Otsoa babestu, abeltzaintza estentsiboa lagundu

  • Obsesionatzen naute eztabaida polarizatuek. Kuba. Prostituzioa. Euskal gatazka politikoa. Nire konbikzioak zalantzan jartzen ditut behin eta berriro”.  Horrela hasi nuen "Aingeruak eta neskameak" nire saiakeraren hitzaurrea: haurdunaldi subrogatuen meloia aletu nuen liburuan, ikuspegi feminista, disziplinartekotasuna eta pluralismoa ardatz. Horregatik erakarri nau otsoaren ehizaren inguruko eztabaidak.

    XX. mendean desagertzeko arriskuan egon zen espeziea babesteko legeen kontrako erabaki politikoak hartu dira aurten Espainiako zein Frantziako estatuetan. Pasa den martxoan, Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu zen Duero ibaiko iparraldeko otsoak babes berezia duten espezien zerrendatik ateratzea. Modu zalantzagarri batean ezarri dute neurria alderdi eskuindarrek: elikagaiak alferrik ez galtzeari lotutako lege berri batean sartuta. Ekainean Europar Batasuneko Kontseiluak behin betiko argi berdea eman zion otsoaren babes maila “zorrozki babestutik” “babestuta” jaisteari, eta aldaketa horretatik tiraka, irailean Frantziako Gobernuak iragarri du abeltzainei baimena emango diela otsoa tirokatzeko abereak defendatzeko helburuarekin.

    Hedabideetan ohikoa da bi aldeen ikuspegia kontrajartzea: abeltzainena (ehizaren alde) eta ekologistena (ehizaren kontra). Ba al dago, ordea, animalien eskubideen aldeko abeltzainik? Ba al dago estentsiboan jarduten duten abeltzainen zaurgarritasuna aintzat hartzen duen ekologistarik? Posible da “alde/kontra” dikotomia horretatik harago joatea? Bilaketa horren ondorioa da monografiko hau.

Argazkia: Darren Lewis / Domeinu publikoa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Otsoa errotuta egon da Euskal Herrian XIX. mendeko amaierara arte: orduan behera egin zuen populazioak, industrializazioak eta ehiztarien jazarpenak zokoratuta. Nafarroan erabat desagertu zen XX. mendearen bukaeran. Ignacio Etxeberriak El lobo en Navarra [Otsoa Nafarroan] liburuan jaso du prozesua. XVII. eta XX. mendeen bitartean instituzioek ehiztarien jarduna saritzen zuten, otsoen ehizaren inguruan izugarrizko festak ospatzen ziren eta pozoiaren erabilera ere sustatu zen. Gizakien aurkako eraso bakan batzuek areagotu zuten animalia honen ospe txarra. 1981ean ehizatu zen azken otsoa Urbasan: José Luis Garmendia izeneko ehiztariak 246.000 pezetetako (1.478 euro) saria jaso zuen. Edonola ere, canis lupus-aren pisua agerian uzten dute toponimoek: ots-, otx- eta gaztelaniazko lobera terminoa bilatuta, 300 toki izen topatu zituen Etxeberriak, Naiz hedabideko elkarrizketa batean azaldu duenez.

Euskal Autonomia Erkidegoan bi otso talde ugalkorren presentzia mantendu da, Burgos eta Kantabriarekin partekatuak. Eusko Jaurlaritzak 2020an aldatu zuen Espezie Mehatxatuen Katalogoa, canis lupus “interes bereziko espeziea” kategorian sartzeko: egitasmo horren ondorioz, otsoen errolda berria abian jarri da eta aipatutako kudeaketa-plana idatzi da, informazio publikorako fasean dagoena. Txostenak helburu bikoitza adierazten du: canis lupus espeziea berreskuratzea eta abeltzaintzarekin koexistentzia ahalbidetzea. 

Iaz ENBA Euskal Nekazarien Batasunak alegazioak aurkeztu zizkion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari, planaren tramitazioa eteteko, proiektua “goitik behera” berregiteko eskariarekin. Edurne Begiristain kazetariak Berria-n laburbildu zuen ENBAren kexa: planak gutxietsi dituela otsoak abeltzaintzan eragiten dituen kalteak, eta enpatia eskasa adierazten duela. 2.903 abelburuk (gehien bat ardiek) pairatutako erasoak dokumentatu dira 2005-2024 artean, eta UAGA Arabako Nekazarien Elkartearen ikerketa baten arabera, horrek bi milioi euroko gainkostu ekonomikoa suposatu du abeltzainentzat, urtean 600-700 ordu estren baliokidea.

