Ankarako atentatua: Erdoganek nahasmena behar du bozak irabazteko

  • Turkiako historiako atentatu larrienak (128 hildako momentuz) herrialdeko egoera politikoa gaiztotu du. Hauteskundeen gertutasunak, kurduen aferak eta Siriako gerrak atentatuen egileen eta hauen helburuen inguruko zalantzak sortu ditu, Simon Tisdallek The Guardian egunkarian azaldu duen bezala.


2015eko urriaren 12an - 11:20
Bi bonba zartarazi zituzten bakearen alde ezkerreko zenbait sindikatuk antolatutako eta HDPk babestutako martxa batean.

Oposizioak susmoa du hauteskundeen hurbiltasunak eta HDP alderdiaren aurka azken hilabeteetan egindako atentatuak kontuan izanda, Recyp Tayip Erdogan presidentearenen AKP alderdia babesten duten taldeak izan litezkeela arduradunak: Otso Grisak talde nazionalista edota segurtasun indarren baitan dauden eskuin muturreko pertsonak. Gobernuaren arabera aldiz, Estatu Islamikoa edo PKK izan litezke atentatuen egileak.

Hauteskundeak azaroaren 1ean izango dira. Erdoganek berriz deitu behar izan zituen, ekainaren 7koetan gehiengo absolutua galdu ostean. Ahmet Davutoglu lehen ministroak ezin izan zuen akordiorik lortu gainontzeko alderdiekin Erdoganen presioak medio. Presidentearen helburua orain arte izandako gehiengo osoa eskuratzea da, modu horretan botere gehiago lortzeko. HDP alderdi kurduak hauteskundeetan lortutako emaitza onak (botoen %13) eragotzi dio aspaldiko ametsa betetzea.

Ankarako atentatuak aurten izandako beste bi atentaturen antz handia du. Ekainaren 5ean bonba bat zartarazi zuten HDP alderdiaren mitin batean Diyarbakirren eta lau pertsona hil zituzten. Uztailaren 20ean berriz, 33 pertsona hil ziren Surucen kurduei elkartasuna adierazteko manifestazio baten aurkako atentatuan. Ikerketak oraindik irekita badaude ere, akusatuek Estatu Islamikoarekin harremana dutela uste da.

Siriako gerraren eragina

Siria bizilagun izateak eragin handia du Turkian. Alde batetik, Estatu Islamikoa kurduekin gerran dago Sirian eta Iraken. Bestalde, EIk Turkia ere etsaitzat du. Berriki Turkiak baimena eman dio AEBetako hegazkinei Incirlikeko basea erabiltzeko, eta Turkiak berak ere zenbait eraso egin ditu EIren aurka Sirian. Horretaz aparte, gerraren ondorioz bi milioi errefuxiatu hartu ditu Turkiak. Gobernuak uste du, horien artean EIko kideak egon daitezkeela, eta gizartearen zati bat erradikalizatu daitekeen beldur dira.

Haatik, Siriako gerraz ere baliatu da Erdoganen gobernua PKKren aurkako erasoak areagotzeko. Turkiako gobernuak “operazio antiterrorista” abiatu zuen, Estatu Islamikoaren eta PKKren aurka. Aire eraso gehienak ordea, PKKren aurka izan dira. Azkena asteburuan bertan: 49 ustezko PKK-ko ekintzaile hil ditu armadak.

Kurduen aurka boterea mantentzeko

Erdogani egotzi zaio kurduen eta gobernuaren arteko gatazka elikatu izana gizartea beldurtu eta boto gehiago irabazteko. Ekainaren 11n PKKrekin orain bi urte abiatutako bake prozesuak porrot egin ostean, gatazka berriz piztu zen.

Dagoeneko 150 baino gehiago dira hildakoak, eta askok 90eko hamarkadako liskarrekin alderatu dute.  Aire erasoez gain, Turkiako gobernuak operazio militar bat ere abiatu du, eta herri kurdu askotan etxeratze-agindua ezarri du.

Atentatuen ostean, “batasun nazionala, ausardia eta elkartasuna” hitzak erabili ditu Erdoganek. Atentatuak eta kurduen afera baliatuz, eta “segurtasunaren eta ordenaren” izenean, Erdoganek botere gehiago pilatzea du helburu datozen hauteskundeetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude