Oiartzunen lurra lantzen hasi da Elika kooperatiba, uzta jasotzeko

  • Elika kooperatibako kideak dira Jakobe Beramendi eta Ioritz Mitxelena. 10 pertsonak osatzen dute Oiartzunen kokatutako proiektu hau. Ioritz eta Jakobe ekoiztera zuzentzen diren bitartean, beste zortzi kideak diru kontuetaz eta burokraziaz arduratzen dira. Oiartzungo Udalak alokatutako lurretan jarri dute martxan proiektua eta udaberrirako ekoizpena merkaturatzen hasiko dira.


2017ko martxoaren 10an - 08:47
Elika kooperatiban Jakobe Beramendi eta Ioritz Mitxelena ari dira ekoizpen lanetan, beste zortzi kideren borondatezko lanaren laguntzaz. (Argazkia: Etxalde)

Oiartzunen baserri munduak izandako galeraren aurrean kezkaturik dauden 10 kidek osatzen dute Elika kooperatiba. Adibide gisa, 1930an herriko biztanlariaren %50a nekazaritzara dedikatzen zela aipatzen dute eta gaur egun %1 eta %2 artekoa dela. «Baserritarrarena lan esplotatuta, baliabide gutxirekin eta gaizki ordaindua» dela ikusten zuten eta horren aurrean zerbait praktikoa egin beharra zegoela pentsatu zuten, Ioritz Mitxelena eta Jakobe Beramendik azaltzen dutenez.

Lurbizi proiektuaren barruan, Oiartzungo Udalak, Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin batera, Kutxo baserriko bi hektarea alokatu zituen eta bi baratze proiektu ezarri dira bertan. Batetik Elika eta bestetik Arraztalo, Oiartzungo gaiso psikikoen elkartea. Jakobe eta Ioritzek aspaldi zuten gogoa «jefe barik» aritzeko, irribarrez esaten dutenez. «Gure kotuz lanean hasteko aukera da hau, proiektu berri batekin. Horrek erresponsabilitatea eskatzen duela ikusten dugu, baina ematen duen plazer hori ere hor dago».

Lan altruista

Mitxelenak gurasoengandik jaso du baserriaren inguruko ezagutza, beti izan dute baratzea etxean. Jakobe Beramendi jardineritzatik dator eta dioenez «txikitatik ikusi dugu lan gogorra dela. Orain Oiartzunen taldetxo hau sortu da, kontzientziarekin eta lan egiteko ilusioarekin». Elika kooperatiba 10 pertsonak osatzen dute eta bi langile ditu: elikagaiak ekoizteera dedikatzen diren Ioritz eta Jakobe. Gainontzeko zortzi kideen artean diruzaintza, arlo juridikoa, diru laguntzen arloa eta ekoizpena ez diren bestelako gaietaz arduratzen dira. «Guretzako oso ondo dago indar guztia ekoiztean kontzentratu ahal izatea. Horrelako proiektu batek burokrazia handia eskatzen du eta horretaz arduratu behar ez izateak ekoizpenean gehiago zentratzea ahalbidetzen du», azpimarratzen dute. «Benetan lan altruista egiten dute, horretan sinisten dutelako; gaur egun oso jende gutxi dago horretarako prest, benetan eskertzekoa da».

Joan den urrian lurra mugitu zuten, analisiak egin zituzten zer nolako lurra den jakiteko eta poliki-poliki negutegiak muntatzen joan dira. «Analisiak egin ondoren gomendio batzuk bidali zizkiguten. Goldatu, karea bota eta hilabeteko atsedena eman genion lurrari. Negutegiak erosi eta muntatzen ibili gara eta azaroa bukaeran lehendabiziko uzta jartzen hasi ginen».

10.000 metro eskas ditu lur sailak. Lau negutegi jarriko dituzte guztira eta gainontzeko azaleran kanpoko ortuariak landuko dituzte. «Ekologikorantz hartu nahi dugu bidea. Gertatzen dena da haziak lortzeko garaian zailtasunak ditugula eta hazi guztiak ez direla ekologikoak, baina bai ekoizteko teknikak eta erabiliko ditugun produktuak ekologikoak izango dira».

Ioritzen amarengandik jasotako irakaspenak asko baloratzen dituzte, «bere ama da irakasten ari zaiguna haziak jasotzen, gordetzen, ereiten… lasaitasun bat ematen du horrek», nabarmentzen du Jakobek.

Herrian izandako onespena positiboki baloratzen dute, «aurkezpena egin genuenean 120 pertsona inguru agertu ziren. Pozgarria da ikustea herriko jendeak nola hartu duen proiektua, adibidez baratze ondoan dagoen bidegorritik pasatzerakoan aiton amonek beraien gomendioak ematen dizkigute, bizitza osoan baratzean aritu dira eta beren ikuspuntua ematen digute, hori oso pozgarria da».

Eskaintza zabaltzeko asmoa

Izango duten ortuari eskaintzari buruz galdetuta, nabarmentzen dute orain arte «betiko bariedadeak» ezagutzen zituztela, baina eskaintza apur bat zabaltzeko aukera aztertzen hasi direnean, «konturatu gara barietate pilo bat daudela». Zentzu horretan, landare aromatikoen inguruan egin nahi dute apustua, «sukaldeko belarrak ere jarri nahi ditugu eta barazkien aldetik barietatea sortu eta genetika pixkat lantzeko asmoa dugu. Poliki-poliki hasteko intentzioarekin, baina sukalderako belarren inguruan saiatu nahi dugu, perrexila jarri daitekeen bezala menda, tomilloa eta antzekoak landu nahi ditugu».

Ekoizpena apirila edo maiatza bitartean prest izatea espero dute, lehen uzta jaso eta saltzen hastea. Merkaturatzeko garaian hiru bide planteatu dituzte. Alde batetik otzara bidez egitea pentsatu dute, bestetik Oarsoaldeko Labore ekimenaren denda erabiliko dute, eta hirugarrenik denda txikiekin ere jarri dira harremanetan. «Bide gorriaren ondoan gaudenez, jendeak bertatik erosteko asmoa ere agertu digu, baina momentuz aukera hori azkenerako uztea pentsatu dugu, aurretik besteetan zentratuz».


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza ekologikoa
Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


2024-02-19 | Garazi Zabaleta
Garroko Etxaldea
Herriko etxeak bultzatutako proiektua, laborantza biologikoan erreferente

2011n abiatu zuten Lekorneko Garroko Etxaldean laborantza biologikoko proiektua: “Lurrak Herriko Etxearenak ziren, eta bertako eta Herri Elkargoko hautetsiek sortu zuten proiektua”, azaldu du Argitxu Ithourria kideak. Laborantza biologikoa bultzatzeko helburuz abiatu... [+]


Agroekologiaren alde egiteko dei egin du Egurra ta Kandela baserritar ekintza kolektiboak

Nekazaritza eta abeltzaintza “errotik” aldatzeko trantsizio agroekologikoaren aldeko elkarretaratzea eginen dute, hilaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.


2024-02-05 | Garazi Zabaleta
Soronea
“Barazkiak prezio duinean saltzeko bidea dendan topatu zuen osabak”

Miriam eta Igone Saldias ahizpek baserriari eta familiako proiektuari eusteko apustua egin dute. Berrobiko Soronea baserrian barazkiak ekoizten dituzte eredu ekologikoan, eta Tolosako Soronea dendan saltzen, modu zuzenean.


Eguneraketa berriak daude