"Herritarren subkontzientean dago administrazioak ez duela euskaraz funtzionatzen"

  • Zigor Etxeburuak (Donostia, 1970) 2011n, legealdia hasi zenean, erronka bati heldu zion: 2015ean Foru Aldundiak zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko zituen. Badaki ez dela hala izango. Dena dela, ez du etsitzeko asmorik, argi dauka administrazioak euskararen normalizazioan herritarrentzako eredu izan behar duela.

"Legealdi honetan, sartu ginenetik, horixe esan izan dugu: euskararen erabilera arautzeko legeak egon badaudela, baina ez direla aplikatzen sarri askotan".Dani Blanco

Legegintzaldiko ekimen garrantzitsuenetakoa izan da kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak ezartzea, bai Diputazioan baita udal askotan ere. Zergatik da hain inportantea?

Instituzioek, egin behar dutena eginarazten dietelako enpresei. Legealdi honetan, sartu ginenetik, horixe esan izan dugu: euskararen erabilera arautzeko legeak egon badaudela, baina ez direla aplikatzen sarri askotan. Araudia ezartzeko bidea egin dugu. Gainera, orain arte genituen tresnak hobetu ditugu Aldundian bertan.

Zein tresna?

2009ko araudia nabarmen hobetu dugu. Gainera, udal guztiek ez zituzten hizkuntza irizpideak ezarrita, eta dinamika honi esker batu, lankidetza proiektu bat sustatu eta ari ez zena erakarri dugu. 

Irizpideak ezartzeak barrura eta kanpora begirako garrantzia duela diozu.

Kanpora begira gizarteari mezu argia transmititzen zaio: benetakoa da euskara normalizatzeko asmoa, ez gara traba praktikoekin uzkurtzen, eta bururaino eramaten dugu. Ez gara hitzetan gelditzen. Gizarteak ulertu du behingoz serio heldu zaiola gaiari.

Batetik, araudia betetzen ari zaretela diozu, eta bestetik, Espainiako Estatua helegiteak-eta jartzen ari da. Legea urratzen ari zaretela dirudi.

Gai honek alor sozioekonomikoa euskalduntzea eragiten du. Jendarteak egunero bizitzen duena normalizatzen du. Ez da hetereoa, bizitzako esparru arruntetaraino iristen da. Azken finean, enpresak zerbitzuak euskaraz eskaintzera behartzen ditu, eta horrek inplikazio handiak ditu. Enpresek langile euskaldunak behar dituzte, irudi korporatibo euskalduna, hau da, azken muturreraino sartzen da euskararen garapena.

Espainiako Estatuak gai horrek zein aukera ematen dituen oso argi ikusi du. Adostasun politikoa dagoela esaten da, baina euskararen normalizazioren ezarpena geroratu egiten da; beti da gerorako. Ustezko aldekotasuna dago, baina praktikara iritsitakoan trabatu egiten da. 

Lege marko bat baldin badago eta zuek hori aplikatu besterik ez baduzue egiten, zeri heldu dio estatuak kontra egiteko?

Berriz hasierara noa. Orain arte ez zen aplikatu, beraz ez du arazorik eman. Jaurlaritzak ere esan zuen araua 2006tik zegoela, bai baina ez du inoiz aplikatu, beraz ez du arazorik eman. Aldundian 2009tik dago. 2010ean kontratuen %40an ezartzen ziren hizkuntza irizpideak, gaur egun kontratuen %93an. Orain araudien talka sortu da aplikatu egin delako. Araudien talka zer da? Nahi baduzu, guk ere bistarazi dugun arazo bat dago: euskararen ofizialtasuna benetan zenbaterainokoa den. 

Zein daude talkan?

Estatuak dio kontratazioetan eskumen esklusiboa duela eta guk hemen daukaguna euskararen ofizialtasuna da. Indar politikoa dagoela ere argi dago. Kontratazioetan eskumen esklusiboa beraiek eduki arren, euskararen ofizialtasunarekin konbinatu beharko lukete. Azken finean, euskara “Espainiako” hizkuntza ofizialetako bat da.  

Eusko Jaurlaritzari babesa eskatu diozue.

Askotan eskatu ostean, HAKOBAren [Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordea] bilerara deitu zuen. Udalen beharrei erantzuteko eskatu zitzaion, izan zedila nolabait estatuaren aurrean defentsa egingo zuena. Apirilaren 8ko Euskararen Aholku Batzordean eskatu zuen Foru Aldundiak lantalde juridikoa lanean jartzea, eta oraindik ez dugu berririk jaso.

HAKOBA berriz batzartzeko eskaria egin dugu UEMAk eta Foru Aldundiak, bakoitzak bere aldetik. Berriz eskatuko dugu lantaldea osatzea eta udalei aholkularitza eskaintzea. HAKOBAren bilera uztailaren 30ean izango da. Jaurlaritza erabat geldi dago.

Ahoz babesa eman zien Aldundiari eta udalei.

Bai, baina praktikan ez da ezertan gauzatzen. Are gehiago, estatua kontratazioetako hizkuntza irizpideak salatzen hasi zen eta gero diru-laguntzetako hizkuntza irizpideak salatu ditu. Beste ildo bat ere abiatu du: informazioa euskara hutsez bidaltzen duten udalei berari elebitan bidaltzea exijitzen hasi da.  

Hiru fronte ditu irekita.

Bai, hiru, eta Jaurlaritzak badaki.

Aholkularitza juridikoa eskatu diozue.

Euskararen Aholku Batzordean  badago lantalde juridikoa, baina bertako kide batek esan zidan beraien lanaz gain, Jaurlaritzako ekipo juridikoek beraien txosten juridikoak prestatu behar lituzketela eta martxan jarri.

Jaurlaritzak, nolabait esateko, udalak bakoitza bere defentsa antolatzen utzi ditu eta ez zaigu iruditzen udal batzuen arazoa denik. Euskararen Legea, ofizialtasuna aplikatzetik datozen oztopoak dira. Gainera, ez gara joan Euskararen Legetik harago. Tolosako Udalak edo Beizamakoak defendatu behar du euskararen ofizialtasuna epaitegietan? Ala ardura hori daukan erakundeari dagokio hori egitea? Normalizazioaren eskumena Jaurlaritzarena da.

Enpresek nola erantzun diote kontratazioetarako irizpideak gauzatzeari?

Ez da egon kezka negatiborik; kontrakoa, jasotzen ari garen mezu guztiak positiboak dira. Enpresa askok  euskararen aholkularitza enpresetara jo dute euskara planen berri jasotzeko, baita euskaltegietara informazio bila ere. Datu objektiboak daude: Azken bi urteetan Bikain ziurtagiriak bikoiztu egin dira Gipuzkoan; 2013an, Bai Euskarari ziurtagiriak 40 eragile berri batu ditu Gipuzkoan. Urte berean, Gipuzkoako euskaltegietan 500 ikasle berrik eman dute izena. Zeharkakoagoa da azken ondorioa, euskara ikasteko diru-laguntzek gora egin baitzuten,  baina badakigu Bizkaian eta Araban Jaurlaritzaren beka egon arren euskara ikasleak galdu egin direla.   

Herritarrei galdetu diezue ea Aldundiarekin harremana euskaraz nahi duten. Ogasunarekin adibidez. Zein izan da emaitza?

Legealdiko frustraziorik handiena izan da, teknikoki. Herritarren hizkuntza hautua errespetatu behar dugula argi daukagu eta horretarako haien hautua ezagutu behar dugu. Hori egiteko modua bilatu behar genuen. 2012ko errenta kanpainan galdetu zitzaien herritarrei hizkuntza hautuaz. Zer gertatu zitzaigun? Ogasunak galdetu zuela, eta gainerako departamenduek ezin dugula erabili informazio hori, herritarrek baimen zehatza ematen ez badigute. Bigarren galdera egin behar izan genuen, ea baimena ematen zigun datu hori gainerako sailei helarazteko. Horrek zeharo hondatu zuen urratsa.

Zergatik?

Ogasunari 50.000 pertsonek esan zioten euskara hutsez nahi zutela harremana, baina bigarren galderari ez zioten berdin erantzun, jendea kikildu egin zen. Zuzendu ahal izateko lanean dihardugu, baina ez da berehala etorriko. Teknikoki konplikatua da. Aldundiak berak galdetu beharko lieke herritar guztiei eta eskuratutako informazioa sail guztiekin egiaztatu beharko luke.   

Oraingoz beraz, herritarrek Ogasun Sailari emandako erantzuna daukazue.

Oso ondo atera da. Bikoiztu egin da euskara hutsezko harremana nahi duten herritarren kopurua [50.000]. Dena dela, errenta aitorpena 400.000 herritar inguruk egiten du. Oraindik urruti gabiltza. 

Zuk diozu administrazioaren jarrerak eredu izan behar duela.

Mezu kontraesankorrak ematen ditugu bestela. Inkesta soziolinguistikoa eta mapa soziolinguistikoa argitaratu dira aurten eta esaten da euskal autonomia erkidegoa geroz eta euskaldunagoa dela. Erabilera neurri berean ez doala ere esaten da, eta herritarrari leporatzen zaio ez erabiltzea. Zer eta administrazioak ez duenean bere burua euskalduntzen gizartea euskalduntzen ari den erritmo berean. Administrazioa behartuta dago euskara erabiltzera eta ez du erabiltzen. Beraz, herritarren subkontzientean dago administrazioak ez duela euskaraz funtzionatzen, gizarteak ez duela euskaraz funtzionatzen. Normala hori da, anormala euskaraz funtzionatzea da. Hori puskatu egin behar da. Administrazioak eredugarri izan behar du, hasteko legez hala dagokiolako, eta gainera erreferente sozial garrantzitsuenetakoa delako. Tiratzailea da, traktorea da, bere atzetik daramatza enpresak, norbanakoak, erakundeak… inplikazio handiak ditu administrazioak euskalduntzean.  

Legealdia bukatzerako zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko zenituztela esan zenuten. Noraino heldu zarete?

Beste gauzen artean, araudia aplikatu dugu, eta berriro diot, pellokeria ematen du baina aplikatu egin behar da. Jendaurreko lanpostuen zerrenda egin da eta lehen mailako eta bigarren mailako harrera zehaztu da. Zeren askotan gai hau mostradorera mugatu izan da edo erakundeetako sarreretan egoten diren langileetara. Herritarrek zerbitzua solairu guztietan hartzen dute. Ikuspegia orokortu egin behar da, herritarrekin harremana duten langile guztiek izan behar dute euskaldunak.

Jendaurreko lanpostuen mapa egiteaz gainera, jendea lanpostuetatik mugitu dugu; gaituta ez dagoen langileak ezin du egon jendaurrean. Eta mugitzerik izan bada, beti ezin izan da, batzuetan ordezkatu egin dira. Horrekin batera, trebakuntza berezitua egin da. Ez dugu langilea bakarrik utzi. Adibidez, Segurako aterpetxean sukaldariekin eta sukaldean ari diren langileekin trebakuntza saio berezitua antolatu da, ez euskalduntzeko, baizik eta han ibiltzen diren gazteekin jarduera zehatz horretan euskaraz egiteko.

Eta gero langile berrien arloa dago. Gaur egun ezin dira deialdi publikoak egin, baina langileak hartu daitezke. Langileok euskaldunak izango direla bermatu behar da eta sistematikoki ari gara hori egiten. Hizkuntza eskakizunak ezarri dira. Herritarrentzat alde positiboak ditu jakina, baina alde negatiboak ere baditu. Gaituta ez dagoena eta lan poltsan egon dena orain kanpoan geratu da. 2012ko errenta kanpainarako, 80 laguneko taldeari EGA edo Hirugarren Hizkuntza Eskakizuna eduki beharra ezarri zitzaion. Ordura arte lan horretan aritu zen langile taldeak epaitegietan salatu zuen. Epaitegiek arrazoia eman digute.

Euste-horma jarri behar da, ezin dute sartu bere lanerako hizkuntza gaitasunik ez daukatenak. Ezin da utzi gerorako, lanean hasi eta gero euskara maila lortzekotan.

Zer dago egiteko?

