Ziaboga, korronte nagusiak eraman ez dezan

  • Aurrerantzean, Gipuzkoako klub batean jokatu nahi duen 8-12 urteko umeak ez du derrigorrez Eskola Kirolean parte hartu beharrik izango, EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzita. Multikirol ereduaren kontrako errekurtsoa jarri duen familiaren hitzetan, ez da bidezkoa erakundeek inoren seme-alabek denbora librea zertan pasa behar duten “inposatzea”.

    Epaileek hartutako erabakiaren abaroan hainbat pertsonak salatu du gauza bera, umeak nahi duen kirola aukeratzeko “askatasuna” aldarrikatzearekin bat. Eta agian ez ziren termino horietan mintzatuko, baina programaren helburu hezitzaile eta integratzaileak defendatzen dituzten ikastetxe, udal, klub, federazio edota instituzioek ere uste dute ezinbestekoa dela Eskola Kirola egungo beharretara egokitzea.

    Epaia heldu da Gipuzkoako Diputazioak, eragileekin elkarlanean, urte eta erdi zeramanean Eskola Kirola zaharberritzeko prozesuan murgilduta, lehiari –errendimenduari– lotuagoak dauden kirol elkarteek –futbolekoek bereziki– duten erakarpen ahalmenaren aurrean, “umeen ongizatea” ardatz izango duen eredu motibagarria garatzeko. Abiatu berri den ikasturtea giltzarria izango da.

Gipuzkoako araudiak kirol batzuengan zuen eragina (futbola, eskubaloia, saskibaloia, boleibola, errugbia, arrauna, ziklismoa...), gainerakoetan aritzeko (pilota klub batean, adibidez), ez zen ezinbestekoa Eskola Kirolean parte hartzea.
Gipuzkoako araudiak kirol batzuengan zuen eragina (futbola, eskubaloia, saskibaloia, boleibola, errugbia, arrauna, ziklismoa...), gainerakoetan aritzeko (pilota klub batean, adibidez), ez zen ezinbestekoa Eskola Kirolean parte hartzea.KAMPUS PRODUCTION / PEXELS
Artikulu hau Palestinari buruzko zenbaki berezian argitaratu dugu. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, tipula paperarekin eginiko azal bikoitzarekin, ahotsa altxatzea erabaki dugu. Paperean eskuratu nahi bazenu, astelehena baino lehen harpidetuz gero, etxera bidaliko dizugu.

Egiari zor, uste genuen gainerako euskal lurraldeetako gurasoek entzunak izango zituztela Gipuzkoako Eskola Kirol ereduari buruzkoak, batez ere programaren derrigortasuna ezbaian jarri duen epaia plazaratu eta gero, baina konturatu gara multikirol eskaintzaren berezitasunak ezezagunak zaizkiola askori. Hortik hasiko gara, beraz.

Gaur arte, Gipuzkoan, klub batean aritu nahi zuten 8-12 urteko umeek Eskola Kirola egin behar zuten ezinbestean, Multikirol programan izena emanda. Nafarroan bezala Araban eta Bizkaian ere, ez da horrelakorik gertatzen, Kirolaren Euskal Legeak baitio EAEko hiru diputazioek jarduera ludiko eta kirolanitza “bermatu” behar dutela –ume orok izan dezan sarbidea diziplina guztietara–, baina ezin dutela inor “derrigortu”, Auzitegi Nagusiaren ebazpenean jasoa dagoenez.

Eskolaz kanpoko jarduerek denbora askotxo hartzen dute dagoeneko, eta ekuazioan Eskola Kirola sartzeak bizitza konplikatu besterik egiten ez duela uste du guraso askok

Urritik maiatzera bitartean egiten da Eskola Kirola, eta ikasturte osoa hartzen du. Zortzi hilabetez hainbat kirol egiteko aukera dute umeek –eskolaz kanpoko ekintza gisa–, nagusi diren futbola, saskibaloia eta eskubaloiaz gain. Aste batean landuko dute patinajea, hurrengoan errugbia, atletismoa, pilota, arrauna, ziklismoa, borroka-jolasak, herri kirolak... Helburua da adin batetik beherako umeek, ume guztiek, ahalik eta jarduera gehien egitea, haien garapen integralerako egokiagoa baita hori, kirol batean goizegi espezializatzea baino, ereduaren sustatzaileek diotenez. Nork bere ikastetxean “entrenatzen” du astean zehar, eta euren arteko partida edo jardunaldi-topaketak larunbat goizean egin ohi dira, eskoletako patio zein udal instalazioetan.

