"Ez daukat gogorik horrelako apusturik berritzeko"

  • Mendizabal aizkolari entzuna da dudarik gabe. Azken aldi honetan askoz entzunagoa izan da, berriz, Mindegiarekin jokatutako apustu famatua dela medio. Eta egia esan proba berez ez zen makala: berrogeitamabi egur kanaerdiko eta sei kanako. Sekula ere ez zen jokatu hainbesterainoko apusturik, eta aurretik dexente aditua zen bukatu ere ez zutela egingo.

    Hala eta guztiz ere, jatorriz Adunakoa baina Leitzan bizi den aizkolari honek bukatu egin zuen lana lau ordu, hamabi minutu eta bederatzi segundutan. Marka hor dago, eta komentario gutxi egiterik dago horren aurrean. Utz dezagun kantxa libre Mendizabalen beraren hitzak entzuteko.

1983ko otsailaren 06an
Nola bururatu zitzaizuen horrelako tronko pilo ikeragarriarekin hastea?

Duela urte pare bat hasita, elkarren teman, hark ere burla egiten zidan askotan, eta nik obeditu nahi ez, erdi aukeran behintzat, eta egur handitan eta erdi aukeran... orain, kanaerdikoetan bakarrik ez niola nik jokatuko beti esaten nuen. Baina hark berriz kanakotan ez jokatu eta ez obeditu ez zuen egiten, eta urte pare bat genituen horrela ez zela elkarren lehian eta teman, eta mesede batetan edo, juntatu ginen eta erdi aukeran horixe.

Beraz, erdiak kanakoak eta beste erdiak kanaerdikoak...

Kanaerdikoetan handitan baino lan gehixeago kalidade berdinekoak izan baziren. Orain, kanaerdikoak baino gogorragoak ziren izatez handiak. Berez sei kanakoek ez dute egiten berrogeitamabi kanaerdikoen lana, baina nola baitziren kalidade gogorrekoak, berrogei kanaerdikoen lana igual egin bai. Han izango ziren, horrela apartatuta izatekotan (kanaerdiko onak bazeuden asko ere, baina beste batzu zikinak atera ziren barrenean, adar batzu eta), ehun eta hamar kanaerdikoen lana izango zen han.

Ehun eta hamar kanaerdiko tronkoak balira bezala... esatea errazagoa da moztea baino. Eta materiala nola aukeratu zenuten?

Nik eraman nituen handi denak, kanakoak nik eraman nituen eta kanerdikoak besteak. Guk hartu genituen Tafallako zerreriatik, baina heurek ez dakit frantsesa ote zuten, Normandiatik edo.

Baina gauza bat da apustu egitea eta beste gauza bat zuek egindakoa...

Nik egun batetan jarri nizkion kondizio batzu. Bat lau kanakotara, zortzi kanakotara eta erdi aukeran. Eta esan zidan, beno, erdi aukeran jokatuko zidala. Lana motza nahi bazuen hortxe zegoen, lau kanakotara nahi bazuen ba hortxe lana motza, baina nonbait handitara bakarrik jokatzera ez zen atrebitzen, edo ez dakit zer, eta esan zidan erdi aukeran jokatuko zidala. Baina aurrena, berrogeina mila duro depositatu behar genuela depositarioen eskutan, eta gero esan lana. Hala depositatu genuen berrogeina mila duro, eta gero haren ondoan suertea bota zeinek esan aurrena lana. Nik suertea galdu nuen eta esan zidan aber zer lana hartu behar nuen. Ni egon nintzen pentsatzen eta nire artean nik hemen hartzen baditut bi kanako bakarrik hau kapaz duk bi kanaerdiko bakarrik hartzeko. Gainera, gero ere badago errebajatzeko denbora, eta sei ehun eta hamar ontzako nik. Nirea aditu zuenean kanpora atera ziren karnizeroa eta biok (nonbait ez zuten nire aurrean hitzegin nahi), kanpora atera eta etorri ziren, eta esan zuten, beno, guk berrogeitamabi kanaerdiko. Itxura denez, ni ikaratzeagatik. Mementu batetan ez zidan poz handirik eman, baina nik esan nuen beno, zuen gustua baldin bada. Baina hark esan izan bazuen orduan beno, horiek ez dira gizonak jokatzeko moduko lanak eta guk hartuko ditugu hogeitasei ba kanaerdiko eta hik hartzen badituk bi kanako, ja erdi lana, ezta? Orduan ni konforme egongo nintzen. Baina niri horrelako gauzarik esan gabe, burla egiteagatik, oraindik ni baino lan handiago berak. Beno, bale.

Eta milioia osatu arte?

Berrogei mila duro botata zeuden lana esaterako, eta gero handik hamabost egunera beste berrogeina mila duro sartzeko fetxa jarri ziaten, eta gero hiletik hilera milioia osatu. Handik hamabost egunera joan gara, beste berrogeina mila duro bota, han larogeina mila duro konpletatu eta paperak firmatzera. Orduan eskutitza egin zuen depositarioak eta gero orijinala makinan pasata gu firmatzera, eta orduan hasi ziren "ez al da hobe joku hori bi pusketan jokatzea?" Bi pusketan? Nola bi pusketan? Hori egitez gerotan, garaia lehengoan huen, orain mundu guztiak bazekik joku egin dugula, eta orain bi pusketan hasten bagara itxura txarra sortuko da". Eta nik ezetz. Ja honez gero, gaizki edo ondo, egin dezagun bezala beharko zuela. Konforme baziren eta ez baziren, berriz, batere diru galtzeko. "Eta ez, hori hitzegin beharra zegok" karnizeroak, "jai goiza zeramat, eta -nik esan nionð ez, nik eguerdian exibizioa zeukat eta presaka naiz. Bota diruak hemen orain aurrera egin nahi baduzue eta papera firmatu". Eta halaxe. Gero ere deitu zidaten eta, baina nik ez nuela pentsatzen jokua puskatzea.

Behin ere izan al da hainbesterainoko apusturik?

Keba, handiena...luzeena berrogei tamabi kanaerdikotara. Hau hiru aldiz. Hiru aldiz ez da ailegatzen baina esan nahi nuke lana aldetik.

Besteak bota zuenean berrogeitamabi kanaerdiko, eta aurretik zuk botatako horiek... zuk zer pentsatzen zenuen, bukatuko zenuela?

Bukatuko genuela ez zegoen esaterik, ez nuen sekula egin tipo horretako pruebarik aurretik, ezta erdirik ere, baina ehun eta hamar minututan eta ehun eta hamabost minututan aizkoran aritu izan nintzen lehenagotik ere, eta sekula ez nintzen gelditu nekatua, horrela "gehiago ezin nauk ba aritu" esateko moduan ez nintzen sekula gelditu eta nire artean pentsatu nuen ba ritmoa bajatuta edo, un sesenta por cien edo setenta por cien ritmoa hartu, jo eta ohitu entrenamenduetan, eta horrela.

Eta zer moduz bukatu zenuen?

Ondo, ondo, indar faltarik nik ez nuen izan. Bakarrik hamasei falta zirela hasi zitzaidan tripa barnean kalanbreak edo korapiloak baina behetik behera makurtuta hasten nintzenean heltzen zidan, orain goitik horrela buelta eginez, aizkora txikiarekin goitik arituz ez zidan ematen. Han, ez dakit konturatu zen jendea hamasei bat edo falta zirela egin nion Etxebesteri aizkora eskatu kirten luzea, goragotik aritzeagatik behera makurtu gabe baina oso baldarra zen egur txikian aizkora kirten luzea, eta piska bat berriz lehengo aizkorarekin eta hartara nik ez nion inori deklaratu aizkora kirten luzea eskatu bai, baina zer pasatzen zitzaidan ez nion deklaratu ez Arriari eta ez Etxebesteri. Hamar bat edo falta zirela Arriari esan nion "dios, tripa barrenak heltzen zidak behera makurtzen naizenean'' eta orduan goraxeagotik aritu bizkor. Halaxe kuidado piska bat egin gero bestea ikusten genuen, bentaja piska batekin ginela, atzean zela eta. Bestela, gainerantzean indarraren faltarik ez. Esango nuke atzeneko tronkuan ere aizkora handiarekin bukatu nuen eta indar faltarik ez nuen bilatu. Beldurra ematen zidala bai. Jokua aseguratuta eduki, eta gero han gehixeago jotzeagtik edo heldu zezakeela kalanbreak, eta deskuidatuz gero totalmente gelditu egin behar.

Jendea noren alde zegoen hasieran?

Maioria Mindegiaren alde. Dirua berdintsu, baina haren alde zela, eta hark bere aldeko asko. Eta animatu ere ikaragarri hura.

Eta hori zergatik ote da?

Hombre kanpeon de España da eta. Beti horrek badu, pentsatzen dut.

Dena dela hasieratik bukaeraraino zu aurretik ibili zinen, ezta?

Bai, bai, ia aurrenetik ibili nintzen aurrean eta guk behintzatðjendea geroxeago kontuko zenez- berehalaxe antzeman genion aurrean ginela. Orain, horrekin ez dut esaten segituan pentsatu genuela horkoa irabazten genuela. Segi egin beharra dago, baina berehala antzeman genion aurrean ginela.

Norbaitek komentatzen zuen hor irabazten zuenak ere dirua galduko ez ote zuen hainbeste egur eta. Egurretan kristoren diru pilua gastatuko da, ezta? Gaur egun kirol garestia izango da aizkoran aritzea.


Bai, bai, oso garestia, aizkoran ez dago bromarik. Orain aizkoran preparatzeko ere alde handia da zer tipo eta. Klaro, badakigu egur ona ebakitzen aritzen da aizkolaria gustoena, baina aizkora ere bai. Edo aizkoraren bat hautsi edo bestea hautsi edo puskatu egin direla. Guk eraman genuen bi kamioi egur handi haseran, zakar samarra, seko samarra, eta ebakitzeko horrela gusto handirik ez zuena. Ia sutarako prezioa zuen edo garestixeago esan nahi nuke zerratik eta ekarrita baino askoz ere gutxiago behintzat, erdia baino gutxiago balio zuen egurrak. Eta harekintxe ia atzenaldea Mindegiak ere jokua atzeratu zuen arte. Esate baterako joku oso bat egiteko egurrak erosi genituen zerran eta gero plazarako egurra. Gero, atzeneko hamabost egun horietan gastatuta geunden lehengo egurra, eta apostua atzeratu zenean nonbaitetik ekarri behar, zerrara joan eta orduantxe gastu piska bat baina hango gastuak egiteko atzeratzegatik berak emandakoarekin egin ditut. Eguneko hamar mila pezeta nola pagatu behar zuen, ba hogeitazortzi mila duro, ciento cuarenta mil pesetas.

Aposturako prestatzen egin al zenuen proba hori beste behin?

Bi aldiz. Oso osoa ez ba da ere bi aldiz, behin behintzat bai, behin proba osoa bai eta bestea ere hortxe hortxe. Eta hiru ordu t'erdi eta horrela tipo horretan askotan. Mendian eta karreteran eta dena pasatzen nituen (aizkoran ari behar ez nuenean ia denetan) eguneko lau ordu noiznahi. Hamar t'erdiak aldean atera goizean eta arratsaldeko hiruretan etxera ailegatu ezinik. Korrika ia egun guztia, oraintxe pausuan ahal nuen guztia. Eta askotan etxera erori gabe ailegatuko ote naizen pentsatuta.

Entrenadorearekin aritzen al zara?

Entrenadorea ez da joaten nirekin batera, baina entrenadoreak jartzen zidan hamabost egunetik behin paper bat eskribituta zein egunetan zer egin behar nuen, dena. Eta goizetik beti rekorrido horiek eta arratsaldean piska bat deskantsatu ohean bazkalduta eta gero berriz gimnasia egiten nuen.

Eta janarien aldetik?

Jan? Normal, berdura eta peskado piska bat. Oilaskoa da guztia oso ona. Haragia asko ez da ona, teman ibiltzeko eta ez da oso ona. Gero kiloak galduta eta behar duen pisuan jarrita dagoen garaian, atzenaldean eta, baba beltzak eta horiek, baba beltzek eta lentejek hierro dute, burnia, eta horrelako palizak hartzeko horiek gauza fuerteak dira.

Zenbat kilo jaitsi zineten apostuan?


Ez dakigu segururik. Periodikua aritu da lau kilo eta, baina ez dut uste lau kilo, hiru bat kilo edo.

Aizkoretan zer motatakoak erabiltzen dira?

Aizkora denak australianoak dira. Hemen aizkora zorrotzak egiten dituzte bainaðnik ez dakit baðaltzairu hobea behintzat, biziagoa haiena. Pisuarekin ez dago diferentziarik, pisu klase askotakoak, egur handirako, beherako edo barnerako, eta erdirako ttikiago askoz ere. Aora, kanpoko aizkora horiek diferentziarik handiena, dudarik gabe, planteatu da hemengo lanetarako kanaerdiko egurretarako, kanaerdikoa edo hamabost ontzakoa edo, samurrago eta ttikiago. Egur handian behar izaten du hasi bai handiarekin, baina segituan erdian aizkora txikia eta beheko barnean txikia. Porke barruko garaian aizkora handiarekin ez dago zer egiterik.

Truko asko egongo dira zein aizkora tipo erabili, etabar, ezta? Bakoitzak bere sekretuak al ditu aizkorarako?

Bai, bai, aizkora preparatzen alde piska bat badago. Ari da jendea, ikasten ari da, gutxi edo gehiago, batek besteari ikusi egiten dio eta ari da ikasten jendea.

Truko horiek bakoitzak ikasten ditu edo usadioz jasotakoak al dira?

Bakoitzak bere aldetik pentsatuz, hau horrela behar luke, eta prueba eginez, eta gero gainera ikusiz. Egur handia ere, lehenago ez zen ebakitzen orain guk egiten dugun bezala. Lehenago egiten zen goiko aizkorarekin erabat dena bukatu goia, eta gero berriz erdiko lana berriz dena bukatu, eta gero behekoa dena bukatu. Baina horrela baino hobe da aizkora kanbiatu, aizkora kanbiatzen denbora gutxi pasatzen da, eta goia piska bat egiten denean ba hura utzi eta gero erdikoarekin aurreratzen denean berriz goia jo, eta egur handia ebakitzeko horrela hobea da askoz ere.

Aizkora klase asko al daude?

Bai, bai, kanaerdikoetarako kirtena diferente behar du azalerako, haserarako eta bihotzerako, diferente behar du, eta gero kanakoetan berriz hiru edo lau klase behar dute, pisuan eta kirtena neurrian ere luzean. Aposturako hemeretzi eraman genituen, ez genuen puskatu batera, baina hemeretzi eraman. Bi edo hiru akaztu ziren, atera ziren kanaerdikoetan adar batzu, piska bat akaztu ziren baina berriz ere harria emanda segituan lanerako moduan jarri ziren.

Zu Arria eta Etxebesterekin ibili zinen apostuan. Zer inportanizia izaten dute laguntzaileek?

Hombre, laguntzaileek beti esaten dute "orain hobeto ari duk kontrarioa, horrelakoa dik hark, orain samurragoa dik hark, guk hurrengoa samurrago zeukagu, etabar". Animatzeko batez ere, eta gero makilarekin lagundu ere ezpalak kentzen.

Proba honetarako nola aukeratu zenituen Arria eta Etxebeste?

Apostu hau egin zela ia zazpi hilabete pasa dira, baina ez nintzen hasi lan guzti honetarako preparatzen orain dela hiru hilabete t'erdi arte. Udara guztian ibili gara exibiziotan haruntza eta honuntza gelditu gabe eta ez nuen, aizkoran ari bai asko baina beti saio motzak, eta exibizio nola asko egiten bait genuen ez nuen denborarik gero etxean entrenatzeko, entrenamendu luzeak egiteko, eta oraintxe egingo duela hiru hilabete t'erdi joan nintzen Panplonara eta orduandik hasita hortxe saio luzeak eginda. Orduan egin zuen Etxebestek apostu bat Leaburuko Arrespiderekin aizkoran eta korrikan, eta lehengo egunean bi apostu jokatu zituenean Igeldoarrarekin eta Mindegia gaztearekin nirekin preparatu zen, eta orain nola egin behar nuen apostua, biok elkarrekin joan eta biok elkarri lagundu. Arria, neronek ere badauzkat aizkora onak, baina Arriak aizkora onak dituela, gero ondo arreglatzen ginela elkarrekin, eta halaxe hari deitu nion.

Baina zuk lehen harria jasotzen zenuen. Nola hasi zinen zu asunto hauetan, horrela piska bat haseratik hasita?

Ni hasi nintzen harria jasotzen hemeretzi urterekin. Hogeitabederatzi urte arte harriak jasotzen ibili nintzen, baina udara batetan (orain dela zortzi urte izango dira) Lekeitiora Bizkaira joan nintzen exibizio bat egitera larunbat gau batetan, eta harri eta guzti erori lurrera eta hanka harrapatu zidan. Berrehun eta sei kiloko harria, eta egin zidan hanka gaineko tendoiak eta denak moztu, txonkatila puskatu, eta kristoren akzidentea izan nuen. Urtebete pasa nuen bajan, eta gero behintzat golpeka jaso behar ez den harriarentzat oraindik ezin dezaket, ez daukat beste hanka bezala indarrik egiten, hanka bat daukat plano bezala geldituta. Halaxe utzi nuen harrijasotzea eta aizkoran hasi nintzen. Gero australianoak etorri behar zutenean selekzioa jarri zuten, eta gero han ere diskuzio piska bat izan genuen Ataungo Aierberekin, eta handik hara Aierberekin lehendabiziko jokua jokatu nuen lau kanakotara. Eta handik hasi nintzen, oraintxe bost urte.

Orduantxe hasi zinen, edo aurretik ere ibilia zinen aizkoran?

Orduantxe, orduantxe. Orain, gaztetan hemezortzi urterekin eta, nik beti izan dut afizio gehiago harrijasotzeko baino aizkorarako. Beti gustatu izan zait, baina aizkora ez da harria jasotzea bezala, harri bat egin eta urtebeterako edo birako igual balio du hark. Orduan inoren laguntzarik eta inor ere, eta batek bakarrik egiteko harrijasotzea errazagoa zen orduan. Baina hanka puskatu nuen eta hala utzi nion harrijasotzeari. Ez daukat penarik batere.

Eta aizkoran aritzeko, ez al dauka hainbesteko inportantziarik hankak?


Bai, bai, beti daukat galera, porke explikatuko dizuet asuntua lehengo jaikoa. Radioa aritu da esaten, eta periodikuan ere etorri da, nik erdi lanak egin eta berehalaxe, oinetakoak aldatu nituen, zapatilak kendu eta zapatak jarri nituen. Eta esan du radioak (Iriondok behintzat hala esan du) hankak agortu zitzaizkidala eta zapatak hargatik aldatu nituela. Baina hori ez da horrela; ez nago hura gaizki hartuta, baina niri hankak ez zitzaizkidan hoztu. Hankak nola hoztuko zitzaizkidan ba? Izerditan dena. Guk jarritako egur hilera hartan, nik aurrena ebaki nuena, eta beste ilera zen haiek jarritakoa. Eta nik hanka nola bait daukadan plano, eta nola fallo bait daukadan, horiek bazekiten Mindegiaren aldetik zebiltzanak, eta Mindegiak berak ere bai, eta gaiztoz egin zuten ni izorratzeagatik gainean batere hankalekurik egin ez egurrari. Hogeitasei kanaerdikoetatik hogei behintzat batere hankalekurik egin gabe. Eta bespera eguerdian, bazkaltzen ari nintzela, deitu zidan telefonotik neronen lagunak hau eta hau egin zutela, eta guretzat igual izango zela pikardia dexentea. Eta dexente nerbioso jarri nintzen bazkaltzeko garaian, eta gero arratsaldean egin nituen prueba batzu, egurrak nola jarri zituztela esan zidanean borobilean, gainean batere asientorik gabe, nik egin nuen hiru egur moztu zapatak, eta zapatilak, eta botak probatuz. Eta zapatak jarri nituen takoiarekin eta haiekin askoz hobeto. Kaleko zapatekin. Eta horregatik biharamonean ari nintzela zapatak jarri nituen.

Eta zuk ez al zenuen hori aldatzerik?

Ez, "Leon-Castillo" irabazi zuen berak, eta "Leon-Castillo" irabazten duenak hartzen ditu egurrak zein alderdi den hobea edo, aukera berak egiten du, eta gainera non hasi berak agintzen du, Leon-Castillo irabazten duenak. Harentzat ere egur haiek asientorik gabe jarrita ez zen mejorarik, harentzat ere kalte zen, baina nik nolabait neraman falloa, harentzat baino niretzat kalte handiago. Hark egin zuen berak jarritako ilera hau ebaki fresko zegoen arte, eta gero ni nekatuta hara pasatu behar gero. Dena gaiztakeriaz egin zidan, baina atzenean dena gaizki atera zitzaion.

Lehen esan duzu ez zarela damutzen harritik aizkorara pasea izatea. Ondo doakizu bada, aizkorarena, ezta?

Ni aizkoran gustora ari naiz, eta lehengo udaran eta aurrekoan exibizioak asko egiten ditut, eta diru asko irabazi dut exibiziotan. Apustutan ez dago diru asko irabazterik, inor gutxi joaten da orain, jendea aspertu samarra dago. Hau zen apostu bat behin ere ikusi ez den bezalakoa, eta hemen jende asko joan da, entrada ona izan da eta entrada niretzat nuen, eta ondo atera naiz, baina esan nahi nuke apostu normal bat eginda ez dagoela diru asko ateratzerik.

Entrada irabazten duenarentzat al da?

Erdia, baina ia lau milioi bildu ziren, eta ondo atera naiz oraingoan. Baina udara beti seguruago da exibiziotan eta.

Txapelketetan eta, zer moduz ibili izan zara?

Txapelketan, orain dela hiru hilabete edo, Campeonato del Mundu jokatu genuen eta han por equipos irabazi genuen, eta gero por indibidual bakoitzari bere denbora hartuta, bigarren gelditu nintzen, subcampeon del mundo, eta Arria II lehenengo. Mindegia ez zen presentatu, gerritan zerbait zuela edo zertifikatua entregatu zuena esan zuen. Baina nik uste kontua zela hura, gu enteratu ginenez ez zuen nonbait azaldu nahi izan eta gainera handik aurrera ere orain arte tarteka tokatu zaizkio exibizio batzu eta inora ez da joan, ez da azaldu. Exibizio denak utzita ibili da.

Diru asko irabazten al du aizkolari batek? Gazte bati kapritxo emateko moduan bai?

Hombre, gazte batek ez du asko irabazten porke hor ere exibizioetan diru piska bat irabazten duena, gu gaude, Arria, Mindegia, ni, Ugarteburu. Etxebeste, hortxe hoberentsu batzu, aurreneko lau edo bostetan gauden batzu, eta gazteentzat zaila da aurrera ateratzea. Gazteak ez du exibiziorik izaten.

Ikusten al duzu atzetik badetorrela jenderik? Ikusita gazte jendea zertan dabilen ez dirudi badatorrenik, ezta?

Aizkoran asko mugitu da australianok hona etortzen hasi direnetik eta aizkorak mugimendu handia hartu du baina zuek ere esan duzuena, ez da ikusten gazte berri bat, ez da ikusten gu erretiratzen garenean zer pasatuko den, eta guk laster erretiratu beharko dugu.

Zuk hogeitamabost urtetan makina bat aizkolari ikusiko zenituen. Zein ikusi duzu onena?

Lehengo zaharretan niretzat konpletoena izan da Latasa. Orain, Polipaso bat izan da egur handitan gogorra, indar asko eta aguante handia, baina konpletoena Latasa niretzat. Eta orain, berriz, lan gutxiagorako Arria II oso ona da. Mindegia ere oso ona da kanaerdikoetan, baina niretzat hobea Arria.

Eta australianoek zer esango lukete apostu honen berri izango balute?

Australianoei nik ez diet ezer kentzen, porke gu astazakil batzu gara, eta haiek oso pizkorrak dira egur bat eta bi ebakitzen. Haiek golpeak kontatuz ibiltzen dira eta haiek hiru emango lituzketen tokian guk igual lau ematen ditugu. Bakarrik, ez dutela sufritzen eta ez direla prestatzen honelako lanak egiteko. Hamarren artean ere ez zuten izango lan hori egiteko abilidaderik.

Lehen aipatu duzu temarena, etabar. Benetan haserretzen zarete elkarrekin edo jokua besterik ez da?

Nik ez dut esango behin ere tongorik egin ez denik, eta tongorik egiten ez denik, baina gaurko egunean gainerako jendeak askok uste duen baino gauza serioagoa izaten da aizkolarien arteko apostua. Explikazio bat emango dizuet. Musean hastean ere, nahiz eta anaiak izan elkarren kontra, han ez du inork galdu nahi izaten, eta publikoa asko gainetik begira egon garaian orduan eta gutxiago.

Gero elkar ezin ikusian ibiliko zarete beharbada...

Beno, nik Mindegiari ez diot batere gorrotorik, berak hitzegiten badu ðeta uste dut hitzegingo duela-, beste egunean saludatu ninduen, nik bostekoa eskatu nion eta berak eman zidan. Han plaza erdian ere saludatzea zen gauza politagoa, eta entrebista batzu egiten zizkidaten bitartean esan zidaten "beno, Mindegiak saludatu nahi hau eta joan hadi", plaza erdira abiatu ginen eta haren bila hasi ginenean esan zidan batek berak nahi zuela baina bere lagunetako batek ez ziola uzten. Bestuarioetara joan nintzen, eta segituan etorri zen atzetik eta esan zidan: "ekarri bostekoa Joxe Mari, zorionak eta barkatzen diat", barkatzen zidala eta oso ondo partitu ginen.

Bukatzeko galdera, ba al duzu asmorik edo gogorik apostu hori bezalakorik berriro egiteko?

Nik behintzat ez daukat gogorik, eta hori baino handiagoa zaila izango da jokatzen. Lan horretan ere, guk ez dugu igual ezagutuko gehiago. Oso tema handia beharko luke, bestela ni behintzat ez naiz abiatuko eta ez dut uste beste inor abiatuko denik. Ez dut erabaki oraindik seguru segururik baina uste dut, ondo banago behintzat, hilabete edo hilabete t'erdira intentatuko naizela hamabi kanako moztutzen marka bat egiteko.


"Bukatuko genuela ez zegoen esaterik, ez genuen sekula egin tipo horretako pruebarik aurretik".

"Mendizabal, apostuan ebakitako lehen eta azkeneko egurrekin".

"Ez daukat batere penarik harrijasotzeari uzteagatik".


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude