Armen esportazioan gardentasuna exijitu diote Espainiako Estatuari

  • Espainian opakua da arma esportazioa, eta ezkutukeria hori legediak bermatzen du gainera. Suhiltzaile baten intsumisio keinuari esker jakin genuen Bilboko portutik Saudi Arabiara armak bidali direla, baina normalena bidalketa horiez ezer ez jakitea da. Ez nondik, ez nori, ez zer. Ezkutukeria hori amai dadin kanpaina abiatu dute gobernuz kanpoko lau erakundek; gaiaz argitaratu duten txostena aurkeztu dute Bilbon.


2017ko irailaren 15an - 13:52
Intermon Oxfam, FundiPau, Greenpeace eta Amnesty Internationalek abiarazi dute Espainiak egindako arma salmentan kontrol zorrotzagoa eskatzeko kanpaina. (Arg.: Unai Brea)

Armas sin control: un oscuro negocio marca España (Kontrolik gabeko armak: Marca Españadun negozio iluna) txostena aurkeztu dute Greenpeace, Oxfam Intermon, Amnesty International eta FundiPau elkarteek, egunotan Bilbon dagoen Greenpeacen Esperanza ontzian egindako prentsaurrekoan. Kontrolik eta gardentasunik gabeko arma esportazioak eteteko eskatu dute lau taldeotako zuzendariek eta kanpainaren koordinatzaile Emilio Estévezek.    

Saudi Arabiara lehergailuz betetako 300 edukiontzi abiatu dira Bilbotik aurten, Estévezek gogorarazi duenez. Horregatik aukeratu dute Bizkaiko hiriburua txostena aurkezteko. Espainiako Gobernuko Merkataritza idazkariari helarazi diote, eta maiatzetik dute eskatuta harekin hitzordua, oraingoz erantzunik gabe.

“Txostenaren ondorio nagusia”, esan du Estévezek, “armen esportazioan dauden ezkutukeria eta kontrolik eza dira”. Hamar urte dira armen merkataritzan irizpideak ezartzen dituen legea indarrean dagoela Espainian, baina ez dago modurik irizpideok betetzen diren publikoki jakiteko. Hala, “baliteke Espainiako Estatua Yemengo gerran egiten ari diren krimenen konplize izatea”. Saudi Arabiak armak bideratzen ditu Yemengo gerrara. Espainiak 650 milioi euroko balioa duten armak bidali ditu Arabiara, ezin jakin zer irizpidetan oinarrituta.

Egunotan Bilbon dagoen Greenpeacen 'Esperanza' ontzian eman dute prentsaurrekoa. (Arg.: Luis Ferreirim)

Ezkutukeria hori aspaldiko bi arauk bermatzen dute: 1987ko dekretu bat, arma esportazioak baimentzen dituen ministerio arteko batzordearen aktak sekretu izendatzen dituena, eta dekretu horren oinarri den 1968ko Sekretu Ofizialen Legea. Bietan aldaketak egiteko eskatu dute lau GKEek. Haien esanetan, Espainiako Diputatuen Kongresuko taldeek kontrolatu egin beharko lukete armen salmenta; horretarako, esportazioa arautzen dituen legea behar bezala betetzen dela ikuskatzeko batzorde parlamentario bat sortzea eskatu dute.

Une honetan, Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko prozedura irekita dago, EAJk egindako proposamen baten ondorioz, baina tramiteak moteltzen ari dira PP eta Ciudadanos, prentsaurrekoan esan dutenez.

Krisi humanitarioa arindu beharrean, areagotu

Yemengo gerraren gordintasuna gogora ekarri dute lau taldeetako ordezkariek. Amnesty Internationaleko zuzendari Esteban Beltránek azaldu duenez, 5.000 inguru herritar hil dira eta beste 9.000 zauritu, besteak beste Saudi Arabako armekin eskola, erietxe, meskita eta abarretan egindako bonbardaketen ondorioz, eta Espainia horren konplize izan liteke. Navantia espainiar enpresa publikoa Arabiarentzat bost gerraontzi eraikitzeko kontratua negoziatzen ari dela gehitu du Beltránek.

Oxfam Intermoneko Jose Mari Verak Yemengo tragediaren zifrak eman ditu: 19 miloi pertsona –herritarren bi heren inguru– laguntza humanitarioaren menpe daude, zazpi milioi gosetea jasateko arriskupean, eta kolera epidemia, dagoeneko 2.000 lagun hil dituena, zabalduz doa. Yemendar errefuxiaturik ez da, ez baitago herrialdetik alde egiterik; lekualdatzeak herrialdearen barruan gertatzen dira. Irtetea zail, eta sartzea ez samur: Oxfamek ozta-ozta lortu du laguntza humanitarioko 35 tona material bertara eramatea. Horrekin alderatuta armak zer erraz iristen diren salatu du Verak.

Amaitzeko, gogorarazi dute igandean, hilak 17, elkarretaratzea egingo dutela Getxon, Bizkaiko Zubiaren alboko plazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera, “Ez dugu konplize izan nahi” leloarekin.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude