ZAD: herria errotu

  • Lehen aldiz defendatu beharreko Notre-Dame-des-Landeseko eremura datorrena, zenbait oren iragan eta hango harat-honaten berri jakin ondoan zinezko libertate baten sentimenduak hartzen du.


2018ko urtarrilaren 29an - 10:51
ZAD-k otsailaren 10ean, NDDL-en antolatu mobilizazio-bestarako afixa.

Bat bederak eta taldean, dena egin daitekeelako mentura azkar bat. Nehongo barrandarik ez da sendi NDDL-ko ZADeko berroen arte hartan. Poliziaren, administrazioaren, hots estatuaren gaineko so eta presiorik ez. Azken urteetan, aireportu asmoa zela kausa hango lurrak eta utziak izan ziren etxeak bete, okupatu eta baliatzen dituztenek plantan eman bizigune, etxola, landa, baratze, gasnategi, ogi ehoegi, zurgintza ateleria, liburutegi eta kanton ikustean, gogoa pizten du. Dena haizu dela ikus daiteke, borondatearekin, laguntza eskatuz auzokoari, ardurak hartuz eta banatuz. Alabaina, aireportuaren kontrako borrokan, baina ere lan legearen, etorkinen sostenguz eta, nolaz ez, ZADeko bizian errotzen ibili suharrenen erranetarik eraikitzen den sentimendua da; baina, jendarte amestu baten irudikatzetik baldin badu kotsia, egiatik ere badu horretan bermatzen direnentzat.

Euskal Herritik hara joan den lagun andanak harremanak egin eta hango eremu sortzailean franko ikasi du. Baina beste errealitate bat ekarri dio ere hango pentsaketa politiko, kultural eta sozialari

Bistan dena badirela gatazkak; bistan dena askatasun horrek afrontuak, kopetakeriak ekar ditzakeela; bistan dena bereber egon nahi denaren eta denen arteko ametsa saiatu nahi duenaren artean gaizki-ulertzeak gerta daitezkeela. Baina elikadura eta ideien borrokan hainbeste urte horietan ezagutu duen burbuilaz gain, jendeen arteko beste gisako harreman baterako esperimentazioa izan da ZAD. Estatu-nazioek zedarritu arauetarik kanpo beste elkarbizitza mota baten ametsa espresatzen dute ideia politikoa gorpuztu nahi duten “okupatzaileek”. Hinki-hanka baina beti zerbaixka aitzinatuz, umiltasunez, herrixka baten izarian, “komun” baten gisa -eleetan maiz entzuten den erreferentzia-, bestelako jendarte molde hori finkatu nahiz Nantes eskualdeko berroalde heze hartan. Frantses gobernuak aireportu proiektua baztertu du, hondarrean, baina beste partida bat hasia du geroztik bestelako jendarte horren kontra. Ikusi beharko zer amarru apailatuko duen zadisten kanporatzeko. Burgesiak bere interesen alde egituratu Estatuak ez baitiro jasan bere kontrolpetik eta, oroz gain, merkatutik lekora bizi daitekeena. Dena eginen du berriz ere kortxilaratzeko. Eta horretan da otsailaren 10eko NDDL-en antolatu mobilizazio-bestaren funtsa. Denen artean bat egin, azken urteetan xutik eman diren xede eta esperientzia guzien defendatzeko, errotzeko. Ginarrien erakusten ari da estatua bere armaden larderia aitzinatuz baina buru egin dakiokeela erakutsi du ZADak lehenago ere.

Ambazadaren parada

Euskal Herritik hara joan den lagun andanak harremanak egin eta hango eremu sortzailean franko ikasi du. Baina, beste errealitate bat ekarri dio ere hango pentsaketa politiko, kultural eta sozialari. Zazpi euskal lurraldeetarik jin jendea komunitate baten gisan agertu zaie ZADeko batzarri egileei, euskaraz ari den jende multzo bat, baitezpada elkar ezagutzen ez zuena horra arte; bere zorroan borroka bat(zu)en karga eraman duena hara. Eta esplikatu behar anitz, defendatu mintzairarena, herri izatea, gehienetan belarri interesatua atzemanez parean. Frantz Fanonek esplikatzen zuen ongi estatu kolonizatzaileko herritarrak ere burua kolonizatua duela oharkabean. Estatuaren kontrako zadista jakitunak ere frantses nazionalismoaren herexak bere baitan dauzkala ikus dezake herri menderatuko edozeinek. Horregatik ere badu munta iragan udan xutik ezartzen hasi zen Ambazadak. Estatu-nazio inperialistek kolonizatu herriek bilgune bat pentsa baitezakete han, galkarika ari den eztabaida tupina den ZADan beste bizipena ekar baitezakete, batzuen usteak hautsiz eta elkar lauzkatzearen beharra haziz. Martxo bukaeran lasto eta buztinezko paretak jarriko zaizkio Ambazadari, lekuari elkarrekin gero baten emateko auzolanaren karietara. Bretainiako herri askapeneko lagunekin topatzeko parada izanen da bidenabar. Estaturik gabeko herriek ordezkaritza baten partez, bilgune bat izan dezakete NDDL-ko ZADan, hango herritarrekin batean.

Kamila Bideluze (Euskal Herria Zadista batzordeko kidea)

NDDL-ko ZADaren izenean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


Materialismo histerikoa
Merezita

Krisi existentzial dezente ditut inguruan. Nerabezaroa/gaztaroa itxurakerian pasa, antzezten helburu zutena pertsona onak (ona izanik justua, ez denari baietz esaten dion lerdoa) izatea, benetako bizitza bat bizitzea zela, are, iraultza egitea, eta, orain, berrogei urteak pasa,... [+]


Lokutorio greba Zaballan

Espainiako Estatuko espetxeetatik Euskal Herriratu gintuztenetik Zaballako espetxean komunikazioaren alorrean gabezia ugari topatu ditugu. Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono... [+]


Eguneraketa berriak daude