KIROLA ULERTZEKO BI MODU

Osagai mordoa du aferak. Esaterako, eskolaz kanpoko jarduerek denbora askotxo hartzen dute dagoeneko, eta ekuazioan Eskola Kirola sartzeak bizitza konplikatu besterik egiten ez duela uste du guraso askok. Lehiari lotzen zaion “errendimendua” ere maiz azaleratzen da, forma batean ala bestean; agian ez dugu lau haizeetara zabalduko, baina sarri antzean nahi duguna da umeak –edo familiak– aukeratu duen kirol horretan geroz eta trebeagoa izatea, eta horretarako klub batean aritzea hobeto, noski.

Bateko eta besteko gurasoei galdetuta, ohartu gara anitzak direla Eskola Kirola egituratu eta funtzionatzeko moduak; anitzak tokian toki errotutako kirolak –nahiz eta ezbairik gabe futbola den nagusi–; anitzak ikastetxeak eta anitzak kirol klubak, balore hezitzaileen eta errendimenduaren arteko dantzan erritmoa nork eramango. Eskola Kirolak oinarritzat du haurraren ongizate integrala (fisikoa, emozionala eta soziala), eragile orok babesten ditu baliook, “baina”…

Pasaiako familia batek multikirol programaren aurkako errekurtsoa jarri, EAEko Auzitegi Nagusiak haren aldeko epaia eman –urtarrilaren 22an–, eta ondorengo iritzi zaparradak demostratu du pentsatu baino jende gehiago zela kritikoa Eskola Kirolarekin, ezinbestean klubetako jardunaren mugarri izan beharragatik batzuetan, oinarritzat dituen edo izan beharko lituzkeen balioak praktikara eramateko moduagatik besteetan. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko “askatasuna” batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik, aferak eztabaida berpiztu du.

Argazkia: Tima Miro Shnichenko / Pexels

Berpiztu diogu, duela 30 urte ere bazelako ika-mikarik, “parte hartzea” edo “errendimendua” lehenetsi. Iñaki Ugarteburu Gipuzkoako Diputazioko Kirol zuzendaria izan zen 2003-2011 artean, eta Bergarako Udalean kirol teknikari moduan aritu zen lehenago –gaur egun ere horretan dihardu–, multikirol programaren (E1) sustatzaileetako bat izanik. “Garai hartan oposizio handiena futbolean zegoen”, kontatu dio Noticias de Gipuzkoa egunkariko kazetari Mikel Mujikari: “Ez zuten esaten multikirol programaren aurka zeudenik. Haiek zioten: ‘Adin batera heltzean beste batzuen aurka [Araba edo Bizkaiko umeen aurka, Ugarteburuk beste elkarrizketaren batean aditzera eman duenez] lehiatzen hasiko dira, eta ez dute nahikoa denborarik izan kirol honek eskatzen dituen gaitasun bereziak garatzeko”. Akordio batera heltzea helburu, 8-12 urteko umeentzako kirol eskolak sortu ziren klubetan, “harrobi lanaren” oinarri izateaz gain diru-iturri aski inportanteak ere badirenak, kuotei erreparatzen badiegu. Kirolaren eta klubaren arabera aldatu egiten dira zenbatekoak, baina denak dira Multikirol programa baino garestiagoak; muturreko adibidea jartzearren, badira urtean 365 euro kobratzen duten futbol taldeak.

“Legeak dio umeak 12 urte izan arte kirol jarduna anitza izatea lehenetsi behar dela”, dio Ugarteburuk: “Aldaketak egin eta egokitzea beharrezkoa da, baina multikirola bermatzeko derrigortzea beste biderik ez dago. Zerbait arautzen den bakoitzean askatasuna mugatzen da. Kontua zera da: Merezi al du? Egiten duzuna proportzionala al da? Nire ustez bai. Legeak dio ikastetxeen eskaintzak multikirol ereduari heldu behar diola, eta administrazioek bitartekoak jarri behar dituztela hura betetzeko. Derrigortzen ez bada, nola lortu? Funtsezkoa izango da kalitatezko eta ongi egituratutako Eskola Kirola eskaintzea”.

IRIZPIDEAK BATERATZEKO PROZESUA ABIAN

Esan dugu jada, badira ia 35 urte Eskola Kirolaren eredua Gipuzkoan abian jarri zela. Agintean alderdi bat edo beste izan, guztiek eutsi diote programaren izaerari, eta gaur egun Kirol diputatua den Goizane Alvarezek (PSOE) ere haren alde lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du –Eskola Kirolaren bueltako eragileak bidelagun hartuta–, berrestearekin batera erakunde publikoei dagokiela kirola egiteko eskubidea babestu eta sustatzea.

Haren hitzetan, Eskola Kirolak ostikoa jasota, arriskua dago errendimendura begirako “sistema elitista eta baztertzaileak” indar are handiagoa hartzeko, “talentua dutenen inguruan egituratua eta emaitza edo lorpenetan oinarritua”. Alegia, “on eta txarren artean segregatuko litzateke”, aintzat hartuta, gainera, klub batean izena ematerik ez duen umea –egoera sozioekonomikoagatik, adibidez– eredu horretatik kanpo geratzen dela, guztiek izan behar dutenean “kirola egiteko eskubidea”, edozein izanik ere haien kirol-maila, maila sozio-ekonomikoa, bizitokia edo eskolatze-lekua, diputazioak nabarmendu duenez: “Helburu hori lortzeko, udal, federazio, ikastetxe eta klubekin dihardu lankidetzan Foru Aldundiak, eta diru kopuru handia bideratzen du urtean”.

Lehiari lotzen zaion “errendimendua” maiz azaleratzen da, forma batean ala bestean; agian ez dugu lau haizeetara zabalduko, baina sarri antzean nahi duguna da umeak –edo familiak– aukeratu duen kirol horretan geroz eta trebeagoa izatea, eta horretarako klub batean aritzea hobeto, noski

Eskema ekonomikoa osatze aldera: Foru Aldundiak multikirol programa garatzeko duen diru-partidatik (1,2 milioi euro inguru pasa den ikasturtean) udal bakoitzak dagokiona jaso ohi du, haiek herriko ikastetxeen artean banatzen dute –izen emate edo beharren arabera–, eta eskolek erabakitzen dute ume bakoitzagatik zein kuota kobratu, gastuak (hezitzaileak, autobusak...) aintzat hartuta. Zentzu horretan, diputazioaren asmoa da 2026-27 ikasturtetik aurrera Eskola Kirolaren kuota urtean 60 eurokoa izatea ikasle guztientzat –gaur egun 102 euro ordaintzen dira batez beste–, izena dohainik eman ahal izango duten “ikasle zaurgarrientzat” salbu.

Multikirol programa berriaren oinarriek “sendo eta malguak” izan behar dutela dio Alvarezek, kriterioak bateratzea ezinbestekoa dela, baina ikastetxe eta herri bakoitzeko errealitatea aintzat hartuta. EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu du diputazioak, eta hark zer erabaki zain dago orain –abian den ikasturtea amaitu artean, ziurrenik, ez da nobedaderik izango–.

HIRU KIROLEN NAGUSITASUNA

Bazter oro hartu duen futbolaren eta gurasoen gaineko aurreiritziek kutsatuta gaudelako-edo, harritu gintuen irakurtzea Eskola Kirolaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Pasaiako familiak ez duela semerik futbolean, Askatuak saskibaloi taldean ari diren bi alaba baizik. “Zaharrena, gustuko ez zuen zerbait egiten ari zen eskola kirolean, eta, gainera, behartuta; ez neukan beste aukerarik”, zioen haren aitak Diario Vasco-n. Hogeita bost urtez entrenatzaile aritu den gizonak dio multikirolaren kontzeptua “ongi” iruditzen zaiola, baina, batetik, uste du monitore batzuk ez daudela nahikoa prestatuta eta entrenamendu-saioetan ez dela “ganorarik”; eta, bestetik, seme-alaben entrenamenduak, eskolaz kanpokoak eta gainerakoak uztartzeak “estresa” eragiten duela. “Nor da diputazioa, nire seme-alabei esateko haien denbora librean zer egin behar duten?”, galdetu du. “Gu etxean arduratzen gara kirolaren balio eta onurak irakasteaz, familiari dagokio hori”.

Pasa den martxoaren 20an, Gipuzkoako kirol-hastapeneko eredua aztertzeko eta baloratzeko ponentzia egin zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Instituzioetako eta hezkuntza zein kirol arloko hainbat eragilek hartu zuen hitza, tartean Gipuzkoako Errugbi Federazioko zuzendari tekniko Xabier Castañok. Eskola Kirol eredu berriak aintzat hartu beharrekoen artean, “monitoreen kalitate eta formazioa”, familientzako “karga ekonomikoa” edota hiru kirolek (futbolak, saskibaloiak eta eskubaloiak) duten nagusitasuna aipatu zituen hark ere bai, nahiz eta eskaintzaren aniztasuna defendatu. Hain justu, legea sortu zen kirol minorizatuak babesteko; “futbolaren aurkako neurria izan zen”, zuzenduko gaitu bakarren batek, ironiaz gehitzeko ederki bete duela helburua. 

Zarauzko kasua jarri zuen adibide moduan Castañok: “Eskola kirolak dituen 24 jardunaldietatik hamabitan egiten dira futbola, saskibaloia eta eskubaloia, eta gainerako egunetan dozena bat inguru jarduera desberdin. Eta monitoreen formazioa ere bereziki hiru kirol horietara dago bideratuta”. Bada azpimarratzea merezi duen gauza bat: diputazioak jarduera bakoitzerako gutxienekoak markatzen ditu, eta hiru “talde-kirol hegemonikoek” programazio osoaren %53 edo gehiago bete behar dutela dio, eragileekin (udal, ikastetxe, klub eta federazioekin) batera lantzen ari den MK-ren oinarrizko egituraketa baterako irizpideak zirriborroan jasota dagoenez. 

“ASKATASUNAREN” IZENEAN

Funtsean, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duena da Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin duela klub batean aritu nahi duen 6-12 urte arteko umea Eskola Kirola egitera derrigortu, diputazioaren argumentuak (espezializazio goiztiarraren arriskuei edota umeen garapen integralari dagozkionak) ontzat ematen dituen arren, nahiz eta gehitu: “Adinez txikikoaren eta gurasoen iritzia aintzat hartu behar da, espezializazio goiztiarra bezain arriskutsua izan daitekeelako multikirolak eragiten duen dispertsioa, talentua gal daitekeen heinean. (...) Norbanakoaren askatasunaren esparruan, kirola libreki praktikatzeak izan behar du lehentasuna”.

Donostian, 2021az geroztik bi eskola kirol eredu daude indarrean, programa tradizionala batetik (E1), eta MK Donostia bestetik,hainbat eskolak abiarazia, Foru Aldundiaren bultzadarekin. / MK Donostia

“Aldundiak ez du inoiz ezer inposatu”, azaldu digute Gipuzkoa Kirola sailetik: “Errespetatu egiten dugu, noski, haurrek gustuko kirola aukeratzeko eta gurasoek beren seme-alaben kirol-heziketaren inguruan daukaten askatasuna. Kirol-hastapena arautu dugu irizpide tekniko eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, adin txikikoak babesteko espezializazio goiztiarrak edo salerosketek dakarten arriskutik. Horretarako funtsezkoa da multikirola sustatzea eta kirolaz gozatzen erakustea, euren arteko desberdintasunak apaldu eta kirola egiteko aukera haur guztiek izan dezaten bermatzearekin bat”.

Bestetik, epaiak dio, nahiz eta Araban eta Bizkaian ere multikirol programa sustatzen den, lurralde horietan hautazkoa dela, Kirolaren Euskal Legeak ez duelako esaten diputazioek jarduera ludiko eta kirolanitza “derrigortu” behar dutenik, multikirol eskaintza “bermatuko” dutela baizik. Gipuzkoan indarrean den araudiak homogeneizazioa apurtzen duela ebatzi du Auzitegi Nagusiak, eta osagai inportantea da hori, 8-12 urteko umeen gaitasun edo errendimenduaz ari garenean ere, Arabara eta batik bat Bizkaira begira bizi garelako gipuzkoar ez gutxi, han “serioago” entrenatzen dutelako –“futbol klubetan, nabarmen”– eta alebinetara heltzean “alde handia” dagoelako bateko eta besteko neska-mutilen artean. Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente Manu Diez ere kexu agertu da lurraldeen artean dauden desberdintasunak direla-eta: “11 urteko ume gipuzkoarrek 9-12 partida jokatzen dituzte urtean, eta 30 arabar eta bizkaitarrek”.

MONITOREEN KUALIFIKAZIO ETA LAN BALDINTZAK

Epaiaren bueltan galdetuta, hurbilean dauzkagun gurasoek ez dituzte “inposizioa” eta “askatasuna” moduko terminoak azaleratu. Lehenago aipatuko dira denbora falta, umeen “motibazioarekin” harremana duen hezitzaile edo monitoreen jarduna, diziplina bat ala beste lantzeko dagoen borondatea... Eta, esan dugu, ebazpenak aukera eman du horiez guztiez eztabaidatzeko, nahiz eta herri askotan lehenagotik ere ari ziren ereduari bueltaka, izan Oarsoaldean, Buruntzaldean, Mutrikun edo Donostian.

Gipuzkoako hiriburuan, 2021az geroztik bi eskola kirol eredu daude indarrean, programa tradizionala batetik (E1), eta MK Donostia bestetik, hasieran E2 gisa ezaguna zena, hainbat eskolak abiarazia (Jakintza, Amassorrain, Ibai, Zurriola, Orixe, Aitor eta Intxaurrondo), Foru Aldundiaren bultzadarekin. Ohiko ereduak sustatu nahi dituen balioak ditu oinarri proiektuak, baina pauso bat harago joan nahi dute, Iker Alustiza gizarte hezitzaile eta Ibai ikastolako guraso antiguotarrak azaldu digun moduan. Urte hasierak ekarritako kalapita baino lehen, hortaz, ekimenak denboratxoa zeraman martxan, are donostiarrek eredutzat hartu dituzten Oarsoaldean eta Buruntzaldean. Gaur egun 10-12 eskola dira MK taldean, aurrerago aipatuez gain Herri Ametsa, Aiete, Ikasbide, Amara Berri eta Igeldo.

Donostia, Irun, Oiartzun, Andoain, Eibar, Bergara... Errealitateak baditu milaka aurpegi. Bergaran, adibidez, lehen hezkuntzako hiru ikastetxeen artean proiektu bateratua jarri zuten abian; eta antzera Zumarraga, Urretxu eta Legazpin, hurbiletik ezagutzen dugun kasu bat gehitzearren. Hiru herriotako bost ikastetxeetako haurrek bakoitzak berean “entrenatzen” dute astean zehar, eta larunbat goizean elkarren kontra aritzen dira batzuetan (futbola, eskubaloia, saskibaloia...), eta nahastuta besteetan (pilota, herri kirolak, ziklismoa...). Batetik bestera autobusean mugitzen dira ume denak elkarrekin, kuotaren parte bat horretara bideratzen da; zatirik handiena Eskola Kirol programa kudeatzen duen enpresak jasotzen du, zeinak hezitzaileak kontratatzen dituen, adibidez.

Errugbi Federazioko zuzendari tekniko Xabier Castañok, Eskola Kirol eredu berriak aintzat hartu beharrekoen artean, “monitoreen kalitate eta formazioa”, familientzako “karga ekonomikoa” edota hiru kirolek (futbolak, saskibaloiak eta eskubaloiak) duten nagusitasuna aipatu ditu

Auzitegi Nagusiaren ebazpena plazaratu aurretik ere, hainbat gauza aldatu beharra zegoela iritzita, Urola Garaiko Eskola Kirol Kontseiluak prozesu parte-hartzailea zuen abian, eta ikasturtea hastearekin bat gurasoak gonbidatu dituzte gaur arte egindakoak eta aurrera begirakoak ezagutzera. Aurkezpenean izan dira hiru ikastetxeetako ordezkariak, eta Zumarragako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikari bana. Agerikoa da epaiak lanerditan harrapatu dituela eta zalantza ugari dagoela etorkizun hurbilak zer ekarriko, kontziente diren arren izen-emate gutxiago izango dela, “agian heren bat gutxiago”, Diputazioko teknikari Oihana Zunzunegik esan duenez. Pasa den ikasturtean umeen %65 inguruk (17.545) hartu zuen parte Multikirol programan; horietatik 11.283 klub batean ere ari ziren.

Beste hainbat gauzaren artean, hezitzaile edo monitoreen “kualifikazioa” eta haien “lan baldintzak” hobetzeko lanean jarraituko dutela berretsi du Foru Aldundiak. Aurreko ikasturtean aritu ziren 3.200 begiraleetatik, laurdena inguru nolabaiteko ordainsaria jasotzen zuten boluntarioak ziren; diputazioaren asmoa da “guztiei begirale lana aitortu eta haien egoera erregularizatzea”, eta horretarako baliabideak jarriko ditu ikastetxeen esku.

UMEEN POZ AURPEGIAK

Futbolak eta saskibaloiak indar handia dute Donostian ere, eta hirugarren kirol bat gehitzekotan eskubaloia aipatuko luke Alustizak. MK ekimenak eskaintza zabaltzea du xede, baina ez hori bakarrik: “Haratago joan nahi genuen, lehiakortasunaz gaindiko balioetan azpimarra jarri eta kirola irisgarriago egin, aintzat hartuta ekonomikoki zaurgarrienak direnak, baina baita ezaugarri fisiko edo psikikoengatik kirol normalizatutik kanpo geratzen direnak ere”.

“8-12 urte bitarteko umeez hitz egiten ari gara, oraindik haurrak dira, eta guk eskola kirola ulertzen dugu batez ere garapen-prozesu bat bezala, non balore batzuk irakatsi eta harremanak landuko diren”, azaldu digu. “Haur orok izan behar du horretarako aukera; ez da guraso batzuen kapritxoa –nonoiz leporatu diguten moduan–, mundu mailan onartutako eskubideez ari gara. Galdera da: zein eredu nahi dugu Donostiarako? Gure nahia ez da bazterrak nahastea, erronka edo behar batzuetatik abiatuta urratsak ematea baizik, administrazioekin elkarlanean”.

Donostiako MK ereduaren sustatzaileetako bat da Iker Alustiza. "Kirola irisgarriago egin nahi dugu”, esan digu, “aintzat hartuta ekonomikoki zaurgarrienak direnak, baina baita ezaugarri fisiko edo psikikoengatik kirol normalizatutik kanpo geratzen direnak ere".

Alustizak uste du adin txikikoak kirol mailaren arabera bereizteak, adibidez, zentzua izan dezakeela 14-15 urteko nerabeez ari bagara –“gogorra izan daitekeela ukatu gabe”–, baina ez 8-12 urte bitarteko umeen kasuan. Kirol batzuetan desberdintasunak areago nabarmentzen direla-eta, futbolera egin du jauzi elkarrizketak. Alustizak aitortu digu futbolean sarri jokatua eta zale amorratua dela: “Baina ohartu naiz MK barruan aritzen direnean ere, non, esaterako, hezitzaileek jarraibide zehatzak dituzten, umeak horretara lerratzen direla: gola sartzea besterik ez dute buruan, trebeenek paper bat betetzen dute eta hain abilak ez direnek beste bat, neska eta mutikoen artekoak... Hau beste gauza bat dela ikasi behar dute, baita gurasoek ere”.

Jokalari guztien parte hartzea bultzatzeko, hezitzaileek erronkak proposatzen dizkiete, aurkariaren atera jaurti aurretik baloia taldekide orok ukitzea, esaterako, edo gola ahalik eta gehienek sar dezaten saiatzea, “kontua ez delako bai ala bai irabaztea” edo “parekoa makurraraztea”, hamabost eta hutseko emaitza batek dakarren guztiarekin. Baloiari ia eman ere egiten ez dion umeak bat-batean gola sartu eta haren poz aurpegia ikustea zein ederra den kontatu digu, motibazioari eusteko hezitzaileek jokatzen duten paperaren erakusgarri. Hezitzaileak aipatuta, MK barruan trebakuntza-saioak jaso ohi dituzte, haur eta nerabeen kontrako indarkeriaren edo harreman osasuntsuen inguruan, adibidez. “Esaten diegu umeak ez direla zigortu behar, eta ez egoteko uneoro mugikorrari itsatsita, gatazkak kudeatzen jakin behar dute...”, dio Alustizak: “Monitoreak izan dezake sekulako kurrikuluma, baina kontziente izan behar du haurrentzat eredu dela eta motibatu egin behar dituela; atzean enpresa bat dagoenean ere hori ez dago bermaturik”.

Ikastetxeetako bakoitzak kontratatzen ditu bere hezitzaileak, eta eskolez kanpoko bi koordinatzaile nagusien lana denen artean ordaintzen dute. “Haiek aritzen dira batez ere klub eta federazioekin hartu-emanean, jarduera bereziak antolatzeko Zubietan (hockey), Aieten (errugbia)...”. Triatloia egin dute Kontxan, patinetan aritu dira Saguesen, herri kirolak Trinitate plazan, orientazioa Urgullen... Kirolaren bitartez ere eraiki daiteke herria.

GORA BEGIRA

Donostian, eta beste zona batzuetan ere gertatuko da, filosofia edo helburuei dagokienean bada alderik futbol kluben artean. Berez, diputazioak markatzen du kirol eskolek laugarren urtean –umeek 12 bat urte dituztenean– sor dezaketela errendimendu-taldea, orduan bereiz daitezkeela A, B, C multzoetan. “Mingarria izanik ere, geroz eta beranduago banatu, hobeto”, Alustizak dioenez: “Batzuei ziurrenik ez zaie futbola interesatuko, lagunekin egon nahi dutelako hasi dira; normala da, denborarekin topatuko du bakoitzak bere tokia”. Klub batzuk, ordea, anbiziotsuagoak dira eta ia lehen urtetik sailkatzen dituzte umeak. “Horretara daude eta ikusten da; nahiz eta araudiak esan futbol eskoletan entrenamendu-saio bakarra izan dezaketela astean, bi edo hiru ere egiten dituzte batzuek. Gero, noski, ikusten duzu zure semearen partida bat Donosti Cup moduko txapelketa batean eta pentsatzen duzu, ‘joder, ze onak diren horiek’, baina entrenatzaileak zein jarrera duen ikusita ohartzen zara atzean egon daitekeenaz, eta...”.

Kirol diputatu Goizane Alvarezen hitzetan, arriskua dago errendimendura begirako “sistema elitista eta baztertzaileak” indar are handiagoa hartzeko, “talentua dutenen inguruan egituratua eta emaitzetan oinarritua”. Alegia, “on eta txarren artean segregatuko litzateke”

Gurasoez ere –meloi ederra zabaldu dugu– luze aritu gara Alustizarekin, eta kontatu digu euren umeentzat klub bat edo beste aukeratzen dutela batzuek, “gorago” –Realera, pentsa liteke– iristeko aukera handiagoa dutelakoan. Eta gogoratu gara Bizkaitik hurbil dagoen herri gipuzkoar bateko aitaz, umea “beste aldeko” futbol klub batean sartu zuena aurrera egiteko baldintza hobeak eskaintzen zituelakoan, kirol eskolaren kateetatik libre. “Zilegi da, baina zer nahi dugu seme-alabentzat? Gure hautua izan da, batetik, 8-12 urte bitartean umea bere testuinguru naturalean egon dadila, gozatu dezala, jolastu, esperimentatu... horretatik ikasten da. Lehia, exijentzia eta gainerakoak etorriko dira geroxeago, jakitun garen arren gizartean oso txertaturik daudela”.

ELITEA IMITATZEN DUEN EREDUA

Santanderreko Racing taldean ari den 12 urteko jokalaria fitxatu du Realak, Irungo Mariñongo 12 urteko alebina Athleticek, Santutxun ari den 11 urteko aurrelaria Villarrealek, EDM San Blaseko 7 urteko umea Real Madrilek... Badirudi ispilu diren goi mailako klubentzat umeak ere merkantzia direla, eta horrekin oso kritikoa da Alustiza, onartzen duen arren Realak –klub horretako bazkidea da bera– esango balio 10 urteko semea fitxatu nahi duela, nekez erantzungo liokeela ezetz, nahiz eta gogoeta egingo lukeen: “Benetan nahi dut umea gurpil horretan sartu?”. 

Reala aipatuta, “harrobia” kaltetuko zuela-eta mesfidantzaz egin zion aurre hasieran Gipuzkoako Eskola Kirol ereduari, baina denborarekin jarrera apaldu eta hura defendatzera iritsi da. Martxoaren 20an Batzar Nagusietan egin zen ponentzian Realeko harrobi-futboleko zuzendari Luki Iriartek ere hartu zuen parte. Haren hitz hartzearen goiburuak –Multikirol praktikaren eta espezializazio goiztiarra atzeratzearen justifikazioa, errendimenduaren ikuspegitik (Real Sociedad) eta indarrean den araudia aintzat hartuta– auziaren gaineko klubaren iritzia laburbiltzen du. “Kirol eta ariketa desberdinak praktikatzeak umeen garapen integrala bermatzen du”, adierazi zuen, eta gaineratu EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak multikirolaren derrigortasuna indargabetzen duela, baina ez haren “filosofia” edo “balio hezitzailea”. Iriartek uste du “oso zaila” dela umeen artean lehiakortasuna ezabatzea, eredua egokitzerik badagoen arren, “lehiakorra izan dadin, baina soilik neurri batean”.

Gutxi-asko, elitea imitatzen duen eredurantz egiten du klub ugarik –gezurra litzatekeen arren eskola kirolak oinarritzat duen “umearen ongizatea” aintzat hartzen ez dutela esatea–, eta guraso askok begi onez ikusten du hori. Multikirol programaren bueltako eragileei dagokie sustatu nahi dituzten balioetan sakondu eta umeak motibatuko dituen programazioa osatzea, ez kluben aurka baizik eta haien bidelagun, non diziplina minoritarioek espazio eta tratamendu duina izango duten, gazteek aukera izan dezaten gerora ordainduz bakarrik egin ahal izango dituzten kirol ahalik eta gehien probatzeko. Behar hori nabarmendu besterik ez du egin epaiak.

 

Haurren interesak erdigunean

Mutrikun, herriko eragileek bat egin dute Eskola Kirolaren ohiko eredua mantentzearen alde. Udaleko alderdi politiko guztiek, kirol klubek, multikirol programaren ordezkariek… urteak daramatzate mahaiaren bueltan biltzen, eta “erraza” izan da Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurrean bestelako herri-itun bat adostea, udaleko Kirol teknikari Mikel Mariezkurrenak dioenez. “Naturaltasunez atera zaigu”, kontatu zuen Euskadi Irratian, eragile guztien arteko adostasuna nabarmentzearekin bat.

15-20 urte daramate bidea egiten, lehiakortasuna eta espezializazio goiztiarra gainditzen dituen ereduaren alde. “6-12 urteko umeez ari gara, haien ongizate eta garapen integral eta osasuntsurako, garrantzitsua da jarduera desberdinak egitea, ahalik eta esperientzia gehien izatea, jolastu eta ongi pasatzea…”, zioen. Mutrikuko Udalak gaiaren bueltako oharra plazaratu zuen ekainaren 10ean bere webgunean: “Udalak eta herriko kirol eragile nagusiek Eskola Kirolaren Herri Ituna sinatu dute. Sinatzaileek konpromisoa dute jarduera fisiko eta kirol hezigarri, osasungarri eta berdinzale bat garatzeko, haurren interes gorena erdigunean jarrita”.

“Denok sinesten dugu horretan, bai udalak, bai klubek, baita guraso elkarteek ere”, adierazi du Mariezkurrenak. Ikasturte berrian ere, beraz, kirol elkarteetako batean izena eman nahi duen umeak Eskola Kirolean parte hartu beharko du, “herriko interes orokorraren alde eginez”. Kirol elkarteak entitate pribatuak dira, haien araudi propioak beharren arabera egokitu ditzakete eta, hartara, eurak izango dira –eta ez diputazioa– baldintza hori betearaziko dutenak. Mutrikutik hurbil, Lekeition (Bizkaia), udalak berritu egin du Eskola Kirol hitzarmena, besteak beste “herri hezitzailea” izateko helburua betetzen laguntzen duelako. Bietan aipatu dute “herria”, kirolak ekarpen positiboa egin dezakeela sinetsita.

Gipuzkoako "emaitza onak"

Espezializazioa, bere garaian, dio Gipuzkoako Eskola Kirol programaren printzipioetako batek: “Foru Aldundiak haurrak babesten ditu kirol-errendimenduan goizegi presionatu ez ditzaten, eta hainbat erakunderen gomendioak jarraitzen ditu, osasunaren gaineko ondorio kaltegarriak, gaitasunik txikienak dituztenen bazterkeria edota goiz egindako fitxaketek dakarten deslokalizazioa saihesteko. Ez dago oinarri zientifikorik lehenago espezializatzeari esker talentu gehiago sortzen direla esateko, eta Gipuzkoako emaitzek berretsi egin dute hori”.

"Gipuzkoako emaitzak”. Zer esan nahi du zehazki horrek? Multikirol ereduaren defendatzaileek kirol diziplina eta modalitate desberdinetan ari diren emakume eta gizon kopurua nabarmendu dute, baita “oso ongi” funtzionatzen duen klub-sarea ere, edota kirolari olinpikoen kopuru eta lorpenak. “Azpiegiturak, kultura, erakundeen babesa... horiek guztiak lagungarri dira, baina multikirol ereduak ere badu zerikusirik”, Diputazioko Kirol teknikari ohi Iñaki Ugartebururen hitzetan.

Futbol Federazioko presidente Manu Diazek, bestalde, Eskola Kirol ereduaren “emaitza objektiboak” izen-abizenekin zerrendatu ditu: Ordizia Rugby, Bera Bera, Pau Etxaniz, Kauldi Odriozola, Imanol Garciandia, IDK Euskotren, Maialen Chorraut, Nerea Izagirre, Irene Paredes, Elene Lete, Mikel Oyarzabal, Ander Barrenetxea, Martin Zubimendi.

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025eko azaroaren 14
Iñaki Alegria Loinaz eta Amaia Torrealday Galarreta ikerlariak
"Oso garrantzitsua da administrazioak onartzea euskara zientzia hizkuntza bat dela"

Eguneraketa berriak daude