Ez Donibanen ez inon! Feministok prest!

  • Bi asteburu jarraian Donibanen bi eraso sexista izan ditugu. Lehenengo eta behin, indarrez eta elkartasunez betetako besarkada handia bidali nahi diegu gure auzoan erasoak jasan dituzten bi neskei. Zuekin gaude!

Gure plazetan intentsitate altuko bi kasu gertatzeak bereziki nahastu eta aktibatu gaitu. Donibane, zahartua dagoen eta aldi berean gau giro handia duen auzoa da. Bertan Iruñeko dantzaleku eta jai giroko pub eta taberna asko dago. Honen ondorioz, urte osoan astebururo jai eremu bilakatzen da, honek suposatzen duenarekin. Joan den udan herri eta auzoetako jaietan gertatutako eraso matxistak gogoratu besterik ez dugu. Festa giroan “denak balio duela” pentsatzeak eta alkohola edo drogak, jendarte honek transmititzen eta errepikatzen dituen balore eta jarrera matxistak agerian uzten dituzten desinhibitzaileak besterik ez dira.
Eraso hauek icebergaren tontorra baino ez dira, begi-bistan dagoen indarkeria. Baina uraren azpian eraso hauek eman daitezen eusten eta ahalbidetzen duen sistema ikusezina dago. Indarkeria zuzena kudeatzeko egungo testuinguruan ezinbestekoak diren laguntza neurriez eta baliabide judizialez gain arazoaren muinera jo behar dugu. Hau ez da konponduko erasotzaileak kartzelan sartuz, arazoa soziokulturala delako eta gakoa hezkuntzan dagoelako. Izan ere, jendartearen erdiak beldurrean, segurtasun ezan eta defentsa-gabezian oinarritutako heziketa jaso dugu, beste erdiak protagonistak izateko eta indarkeriaren eta boterearen monopolioa izateko heziketa jaso duen bitartean.

Eta gu nazkatuta gaude! Nazkatuta ezin garelako nahi dugun orduan kalean ibili. Nazkatuta zerbait gertatuko zaigun beldur garelako eta gainera horregatik gaizki sentitzen garelako. Nazkatuta gustura zauden ala ez kontuan hartzen ez duten lerdetsu nazkagarrien txapak jasan behar izateaz, gure gorputzak beren gogoa betetzeko eta epaiak jasotzeko ikusgai egonen balira bezala. Nazkatuta baimenik gabeko ukitzeez eta errespetu faltez. Nazkatuta gure ezezkoek baliogabetasunaz eta zure desioa nirea baino garrantzitsuagoa izateaz. Nazkatuta bortxatuak eta erailak izateaz eta gainera gure jokaera delako zalantzan jartzen dena, Nagore Laffageren kasuan bezala.
Indarkeria matxista emakumeok bigarren mailako herritarrak izateari uzten diogunean eta jendartean berdintasunean parte hartzen hasten garenean desagertuko da. Pobreziak emakume izena izateari uzten dionean desagertuko da, gure lanpostuak gutxietsiak ez direnean eta langabeziako zerrendetako lehenengo postuetan egoteari uzten diotenean desagertuko da. Zaintza eta etxeko lanetan emakumeok eta gizonak benetako erantzukidetasuna izatea lortzen dugun unean desagertuko da. Zaintza lan hauek guztiak erdigunean jartzen ditugunean, ekoizpena, independentzia eta lehiakortasuna baino gehiago baloratzen direnean eta interdependienteak garela onartzen dugunean desagertuko da. Gure irudia kontsumo objektu bezala erabiltzeari uzten diotenean, desiraren adierazpen guztiak onartzean eta gure identitateei eta gorputzei buruz askatasunean erabakitzeko aukera izatean desagertuko da.
Honengatik guztiarengatik, jendarte osoaren erantzukizuna da indarkeria matxistekin bukatzea. Auzoak eraso hauei eman dien erantzuna txalotu nahi dugu. San Juan Xar auzo lokalak auzoko beste eragile, elkarte, hezkuntza komunitate, peña, koadrila, dendari eta bizilagunekin batera eman duten erantzun sozialarengatik. Duela gutxi arte indarkeria matxistari erantzuna emateko feministok baino ez ginen mobilizatzen. Auzoek oro har egun batetik bestera mobilizatu, kartela egin eta deialdia egiteko gaitasuna zuten baina ez zen inoiz kasu hauengatik izaten. Aurrerapauso hau mugimendu feministak hamarkadetan jendartea kontzientziatzeko eta arazoaren jatorria agerian uzteko egindako borrokaren fruitua eta emaitza dela uste dugu. Herri honetan beste indarkeria mota batzuei eman zaien lehentasuna emateko garaia da.
Erantzun sozial anitza emateko auzo osoa mobilizatzea beste urrats bat da, baina indarkeria honekin bukatu nahi badugu, konpromisoak egunerokoa eta konstantea behar du izan. Bien bitartean, guk edozein indarkeria matxistaren aurrean geure burua defendatzen jarraituko dugu ahobero, zoro edo feminazi esaten badigute ere. Gure gorputzak, autoestimua eta bizitzak jokoan baitaude. Formazioa jasotzen, tresnak partekatzen, mugak jartzen ikasten, geure buruak errespetatzen eta errespetarazten jarraituko dugu. Ahalduntzen eta boteretzen, gure gaitasunak baloratzen eta autodefentsa feminista praktikan jartzen jarraituko dugu. Eta hau guztia elkarrekin era kolektiboan egiten segituko dugu. Emakume bat erasotzen badute guztiak erasotzen gaituztelako, aliaturik gabe hainbeste indarkeria jasatea eta bizirik irautea ezinezkoa delako eta elkarrekin indartsuagoak garelako. Larunbatean 18:00etan Golemetatik aterako den manifestazioan elkar ikusiko dugu. Gora borroka feminista!

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude