Diasporaren oihartzunak prentsan

  • Rio de la Plata Argentina eta Uruguay artean itsasoratzen den ibaia da. Bertan daude bi herrialde horietako hiri nagusienak eta bertara joan ziren milaka euskaldun. Amerikako atea izan ziren Rio de la Platako portuak. Han sortu ziren lehenengo euskal etxeak eta lehenengo euskal-amerikar aldizkariak. Mende eta erdiko historia hemerografikoa gordetzen du lurralde hark euskal herritarrentzat. Euskarazko, erdarazko eta frantsesezko aldizkariak ziren, diasporari hemengo berri ematen ziotenak. Orain, berriz, hangoaren berri ematen digute, hango diasporaren historiaren berri.

2005eko uztailaren 03an
Jakina da euskaldunen presentzia Ameriketan oso goiztiarra izan zela. Amerikako lurrak konkistatzera joan ziren asko euskaldunak ziren eta ez ziren gutxi izan espainiar kolonien administrazioan parte hartu zutenak. Rio de la Plataren kasuan euskaldunek garrantzi handia izan zuten hasieratik, bestela, aipatu besterik ez dago Juan de Garay, 1580an Buenos Aires fundatu zuen urduñarra. Hasierako emigrazio hori oso anitza izan zen: militarrak, misiolariak, merkatariak, burokratak... elite guztietan euskal pertsonaia ugari aurkitu ditzakegu. Hauek Indietan bidea ireki zuten, ahaidetasun sare handi batez baliatuta eta beraien "odol garbia" erakutsita -gauza beharrezkoa espainiar administrazioan parte hartzeko-.

XIX. mende hasieran, Amerikako espainiar kolonia gehienek independentzia lortu zutenean, migrazioek etenaldi bat izan zuten. Garai korapilatsua hasi zen orduan, alderdien arteko gerrak eta iraultzek eraginda. Baina 1830etik aurrera jende mugimendua berriro hasi zen, Euskal Herriko Iparraldeko herri txikietatik Montevideora milaka euskaldun joan ziren eta haiei jarraitu zieten 1880tik aurrera Hegoaldeko probintzietakoek. Migrazio masiboen urteak ziren haiek, Amerikako herrialdeek besoak behar zituzten eta Euskal Herriko gazteek ihes egiten zuten soldadutza, pobrezia eta gerratik, edo Amerikako senide batek deituta.


Euskal etxeak eta aldizkariak

Inmigranteek elkartzeko joera izaten dute ia beti, beraien sorterriko ohiturak, kultura eta erlijioa mantendu nahian. Euskaldunek hala egin zuten Rio de la Platan. Ostatu jakin batzuetan biltzen ziren, santu baten jaia ospatu edo pilotan jokatzeko. Horiek izan ziren etorkizuneko euskal etxeen erroak. 1876an Laurak Bat sortu zen Uruguayen eta gero Argentinan. Hortik aurrera euskal etxeak ugaldu egin ziren, Rio de la Platan bakarrik ezezik, Amerika osoan.

Euskal etxeak euskaldunen elkargune bihurtu ziren, bazkideek beraien herrikideekin hitz egiteko aukera zuten bertan eta euskal jaiak antolatzen zituzten: bazkariak, dantzak, karta jokoak... Modu horretan, Amerikako lehenengo euskal aldizkariak euskal etxeetatik sortu ziren. Buenos Airesko Laurak Batek izen bereko aldizkaria kaleratu zuen 1878an, gero berdina egin zuen Montevideokoak. Baina aitzindariak izaki, ez zuten gehiegi iraun. 1893an La Vasconia jaio zen (gero La Baskonia), Amerikako euskal kolektibitateak inoiz kaleratu duen aldizkari garrantzitsuenetakoa. Honen sortzaile izan ziren Jose Ramon Uriarte bermeotarra eta Francisco Grandmontagne donostiar idazle ospetsua. La Baskonia Buenos Airesen argitaratzen zen, Argentinako eta Euskal Herriko gaiak jorratzen ziren bertan eta ez zuen inolako erlaziorik elkarte politiko eta sozialekin. Bi fundatzaileen harremanak okerrera egin zuenean Grandmontagnek alde egin zuen, baina aldizkaria kaleratzen jarraitu zuten 1943a arte. Berrogeita hamar urtetan La Baskoniaren 1.677 zenbaki argitaratu ziren.

Esan daiteke, 36ko Gerrako erbesteratuak iritsi arte, Argentinan eta Uruguayen kaleratu zirela euskal aldizkari gehienak. Horien artean aurki ditzakegu, besteak beste, Montevideoko Euskal-Erria aldizkaria, 1898an sortutakoa eta hainbat hamarkadatan kaleratu zena. La Euskaria (1906-1921) eta Gure Herria (1928) argentinarrak, Buenos Airesen idazten ziren, baina azkenekoak ez zuen apenas ezer iraun, zazpi probintzietako euskal herritarrei begira kaleratu bazen ere. Egunkari gehienak foruzaleak ziren eta batzuk sortu berria zen abertzaletasuna besarkatu zuten: Irrintzi (1903-1923), Euzkotarra (1923), Egizale (1915), Nación Vasca (1924-1943) eta Aitor (1914-1921). Horiek Sabino Aranaren ideien jarraitzaile ziren: Aitorek esaterako, "amabosteko euzko-igurtija" azpi-izenburua jarri zion bere izenari, orduko aranisten muturreko euskara garbizaletasuna erakutsiz. Bazeuden, modu berean, Iparraldetik joandako emigranteek bultzatutako beste hainbat egunkari: Eskualduna (1921-1929), Haritza (1905-1912) eta Eskual Herria (1898). Horietan guztietan euskara, frantsesa eta gaztelera tartekatzen ziren.


Erbesteratuen ekarria

1936ko Gerraren ondorioz, azken euskal emigrante multzo handia joan zen Ameriketara. Erbesteratu politikoak ziren eta badirudi milaka lagunek egin zutela Atlantikotikora jauzi. Horrek, dudarik gabe, aldaketa ugari ekarri zituen Amerikako euskal kolektibitatearen barruan. Euskal etxeetan abertzaleak gehiengo egin ziren eta euskaltzaletasuna indartu egin zen.

Bultzada hura aprobetxatuta, aldizkari asko kaleratu ziren Argentinan eta Uruguayen: Denak Bat, Eusko Deya, Euskalduna, Galeuzca, Euskaltzaleak, Zazpiak Bat, Eskualduna = El Vasco... Horietan politikak eragin handia zuen, baina bazegoen euskal kulturarentzat lekurik eta askotan biak elkarren eskutik joan ziren. Horren adibide da Gernika (1945-1953). Aldizkari hori hasieran Donibane Lohizunen argitaratu zen, baina azken urteak Buenos Airesen egin zituen. Gernikak jakin zuen urte haietan euskal kultur munduan zebiltzan pertsonaia garrantzitsuen iritzia eta lanak jasotzen, euskaraz eta erdaraz. Aldizkari horretan idatzi zuten, beste batzuen artean: Txomin Peillen, Aita Villasante, Justo Garate, Nikolas Ormaetxea "Orixe", Jon Mirande, Federiko Krutwig eta Andima Ibinagabeitiak. Dena den, Rio de la Platan ez ezik, beste herrialdeetan ere asko nabaritu ziren erbesteratuen ekimenak, batez ere Venezuela eta Mexikon. Aipatzekoa da Guatemalako Euzko Gogoa (1943-1953) kultur aldizkaria, Jokin Zaitegik zuzendua eta oso ospetsua idazkeraren kalitateagatik. Gernikaren moduan, Euzko Gogoak literatur tendentzia berriei ekin zien, aurrekoarekin hautsiz.

Gerra osteko eta erbesteko urteen ondoren, 1960ko hamarkadatik aurrera 36ko Gerra ezagutu ez zuen belaunaldi gazteak frankismoaren kontrako borrokari ekin zion eta mugimendu berri horrek eragin handia izan zuen "barnealdean" eta baita Amerikan ere. Horren ondorioz, kutsu ezberdineko aldizkariak sortu ziren: Tximistak (1961-1967), Eusko Abertzale Laguntza (1969-1975) eta Zutik (1974). Aldizkari horietan Euskal Herriko egoera berria oso kontuan hartzen zen: ETAren sorrera »Zutik erakunde honen buletina zen», kultur mugimendu berriak, ideia marxistak, frankismoaren errepresioa, lehenengo hildakoak... Multzo horretan sartu genezake Tierra Vasca. Errepublika garaiko ANVren aldizkari hori 1956an berragertu zen Argentinan eta 1975era arte iraun zuen Jose Olivares "Tellagorri"ren zuzendaritzapean. Tierra Vascaren ildo nagusienak ziren abertzaletasuna eta sozialismoa, azken kasu honetan, 1960ko hamarkadan Euskal Herrian egon ziren langile gatazkak oso ongi jaso zituen. «Tellagorri»ren aldizkariak gazte mugimendu berriei ateak ireki zizkien, baina ez zituen inoiz ahaztu 36ko Gerran bizia eman zuten ANVko kideak eta gainerako gudariak.

Erbesteratuen ondorioz sortutako aldizkari horiek, erbestea bukatutakoan desagertuz joan ziren. 1975ean Franco hil zen eta Gerra ostean Amerikara jo zuten asko Euskal Herrira itzuli ziren pixkanaka. Amerikako euskal diasporari kalte handia egin dio galera horrek, ordudanik ez baita egon lurralde hartarako emigrazio joerarik, ez da egon erreleborik.

Iragarkiak, Amerikako euskal kolektibitatearen ispilu

Amerikako euskal aldizkarietan euskaldunei zuzendutako iragarki asko ikus daitezke. Iragarki horiek tresna bikaina dira ikusteko nola zen garai haietako euskal-amerikar kolektibitatearen historia eta gizartea. Horrelako iragarkiak mende hasierako aldizkarietan aurkitu ditzakegu gehienbat, aldizkari komertzialak izanik, dirua iragarkien bidez biltzen baitzuten hein handi batean. Gerra ondorengo publikazioetan iragarkiak ez dira hainbeste, batez ere talde politikoek eta euskal instituzioek sustatu zituzten aldizkarien kasuan. Horiek, militanteen eta lagunen diruarekin argitaratu ziren.


Euskaldunen lanbideak deskubritzen

Begirada batean, Rio de la Platako euskaldunen lanbideen berri jakin dezakegu iragarki horien bidez. Lurralde hartara iritsi ziren lehenengo euskaldunek abeltzantza eta artzantzan egin zuten lan (Buenos Aireseko probintzian, Uruguayen edo baita Pampetan ere). Ezagunak ziren euskaldunak esne saltzaile bezala, haragia gatzatzeko lantegietan lan egiten zutelako edo zelaiak hesitzen ibiltzen zirelako. Horren lekuko dira La Vascongada esne lantegiaren iragarkia, La Vasquita esne-saltzailearena edo Esnea esne-irina saltzen zuen enpresarena.
Baina dudarik gabe ostalaritza arloko iragarkiak ziren nagusi. Konta ezinak ziren euskal izenak zituzten hotelak eta jatetxeak eta askok iragarkiak jarri zituzten euskal jatorriko bezeroei zuzenduta: Gran Hotel Euzkalduna, Hotel Euskera, Beti=Ondo, Akeita-Etxea, Restaurant Los Vascos, Taberna Baska... Euskaldunen artean nagusi ziren beste lanbideen artean aurki ditzakegu baita ere oihalgintza, olioa (Euskal-Erria eta Aberri olioak) eta edariak (Bitter Thes Basques "Basa Auntza" edo Sagardua, Churruca eta Izarra sagardoak).


"Se habla baskuenze"

Iragarkien helburua da irakurlea erakartzea. Rio de la Platako euskal aldizkarietan euskarazko hitzak eta esaldiak tartekatzen zituzten iragarkiak zeuden, batez ere mende hasierako aldizkarietan. Beraz, irakurlearengana iristeko euskara erabiltzen zuten askok. Horrek gauza bat esan nahi du: euskara bizirik zegoen Rio de la Platan mende hasiera hartan. Mercería los Vascos deituriko komertzioaren iragarkiak zioen "oyal onak eta merke", beste batean irakurri zitekeen: "Etxerik ez da landare azhi hobea duenik!". Kopla eta bertsoak hain gustuko ziren horretan, Churruca sagardoaren iragarki batek bertso sail oso bat zekarren iragarki moduan La Euskaria aldizkarian eta lur-eremu bat saldu nahian zebilen beste batek kopla polita idatzi zuen: "Komodidade onak anitz balio du / horrela nai duenak ni billatzea askidu".
Euskararen erabilera neurtzeko beste datu bat izan daiteke ez zirela gutxi "euskaraz mintzatzen da", "se habla en euzkera" edo "se habla en baskuenze" jartzen zuten iragarkiak. Gaur egun Euskal Herriko hainbat eta hainbat denda edo lekutan irakur daitekeen bezalaxe irakur zitekeen orduan hori Rio de la Platan.


ASTEKARIA
2005eko uztailaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude