Ba al dakizu nor den Ruben Sax?

  • Judu errusiarren familia batean jaioa, Ruben Sax ez da ezaguna bere benetako izenarengatik. Richard Brooks esanez gero, beharbada gehixeago. AEBetako zuzendariari atzera begirako zikloa eskaini diote aurtengo Donostiako Zinemaldian. Apur bat itzalpean egon den autore klasikoa ezagutzeko aukera ona izango da.
Richard Brooks
Richard BrooksRoland Godefroy / CC-BY-SA
Bi bizitza izan zituen: aurrenekoan izan zen kazetari, gidoigile eta idazle; bigarrenean, zine zuzendari; eta tartean, soldadu. 1912an Philadelphian sortu zen Richard Brooks, eta unibertsitateko ikasketak finitu ondotik kirol kazetari aritu zen hainbat egunkaritan. 1930eko hamarkadan New Yorkera aldatu zen, NBC telebista katearentzat lan egiteko. Baina beste har batzuk zeuzkan Brooksek erraietan, eta ez zen denbora asko pasa Pond antzokian aurreneko obrak zuzentzen hasi zenerako. Gustatu mutilari, eta maletak prestatzen ari zen handik gutxira, Hollywoodera joateko. Buxet txikiko filmetan jardun zuen gidoilari, II. Mundu Gerra hasi eta marine joan zen arte.

Mila esker, Cary

Gerratik bueltan erakutsi zuen, pixkanaka, barruan zeukan talentua: 1945ean The Brick Foxhole nobela argitaratu zuen, marine batzuen atzaparretan hiltzen den gizon homosexual baten istorioa; eta bi urteren buruan film bihurtu zuten, Crossfire, Edward Dmytryk-ek zuzendua. Baina gizon homosexualaren partez, judua bihurtu zen marineen biktima. Ezin jakin aldaketa horrek eraginik izan zuen, baina Brooks filmak zuzentzearekin egoskortu zen. Eta 1950ean, Cary Granten tamainako aktoreak baiezkoa eman zion. Baietz, parte hartuko zuela Crisis pelikulan. Baietz, Brooksen aurreneko filma zen arren. Granten sonak zuzendari ezezaguna aupatu zuen, eta bi hamarkada distiratsu hasi ziren Brooksentzat.

Philadelphiakoak berehala utzi zuen argi bazeukala eskua aktoreak zuzentzeko. Cary Grantek filmean jokatzen zuen pertsonaia hasieran pentsatutakoa baino ilunagoa bihurtu zen, adibidez, Brooksen erabakiz. Baina 1955eko Blackboard Junglerekin erakutsi zuen zertarako gai zen. Esan liteke genero bat asmatu zuela istorio horrekin: bere lanaren garrantziaz jabetzen den irakaslea auzo txar bateko institutu negargarrira iristen da; ikasleek ez diote kasurik egiten, indarkeria eta kaosa dira nagusi, eta are okerragoa dena: inork ez du uste gauzak hobetu daitezkeenik. Baina maisuak, metodo berritzaileak erabiliz, kalekume galduei aukera berriak erakutsiko dizkie. Brooksen filmaz geroztik sarritan errepikatu da istorio bera: 1980ko hamarkadan Class of 1984; 1990ekoan Dangerous Minds; edo, duela urte bi, Freedom Writers. Eta, dena esan behar bada, elefantea inurriekin konparatzen ari gara, berriagoak diren film horiek ez baitute lortu aurrenekoaren pare jartzea ia alderdi bakar batean ere.

Literaturaren itzalpean

Blackboard Jungle gidoi onenaren Oscar sarirako izendatu zuten, baina ez zuen irabazi. Trukean ordea, filmak eman zion zinema munduari saria: Sidney Poitier gaztea, pelikula horretan jokatu zuen bigarren mailako rolari esker egin zen ezagun. Esan dugu, Brooksek bazeukan eskua aktoreentzako. Horregatik pasa ziren bere eskuetatik onenak: Bette Davis, Rock Hudson, Burt Lancaster, Paul Newman, Elizabeth Taylor...

Eta, orduan, zergatik ez da hain ezaguna haren izena? Asko izan daitezke motiboak, baina harrigarria gertatzen da Cat on a Hot Tin Roof edo In Cold Blood bezalako maisulanak zuzendu dituen gizonari buruz sobera ez idatzi izana. Aurten, Zinemaldiko atzera begirakoaren kariaz argitaratuko duten liburua izango da berari buruzko testu sakon bakarrenetarikoa. Lehenago Patrick Brionek frantsesez idatzi zuen lan bat, 1986an. Gainerakoan, basamortua.

Arrazoia? Litekeena da Brooksen literaturzaletasuna izatea. Filmografia hartu eta aurreneko begi kolpean ikusten da zenbat obra literario egokitu zituen zinemarako. Eta ez edozein, alajaina: Fiodor Dostojevskiren nobelatik abiatuta egin zuen The Brothers Karamazov; Joseph Conraden Lord Jim egokitu zuen; baita Truman Capoteren In Cold Blood ere, beharbada Brooksen lanik onena. Tennesee Williams ere gustuko izan zuen. Haren testuak pantailaratu zituen Cat on a Hot Tin Roof eta Sweet Bird of Youth filmetan. Ez dugu hemen eztabaida inozo bat sortu nahi, galdetuz zer diren hobeak, jatorrizko nobelak ala Brooksen egokitzapenak. Eztabaidaezina zera da: aipatutako literatur lanak filmak baino lehenago egin zirela ezagun. Oso ezagun, kasu batzuetan. Askoz lehenago, beste batzuetan. Ez zeukan erraza Brooksek, pelikula on bat egiteaz gain jatorrizko testuari fidel izaten, lanean ari zen bitartean Dostojevskiren edo Conraden mamuak inguruan hegaka zituela.

Oscar saria eta gainbehera

1960ko Elmer Gantry pelikularekin lortu zuen Brooksek Oscar saria. Beste lau alditan ere izendatu zuten, lan hobeekin beharbada, baina urrezko estatua gehiagorik ez zen izan berarentzat. 1970eko hamarkadatik aurrera pelikula gutxiago zuzendu zituen, eta tartean perlaren bat edo beste baldin badago ere –1975eko Bite the Bullet westerna adibidez–, ez zion aurreko hogei urteetan izandako mailari eutsi. 1985ean Razzie sarietarako –urteko pelikula txarrenak saritzen dituzte– lau izendapen lortu zituen Brooksen Fever Pitchek. Hura izan zuen azken filma. Bukatzeko modu txarra, inondik ere. Ruben Sax handik zazpi urtera hil zen, 1992an, 79 urterekin. Berarekin batera joan zen Richard Brooks handia ere.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Zinemaldia
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude