Utzi euskara politikakerietatik salbu!


2014ko irailaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 12:44
Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkue (Argazkia: Eusko Jaurlaritza)

Ondoren duzue erantzuna osorik:

"Euskarak behar duela tinko sinesten dugulako, lankidetza praktikatzen dugu Eusko Jaurlaritzan hizkuntza politikaren ardura dugunok, bai herri erakundeen alorrean, baita gizarte eragileekiko harremanetan ere. Eta lankidetzak, jakina, elkarrenganako errespetua, leialtasuna eta erantzukizun partekatua eskatzen ditu. Bestelakoa da, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundian (GFA) euskararen ardura dutenengan gero eta nabarmenago antzematen dugun jarrera. Izan ere, azken hilabeteotan nabarmen ari dira Gipuzkoa plazako jauregitik aireratzen deskalifikazioa, hizkuntza politikaren aitzakian, Eusko Jaurlaritzaren jardueraren aurka.

Isilik jarraitu dugu lanean, eta elkarlanean, ez dugulako euskara bihurtzerik nahi “burruka toki ekaitzez betea”, Letek, Nafarroa gogoan, idatzita utzi zigunez. Egonarriak, ordea, badu mugarik, eta muga hori gainditu du Zigor Etxeburuak Argiaren abuztuaren 3ko zenbakiko elkarrizketan. Kritika erabat zilegitik harago –eta sentitzen dut hau esan beharra–, tartean, guztiz zilegi diren desadostasunek batere zuritzen ez duten gezurra erabiltzen baitu.

Kontratazio administratiboan hizkuntza irizpideak erabiltzeko arauari dagokionez, hauxe dio: “Jaurlaritzak ere esan zuen araua 2006tik zegoela, bai baina ez du inoiz aplikatu”. Ez da egia: gera bedi garbi esanda. Horixe araua aplikatzen duena. Ziur aski, ez askok nahi genukeen hedaduraz eta irismenaz. Baina urrats sendoak eman ditu Jaurlaritzak alor horretan, ez herenegun edo gaur, duela zortzi urte hasita baizik. Bidea ireki zuen: esaterako, gaur GFAk baliatzen dituen kontratazio administratiborako hizkuntza irizpideak Jaurlaritzak 2006an onartu zituenen hitzez hitzeko kopia dira. Alabaina, GFAko Euskara zuzendariak berak aitortzen du 3 urteko jardunaren ondoren, GFAk ere ez duela administrazio kontratuen %100ean hizkuntza irizpideak ezartzerik lortu. Zergatik darabil, hortaz, neurgailu diferentea bateko eta besteko lorpenez hitz egiterakoan?

Bestalde, GFAko Euskara zuzendariak, bere arau jardunari buruz ari denean, honela erantzuten dio kazetariari: “Gainera, orain arte genituen tresnak hobetu ditugu Aldundian bertan …/… 2009ko araudia nabarmen hobetu dugu”. Hori ere ez da horrela. Izan ere, Markel Olano diputatu nagusi zela GFAk 2009an onartu zituen bi foru dekretuak berak dira (bi hizkuntza ofizialen erabilerari buruzkoa eta euskararen erabilera planari buruzkoa) gaur ere GFAn indarrean direnak. Beraz, legealdia amaitzen ari da, eta EHBilduren foru gobernuak ez du aldatu GFAra sartu zenean indarrean zegoen euskarari buruzko foru araudi oinarrizkoena. Ez baita gauza bera hizkuntza politika menderatzaile hau errotik aldatu behar dugu, hizkuntza politika berria eta beregaina! aldarrikatzea, eta hainbestetan iragarria baina oraindik ere ezezaguna izaten jarraitzen duen politika alternatiboa garatzea diputazioaren neurriko erakunde batean.

GFAko zuzendariak zera dio baita ere: “Udal guztiek ez zituzten hizkuntza irizpideak ezarrita”. Hemen benetako nobedadea, ordea, Urquijo izan da, orain azaldu baita jada aspaldi samarretik toki askotan egiten zenaren kontra. Dagoeneko V. plangintzaldian gaude (administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko planei dagokienez) eta ia 20 urte daramatzate Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udal ugarik euskara planak onartzen eta gauzatzen, kolore guztietako agintariak buru direla. Horietako askotan, kontrataziorako hizkuntza irizpideak ezarri dira, Jaurlaritzaren 1997ko (17 urte) Dekretu baten babesean, hain zuzen. Euskara biziberritzeko ahalegin instituzionala aspaldikoa baita, ez da hasi ezker abertzalea Gipuzkoa plazako jauregiko bulegoetara iritsi denean.

Ez da egia, ezta ere, GFAk eta Uemak eskatuta eskaintzen dienik Eusko Jaurlaritzak udalei aholkularitza juridikoa. Aspalditik eskaintzen die Jaurlaritzak aholkularitza juridikoa, euskararen alorrean, beharra izan duten herri erakundeei, eta oso bereziki udalei, Eudelek eta Uemak ondo dakitenez. Eguneroko hitzezko aholkularitzaz gain, zenbat txosten ez ote ditu egin urteotan Jaurlaritzak udalentzako, ehunka! Jaurlaritzari kontu eske ibiltzea erraza da, baina hain zuzen ere kontratazioaren gai honetan, Gipuzkoan gertatu al da aholkularitza egokiaren adibidea? Zeren GFAk nolabaiteko aholkua eman die udalei, eta gero, Urquijo jauna bere errekurtso festa zeharo onartezinarekin etorri denean, GFA bera joan zaie hainbat eta hainbat udali gomendioa egiten, lehen berak aholkatutakoari jarraiki egindako hartan atzera egiteko. Aurrena Gipuzkoako udal guztietan hizkuntza irizpideak jartzeko prozesua martxan jarri eta zuzendu, bazen ordua-eta! bidetik jo eta gero, Urquijok ezpata atera duenean, Jaurlaritzari kontu eske, eskumena Jaurlaritzarena omen delako. Ez da erraza ulertzen. Esanak esan, Jaurlaritzak lanean jarraitzen du udalentzako laguntza areagotzeko egin beharrekoak egiten. Kontratazioaren gaian eskumena duten sailen eta HPSren arteko lankidetzaz ari da Jaurlaritza prestatzen kontratazioan hizkuntza-irizpideak ezartzeari buruzko instrukzio administratibo bat, halaxe erabaki zuelako Legebiltzarrak (EAJk eta PSE-EEk proposatuta eta, paradoxikoki, PPren eta EHBilduren abstentzioarekin). Edukietan ez ezik prozeduretan ere segurtasun juridikoa bilatu eta eskainiko du Jaurlaritzak, bere eskumenak baliatuz, baina udalenak errespetatuz. Ahal den neurrian, segurtasuna zor zaie, bai euskarari, bai udalei ere. Zuzendari foralak ondo dakienez, instrukzio hori HAKOBAri (Jaurlaritza, hiru diputazioak, Eudel, Uema, hiriburuetako udalak) eta Euskararen Aholku Batzordeko Lege-garapeneko batzordeari aurkeztuko zaie lehenik, koordinazio eta lankidetza praktikoaren lekuko.

Guztiarekin ere, GFAko Euskara zuzendaria are urrutiago doa aipatutako Argiako elkarrizketan: “Euskararen normalizazioak, administrazioan, ezin du joan borondatearen bidetik, horretan oso kritikoak gara Jaurlaritzarekin”. Jakin beharko luke Administrazioan ezartzen diren irizpideak arautuak direla, Eusko Legebiltzarrak edo Jaurlaritzak onartuak. Jakin beharko luke irizpide berdinak aplikatzen direla Administrazio guztietan, bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren eta erabaki zilegiaren arabera egokituak.

Norberaren jarduna eta besteena baloratzeko kalibre desberdineko neurgailuz ari da GFAko Euskara zuzendaria bere kritikagintzan. Adibidez, honela hasten du bere erantzuna, kazetariak aipatzen dionean herritarrei GFArekin harremana euskaraz nahi duten galdetu zitzaienean lortutako emaitza: “Legealdiko frustraziorik handiena izan da, teknikoki”. Norberarenak, antza, arazo teknikoak dira, edota zailtasunak. Besteenak (bereziki beste hori Jaurlaritza baldin bada), euskararekiko axolagabekeria edo ardura eza. Arazo teknikotzat jo beharko genuke, beraz, GFAren aurrekontuan, euskara gizartean sustatzeko deialdiek 2012tik 2014ra izan duten %4ko galera? Erantzukizun politikorik ez duen eta, are gehiago, azalpenik behar ez duen kontu teknikoa-edo ote da? Erakunde guztien kasuan al da hori horrela, edo GFArenean bakarrik?

Ulertzekoa da, jakina, denbora bat eskatzen duela aldarrikapen eta errebindikazio hutsetik kudeaketa politikora pasatzeak. Ez dela egun batetik hurrengora ikasten den zerbait. Baina ardura publikoak zorroztasuna eta besteekiko zintzotasuna eskatzen ditu, baita desadostasunean eta lehia jatorrean ere, gutxienez lankide nahi omen dituzunekiko.

Euskara biziberritzeko ahaleginak zerbait behar ez badu, hain zuzen ere, alderdikeria da. Behar du, hori bai, errespetua. Euskara gizartearen kohesiorako faktore garrantzitsua ere bada, eta euskal herritar guztion aldekotasuna eta atxikimendua behar ditu. Eta, hain zuzen ere, lankidetza da horien baldintza eta emaitza. Batez ere, lankidetza ezberdin pentsatzen dutenen artekoa denean. Lankidetza zintzo eta eraginkorrerako joko-arauetan kritikak eta desadostasunak badute, jakina, tokirik, baina gauzak benetan diren eta gertatu diren bezala aitortuta, manipulaziorik gabe. Egin dezagun politika euskararen alde, izan gaitezen horretan lankide, eta onar dezagun lehia politikoak ez duela justifikatzen euskara politikakerietarako erabiltzea".


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude