelako. Aldiz, esaten badut "Louis Vuitton jaka zeraman, garestia" markaren aipamena guztiz pertinentea izango da.

Kaleen izenek, besteak beste, historia erreskatatzeko eta ezagutzera emateko balio behar dute, auzotarrei eta bisitariei, irakurri dutenei eta ez dutenei, zaharrei nahiz gazteei. Aitorpena izan behar dira, baina baita testigantza eta oroigarria ere. Aipatutako ogibideak feminizatuak zeuden, eta horixe da, hain zuzen, izen horiekin nabarmendu nahi dena: ez da bidenabarreko ñabardura bat, zeharo pertinentea den informazio bat baizik, kolektibo horixe omendu gura baita. Eta justiziazkoa da euskaraz ere ikusgai jartzea, bereziki belaunaldi berrientzat. Euskarak badu horretarako baliabide jator, klasiko eta errazik. Arazoa ez da linguistikoa. Pentsatu beharko dugu beste bat dela orduan.

Ana Morales

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-23 | Iñaki Lasa Nuin
Gizakia kosmosa da

Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere.

Udako solstizioan, egunez eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren... [+]


2025-07-23 | Josu Jimenez Maia
Marokoren estrategia zahar-berritua

"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.

Kezka, ezinegona eta... [+]


Txorimaloei mokoka

Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.

Miope bezain itsu,... [+]


2025-07-23 | Patxi Saez Beloki
Euskara gara

Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.

Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]


2025-07-22 | Kote Camacho
Aurtengo baraualdirako jada hamalau lagunek eman dute izena

Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.

Aurten,... [+]


2025-07-22 | Nagore González
Maite ditugun pertsonen heriotza

Zenbat min jasan dezake bihotz batek?

Zenbat aztarna sentitu dezake azkenengo bihotz-taupadara arte?

Jaiotzen garenetik, min desberdinak sentitzen ditugu. Desilusioak eta arazoak, gero eta helduago garenean, orduan eta jasanezinagoak bihurtzen dira.

Jolasa bukatzea... [+]


Banketxeen mozkinak eta ustezko ezinak

Askotan hitz egin izaten da (dugu) banketxeen inguruan, kritika askoren jo-puntuan jarriz behin baino gehiagotan. Inor gutxi ezagutzen dut banketxeei buruz zerbait txarra esan ez duenik… baina, era berean, inor gutxi ezagutzen dut banketxeen zerbitzurik erabiltzen ez... [+]


Eguneraketa berriak daude