“Etsipenaren aurkako antidoto itxaropentsu bihurtu da BDS”

  • Hogei urte bete ditu Palestinako eskubideen aldeko Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak (BDS, ingelesezko siglekin) nazioarteko mugimenduak. Omar Barghouti BDS mugimenduaren sortzaileetako bat da. Urteurrenaren harira, hitzaldia eman zuen AEBetan. Europe Solidaire Sans Frontières elkarteak bere webgunean jaso du Palestine and BDS: Remarks by Omar Barghouti izenburupean. Hitzaldia euskaratuta irakur dezakezue jarraian.

AEBetan Israelen aurkako protesta bat. Puma markari boikota egitea eskatzen dute manifestariek.
Artikulu hau Palestinari buruzko zenbaki berezian argitaratu dugu. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, tipula paperarekin eginiko azal bikoitzarekin, ahotsa altxatzea erabaki dugu. Paperean eskuratu nahi bazenu, astelehena baino lehen harpidetuz gero, etxera bidaliko dizugu.

Duela hogei urte, esan ziguten ezinezkoa zela palestinarren eskubideen aldeko mugimendu bat sortzea, Israelgo erregimen zapaltzailearen aurkako boikota, desinbertsioa eta berariazko zigorrak eskatzeko. 2005eko uztailaren 9an, BDSren Palestinako Batzorde Nazionalaren adierazpenak hala zioen: "BDS historiara pasatuko da printzipioetan oinarritutako prozesu estrategiko eta sortzaile baten hasiera gisa. Eta gogoratua izango da Israelen asentamendu, apartheid eta okupazio militarreko kolonialismoaren erregimena isolatu duelako, maila lokalean eta instituzionalean".

Zapaltzaileek eta beren propaganda-makinek etengabe esaten digute askatasuna, justizia eta berdintasuna lortzea ezinezkoa dela. Hala ere, herri-boterearen eta gure lan eta ekintza kolektibo, sortzaile, estrategiko eta printzipiodunen bidez, ezinezkoa dena posible egiten dugu. Etsipena eragitea Palestinako kolonialismo sionista bezain estrategia zaharra da.

Palestinako ghettoak –bereziki Gaza– inguratzen dituzten hormigoizko eta goi teknologiaz hornitutako harresiez gain, Israel etengabe saiatu da gure burmuinetan "burdinazko harresi" bat eraikitzen. Saiatu da gu "giza animalia" bihurtzen, eta gure ingurune arabiar naturaletik eta munduko gainerako lekuetatik isolatzen. Etsi-etsian saiatu da gure kontzientzian finkatzen, bere botere garaiezinaren mende jartzeko agindua, saihestezina balitz bezala. Horretarako indarkeria kolonial iraunkor eta deskribaezina erabili du.

2005ean jaioa, Hegoafrikako apartheid politikoari amaiera eman zioten borrokek eta AEBetako Jim Crow legeen politika segregazionistek inspiratuta, BDS mugimendua berariaz eragindako etsipen horren aurkako antidoto ikaragarri eta itxaropentsu bihurtu da. Erresilientziaren, erresistentziaren eta birsorkuntzaren sinbolo bihurtu da.

The Nation egunkarian argitaratu den ikerketa-txosten baten arabera, Israelek eta AEBetako presio taldeek bakarrik, urte gutxitan, 900 milioi dolar bideratu dituzte BDS mugimenduari aurre egiteko. Izan ere, Israelek BDS –indarkeriarik gabeko mugimendua– "mehatxu estrategikoa" dela esan du 2014tik, eta, ondoren, "mehatxu existentziala" dela bere erregimen zapaltzailearentzat. Israelek dio hori; AEBek, Alemaniak eta beste potentzia kolonial batzuek hortzetaraino armatutako potentzia nuklearrak.

BDSren aurkako gerran baliabide finantzario, intelektual, legal, propagandistiko eta diplomatiko izugarriak mobilizatu dituen arren, Israelek nabarmen egin du porrot gure mugimendua geldiarazteko ahaleginean. Hori gertatu da mundu osoko milioika defendatzaile, jarraitzaile eta antolatzaileren erresilientziari, sormenari eta erradikalismo estrategikoari esker.

Une ilun hauetan, gure buruak ezintasunetik eta etsipenetik deskolonizatzen laguntzen du BDSk. Israel eta bere kide kolonialak gupidagabeki saiatu dira gure gogoak kolonizatzen.

Nahiz eta Israelek eta mugimendu sionistak propaganda ondo olioztatuta duten, nahiz eta intimidatu eta jazarri, eta politikari ustelen, enpresa genoziden eta komunikabideen gaineko eragin sakona eduki, BDSk eragin ukaezina du.

Adibidez, mundu osoko unibertsitateek, bereziki Europan, Ipar Amerikan, Latinoamerikan eta Afrikan, lotura akademikoak eta/edo finantzarioak hautsi dituzte Israelekin eta apartheidaren konplize diren erakundeekin.

Norvegiako funts subiranoak –munduko handiena–, Eliza Metodista Batuak eta AEBetako Eliza Presbiterianoak Israelgo bonuetan eta beste inbertsio konplize batzuetan inbertitzeari utzi diote.

Milaka kultura-langilek, eta duela gutxi 7.000 idazle eta editorek baino gehiagok, Israeli egindako boikot kulturala babestu dute.
Hego Globaleko gobernuek, hala nola Kolonbiak, zigor komertzialak, enbargo energetikoak edota enbargo militarrak ezarri dituzte.

BDSk ere paper garrantzitsua jokatu du Intel multinazionalak Israelen 25.000 milioi dolarreko inbertsioa bertan behera uzteko. Israelgo Esportazio Institutuko presidenteak onartu zuen BDSk "Israelen munduko enpresa-panorama aldatu" duela.

Sindikatuek, nekazarien koalizioek eta arraza-, gizarte-, genero- eta klima-justiziako mugimenduek babestutako sare global masibo baten bidez, BDS mugimendua gaur egungo justizia-mugimendu eraginkorrenetako eta itzal handienetako bat bihurtu da. Sare horrek dozenaka milioi pertsona biltzen ditu.

Angela Davisek oraintsu adierazi du: "Palestina munduaren erdigunea da benetan gaur egun". Mundu osoko milioika aktibistak "Palestinak denok askatzen gaitu" aldarrikatzen dute, politikariei eta korporazioei egia esaten diete; erresistentzian parte hartzeak ahalduntzen gaitu. "Erradikalismo estrategikoa" deitzen duguna Palestinarekiko elkartasun mugimendua da, eta erdigunean BDS dago. Horrek mundu osoko justiziaren aldeko hainbat mugimendu inspiratu ditu, 1980ko hamarkadan Hegoafrikako apartheid-aren aurkako mugimenduak egin zuen bezala.

Palestinarrek ez dute kontsignarik behar. Palestinako gizartearen gehiengoak, bai Palestina historikoan bai erbestean, BNCk ordezkatuta, bi eskaera soil egin dizkie mundu osoko kontzientziadun pertsonei eta elkartasun globaleko mugimenduari:

1: Palestinar herriaren eskubide guztiak errespetatzea nazioarteko zuzenbidearen arabera, bereziki errefuxiatuek beren herrialdera itzultzeko eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea.

2: Israelek egindako krimen lazgarrien eta giza eskubideen urraketen konplizitate-modu guztiak amaitzea.

Ondorioz, zuetako batzuek esan dezakezue: "Genozidioagatik etsita gaude eta itxaropena galtzen ari gara". Baina gogoratu palestinarrek ez daukatela genozidioa amaitzeko itxaropena galtzeko aukerarik!

Nadeem Aslam idazle pakistandar-britainiarrak dioen bezala: "Etsipena irabazi egin behar da. Nik neuk ez ditut ahalegin guztiak egin gauzak aldatzeko. Oraindik ez dut etsipenerako eskubidea irabazi".

Mende batez, herri palestinarrak zapalkuntza kolonialari eutsi dio eta ez du inoiz amore eman. Desmond Tutu artzapezpikuak behin esan zuen bezala, gure "eskubide osoen menua" azpimarratzen dugu. Gure aberrian aurrera egiten ahalegintzen gara, askatasun, justizia, berdintasun eta duintasun hautsiezinez. Ez etsi AEBek Israelgo krimenetan duten ardura amaitu arte. Ez galdu itxaropena. Oraindik ez duzu irabazi.

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israeli boikota
Eguneraketa berriak daude