Karrantzako zenbait abeltzainek "off the record" berretsi digute ezinegona: otsoen erasoak ugaritu direla eta indemnizazioak eskasak direla, ez bakarrik diru-kopuruagatik, baizik eta ez dituztelako kalte guztiak aintzat hartzen

Karrantzako zenbait abeltzainek off the record berretsi digute ezinegona: otsoen erasoak ugaritu direla eta indemnizazioak eskasak direla, ez bakarrik diru-kopuruagatik, baizik eta ez dituztelako kalte guztiak aintzat hartzen: esaterako, otsoaren erasoan korrika egiteagatik abortatutako arkumeak. Mastinak erabiltzeko gomendio instituzionalaren aurrean, adierazi dute ez dela erraza, ezta merkea ere, halako txakurrak mantentzea eta heztea. Hortaz, ehiza selektiboaren alde agertu dira.

Pasa den ekainean Euskadiko Otso Taldeak otso baten legez kanpoko hilketa salatu zuen Karrantzako Armañón Parkean. Komunikatu batean zabaldu zuten lekukoen testigantza: aurpegia estalita zuten bi gizonek ale handi bat hil zutela, ustez ar heldu bat, “haren gorpua atoi batean eraman zuten, eta suzko armekin mehatxatu zituzten eszenari argazkiak ateratzen saiatu ziren pertsonak”.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, otso italiarraren ale bakartien agerpenak piztu du alarma. Pasa den martxoan Lapurdiko Azkaine herrian otso bat agertu zenean, Euskal Herriko Laborarien Batasunak salatu zuen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ez duela onartu nahi “egoeraren larritasuna”, eta horrek abeltzainengan eragiten duen “eragin psikologiko larria”, ARGIAk orduan jaso zuenez. Nekazariek “harraparien aurrean beren tropa babesteko duten eskubidea” aldarrikatu zuen sindikatuak, administrazioak onartzen ez badu ere: legez kanpokoa da otsoa hiltzea, hiru urteko kartzela zigorra eta 150.000 euroko isuna ekar ditzakeelarik. 

Ekainean salbuespena onartu zuen Frantziako Gobernuak: abeltzainek otsoa akabatu zezaketen, aurreko hamabi hilabeteetan eraso bat frogatzen bazuten eta soilik behi eta zaldi taldeak babesteko. Esan bezala, Europan otsoaren babesa murriztu izanak ahalbidetu du Frantziako Gobernuak baimena ematea abeltzainei otsoaren kontra eskopetekin egiteko. 

Argazkia: Darren Lewis / Domeinu publikoa

Eskopeten albo-kalteak

Arantza Susperregi biologoarengana jo dugu otsoak ekosistemetan duen balioa ulertzeko. Arabako Mendialdeko kuadrillan bizi da Susperregi eta Arabako Mendiak Aske lurraren defentsarako plataformarekin kolaboratzen du.

Piramide trofikoaren funtzionamendua azaldu digu: “Oinarrian kokatzen dira deskonposatzaileak eta lehen mailako ekoizleak (landare-ekoizleak). Hurrengo pisuan lehen mailako kontsumitzaileak ditugu: animalia belarjaleak. Ondoren, bigarren mailako kontsumitzaileak, haragijale omniboroak, hala nola azeria eta katamotza. Bada, otsoa dago erpinean, azken pieza da, hartza eta beste harrapari handiekin batera. Ez dute harraparirik eta haien populazioa txikia da baldintza naturaletan. Estatus horren ondorioz, gaitasun handia du piramide trofikoan haren azpian dauden izaki bizidunen populazioak erregulatzeko: beste haragijale batzuk, belarjaleak eta, ondorioz, landareak ere bai. 

Adibide paradigmatikoa ekarri du gogora biologoak: AEBetako Yellowstone parkea. “Orain dela ehun urte otsoaren desagerpenak dena aldatu zuen: belarjale handien populazioa hazi zen ez zutelako harraparirik, eta ondorioz, landare-espezieek presio handia jasan zuten. Horrek paisaia aldatu zuen, bioaniztasuna kaltetu eta ibaien ibilbidea aldatu”. Bada, pasa den mendeko 1990eko hamarkadan otsoa berriro sartu zutenean, eragina ikusgarria izan zen: “Kaskada efektu bat eman zen eta paisaiak hasierako egoera berreskuratu zuen: naturak duen botere birsortzailea itzela dela ikusi zen”, azpimarratu du.

Izan ere, otsoek taldean ehizatzen dituzte basoko piztiak, liderrak diren ar eta eme ugalkorrek gidatuta. Ehiztariek bietako bat akabatzen badute, taldea desegituratuko da, eta ehiztari trebeak ez diren otso gazteek abereengana joko dute

Alabaina, Euskal Herria ez da Yellowstone, eremu oso antropizatua baizik, eta gizakiaren jarduerek eragin handia daukate ekosistemen orekan. Hala, gizakia naturaguneak kolonizatzen joan zen heinean, otsoa mendialdean kantonatu zen. Ondorioz, canis lupus-ak ekosisteman funtzio baliotsu bat betetzen bazuen ere, bere presentzia gatazkatsua bilakatu zen abeltzainentzat.

Izan ere, otsoek taldean ehizatzen dituzte basoko piztiak, liderrak diren ar eta eme ugalkorrek gidatuta. Ehiztariek bietako bat akabatzen badute, taldea desegituratuko da, eta ehiztari trebeak ez diren otso gazteek abereengana joko dute. Horrez gain, nekazaritzari kalte egiten dion ondorio bat ere badakar otsoen faltak: basurde, orkatz, orein eta untxien eztanda.

Ildo horretatik, zalantzan jarri du ehiztariek trebakuntza nahikoa duten espezie honen kontrol egokia egiteko. Basurdeen kasua aipatu du: “Ehiztariek basurde eme handia ehizatzen dutenean, eragiten dute eme gaztea aldez aurretik araldian sartzea eta, hortaz, eme ugalkor gehiago egongo dira”.

Ehizaren aurreko irakurketa ekofeminista egin du biologo honek: “Gizakiaren esku-hartzea oso kontzeptu antropozentrikoa da, oso maskulinoa ere bai agian. Gizon ehiztariak bere burua ikusten du inguruaren kudeatzaile gisa, eta natura menderatzeko eta kontrolatzeko jarrera dauka, elkarbizitzan, errespetuan eta kolaborazioan ardaztutako jarrera baino”. 

Gauzak horrela, abeltzaintza estentsiboa babesteko prebentzio neurrietan azpimarra jartzeko deia egin du biologoak, baita otsoen erasoen aurreko indemnizazioak bizkortzea aldarrikatu ere. Horrez gain, ideia berritzaileak ekarri dizkigu. Alde batetik, Galiziako Casa Xancedaren esperientzia gomendatu digu, mastin txakurrak eta hesiturak astoekin konbinatzea otsoa uxatzeko.

Bestetik, abeltzainentzat otsoak dakarren zailtasuna aitortzeko modu bat iradoki du: haien produktuentzat ziurtagiri bat sortzea, hartza dagoen eremuetan eztiarekin egiten den bezala, marka horien balioa goraipatzeko. Herritarron ohitura aldaketa bat ere gomendatu du: okela gutxiago kontsumitzea, kalitate onekoa, abeltzaintza estentsibokoa.

“Otso iberikoaren arrisku handienetakoa da populazio txikia eta isolamenduaren ondoriozko endogamia. Kantauri isurialdeko otsoaren eta Pirinioetakoaren artean truke genetiko bat gerta liteke, espezieari mesede egingo liokeena”
ARANTZA SUSPERREGI

Azkenik, nabarmendu du Euskal Herria leku estrategikoa dela, eta korridore ekologiko baliotsua izan daitekeela: “Otsoaren presentziak poza eragin beharko luke, ondo egituratutako habitat baten orekaren ikurra delako. Otso iberikoaren arrisku handienetakoak dira populazio txikia eta isolamenduaren ondoriozko endogamia. Kantauri isurialdeko otsoaren eta Pirinioetakoaren artean truke genetiko bat gerta liteke, espezieari mesede egingo liokeena”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Abeltzainekiko enpatia

Baso-ingeniaria da Markel Arriolabengoa Martiarena, eta basabizitza du pasio: Bidaia bat hartzaren atzetik kronika oparitu digu aurtengo GAKOAKen. Aramaion jaio zen, Gasteizen bizi da eta, kaletarra bada ere, harreman handia dauka baserritarrekin.

Hala, ikuspegi ekologista lehen sektoreko langileen kezkekin uztartzeko gai da: “Euskal Herriko zenbait lekutan urte asko eman dituzte otsoa ezagutu gabe. Abeltzaintza eta artzainen ohiturak garatu dira mehatxu hori gabe. Azken urteetan zabalduz doa otsoa, eta nabaritzen da tentsioa landa gunean. Abeltzainen ardura ulergarria da. Mehatxu berria da zenbaitentzat, eta otsoa kalte handia sortzeko gai da”.

Gauzak horrela, egokitzapen une batean gaudela uste du, eta fase horretan abeltzainekiko enpatia ezinbestekoa iruditzen zaio, baita bestelako eragile sozialen inplikazioa ere. “Otsoa babestu nahi dut, oso espezie garrantzitsua da ekosistemen orekarako, baina kontziente naiz konplexua dela. Ez du balio esatea baserritarrak egokitu daitezela, ez daitezela kexatu”. 

Ildo horretatik, ez zaio bidezkoa iruditzen azpimarra jartzea artzainen presentzia eskasean: “Nik zortzi orduko lanaldia dut. Baserritarra aztoratzen da eskatzen zaionean abereak bakarrik ez uzteko, eta normala da. Zer egin behar du, 24 ordu haiekin pasa, duela ehun urte bezala? Lan baldintza duinak unibertsalak izan behar dira. Inkontzienteki landa guneko postal idiliko horren aitzakiapean presio handia eragiten diegu lehen sektoreko langile batzuei. Lehenengo sektorea zaintzeko momentua da. Eta honekin ez dut esan nahi abeltzainek beti arrazoi dutenik, baizik eta irtenbideak elkarrekin bilatu behar ditugula”. 

"Guk nahi baldin badugu paisaia hori izan eta otsoa mantendu, izan gaitezen erantzule;  bideratu dezagun behar beste baliabide oreka hori posible izan dadin"
MARKEL ARRIOLABENGOA

Hortaz, otsoak dakartzan zeharkako balioak sustatu nahi badira, aldarrikatu du beharrezkoa dela guztion inplikazioa: “Guk nahi baldin badugu paisaia hori izan eta otsoa mantendu, izan gaitezen erantzule; gure lantokiek, aisialdi esparruek eta autobusek ere finantziazio publikoa daukate. Bideratu dezagun behar beste baliabide oreka hori posible izan dadin. Elkar ulertzeko nahi batetik”.

Familia ehiztaria du Markelek: “Ni ere ehiztaria izan nintzen 20 urte bete arte, gero arbuiatu eta orain oreka bilatzen”. Bere esanetan, ehiza tresna bat izan daiteke, fauna komunitatean eta landa eremuan sortutako arazoei erantzuteko, baina modu oso planifikatuan bideratzen bada, ondo egiten bada, eraginak ondo neurtuta, hezkuntza sustatuta. Alabaina, ehiztarien munduan eragiteko zailtasunak antzeman ditu: “Bereziki zaila da kudeatzen, oso maskulinitate zehatz batek parte hartzen du”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ezintasun latza
Otsoaren Kudeaketa Planaren Jarraipen Batzordean elkartzen dira Arabako Foru Aldundiko ordezkariak, elkarte ekologistak eta abeltzainak. Administrazioak bi tresna eskaini ditu abeltzainei laguntzeko: prebentzio neurriak ezartzeko diru-laguntzak eta Ingurumen Zerbitzuen araberako Ordainketa, otsoen presentziako eremuetan artzaintza-jardunbide egokiak saritzen dituena. WWF Naturaren Mundu Funtsa elkarte ekologistak txalotu du Arabako abeltzainek jasotzen duten aholkularitza teknikoa eta artzainen programa pilotua.

400 latxa ardi ditu Mónica Meabek Gibijo mendilerroan (Araba) eta dozena bat mastinek babesten du artaldea. Gastu eta esfortzu handia suposatzen du hainbeste txakur hezi eta mantentzea, baina merezi dio, kontuan izanda otsoak erraztasun handia duela bere lursailetan sartzeko. 90-100 abere galdu ditu azken urteotan: “Lehenengo erasoan 16 bat ardi agertu ziren zaurituta edo hilda, eta bakar bat jan zuen otsoak. Batzuk salbatu nituen, beste batzuk azkenean hil egin ziren, bakterien erruz. Ezintasun latza sentitu nuen”. 

ATACA Trebiñu eta Arabako landa eremuen aldeko elkartera jo zuen Meabek, administrazioari kontuak eskatzeko: “Akordioa izan zen eraso bakoitza hiru hilabeteko epean ordainduko zutela, eta ez zuten bete. E-mail asko bidali ondoren, urtebete pasata ordaindu zidaten, eta soilik momentuko heriotzak. Esan dute hasiko direla abortuak ordaintzen, baina ikusi arte ez dut sinetsiko”.

Abeltzain honek ez du artzainen programa pilotuan izena eman: “Ondo deritzot aukera hori eskaintzeari, baina ni ez nintzateke lasai geratuko; nahiago dut ni neu egotea artaldearekin. Egunsentian ilun dagoenean noa larrera eta iluntzean berandu bueltatzen naiz”. Bere esanetan, programan lan egiten duten artzainak kanpokoak dira, ez dituzte bertoko mendiak nahikoa ezagutzen eta ez dute prestakuntza nahikorik jasotzen. Itxituren konponbidea ere zalantzan jarri du: “Estentsiboan funtzionatzen duzunean, larrea hesitzea kondena bat da abereentzat, eta abeltzaintza estentsiboak onura handia egiten dio mendiari suteak saihesteko”.

“Akordioa izan zen eraso bakoitza hiru hilabeteko epean ordainduko zutela, eta ez zuten bete. E-mail asko bidali ondoren, urtebete pasata ordaindu zidaten, eta soilik momentuko heriotzak"
MONIKA MEABE

Gauzak horrela, ehiza selektiboa baimentzea aldarrikatu du, izan abeltzainen eskuetan utzita edo otsoaren etologian adituak diren profesionalek kudeatuta. “Txikia nintzenean otsoaren uxaldiak antolatzen ziren. Helburua ez zen espeziea desagertzea, bazekiten katebegi baliotsua zela, baizik eta kalteak eragiten zituzten animaliak kentzea. Orduan, eraso bat izan ahal zenuen noizbait, baina zorte txarra zen, ez errutina”.

Edonola ere, Frantzian bezala otsoaren erasoen aurrean defentsa baimentzea ez da Mónicaren aldarrikapen bakarra: “Mendia oso zikin dago, orduan ardiak gehiago hedatzen dira eta txakurrek ez dute artalde osoa ondo ikusten. Nire zonaldeko sastrakak garbitzeko eskaera egin nion administrazioari, erantzun zuten haiek Arabako Batzar Nagusiei zuzendu behar zietela eskaera, eta ez dute egin”.

Jendartearen ardura ere nabarmendu du abeltzaintza estentsiboa errespetatzeko. Mastinek pertsonei  eraso egitearen ospe txarra hartu dute Nerbioiko ur-jauzira joandako bisitariren bati koska egiteagatik. Txakurren lana defendatu du Mónicak: “Kartelek argi adierazten dute 20 metroko distantzia gorde behar dutela eta bizikletatik jaitsi. Askok ez dute betetzen, oihuka dabiltza, eta hala mastinak urduritzen dira”.

Elena Galan bere ahuntz taldearekin Gibijoko mendilerroan. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

Etxe apropos bat otsoarentzat

“Elkarbizitza ezin da eman: otsoak jaten du ardia”. Tinko agertu da Amets Ladislao, EHNE Bizkaia eta Etxaldeko Emakumeak elkarteko kidea. Amorru handia ematen dio otsoa babesteko ikerketak “hiritik” etortzen direla, abeltzainei zuzenduak “pulpitu batetik”: “Ez dute mendia ukitzen, ez dakite zer den artalde bat zaintzea, zer harreman eta maitasuna daukagun animaliekin. Ez dira bakarrik hilketak. Otsoa sumatzen duen artaldea ez dago lasai, ez dago osasuntsu”.

Markelek aipatutako exijentzia sentipena adierazi du: “Hiritik exijitzen digute lana laukoiztea: animaliak gauero sartzea bordan… Baina gure sektoreko tonua ere ez dugu gustuko: otsoa etsai gisa aurkeztea. Guk otsoa maite dugu, ez dugu uste desagertu behar denik. Hedabideetan agertzen diren bi jarrera horiek ez doaz bat gurekin: superbiologoak ehiztari-abeltzain atzerakoien kontra, bakoitza bere teoria botatzen. Hasi behar dugu denok, aktore guztiak, bestelako jarrera batekin elkartzen: ez arrazoia daukagula esateko, baizik eta zelan konponduko dugun aztertzeko”. Zentzu horretan, Odile Rodríguez de la Fuenteren (Felix, naturalista eta etologo mediatikoaren alaba) fundazioak egiten duen lan “diskretua” goraipatu du. 

Etxaldeko Emakumeen irakurketa ekofeministak fokua aldatzea dakar: “Euskal Herrian gure eremua oso txikia da, oso industrializatuta dago; otsoaren lehenengo etsaia berez hiria da, ez du lekurik gurean, eta ez da abeltzaintzagatik. Fokalizatu da dena artzainengan, baina otsoaren lurraldea industrializazioak eta eremu urbanoaren hedapenak apurtu dute. Autobideek eta abiadura handiko trenen proiektuek apurtu dituzte otsoaren korridoreak. Artzain batzuk planteatzen hasi dira egin beharko liratekeela erreserba natural handiago batzuk Europan, adibidez Alemaniako Oihan Beltza aipatzen da. Onartu behar dugu gure eremu naturalak suntsitu ditugula”.

Bitartean, “teknologian inbertitzea” proposatu dute Etxaldeko Emakumeek neurri eraginkorrak azkar txertatzeko: “Aztertu behar da posible den artzaintza birtualaren bidez otsoak ere markatzea eta ez uztea artaldera hurbiltzen. Frantziako Estatuan otso arren feromonak botatzen dituzte artaldeak dauden mugetan, otso alfek muga hori pasa ez dezaten”. Edonola ere, estrategia esperimentalak martxan jartzen diren bitartean, ehiza kontrolatu baten alde egin dute. Zentzu horretan, zalantzan jarri du Susperregi bezalako biologoen diskurtsoa, alegia, otso talde egituratuek ez dituztela abereak erasotzen: “Animalia oso azkarra da otsoa, errazagoa egiten zaio artaldearen kontra egitea”.

Eta zer abeltzain motari eragiten dio erasoak? Emakumeei gehien bat. “Gure gizarteratzeagatik aukeratzen ditugu eredu agroekologikoagoak. Otsoak eragiten die abeltzaintza estentsiboei, ez makroetxaldeei. NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzen onuradurak esplotazio handiak dira; gure eredua defendatzen dugun ia guztiak kanpo geratzen gara. Gu NPB feminista baterako proposamena ehuntzen gabiltza Europa mailan”. 

VOXek ageriko instrumentalizazioa egin du gai honen aurrean, abeltzainen interesak defendatzen dituen alderdi politiko bakar gisa aurkeztuz. VOXez gain, EAJk, UPNk eta Juntsek bozkatu zuten PPren neurriaren alde, Diputatuen Kongresuan otsoa LESPREtik ateratzeko. Orduan, ENBAk “txalotu” zuen EAJko eta PPko diputatuen apustua eta, PSOEko eta Sumareko diputatuen ezezko botoak “salatu” zituen, baita EH Bilduko diputatuen abstentzioa ere, “bereziki mingarria, Euskadiko bigarren alderditik datorrelako eta euskal nekazari munduan hain presentzia handia duena, abstentzioan ezkutatzea erabaki duelako eta abeltzaintza estentsiboa babesik gabe utzi duelako”, ARGIAk jaso zuenez.

Ametsen ustez, “lotsagarria da EAJri eskerrak ematea”: “Alderdi hori ez dago guk defendatzen dugun ereduaren alde. Babesgabetasun horrek ematen dizu gogoa amore emateko. Sentitzen dugu desagertuko garela, zer eta jendeari elikagai osasuntsuak eskaintzen eta sistema aldatu nahian gabiltzalako”, deitoratu du. Hortaz, polarizazioa eta erabilpen politikoak atzera utzi eta eztabaida diskretu eta sosegatua aldarrikatu du: “Saiatuko gara eskuzabalak izaten konbergentziak bilatzeko”.

Hausnarketan sakontzen

Maitane deituko dugu hurrengo elkarrizketatua. Artzaina da Gipuzkoan, eta ezizen bat erabiltzea eskatu du, inguruko abeltzainekin arazoak saihesteko. Fernando Valladares biologoaren podcastari esker ulertu du otsoaren etologia eta ehizaren albo-kalteak: “Mesede egiten ari direlakoan, kalte egiten dute. Erauzketak egin ahal izateko, otso taldearen barne dinamika oso ondo ezagutu behar da, definitzeko zein den buruzagia… Gai honetan oso formazio gutxi dago, nigandik hasita. Nire beldur eta ezjakintasunaren jabe egiten naiz”. Hala ere, abeltzainen eta otsoen arteko bizikidetza ahalbidetzeko neurriak indartzearen aldekoa da: “Nik ez dut neure gain hartu nahi espezie baten desagerpena. Baina argi dut jendarte honek baliabideak jarri behar dituela, baita gizakion biziraupenerako ere”.

Otsoaren presentziak suposatzen duen erronka modu isolatuan landu baino, irakurketa zabalagoa proposatu du: “Hau kendu, hau sartu, kaosa sortu dugu naturan eta ondorioak pairatuko ditugu. Jendarte bezala erabaki behar dugu nola bizi nahi dugun, zer paisaia nahi dugun, zer jan nahi dugun: Eusko Jaurlaritzak bultzatuko duen laborategiko haragia? Asko dugu erabakitzeko komunitate bezala, eta erakunde publikoen papera funtsezkoa da. Otsoa ehizatzea erabakitzen badugu, zer baliabide jarriko ditugu hilko ez dituen espezieek eragingo duten birus eta bestelako gaitzen transmisioaren aurrean? Eta otsoa ez ehizatzea erabakitzen badugu, zer lanketa egingo dugu abeltzainekin? Eta zein da basozainen papera? Oso gutxietsiak daude!”.

Iruditzen zaio otsoa abeltzainen arazo nagusi moduan aurkeztu baino, azpimarra lehen sektorea arriskuan jartzen duten politika publikoak salatzean jarri behar dela: “Erabaki politikoak ez doaz nekazaritza eta abeltzaintza ekologikora bideratuak, herritar guzti-guztiek osasungarri jateko eskubidearen alde, baizik eta sistema industrial batera: zenbat eta pabiloi handiagoa eta kanpoko pentsu gehiago, gero eta eraginkorrago. Errazagoa da errua botatzea ekologistei eta kaletarrei, baina diru publikoa nora bideratzen da? Ez dago inolako gupidarik abiadura handiko trenek abeltzaintza eremuak suntsitzeko orduan, okela sintetikoa edo indoor farming-a sustatu aldera”.

Ehiza selektibo zuhurra egiteko baldintzak zalantzan jarri ditu Maitanek: “Nire sentsazioa da ehiztariak ezagutzatik baino testosteronatik abiatzen direla. Ez dut uste jarduera zinegetiko programatu bat dagoenik. Ehiztarien artean oso gutxi dira ekosistemen inguruko ezagutzak dituzten pertsonak”. Edonola ere, prest dago Maitane bere aurreiritziak berrikusteko eta Ametsek defendatutako eztabaida sosegatuan parte hartzeko: “Beste gai askorekin gertatzen den bezala, muturreko planteamenduak eta gorrotoz beteriko diskurtsoak baino, izan dezagun eztabaida zentzuduna, epe luze eta ertainean emankorra izango dena. Arazoa ez da soilik teknikoa, humanoa baizik”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

                                                                                              *          *          *

ARTZAIN ZAINDARIEN PROGRAMA PILOTUA ARABAN

ibijo eta Bagerro mendilerroetan otsoek abeltzainei eragindako kalte larrien aurrean, Arabako Foru Aldundiak programa pilotu bat abian jarri zuen 2022an, Enrique Arberas Mendibil biologoak koordinatutakoa, ardi latxak babesteko. Bi neurri nagusiak izan ziren artaldeak gordetzeko bordak sortzea eta artzain zaindariak kontratatzea abeltzainak laguntzeko, baita programa koordinatu duen teknikaria ere. Nafarroan, Gaztela Leonen eta Katalunian ez bezala, artzain zaindarien programa bat abian jartzen den lehen aldia da EAEn.

Langileen eginkizunak dira, alde batetik, artaldeak zaintzea, gidatzea eta batzea, eta bestetik, otsoen presentzia antzematea. Artzainek zortzi orduko lanaldia egiten dute astegunetan. Iluntzean, mastinek zaindutako bordan gordetzen dituzte abereak. Egitasmoaren arrakasta frogatzen dute 2023-2024ko neguko lau hilabeteetan bi eraso bakarrik gertatu zirela, artzainak presente ez zeuden momentuetan.

Denboraldi horretako txostenak programaren onurak identifikatu ditu hainbat alorretan: ingurumenean, artaldearen ongizatean, errentagarritasunean (eraso gutxiago eta, mendian denbora gehiago emateari esker, pentsuan eta bazka lehorrean gastu gutxiago), abeltzainen kontziliazioan eta osasun psikologikoan, eta eremu hauetan abeltzaintza- eta artzaintza-sektoreak indartzeko bidean. Otsoarekin koexistentzia posible dela frogatu dutela defendatu dute arduradunek hedabideetan.                                                                                  

Argazkia: Segredos do mondo.

OTSOAREN ETOLOGIA

“Otsoaren etologia” kontzeptua errepikatu dute gure elkarrizketatuek. Nolakoa da ba canis lupus-aren izaera, bizimodua eta portaera? Eusko Jaurlaritzaren diagnostikotik hartu ditugu hurrengo azalpenak:

Habitata: Behar adina elikadura-baliabide dituen eta jazarpenik jasaten ez duena. Nahiago ditu landare-estaldura handiko inguruneak, dela sastrakadi trinkoak (txilardiak, isastiak, estrepadiak...), dela zuhaiztiak. Eskualde batzuetan, zereal-lautadetan edo eremu oso humanizatuetan ere ohikoa da. Ura nahitaezko baldintza da edoskitze-prozesuetarako.

Bizimodua: Otsoa oso animalia soziala da; taldeetan bizi da, eta taldekideek lurralde bera partekatzen dute haien artean, auzo-taldeen aurka defendatzen dutena. Otso-taldeak familiak izaten dira: elkarrekin ehizatzen, elikatzen, mugitzen edo atseden hartzen duten otsoen multzoak. Bikote ugaltzaile bat eta urteko kumeak egon ohi dira, gutxienez, eta, batzuetan, baita kumeak elikatzen eta zaintzen edo ehizan parte hartzen duten beste otso batzuk ere, helduak zein heldugabeak.

Ehiza ohitura: Ertzeko eremuak, ur-masak, ibai-ibilguak eta baso-hesiak dira otsoaren ehiza-leku arrakastatsuenak. Ingurune humanizatuetan, otsoek gauez egiten dute beren jardueraren zatirik handiena, elikadura-lekuetara joatea barne. Eguna gordelekuan etzanda ematen dute, baina hain arraroa ere ez da egun argiz batetik bestera ibiltzea, batez ere sakabanatze-fasean dauden otso gazteak edo heldu alderraiak badira, edo uda garaian bada. Otsokumeak hazten diren bitartean, lehenengo sei asteetan, emeak batez ere egunez mugitzen dira.

Talde-funtzionamendua: Talde bakoitzaren barruan, hierarkia handia dago, bai sexu berekoen artean eta sexuen artean, eta bi hierarkia desberdin eta independente daude: arrena eta emeena. Normalean, taldeko ar eta eme nagusiak baizik ez dira ugaltzen (alfa bikotea esaten zaiona), baina bikote azpimenderatzaileen ugaltze-kasuak ere aipatzen dira. Halaber, egiaztatu da ingurune naturalean otso-taldeen lehiakortasuna ez dela hain markatua, eta lanaren banaketa garrantzitsuagoa dela otso gatibuen taldeetan baino. Ale periferikoak otso heldugabeak edo otso heldu subordinatuak dira, taldearen nukleotik kanporatuak izaten direnak, taldea hazi eta handiegia izaten hasten denean. Bestalde, ale flotatzaileak dira beste talde batean integratzeko hutsunerik edo kokaleku egokirik aurkitzen ez duten otso sakabanatuak. Sakabanaketa iraunkorrean bizi dira, eta ohikoak dira populazio saturatuetan. Habitat txarrenak okupatzen dituzte, eta hiltzeko arrisku handia dute.

(Artikulu hau LARRUN 313ko atal bat da eta beste honekin batera doa: Ahuntzak, astoak eta mastinak otsoa uxatzeko)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
2025eko abenduaren 24
Espainiako Estatuko esperientziak
Ahuntzak, astoak eta mastinak otsoa uxatzeko

2025eko abenduaren 4
Lurraldea eta arkitektura
Lurzorua

2025eko azaroaren 19
Igarobide ekologikoak eolikoen mehatxupean:
Utzi izaten, utzi pasatzen

Eguneraketa berriak daude