Eta Gasteiza joan, eta belarra furian, bazterrak hartzen: lorezainak greban, lan-baldintzak eta soldata igoera zio. Eta mobilizazio eta manifak, eta belarra gero eta haztenago, eta enpresak entzungor, eta udal agintariak ezin asmatuan, enpresarekin bat eginak behin baino gehiagotan. Sei hilabeteko greba gorabeheratsua, otsailean hasi eta urrian burutua.
Euskal Herrian izan da greba luzerik, eta zerrenda horretan da Gasteizko lorezainek aurten burutu dutena, sei hilabete eta hamaika egun iraun baitu lanuzte handi horrek. Grebalarietakoa izan da Gorka, borroka egina, eta borrokan segitzekoa, hainbat adar baititu borrokak. Horrela, erresidentzietako langile, pentsionista eta zenbait gazte talderekin batera agertu dira Gasteizko toki eta plazetan, bizimodu duina aldarri.
Urte eta erdi daramazu lorezain lanean, jakin dugunez. Horietarik sei, berriz, greban egin dituzu...
2024an itzuli ginen emaztea eta biok Gasteiza, Galizian bizitzen egon eta gero. Etorri eta iazko otsailean hasi nintzen hemen lorezain, eta handik urtebetera, greba! Sei hilabete eta hamaika egun egin ditugu greban. Baina kontua lehenagotik dator. Langileek aspaldi behar zuten soldata hobea, lan-baldintzak ere negoziatu nahi zituzten enpresarekin [Enviser], baina hark ez zien kasurik egiten. Ezetz, eta kito. Iaz, berriz, sindikatuek ultimatuma eman zioten enpresari, negoziatzeko eskatuz. Sindikatuak enpresari langileen proposamenarekin joan zitzaizkionean, ordea, honek kasurik ere ez zien egin.
Ia 90 lorezain zarete enpresa horretarako lanean, eta %80 sartu zineten greban.
Eta enkargatuek esaten zuten ez genuela grebalaririk bilduko, bi langilek ere ez zutela grebarik egingo. Baina, hurrena, kasik denok grebara lotu ginela ikusita, besterik pentsatzen hasi ziren. Nik, berriz, gogoan neukan Basaurin gertatua, enpresa bereko zabor-biltzaileen kasua: sei hilabete egin zituzten greban! Gu greban hasi ginenean, horixe esaten nien lankideei, Basauriko langileekin hitz egin nuela, sei hilabete egin zituztela greban, eta beste herri batean, berriz, lau hilabete. Lankideei esan nien guk ere hobe genuela prest egon, grebak luze joko zuelako. Sindikatuetako ordezkariek, bestalde, bizpahiru hilabetean auzia konpontzea espero zuten.
Hilabeteak bata bestearen ondotik etorri ziren… Noiz hasi zinen larritzen?
Larritu? Inoiz ez naiz larritu, konbentzituta nengoen, beste batzuk bezala: konbentzimendu horixe genuen, grebak luze joko zuela eta aurrera egin behar genuela. Azken orduan ere, gose grebari ekitea mahai gainean jarri genuenean, ez nintzen larritu. Konbentzimendu osoz jo genuen hordagoa, ea gauza mugitzen zen: “Edo akordioa lortzen dugu, edo gose greban sartuko gara!”. Eta, bat-batean, handik bi egunera, akordioa! Sindikatuek ere ez dakite zein izan zen arrazoia, nondik etorri zen akordioa egiteko agindua. Esaten dizut, inoiz ez naiz larritu, eta are gutxiago familiaren babesa izanda.
"Larritu? Inoiz ez naiz
larritu, konbentzituta
nengoen grebak luze
joko zuela eta aurrera
egin behar genuela”
Zure familia horrek ere badu historia.
Baduenez! Greba hasi genuenean, haurdun zegoen Ana, eta lanuzteari ekin eta hiru hilabetera jaio zen Lua. Hasieratik ondoan izan ditut biak, mobilizazioetako argazkietan ere ageri izan dira. Haurrak, esaterako, artean amaren sabelean zegoela parte hartu zuen kontzentrazioetan. Jaio eta gero, geure besoetan ibili dugu pankartaren atzean.
Uda atarian, igerileku-denboraldia zabaltzearekin batera, Gasteiztik kanpora hedatzen hasi zen grebaren hotsa.
Baliteke, baina gure borroka ez zen bakarrik Gasteiz mailakoa, enpresa horrek [Enviser] eta beste askok jokatzeko duten modua desmuntatu nahi genuen, gizarteari erakutsi nola jokatzen duten langileekin, zein baldintzatan lan egiten dugun, zein diren gure soldatak eta beste. Horretan saiatu gara, eta uste dut lortu dugula; neurri batean, behintzat. Lehengo batean, artean mobilizazioetan ari ginela, Tuvisako [Gasteizko hiri-garraio enpresa] autobus bat pasaeran, gidariak gu ikusi, gelditu eta hots egin zigun: “Zuek bai, balienteak! Ekin hortxe!”. Animoak ematen, ezta? Beste batzuek, Mercedeseko langileekin konparatu gaituzte. Gu 80 grebalari, haiek 300 ere bai, eta gure borrokaren oihartzuna lau bazterretara zabaldu da.
Nola joan dira grebako egunak?
Denetatik izan da. Inoiz ez dut borrokako ilusioa galdu. Hala ere, egunak egunen ondotik doaz, eta ez dira elkarren irudi. Ilusioa, esan dut, baina amorrua ere izan da. Esate baterako, greban ginela, enpresak eta udalak beren kontratua hautsi zitekeela zabaldu zen. Ostia! Sekulako berria zen! Gure auzia berehala konponduko zela uste izan genuen. Baina, gero, ezetz adierazi zuten, kontratua bertan behera uztea kontsideratu zutela, baina ez zela gauzatu. Eta, orduan, jendearen adorea goitik behera amildu zen. Eta berriz hasi behar jendea adoretzen, ilusioa berpizten, ahal zen bezala.
"Eskertzekoa da sindikatuen lana, eta haien azpiegitura: erresistentzia-kutxak, lokalak, kartelak, manifa-deialdiak… Hori gabe, gure greba ez zen posible izango, edo askoz zailagoa izango zen"
Enviser enpresako langileak zarete, baina udala aipatu duzu –Gasteizkoa, bistan dena–, berak kontratatua baita delako enpresa.
Bai. Udaletxean, Artolazabal [Beatriz, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren zinegotzia, EAJ] izan dugu solaskidea. Alkatearekin [Maider Etxebarria, PSE] hitz egiterik ez dugu lortu, saiatuagatik ere. Ez gaitu errezibitu eta, are gehiago, gure borroka honetan erabat desagertuta egon da.
Beatriz Artolazabal… Judimendi auzoko jaiak aipu eta sona handikoak dira Gasteizen.Donibane sua egin zelarik, haren irudiko panpina erre zuten. Horrek soka ekarri zuen.
Bai. Kristoren mina egin zion, nonbait, bestela ez zen-eta hedabideen aurrera modu hartan aterako, esan zuena esatera, biolentzia sinbolikoa eta hau eta hura. Oraindik ez dakigu zer den biolentzia sinboliko hori eta, aldiz, haiek gure kontra erabili duten biolentzia ez da aipatu ere egiten, gure kontra egin duten kanpaina ere ez. Greba bukatu eta biharamunean, egunkari batek lerroburuan zioen urtea beharko dela hiriko lorategiak leheneratzeko. Eta langileona leheneratzeko? Biolentzia… eta guk sufritu duguna, eta gure familiek? Eta nola bizi izan gara sei hilabetean soldatarik gabe?
Erresistentzia kutxa baliatu duzue, hala ere.
Bai, baina lankide batek esaten zuena, diru-sarrera hilaren 10ean egiten ziotela, eta ordaindu beharrak, berriz, hilaren lehenean etortzen direla. Edo beste batek esaten zuena, baja-egunak –hilabeteak, gure kasuan–, ez kotizatzeak dakarren kaltea. Edo harako haren langilearena: bateko estres eta besteko presio, egun batetik bestera hamar kilo galdu zituen! Hezur eta azal gelditu zen!
Biolentzia sinbolikoa…
Esan dizut, oraindik ez dakigu zer den biolentzia sinboliko hori. Judimendiko jaietakoa dela-eta, garai batean, txosnetan “fatxari tiro!” egiten zen, besterik gabe, eta inork ez zuen jantzirik urratzen. Orain, aldiz, biolentziaren diskurtsoa! Valentziako falletan hainbat politikariren irudiak erre izan dira, eta ezer ez da gertatu. Hemen, lastozko panpina erre, eta ikaragarria!
Baina Arroiabe herriraino joan ziren zuetako batzuk, Artolazabalen etxera… Paperak bota omen zituzten, pintadak egin…
Uste dut lehenengoan pankarta batzuk jarri zituztela herrian, adieraziz zenbateko soldata jasotzen duen berak –4.200 euro inguru hilean–, eta zenbatekoa guk, 1.200 eurora heltzen ez dena. Ez zen mehatxurik ez besterik izan, baina berak horixe adierazi zuen, mehatxuak-eta jaso zituela. Gezurra. Panfletoetan, berdin: paper haiek hau eta hura esaten zuten, baina ez zioten inori mehatxurik egiten, eskuorriek ez zuten esaten inork inor akabatuko zuela. Uste dut, panfletoetako batean jartzen zuela “ArTROLAzabal”, esan dituen gezurrengatik. Eta Artolazabalek sare sozialetan ezer idatzi, eta sekulako oihartzuna beti! Hala ere, guk geurea egin dugu.
Sei hilabete iraun duen grebari bizirik eusteko hainbat manifa, mobilizazio eta ekintza egin behar izan dituzue…
Eta?
"Hilean 300 euroko igoera eskatzen genuen, eta 200ekoa lortu dugu, baina 2028ra artean, 400 euroko igoera baino handiagoa izango da"
Egin dituzuela, alegia.
Bai. Eskertzekoa da sindikatuen lana, eta haien azpiegitura: erresistentzia-kutxak, lokalak, kartelak, manifa-deialdiak… Hori gabe, gure greba ez zen posible izango, edo askoz zailagoa izango zen. Baina dena ez da sindikatua. Langileok bat egin dugu borrokarekin, eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituenean ere, enpresaren atariraino joaten ginen, lan haiek egin behar zituzten kideei adore ematera.
Gutxieneko zerbitzuek ondoriorik ekarri dute.
Salaketak ere jarri ditugu, gutxieneko zerbitzu omen ziren horiek gure greba eskubidea urratzen zutelako. Gutxieneko zerbitzuak, gehienbat, erdialdeko parke handiak txukuntzeko erabili dira, Gasteizko jaietarako-eta. Beste gauza bat bada hor: langileotako bat ukatu egin zen gutxieneko zerbitzuko lanak egitera –inposizio hutsa zela esan zuen–, eta enpresak kaleratu egin zuen. Beste langile batzuek bajak hartu dituzte, arrazoituak, esan nahi dut. Eta, hala ere, enpresak zer egin du? Baja greba garaikoak izan direnez, egun horiek ez pagatzea erabaki. Langileok zer egin dugu? Salaketa jarri. Ikusi egin behar zer gertatzen den salaketa pila horrekin, enpresak langileoi jarritakoekin, eta langileok enpresari!
Salaketak salaketen gainean…
Horretan gaude. Baina, esate baterako, lehengo batean irakurri nuen antzeko kasu batean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langilearen alde erabaki zuela. Nonbait, enpresak ez zion langile grebalariari egun bateko bajaren ordaina eman nahi izan. Langileak epaitegira jo, eta auzitegiak langilearen alde egin zuen: enpresa behartu zuen langileari 900 euro ordaintzera, eragindako kalte moralaren aldera. Nire kasuan, greba garaian ezkondu nintzen, alaba ere greba garaian izan dugu, eta laneko komenioaren arabera, 140 euro jaso behar nituen bi kasuongatik –ez ditut jaso–, eta, bestalde, ezkontzagatik, hamasei jai-egun zegozkidan: enpresari egun horiek idatziz eskatu nizkionean, ezezkoa jaso nuen.
"Greba bukatu eta biharamunean, egunkari batek lerroburuan zioen urtea beharko dela hiriko lorategiak leheneratzeko. Eta langileona leheneratzeko?”
Salaketa-borroka orain, hortaz.
Esaterako, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituztenean, bai enpresaren nagusiak eta bai zerbitzu-buruak izandako jarrera guztiz berezia eta txarra izan zen. Eta oraintxe ere, enpresaren atarian jarri ziren kartel eta pintadak kentzera edo estaltzera behartu gaitu. Baina gu lorezainak gara, ez margolariak! Beldurrak airean eduki nahi gaituzte, mehatxu eta guzti. “Kale gorrira botako zaituztegu!”, esan izan ziguten. Baina gu ez gara geuretzat bakarrik ari borrokan, atzetik datozenen alde ere ari gara, Arkautiko [Nekazaritza eskola, Lanbide Heziketa bigarren zikloa] edo Murgiako [DBI, Ingurumen eta Baso Nekazaritza zikloa] eskoletan ikasten ari direnentzat, adibidez. Pauso bat eman dugu, oso garrantzizkoa, gainera.
Beldurrak airean eduki nahi izan zaituztetela esan diguzu. Nola, ordea?
Gure enkargatuak esan zigun lanean hasitakoan, argi ibiltzeko, zelatan dabiltzala. Beti ari dira gu beldurtu nahian, jendea tentsionatzen. Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituenean, adibidez, hainbat parte diziplinario jarri zituen enpresak: batean, langilea hiru minutu lehenago atseden hartzeagatik; bestean, bost minutu lehenago aldagelara joateagatik… Aitzakia hutsak. Ez dabiltza gozo: urtea bukatzeko hiru hilabete falta direla, ez ditugu urteko oporrak hartu. Greba garaiko soldata kendu digute, bai, baina oporrak hartzeko eskubidea dugu, ordainduak! Erreklamazioa jarri behar izan dugu.
Sei hilabete eta hamaika eguneko greba eginik, zer lortu duzue?
Soldata igoera, eta geure lan-hitzarmen propioa izatea, estatukoa ez bezalakoa. Ez dugu lortu eskatzen genuen guztia, baina pauso bat eman dugu, esan dudanez. Hilean 300 euroko igoera eskatzen genuen, eta 200ekoa lortu dugu, baina 2028ra artean, 400 euroko igoera baino handiagoa izango da. Lanordu kopuruaren jaitsiera adostu dugu, eta beste hainbat gauza: hurbileneko jendeari medikuarenera laguntzeko baimenak eta gisakoak.
Bukatu da borroka, beraz?
Ez, ezta pentsatu ere! Gure borroka honen amaiera, bidearen hasiera izan da, nire ustez. Inportanteena, jorratu behar dugun bidea da, egin behar dugun borroka. Garai batean, udalaren zerbitzua zen lorezaintza. Gaur egun, azpikontrata. Laneko baldintzak ez dira ordukoak.
Eta orain lanera.
Denak emanda! Greba amaierako festa modukoa egin genuen, gasteiztarrei eta lagundu diguten guztiei gure esker ona adierazteko. Mokadua egin genuen, eta Gasteizko tren turistikoan sartu, bagoietako bat guztiz bete, denok geure kamisetak jantzita, eta garrasika ibili ginen. Ikaragarria izan zen. Bestalde, langileon artean sortu den giroa aparta da. Lanean hasi nintzen garaian, kideok “eup!” eta “eup!” besterik gabe agurtzen genuen batak bestea. Orain, aldiz, elkar besarkatzera jotzen dugu ia-ia.