INUITAK LEIHOTIK BEGIRA


2003ko ekainaren 01an
Munduko hizkuntzen aniztasunari eusteko beharra nabarmentzen duen liburu esanguratsua da Claude Hagège-ren «Halte à la mort des langues» (Éditions Odile Jacob, 2000). Oraintsu ezagutu dugu eta, egia esan, zer pentsatua eman digu liburuak. Lehen zatian, hizkuntzen eta bizitzaren arteko harremana du hizpide egileak. Bere esanetan, hizkuntzen bizitza eta animaliena zein landareena aldera omen daitezke, Darwinen eredua jarraituz. Izan ere, arlo bakoitzean, indartsuenak soilik irauten omen du bizirik, eta mundu biologikoan gailentzen den hautatze naturala, hizkuntzen kasuan ekonomia eta soziologia kontuek bideratzen omen dute. Dena dela, bizidun biologikoak ez bezala, hizkuntzak ez dira erabat desagertzen azken hiztunarekin batera. Hitza desagertzen da, baina ez hizkuntza (eredua, egitura, sistema…). Honela, mendeetan zehar "isilik" egondako hizkuntza berpiztu daiteke gramatikari helduta. Esanguratsua da, esaterako, hebraieraren kasua. Hainbat mendez "hitza" galduta eta isilik izan arren, gaur egun estatu baten hizkuntza ofiziala baita.

Groenlandiako Angmassalik inguruko inuitek, heriotza hurbil sentitzen dutenean goitizena hartzen dute, heriotzak nekezago aurki ditzan. Jakina da hizkuntza bakoitzak mundu ikuskera zehatz bat islatzen duela. Azken batean, mundua begiratzeko leiho ezberdina da hizkuntza bakoitza. Hein handi batean, eta hau asko zehaztu beharreko esaldia izan arren, hitz egiten dugun hizkuntzaren arabera esan daiteke nolakoak garen. Horregatik da larria gaur egun munduan dauden 5.000 inguru hizkuntzetatik urtean 25 desagertzea, eta gainera kopurua urtez urte handituz doala jakitea. Urtero, arrazoi politikoek eta ekonomikoek isiltasunera daramatzate dozenaka mundu ikuskera, mundua begiratzeko dozena bat hizkuntza soilik geratzea egundoko hondamendi kulturala litzatekeela ohartu gabe.

Gurean, zoritxarrez, asko dakigu honetaz guztiaz. Euskal lurralde guztietan etenik eta lotsarik gabe urratzen dira hizkuntza eskubideak, agintari gehienen oniritzia eta isiltasuna lagun dutela. Kanpoko hedabideek euskaldunon eta euskararen aurka hartu duten jarrera, halaber, arrastoa uzten ari da gurean ez ezik, baita guretik kanpo ere. Eta horrek isla izan ohi du kulturan ere. Oraintsu liburugintzan gertatu den zerbait, esaterako, adibide ederra da. Julio Cortazarren eta Isabel Allenderen liburu bana euskaratzeko asmoa du argitaletxe batek, eta idazle horien egile eskubideak kudeatzen dituen Bartzelonako literatura agentzia ezagun batengana jo du. Beste askorenen artean, Pablo Neruda, Gabriel Garcia Marquez, Jorge Amado, Mario Vargas Llosa edota Camilo Jose Celaren eskubideak ere kudeatzen ditu agentzia horrek. Erantzuna, benetan, antologikoa da. Cortazarren eta Allenderen liburu horien eskubideak libre daudela euskararako, ez dituela beste inork erosi, baina ez dituztela salduko. Izan ere, bai euskaldunek, bai katalanek eta bai galegoek ba omen dakite gazteleraz eta, beraz, absurdua omen da itzulpena egitea euskarara, katalanera edota galegora. Eta idazle horien egile eskubideak beraiek kudeatzen dituzten bitartean, ez omen dituzte itzulpenak hizkuntza horietara egiteko eskubideak salduko. Argitaletxearen erantzuna: "Eta gaztelerarik ez dakiten Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako euskaldunek zergatik ezin dute Julio Cortazar edota Isabel Allende euskaraz irakurri?". Eta agentziaren erantzuna argitaletxearen ordezkariei, lotsarik gabe, mahai berean, aurpegira: "Irakurle horiek gazteleratik oso hurbil dagoen hizkuntza erromanikoa ezagutzen dute, frantsesa, eta beti izanen da askoz itzulpen hurbilagoa eta zehatzagoa frantsesera egindakoa. Egile horien itzulpen onak daude frantsesez, eta horiek irakurri beharko dituzte. Ez du zentzurik gaztelera edota frantsesa ezagutzen duten eremu batean euskara bezalako hizkuntza batera itzultzeak, egitura guztia aldatu behar baitzaio testuari".

Denbora galtzea da hauekin eztabaidan aritzea. Ez dute ulertzen egile eskubideak kudea ditzaketela, baina ez hizkuntza eskubideak. Eta jarrera horrekin etengabe ari dira urratzen milaka eta milaka herritarren hizkuntza eskubideak. Norbaitek besterik gabe erabaki duelako ezingo al ditugu bada euskaraz irakurri idazle horiek? Hizkuntzak desagertzera bideratzen dituzte. Munduari begiratzeko gure leihoa ez zaie erosoa, eta guztia haien leihotik ikus dezagun nahi dute. Salaketa larria da, baina esan dezagun argi: hil nahi gaituzte, eta etengabe ari dira saiakera horretan, askoren isiltasuna aterpe dutela. Goitizenak hartu beharko ditugu, ihes egingo diogu heriotzari, nekezago isil gaitzaten. Europako inuitak izanen gara. Azken batean, gure aurka erein duten guztiaren uzta ari gara biltzen. Egia da. Goldatzeko garaia da. Baina gurean erein duten pozoia azaleratzeko. Gure lurrari egin diotena erakusteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Groenlandia
Urak egotzi zituen bikingoak

X. mendetik XV. mendearen erdialdera arte bikingoek Groenlandia okupatu zuten, baina hamarkada gutxiren buruan uhartea utzi zuten.


Groenlandian ezkerreko independentistek irabazi dituzte uranio meategi proiektu batek polarizatutako hauteskundeak

Apirilaren 6an egin dituzten hauteskundeetan, Inuit Ataqatigiit (IA) alderdi independentista sozialistak irabazi ditu hauteskundeak botoen %37rekin, eta gobernuan zen Siumut alderdia gainditu du, independentista eta sozialdemokrata hau. Independentismoak gehiengo osoa lortu du,... [+]


Groenlandia, paradisu berdea

Groenlandia, 982. Erik Thorvaldsson (950-1003), Erik Gorria ezizenez ezagunagoa, munduko uharterik handienera iritsi zen.


2019-01-23 | Iñigo Igartua
Groenlandiarren hirutik bi Danimarkatik independizatzearen alde dago

Groenlandiako hauteskundeetan alderdi independentistek botoen %70 baino gehiago bildu ohi dute, Nationalia egunkari digitalean irakur daitekeenez.


Amerika "deskubritzeko" asmorik ez

Norvegia, 986. Bjarni Herjólfsson esploratzaile bikingoa Islandiara abiatu zen negua amaitu zenean, han gurasoekin bat egiteko. Eyrar-en lehorreratu zenean jakin zuen gurasoek etxaldea saldu zutela eta Erik Gorriarekin batera irla utzia zutela, Groenlandiara bizitzera... [+]


Eguneraketa berriak daude