Langileen hiru laurdenak badauka bere lanposturako hizkuntza eskakizuna. Beste batzuk salbuetsita daude edo lanpostua ez dago beteta. Alde horretatik oso posizio onean gaude, baina badaude zailtasunak dituzten sailak: adinean gora doazen langileak daude taldeetan, eta beraz, badira sail batzuk beste batzuk baino erdaldunagoak. Haiek jubilatu arte itxaron beharko da.

Zailena Gizarte Politika Saila izango da. Kanpoko enpresek zerbitzuak eskaintzen dituzte, adibidez, zaharren egoitzek. Langile asko dira. Egun batetik bestera ezin ditugu euskaldundu. Hizkuntza irizpideak ezarri ditugu kontratazioetan, baina aldaketa ez da egun batetik bestera lortuko. Bestalde, Foru Aldundiak udalek gestionatzen dituzten eguneko zentroak bere gain hartzeko konpromisoa hartu du. Zentroak hartzen dituen momentuan langileak ere hartu beharko ditu.

Beraz, aurreratu dezaket ez garela helduko inolaz ere jarritako helburura. Kontziente ginen hartzen genuen epea estuegia zela, baina beharrezkoa ikusten genuen epea jartzea gure burua behartzeko. Erritmoa ez du norberaren erosotasunak edo gogoak markatu behar, baizik eta herritarrari zor zaion helburuak. Euskararen normalizazioak, administrazioan, ezin du joan borondatearen bidetik, horretan oso kritikoak gara Jaurlaritzarekin.

UEMArekin hitzarmena egina duzue. Euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan lehentasunezko trataera eman behar zaiela diozue. Zergatik behar dute lehentasunezko trataera? Kezkatzeko zerbait ari al da gertatzen?

Bai. V. Mapa Soziolinguistikoak eta V. Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi dute erdalduntzen ari direla euskararen arnasguneak. Kezkatzekoa da. Legealdiko lehenengo hitzarmen publikoa huraxe izan zen, UEMArekin eta Kontseiluarekin egin genuena, arnasguneen eremuan lan egiteko, haiek zaintzeko eta babesteko intentzioz. Arnasguneak euskararen sostengua dira, herri horietan, esparru horietan dago euskara osasuntsuen. Eredu dira. Beraz, funtsezkoa da horiek beren ezaugarriei eustea. Gure lehenengo asmoa, horretan ere euste-horma ezartzea izan da, ez kaltetu dagoena, zaindu, ez eragin atzerapausorik egungo egoeran. Are gehiago, hobetu, hedatu eta indartu.  

Euskararen normalizaziorako zenbateko diru-zakua beharko luke Diputazioak, iritsi nahi duen tokira heltzeko?

Erantzungo diot galderari, baina utzidazu lehenagoko kontu bat aipatzen. Neure buruari eta neure kideei ere esaten diet, ez da airera botatzen dudan kontu bat: euskararen aurrekontuetan dauden gaiak ordenatu egin behar dira behingoz. Gaur egun, oraindik ere, oro har administrazioetan, kulturakoak diren gauza gehiegi ditugu euskararen normalizaziorako aurrekontuetan. Ezin dugu jarraitu gure aurrekontuetan kontuan hartzen literaturaren sustapena, bertsozaletasuna… eta beste (eta ez naiz inoren kontra ari). Jakina euskararen normalizazioan zeresana daukatela, baina kultura kultura da. Kulturan egon behar liratekeen hainbat gauza liberatzen baditugu gure aurrekontutik, beste puskatxo polit bat edukiko genuke.

Egia da euskarari %2 eman behar zaiola aldarrikatzen ari garela. Nik ez dakit %2 izan behar duen. Lehenengo ordenatu egin behar dugu, eta gero %1, 1,5 edo 2 izan behar duen adostuko dugu. Gaur egun 0,8an gaude. Argi daukat diru gehiago behar dugula eta gure gobernuari eskatu diot ahalegin hori egin dezala. 

Gehiago zenbat da?

Gure aurrekontuan beste milioi bat ederki sartuko litzateke. Zer esanik ez bi milioi, baina errealista izanda, uste dut gure aurrekontuak beste milioi bat behar duela. Era berean, kultur eremuaz esandakoa, gutxienez milioi erdi euro ez dago egon beharko lukeen tokian.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude