Palestinarren aurkako genozidioa salatzeko protestek bete-betean harrapatu dute Israel-Premier Tech txirrindulari taldea, Espainiako Vueltan nabarmen azaleratu zen moduan, Nafarroako eta Bizkaiko etapetan, esaterako. Ondorioz, urriaren hasieran jakinarazi zuen izena eta taldearen irudia aldatuko zituela, baita proiektuaren buru zen Sylvan Adamsek, Netanyahuren oso hurbileko pertsonak, taldea utziko zuela ere. Ez da nahikoa izan, ordea. Premier Tech konpainia kanadarrak Israel ez babestea erabaki du, taldea egoera konplikatuan utzita.
World Tour mailako taldeek hilabete inguru dute beharrezko dokumentazioa aurkezteko, eta Premier Tech-en babesletza galduta, Israel taldeari izugarri zaildu zaio baldintza guztiak betetzea, nahiz eta adierazi duen babesle potentzial batzuekin harremanetan direla jada.
Premier Tech konpainiak azaldu duenez, egoeraren inguruko ertz guztiak tentuz aztertu ostean hartu dute taldearen babesle nagusia izateari uzteko erabakia. "Nahiz eta aintzat hartu dugun 2026ko denboraldirako izena aldatuko zuela, babesle nagusi bezala egoera eutsiezina zen guretzat", dio konpainiak plazaratutako oharrean. Erabakiari buruzko zehaztapen askoz gehiagorik ez du ematen. Taldeko ziklistei eta gainerako kideei esker ona azaldu die, euren lorpenak txalotzearekin batera. Eta, bere sektore, merkatu, bezero eta 1923tik konpainiako kide direnak aipatuta, Premier Tech-en "esentzia" haiek osatzen dutela dio, eta helburua dela konpainiaren izen, marka, produktu eta zerbitzuekin harro sentitzea. Enpresaren bueltako aktore horien presioa egon daiteke, hortaz, erabakiaren atzean.
Mezu labur horrekin eman du amaitutzat Israel taldearen alboan egindako ibilbidea, hilabeteotan zipriztindu duten protesten erdian. Espainiako Itzulian gertatutakoa, non Palestinaren aldeko ekintzek lasterketaren martxa erabat baldintzatu zuten, da taldeak jasan duen presioaren islarik argiena. Horregatik jakinarazi zuen Israelek izena eta taldearen irudia aldatuko zituela, baita proiektuaren buru zen Sylvan Adamsek, Netanyahuren oso hurbileko pertsonak, taldea utziko zuela ere, Israelgo Munduko Kongresu Juduko presidente izaten jarraitzeko. Dena den, palestinarren aurkako genozidioarekin lotura oro moztea erabaki du konpainia kanadarrak.