Elkarteen militantziaz

MAIDER LETURIAGA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez dakit literatura-ikasketak egin ditudanarengatik den, baina nekez onartzen dut hitzen erranahien deformatze ideologikoa. Azken hilabete hauetan, eta bereziki Frantzian Bruno Retailleau Barne ministro denez geroztik, militante hitza zentzu arrunt peioratiboan erabilia da. Nik uste nuen hitz horrek erran nahi zuela “pentsamendu baten alde ekiten duen presuna”, eta hala ematen du Trésor de la langue française erreferentziazko hiztegiak: “Bere ideiak, bere iritziak gailendu daitezen ekiten duena. Adibidez: erregezale militante, errepublikazale militante”. Baina, egun, hedabide eskuindarrek eta bereziki Barne Ministerioak hedatzen dituzten testuetan, militante hitza hitz larri gisa erabilia da, eta badirudi kontraerrana dela, egun, militante eta errepublika hitzak elkarrekin baliatzea.

Azken etsenplutzat daukat joan de irailaren 17an gertatu zaiona Poitiers-eko Arlette Moreau antzerki konpainiari: ikusgarri “engaiatuak” eta “militanteak” ontzen dituelakoan, estatuko zerbitzuek erabaki dute tropak ez duela “itun errepublikarra” errespetatzen. “Itun errepublikar” hori 2021eko dekretu baten bidez agertu zen, islamismoari kontra egiteko xedearekin: orduz geroz, Frantziako edozein elkartek, Kultur Ministeriotik dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, izenpetu behar duen dokumentua da. Testu ofizial horretan baldintza hauek agertzen dira, besteak beste: elkarteak ez du gorrotora eta bortizkeriara deitu behar eta errespetatu behar ditu Errepublika frantsesaren sinboloak. Azken hilabeteetan, hitzarmen horretaz baliatuz, ekologia edo kultur alorretan hainbat elkarte ttipi eta handi “engaiatu” edo “militanteri” dirulaguntzak kendu dizkiete estatuko zerbitzuek. Ulertzen dudana, azken finean, hauxe da: gobernu frantsesak antierrepublikazaletzat dauzka “bere ideiak, bere iritziak gailendu daitezen ekiten duten” elkarteak.

Pentsa daiteke goiz ala berant berrehun elkarte horien “engaiamendu” eta “militantziaren” errepublikazaletasuna galdekatuko duela Frantziako Gobernuak

Ipar Euskal Herrian Euskal Kultur Erakundea (EKE) dago: elkartea da, baina haren gobernantzan daude bai euskal kultur elkartetako hamaika ordezkari (dantza, kantu, musika, antzerki, bertsolaritza eremuetatik etorriak), bai erakunde publikotako hamar ordezkari (Hirigune, Departamendu, Eskualde eta Estatutik). Elkarte horren bazkideak dira berrehun bat euskal kultur elkarte, erran nahi baita, Ipar Euskal Herriko euskal kultur elkarte gehienak. Pentsa daiteke goiz ala berant berrehun elkarte horien “engaiamendu” eta “militantziaren” errepublikazaletasuna galdekatuko duela gobernuak, errepublika hitza bera desitxuratzen segitzen baldin badu. Anartean, estatuak, bere zorraren izenean, %15 apaldu nahiko lioke bere dirulaguntza EKEri, Frantziako beste kultur elkarte guziei bezala.

Batzuek diote Frantziako Estatua gatazkan sartua dela, oro har, elkarteekin. L’Etat contre les associations. Anatomie d’un tournant autoritaire [Estatua elkarteen kontra. Bihurgune autoritario baten anatomia] saiakeran (Textuel, 2025), A. Delfini eta J. Talpin soziologoek argitaratzen dituzte beren ikerketa beldurgarriak: haien ustez, estatu frantsesak murrizten du espazio publikoa eta kontrolatu nahi ditu elkarteak –adierazpen askatasun lekuak direnak–. Bi adituek deitzen dituzte arlo guzietako elkarteak (osasun, kirol, bizitegi, lan, ekologia, hezkuntza, kultura) elkarretara daitezen, zentzu horretan “politiza” daitezen, batak bestea duinki sustengatzeko, Errepublikaren ohoretan. Egingarria den, ez nekike erraten, baina beharrezkoa litekeela segur naiz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude