Mikel Peruarenak uko egin dio Euskadi Literatura Sariari

  • Mikel Peruarena Ansaren Su zelaiak (Susa) nobelak irabazi du aurtengo Euskadi Literatura Saria euskarazko atalean. Ereñotzuko idazle eta kazetariak uko egin dio sariari.


2015eko urriaren 08an - 10:10
Mikel Peruarena Ansa, 'Su zelaiak' nobela aurkeztu zuen egunean.

Berrian lan egiten du Peruarenak eta medio horretan Juan Luis Zabalak argitaratu duenez, Su zelaiaken egileak epaimahaikideei eskatua zien bere lana "sarietatik kanpo uzteko".

Ukoa azaltzeko, lehenago jasotako 111 Akademiaren sariarekin izandako bizipenak aipatu zituen Peruarenak gutun horretan: "Sari harekin bizitu nuen desosegua biderkatuko litzaidake parte hartuko banu".

Zortzi urte "Utikan Euskadi Sariak" manifestutik

2007an Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatu zutenen artean dago Peruarena. Urte hartako urtarrilean, Jon Alonsok Euskadi Sariak erabakitzerakoan izandako zenbait irregulartasun salatu zituen ARGIAren Euskal Kulturaren Urtekarian.

Artikulu horren ondoren hainbat idazlek adierazi zuten ez zutela nahi Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen sari horietan euren lanak kontuan hartzerik.

Geroztik saiakerak izan dira sariaren izaera aldatzeko. Berbarako, PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako agintea hartu zuenean, Euskadi Sariek lehiaketa baten itxura hartu zuten, baldintza gisa jarri baitzuten idazleek aurkeztu behar zituztela euren lanak sarituak izan ahal izateko.

Azken legegintzaldian sariketa izaera berreskuratu du, baina ez dirudi arazoa guztiz konpondu denik, aurtengo irabazlearen ukoa ikusirik.

Joxe Azurmendirentzat saiakera alorreko saria

Historia, arraza, nazioa (Elkar) saiakerari esker irabazi du Joxe Azurmendi filosofoak saiakera alorreko Euskadi Saria. Ernest Renan saiakeragile frantsesaren obra aztertu du lan mardul horretan Zegamako intelektualak.

Euskarazko haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Saria Yolanda Arrietak irabazi du, Argiaren alaba lan autoeditatuarekin. Gaztelaniazko literaturan, Martin Olmosen Escrito en negro eleberriak irabazi du.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadi Sariak
Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte Getxoko Muxikebarrin

Ondorengoek irabazi dute euskarazko kategorian: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Billelabeitia, Maialen Berasategi, Joxe Mari Berasategi eta Joseba Larratxek.


Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategik irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

Aita-alabek Abdulrazak Gurnah-en Paradisua liburua itzuli dute euskarara. Tanzaniarrak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2021ean. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria jaso du Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz lanagatik.


2023ko Euskadi sariak irabazi dituzte Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxek

Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanak saritu ditu epaimahaiak Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan hurrenez hurren. Oraindik beste lau irabazle daude jakinarazteke.


2022-10-13 | ARGIA
Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat Euskadi Literatura Sariak

Euskarazko Literatura saria jaso du Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' ipuin bildumak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Bilbaoren 'Barruko hotsak' albumak, eta Literatur Lanaren ilustrazioaren saria Mutuberriaren 'Irrimola' lanak.


2021-10-20 | ARGIA
Banatu dituzte Euskadi Sariak kategoria guztietan

Urriaren 14an jakianrazi zituzten sarietuetako zenbaiten izenak, eta asteazkenean eman dituzte ezagutzera gainontzekoak. Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi, Joxan Elosegi, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz, Txani Rodriguez eta Javier de Isusi dira 2021eko edizioko sarituak.


Eguneraketa berriak daude