Orbain bizien oinordeko, lerroarteak zabaltzeko

  • Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote. Eta horretan ari dira, nor bere esparruan eta nor bere lekutik: egiteke dagoen hori zertan den aletzen, feminismotik sortutako analisirako tresnak baliatuta. Ari dira, besteak beste, distortsionatutako usteez, indarkeriaz, oholtzatik kanpo pasatzen denaz eta musika goitik behera astintzearen beharraz. Alegia, maskulinoan eraikitako egitura hori arrakalatzeaz eta bestelakoak eraikitzeaz.

Eider Iturriaga
Eider Iturriaga
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Laurent Garnier eta David Brun-Lambert-en Electroshock lanaren abiapuntua da honakoa: “Oholtza bat edo dantzaleku bat ez da inoiz leku neutroa; oroz gain, askatasun- eta transgresio-eremu bat da, beste inon ez bezala, belaunaldi berri bakoitzak aurre egin beharreko erronkak biltzen dituena”.

Azken hamarkadetako Euskal Herriko oholtzei erreparatuta, eta oholtza horiek zapaldu dituztenen hausnarketei segituta, aurreko belaunaldiek aurre egin beharreko erronkak zeintzuk izan diren bistaratzen zaigu. Ezbairik gabe, eszenario gaineko emakumeen ikusgaitasuna izan da erronka handietako bat. Lan horretan egin diren hainbat aldarri, ekimen eta proiektu kolektibo dira horren erakusle. Belaunaldiak bezala, erronka berriak ere agertzen joan dira. 2014an, Iratxe Retolaza eta Itsaso Gutierrezek honela zioten: “Ikusgarritasun hori aldarrikatu ondoren, beharrezkoa da bestelako gogoetak ere egitea, musikaren esparrua egituratzeko erabili ohi diren gizarte-diskurtsoak azaleratzeko, eta auzitan jartzeko”. Urte berean, Mefsst! (Musika Errebolta Feminista) kolektiboak eta Kafea eta Gailetak musika-ekimenak beste galdera baten bueltan ari ziren: “Nolakoa izango litzateke jaialdi feminista bat?”.

Zertan dira, hamarkada bat geroago, aurreko belaunaldiek jorratutako erronkak? Eta zeintzuk dira belaunaldi berriek esku artean darabiltzatenak? Horien berri izateko, begirada oholtzetan ez ezik, fokua jaialdi feministen antolakuntza-bileretan edo han-hemenka antolatzen diren hausnarketa saioetan jar dezakegu. Joan den ekainaren 18an, Oholtzak gureak ere badira. Disidentzia feministak eta eszena musikal/artistikoa izenburupean, Burlatako Txosna Batzordeak antolatutako mahai ingurua izan zen horren adibide. Aimar Jimenez (Maruxak/Zinez), Nerea Arrasate (Naxker), Amets Aranguren (Ibil Bedi) eta Eneko García (Albina Stardust) aritu ziren oholtzan, instrumenturik gabe, Leire Gorostizak (Xendra) proposatutako galdera eta auzien inguruan hizketan. Bertan esandakoak oinarri hartuta, egiteke ditugunak zertan diren xehatzeko ahalegina da honakoa, solasaldi ostea girotu zuen Olaia Inziarteren hitz musikatuak bidelagun hartuta.

Ezker-eskuin: Nerea Arrasate (Naxker), Eneko García (Albina Stardust), Aimar Jiménez (Maruxak/Zinez) eta Amets Araguren (Ibil Bedi). Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Nik irabazita, bertze biak zer dira? 
Hizketaldiari hasiera emateko, Jone Expositok eta Oli Artolak egindako analisiaren emaitzak konpartitu zituen Leire Gorostiza mahai inguruaren gidariak. Analisi horrek, kuantitatiboki, udal programazio, jaialdi eta gune autogestionatuetako oholtzetan emakumeen presentzia izan zuen behaketa-objektu. Hurrengoak dira ateratako datu batzuk: hamar emanalditatik bitan bakarrik topatu zuten emakumeen presentzia; agendaren %10 baino ez zuten hartzen emakumeen taldeek; eta gizonezkoez soilik osatutako taldeek hartzen dute zuzeneko musika eskaintzaren zatirik handiena.

Hala, kuotak izan ziren hasiera-hasieratik hizpide eta eztabaidagai garrantzitsuenetako bat. Urte luzeko ikusgaitasunaren borrokak hartu duen forma garaikidea dira kuotak, baliagarri izan daitezkeenak eta oraindik esparru batzuetan aldarrikatzen direnak. Edonola ere, oholtzetan emakumeen eta genero disidentzien presentzia bermatzeko tresna bat dira, ez gehiago eta ez gutxiago. Izan ere, badirudi kuotak ezarri eta betetzea salbazio gisa azaltzen zaigula. “Oholtzan egon nahi zenuten, bada hemen duzue zuen toki(txo)a”. Baina, kontrara, eta hizlarien bizipenei jarraituta, kuoten auziak ere badakartza ondorioak. 

