Sabino Arana saria jaso zuen urtarrilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak. Herriko zinpeko alkate eta elkarteko kide Isabel Alemanek jaso zuen garaikurra. 1982an, gazteluak ageri duen monumentua jaso zutenean, hantxe zen Isabel, jakile eta lekuko zuzen.
Sabino Arana saria jaso du Amaiurko Gaztelu Elkarteak...
Gogo onez jaso dugu errekonozimendua. Duela ehun urte goratu zuten lehenbiziko monumentua Arturo Campionek-eta. Nafarroako monumentuen batzordearen asmoa izan zen, eta hantxe inplikatu zituzten lau diputazioak, ez bakarrik Nafarroakoa. Gainera, gerra baten atarian izan zen hori, pertsona haiek beren identitatea ukitua sumatzen zutelarik. Nahi izan zuten adierazi Amaiurren laurehun urte lehenago ere gure identitatea zauritu zutela, ez zuten hura atzentzerik nahi. Monolitoa goratu zuten, eta horri esker etorri dira gero 1982an elkartea sortzea eta ondokoak. Joan den ehun urtean egin den bidearen errekonozimendua izan da saria. Duela ehun urte hemen egon ziren lau diputazioak, eta ez dakit aurten denak etorriko diren. Gonbidatuko ditugu, bederen.
Noiz izanen duzue ekitaldia?
Uztailaren 16an. Duela bortzehun urte, Amaiurko gazteluan gotortuta zeuden Noaingo gudatik eskapo etorri zirenak. Urtea iraun zuten gazteluan. Hilaren 15etik 19ra izan zen borroka eta, azkenean, 19an klaudikatu zuten, ikusirik ezin zezaketela deus egin, baitziren 200-edo, ez gehiago. Lauaxetak, bederen, hala erraten du: “Berrehun gudari oro sumin”… Antton Valverdek kantatu zuen lehenbizi, baina Pettik nola kantatzen duen ere aunitz gustatzen zait; modernoagoa da.
Saria jasotzean, duela 40 urte gazteluan egindako ekitaldian izan zinela erran zenuen.
Bai. Gazteluaren parez pare bizi gara [Makitenea eta Mendialdea etxeak], eta badut oroitzapena, jende mugimendua gazteluaren inguruan. Gazteak ziren, monumentua goratzen ari ziren. Ordu arte, uste dut, ez nintzen gaztelu honetan inoiz egona, nahiz eta Korputz jaietan-eta prozesioak egin izan ziren honat. Apaiza nazionalista zenean, seguru. Amaiurko Gaztelu elkartea 1978an sortu zen, monumentua goratzeko asmoarekin. Nik nituen orduan 13-14 urte. Ateratzeko grina nuen, herriko bestak-eta. Beharbada besta giroa baizik ez nuen ikusten gazteluaren inguruan. Eta etxean, berriz, aitatxi [Gerardo Irungarai] ez zen eroso sentitzen gazteluaz solasean. Alkate ibilia zen, ez zuen ikasketarik baina arrunt argia zen: gure eskolako liburuak eta denak hartzen zituen —batez ere historiakoak—, eta irakurtzen zituen.
Zer oroitzapen duzu egun hartaz?
Oroitzen naiz amatxik transmititu zidana: “Kasu egin ezazu. Politikariek-eta etorri behar dute eta igual follon-a izanen da. Kasu egin ezazue, kasu egin ezazue!”. Meza nagusia bazen hemen, gazteluan, eta etorri ginen desfilean honat. Denbora hartan igandero irakurtzen nuen elizan, meza nagusian. Oroitzen naiz zer jendetza! Lehenik, herrian, Carlos Garaikoetxea ailegatu zelarik, auto beltz handi batean zen. Ni amatxiren anaia baten etxe atarian nintzen, eta hantxe berean utzi zuten autoa. Eta jendeari baztertzeko agintzen. “Baina hau, zer da hau?”. Intriga ikaragarria. Ez nuen inoiz halako jende pila ikusi Amaiurren. Gaztelura etorri eta Timoteo Plaza, bailarako alkatea zen orduan, eta adineko jendea, ongi jantzia, trajea eta boneta, eta mezan irakurri nuenez, gizon bat hurbildu zitzaidan eta erran zidan: “Zein ongi irakurri duzun!”, eta ni harro! “Horrela irakurri behar da, yainkoa, ez jainkoa!”. Ni liluratuta horrelako jendea ikusita, eta egiten nuen: “Baina zer garrantzi du leku honek!?”.
Gaztelua aipatu eta aitatxi ez zela eroso erran duzu.
Bai. Aitatxik ez zuen deus ere kontatu nahi, baina horrek berak interesa pizten zuen gure barnean. “Zergatik ez ote du kontatu nahi?”. Eta berdin gertatzen zen amatxirekin [Juanita Inda]. Solastunagoa zen, baina aunitz sufrituak ziren eskolan hizkuntzagatik, gutietsiak, gaztelaniaz ez zekitelako. Herrian, garai hartan, batean zenuen guardia zibilen kuartela; bertzean, Agerrea etxean, militarrak; plazako ostatuan ere, militarrak… Denbora batez, Amaiurren, 200 guardia zibil eta militar omen zeuden. Denak erdaldunak. Denak. Gaztelania ez jakiteak sufrimendua ekarri zien herrikoei. Etxean euskaraz aritu izan gara beti, baina amatxik erraten zuen: “Euskara zertarako? Belatetik harat ez du balio!”. Eta, aldiz, euskaraz kantatzen zuenean-eta, ezagun zuen bere hizkuntza maite zuela. Sufritu zuela ere agerikoa zen.
Zer litzateke Amaiur, gaztelu hau gabe?
Baztanen errepidetik aparte dagoen bertze edozein herri ttikirekin alderatuko nuke. Arrunt mugimendu guttiko herria izango litzateke, arrunt auzo-giroa. 250 lagun gara Amaiurren, sakabanatuak, kaskoan eta baserrietan. Beharrik, badugu ostatua, sozializatzeko tokia, adin guzietako jendea elkartzen baikara han. “Badugu”, erran dut, baina “izan dugu” erran beharko nukeen, zeren orain jubilatuko baita Luisa, ostatuko nagusia, eta hortaz dugu horrelako presa, nonbait zerbait muntatzeko, zeren bertzenaz sozializatzeko toki gabe geratuko gara.
"Askapenatik garbi utzi zidaten ideia bat: ‘Ez duzu han inoren bizia salbatzeko lanik egin behar. Ez zara ezinbertzekoa, eta ez duzu ezinbertzekoa izan behar ere”
Zer zinateke zu Amaiurko ez bazina? El Salvadorren ibilia zaitugu garai batez...
Nire bizia Amaiurren egin dut. Emagina naiz, gazteluak ez du deus ikustekorik nire lanarekin. Bertzalde, egia da El Salvadorren ibili nintzela, eta, beharbada, Amaiurren ez banintz, GKEen giroan ibiliko nintzateke. El Salvadorren izan nintzen 90eko hamarkadaren hasieran, sei hilabetez. Mundu horrek erakartzen ninduen. Kanpoko herrialderen batean laguntzeak, erran nahi dut. Erizaintza ikasten ari nintzela, azken urteko praktikak egiten ari nintzela Iruñeko ospitalean, mediku bat ezagutu nuen traumatologia solairuan. Pello Goiatxe zen, Mugarik Gabeko Medikuetakoa. El Salvadorreko gerran zauritua zen —hiltzat ere utzia—, baina atzerritarra, eta agintariak-eta mugitu ziren eta ebakuatzea lortu zuten. Handik honat ekarri zuten, eta hilabetean egon zen ingresatuta Iruñeko ospitalean. Erizaintza ikasle izaki ni, bera prest zen beti: “Zuk praktikatu nirekin!”. Hogei urte izanen nituen nik, eta buruan sartu zitzaidan: “Nik ere egin behar dut horrelako zerbait!”. Pelloren lagun egin nintzen eta, bera medio, Askapenarekin kontaktatu nuen.
Eta El Salvadorren izan zinen sei hilabetez, arestian erran duzunez. Zertan, hala ere?
Komunitate ttiki bateko klinikan egon nintzen, farmazia eta biltegia antolatzen laguntzen, Chalatenangoko departamentuko Guarjila kantoian. Eta han, Jon Cortina zegoen. [Ignazio] Ellakuria eta bertze zazpi pertsonak berriki hilak [1989ko azaroa], ni hemen nintzela. Gerra bukaeran hil zituzten, eta ni ondoko urtean joan nintzen, lehenbiziko hauteskunde garaian, begirale gisa ibili bainintzen. Badut pasarte bat han, arrunt pollita…
Kontatu behar diguzu.
Igande batez, han nago ni lasai, eta gizon bat agertu zen. Uste dut bertze batekin heldu zela, ez zela bakarrik. Galdetu zidan: “Aizu, aita Jon Cortina?”. Eta erran nion: “Meza ematen ari da, baina fite akituko du, eta etorriko da”, zeren ni Jon Cortinaren etxe ondoan nengoen. Solasean hasi ginen. Konturatu nintzen ez zela hangoa, eta bera ere bai ni ere ez nintzela El Salvadorrekoa. Eta solasetik, biak nafarrak ginela jakin genuen, eta zein herritakoa nintzen galdegin zidan. Nafarroa iparraldekoa erran nion, “Baztangoa”. “Amaiur nork ezagutu behar du!”, pentsatu nuen. “Zein herritakoa?”, galdegin zidan, ordea, eta, nik, orduan bai, Amaiurkoa nintzela. “A, bai? Bada, nik ezagutzen dut bat Amaiurren”. “Zein?”, nik, eta berak: “Felixa, Mendialdekoa”. Eta nik: “Bada, ni, bere alaba!”. Koldo Katxo jesuita zen. Geroztik, urtero oparitzen dit Latinoamerikako agenda. Urtero.
Hogei urte zenituen El Salvadorrera joan zinenean. Zein asmotan zinen?
Laguntzera joan nintzen, zerbait ekarpen egin nezakeelako ustean. Hara heldu eta berehala konturatu nintzen nik haiei ekarpen gutti egin niezaiekeela, baina beraiek niri, aldiz, ikaragarri. Bizitzaren zentzua bera. Beraien filosofia hura-eta, umeak izan eta izan. “Zertarako hainbertze ume?”, nik, eta haiek: “Zeren hiltzen dira!”. Edo emakumeek batak bertzearekin izaten zituzten triskantzak, gizon batengatik! Eta aunitzetan zer gutti baloratzen zuten bere burua. Bertze kultura bat. Emakumeen enkontruak-eta, lan egiteko beraiek bakarrik elkartzen ziren momentuak… itxuraldatu egiten ziren, libre sentitzen ziren. Etxean, bertzerik zen.
Erizain joan zinen, dena den.
Erizainaren ikuspegiari dagokionez, ikusi nuen hemen erabat menperatuak ditugun gaitzek han, oraindik, ikaragarri mugatzen zutela eguneroko bizitza. Ez izatea egunero arrautza bat, edo behar den bezalako proteina bat jateko aukera! Edo txertoak! Baina, txertoa, ez orain koronabirusarena, baizik eta elgorriarena, edo tetanosena… guk aspaldi atzenduak ditugunak. Eta zer interes dauden haiek txerto horiek ez izateko. Edo zergatik erakundeek ez duten deus gehiago egiten.
"Gaztelania ez jakiteak sufrimendua ekarri zien herrikoei. Etxean euskaraz aritu izan gara beti, baina amatxik erraten zuen: “Euskara zertarako? Belatetik harat ez du balio!”
Hor gabiltza beti 0,7a dela eta ez dela, geure burua zuritzen…
Familiak Amaiurren ostatua baitzuen, behin etorri zen hara enpresaburu bat eta jakin zuen ni El Salvadorren nintzela. Erran zion gure amari: “Nahi diot dirua igorri”. Eta igorri zidan, erranez: “Hartu zuretako behar duzuna, eta gainerakoa zeuk kudeatu han”. Guarjilan baziren hainbat haur desnutrituta. Bitxia da, zeren han hasi nintzen baloratzen bularra ematea ere. Ikusi nuen haurrak bularra hartzeari uzten ziotenean hiltzen zirela, bertze elikagairik ez baitzuten. “Amaren bularra, haurraren janari”, kantuak dioen bezala. Bularra hartzen zuten artean, bizirik mantentzeko garantia zuten. Enpresaburu haren diruarekin, hainbertze arrautza erosi genituen, lortu genuen esnea −ederki gostata−, eta egun andana batez haur haiek klinikara etorri ahal izan ziren baso bat esne eta arrautza egosia jatera.
“Egun andana batez” erran duzu. Eta egun andana hori eta gero?
Dirua akitu zen, eta deus ez. Ez zen adabaki bat baizik izan… Baina Askapenatik garbi utzi zidaten ideia bat: “Ez duzu han inoren bizia salbatzeko lanik egin behar. Ez zara ezinbertzekoa, eta ez duzu ezinbertzekoa izan behar ere. Haiei ekarpenik egitekotan, gero beraiek beren kabuz zuk markatutako bidean ibili ahal izateko era izan behar du zure ekarpenak”. Nire kasuan, han ez zen erizainik, osasunaren sustatzaileak baizik.
Zer da “osasunaren sustatzaile” ?
Herriko neskak ziren, doi-doia irakurtzen eta idazten zekitenak −erneenak, gerra garaia bizitakoak−, eta Pello Goiatxe eta gisakoen ondoan erizain lana egiten ikasi behar izan zutenak. Osasunaren sustatzaile horiek, neska horiek, nik inoiz egin ez nituenak egin zituzten: anputazioetan egon ziren, metrailaz betetako operazioetan… Asepsia neurriak-eta erakutsi genizkien, eskuak garbitzen-eta. Hori zela bidea erran zidaten Askapenan, guk haiek gaitzea, trebatzea, beraiek lan hartan segitzeko. Gero, hemengo gobernuaren funtsak iristen hasi ziren, sustatzaile haientzako soldatak eta abar. Zertan gastatzen zuten dirua? Telebista bat erosten, adibidez. Baina ez zuten hilabetean esnea eta arrautza erosteko ere! Eta guk galdegiten genien: “Baina nola gastatzen duzue dirua telebista erosten?”. “A!, guk zuek bezala izan nahi dugu!”. Berealdiko kontraerranak sortu zitzaizkidan El Salvadorren.
Mendialde etxean sortua. Erizaina izana, emagina du espezialitatea. Iruñeko ospitalean eta Baztanen ari da lanean. El Salvadorren Askapenarekin egona da 1990ean. Gaztelu elkarteko kide da, eta Amaiurko zinpeko alkate iazko Errege egunaz gero. “Gaztelua auzolanez, herria eginez” ageri du herriko karrika nagusiko etxe batean, eta halaxe azpimarratu digu: “Sabino Arana saria herriarendako da. Elkartearen gibelean Amaiurko herria ez balitz, ez zen deus izanen. Elkartea tresna hutsa da”.
78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.
Inor gutxik ukatuko du ziurgabetasunez beteriko garai batean gaudenik. Krisi ekonomikoaren, ezegonkortasun politikoaren eta klima-aldaketaren inguruko mezuez inguraturik gaude. Ikaraturik bizi gara. Hori guztia gutxi balitz, globalizazioaren ondorioz, nazioen izaera zalantzan... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.
Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu du, eskultura frankista dela frogatzeko. Eskulturaren jatorriaren inguruko eztabaida ireki nahi dute hirian, eta udal gobernuari zenbait eskaera egin dizkiote.
Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]
Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Fusilamenduak, elektrodoak eta poltsa, hobi komunak, kolpismoa, jazarpena, drogak, Galindo, umiliazioak, gerra zikina, Intxaurrondo, narkotrafikoa, estoldak, hizkuntza inposaketa, Altsasu, inpunitatea… Guardia Zibilaren lorratza iluna da Euskal Herrian, baita Espainiako... [+]
Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]
Familiak eskatu bezala, aurten Angel oroitzeko ekitaldia lore-eskaintza txiki bat izan da, Martin Azpilikueta kalean oroitarazten duen plakaren ondoan. 21 urte geroago, Angel jada biktima-estatus ofizialarekin gogoratzen dute.
Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.