Israelgo kartzeletako preso gazatarrak: “muturreko” torturen biktima

  • 2023ko urriaren 7tik urte bi bete diren honetan, Palestinako Presoen Elkarteak eta  Espetxeratutakoen Batzordeak kaleratutako txosten batek alarmak piztu ditu: bertan salatzen dute Israelgo kartzeletan dauden preso gazatarrek “muturreko tortura eta abusuak” jasaten dituztela, gainontzeko presoenak baino “askoz okerragoak”. Tratu txar fisikoak, mehatxuak, janaria ukatzea eta bortxaketak izan direla dio txostenak, besteak beste. Israelek genozidioa hasi zuenetik 75 hildako preso palestinar identifikatu dituzte Israelgo kartzeletan; horietatik 46 gazatarrak.


2025eko irailaren 24an - 09:58
Chaim Goldberg/Flash90
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aire libreko munduko kartzelarik handiena omen da Gaza, horrela deitu izan diote. Israel Gazan egiten ari den genozidioaren jakitun da mundu osoa, prentsa eskubidea urratuta izanik ere, bertako albisteekin irekitzen dira nazioarteko albistegi andana. Baina Israelgo kartzeletan gertatzen denaren inguruko informazio gutxi dago nazioartean. Aipatu bi elkarteek kaleratutako txostenak, presoen abokatuek kartzeletara egindako bisitetatik ateratakoa, errealitate horri argi eman dio, eta Israelgo Gobernuak palestinarrekiko martxan dituen politiken beste aurpegi bat ikusarazi du.

Preso palestinarren abokatuek egindako bisitak “neurri oso zorrotzak jarraituta” egin dituzte. Neurri zorrotzak aipatu dituzte abokatuek, beren hitzetan preso guztiak “mehatxatuta” heldu baitziren bisitetara dena ondo zihoala esateko, “itoaldi psikologikoa” azpimarratu dute; are, abokatuei eurei ere presoen senideei informaziorik helaraztea debekatu diete.

Fisikoki pairatutako ondorioak nabarmenak direla adierazi dute. Preso guztiak ubelduz beteta heltzen ziren bisitetara, abokatuen hitzetan eta tortura fisiko “bortitzak” kontatu zituzten. Behatz eta saihets apurtuak zituzten presoek, ikusmenean eta entzumenean galerak, haragi-etenak eta giltzurrunetako arazoak.

Baldintzak ere, muturrekoak

Zuzeneko torturak soilik ez, presoen bizi baldintza kaxkarrak ere salatu dituzte. Txostenak jasotakoaren arabera, presoek “gosetea” salatu dute: ziega osoarentzako emandako jatekoa “ia ez da iristen” pertsona bakarra elikatzeko. Hori horrela, presoek pisua galtzen dute etengabe, eta horrek eragin du, zuzenean, beren osasunaren gaiztotzean.

Palestinako presoen erakundeek kaleratu dute 11.000 palestinar daudela Israelgo kartzeletan, gazatarrak kontatu gabe; horiek “milaka” direla uste dute

Hain zuzen ere, gaixotasunak eta infekzioak ugaritzen ari dira presondegietan, batez ere azalari lotutakoak, eta egun sarna da kartzeletako osasun arazo ohikoena. Funtzionarioek, ordea, ez diete “oinarrizko higiene eta mediku arreta” eskaintzen presoei, erakundeek salatu dutenez. Horri gehitzen zaio presoek ez daukatela egoteko lekurik: oheko koltxoiak gauez baino ez dituzten ematen, egunean zehar burdinazko oheak baino ez dituzte jartzeko.

Ayalongo kartzelan eta Sde Teimango gune militarrean egindako bisitak dira txostenak jaso dituenak. Bi guneak ezagunak dira palestinarren aurkako tortura sistematikoen salaketak izan dituztelako. Berriki famatua egin da Ayalongo kartzelako lur azpiko sail bat, Rakevet izenekoa, bertako muturreko baldintzengatik: bertan daude urriaren 7ko erasoetan parte hartu zuten Hamaseko kideak, baita Hezbollahko militanteak ere. Eta bertan izan dira, baita ere, aipatu txostenak jaso dituen presoen bisitak.

Ez da erraza Israelgo kartzeletan dauden palestinar kopurua neurtzea. Aipatu erakundeek jarraipen zorrotza egiten diete Israelgo kartzelen egoerari, eta irailean kaleratu dutenez, 11.000 palestinar daude Israelgo kartzeletan; datu horretan ez dira gazatarrak ageri, baina “milaka” direla uste dute. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Eguneraketa berriak daude