Eneko García: "Espazio horietan egon beharko gara aldarrikatzeko badela garaia beste gorputz batzuk egoteko oholtzetan"

Zergatik? Kupoa ia beti %10etik beherakoa delako. Ehuneko hori betetzeko deitu zaituztela sentitzea kaka bat delako. Eta kaka bat dela pentsatzeak errudun sentitzea ere ekar dezakeelako. “Ez dakit zein puntutaraino sentitzen garen errudun, agian eskertuta egon behar baikara deitzen gaituztelako”, adierazi du Nerea Arrasatek. Soilik musikari izatea gizonen pribilegio bihurtzen delako; emakumeak emakume musikari baitira. Kuota txiki horren barruan sartzen direlako gizonez osatuta ez dauden taldeak, eta musika-genero bat bailiran tratatzen direlako; emakumeen edo genero disidenteen taldeak eta beste guztiak, berdin du salsa, punka edo hip-hopa egiten duten. Bide beretik, kuota berean, eta ondorioz, kategoria bakarrean sartzen direlako gizon zuri zis eta hetero ez diren gorputz eta identitate guztiak. Eta, hala, gizonak/gainontzekoak binomiotik bakarrik irakurtzen delako oholtzetako aniztasuna, gainontzeko zapalkuntza ardatzei erreparatu gabe. Ehuneko horretan jende gutxi kabitzen delako, eta ondorioz, ekainaren 28aren bueltan ez bada, ez dagoelako kartelik bi transez osatuta, adibidez.

Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren mantra alde batera utzi eta feminismo beltzetik garatutako intersekzionalitatearen begirada musikara ekarriko bagenu, ariko ginateke, agian, arrazializazio kuotak, diska kuotak, prekario kuotak, trans kuotak edo lodi kuotak ezartzeaz. Alegia, emakumeen kuotaren barruan ere errepresentaziorik ez duten identitate eta gorputzen ikusgaitasunaz. Edo kategoria berean sartzen direnen artean gorpuzten diren indarkeria bizipen guztiz desberdinez. Edo honetaz guztiaz ari garenean interpelatuta sentitu ere egiten ez diren gizonez, beraiek oholtzatik jaitsi gabe gure artean konpondu beharreko kontua balitz bezala.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zure aldarea okupatzeagatik, pagatzen nabil…
“Erdira iritsita ere, zer? Hori da helburua?”, galdegin die Leire Gorostizak mahai inguruko musikariei. Demagun oholtzan emakumeak eta genero disidenteak %50 diren jaialdi bat. Eta galde diezaiegun, Leire Gorostizak mahaikideei egin bezala, beren bizipenez: oholtzakoez, igo aurrekoez eta ondorengoez.

Amets Aranguren: "Ez badakigu perfektu egingo dugula, ez gara igotzen"

Orduan azalduko zaizkigu, hasteko, autoexijentzia maila desorbitatuak: Iñi Etxezarretak (Labar) elkarrizketa batean zioen bezala, arauan ez dagoen gorputz guztiek gainkonpentsaziora jotzen dute musikan beraien presentzia justifikatu ahal izateko; eta, justifikazioaz gain, espektatibak ez betetzeak ere ezinegona sortzen du, gorputz ez normatiboetan porrota irain bihurtzea askoz errazagoa baita. Bide beretik, Nerea Ibarzabal bertsolariaren hitzak ekarri zituen gogora Amets Aragurenek: “Ez badakigu perfektu egingo dugula, ez gara igotzen”. Batez ere leku ezezagunetan jotzeko proposamena jasotzen denean, tentsioa eta beldurra sortzen dira, aurrez izandako esperientzia batzuk gorputzen memorian gordeta izateagatik: izan objektuak bota dizkietelako, sexualizatuak edo irainduak izan direlako, edo izan kontzertuak iragartzeko karteletan dagoen trabesti bakarraren aurpegia –eta bakarrik berea– erreta agertu delako. Gainera, antolatzaileek horri pisua kentzen diotelako. Eta eguna heltzean, adibidez soinu probetan, instrumentistek jasaten dutelako gutxiespena eta teknikarien mansplaining-a. Proba bukatu, kamerinora heldu eta pixa zutik egiteko komunak bakarrik egotea, edo, trabestien kasuan, makillatzeko espazioa enegarrenez exijitu behar izatea. Eta pentsa: oraindik ez da zuzenekoa hasi. Eta hasten denean, guztiontzako espazio seguru gisa salduko da, gainera; trans batek mikroa hartzeagatik, abrakadabra, txosnagunea transentzat espazio seguru bilakatuko balitz bezala. Horrela kontatu du Eneko Garcíak: “Biolentzia jasotzen dugu oholtzan gaudenean, baina askotan telefonoz deitzen gaituztenetik jasotzen dugu biolentzia”.

“Horren aurrean zer egin dezakegu?”, galdetu du mahaikideetako batek, eta ideia desberdinak atera dira. Garcíaren ustez, “espazio horietan egon beharko gara aldarrikatzeko badela garaia beste gorputz batzuk egoteko oholtzetan”. Amets Arangurenek bestelako hausnarketa bat plazaratu du, antolatzaileen ikuspegitik: “Niretzat konplexua da kupoaren mobida, zeren leku horretatik oso ebidentea iruditzen baitzait kupoa jarri behar dela, baina, aldi berean, izorratu egiten nau ni naizenean kupo gisa deitua. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait gonbidapen bat kupoa betetzeko dela identifikatzen dugunean, berau ez hartzea gurekiko eraso edo mespretxu gisa”.

Konplexua da, beraz, kuoten auzia: eraginkorra den ala ez, erabilera egokia egiten zaion ala ez, hari honetatik tiraka jarraitu nahi dugun ala ez… Zabalik dago galdera. Edonola ere, kuoten inguruko eztabaida interesgarria da, beste galdera batzuk irekitzen dituelako. Hasteko, zirkuitu musikal batetik bestera –bereziki, mainstream-etik autogestionatuetara– mantentzen eta aldatzen diren logikak ikusteko. Bestetik, musika-eszena batean boterea non dagoen pentsatzera ere eraman gaitzakeelako –oholtzan ala oholtzak erabakitzen dituztenengan?–. Hirugarrenik, eta aurrekoaren ondorio lez, oholtzatik haragoko esparruetan ere eragin beharra mahai gaineratzen digulako. 

Nerea Arrasate: "Ez dakit zenbateraino sentitu behar dugun errudun; agian eskertu egin behar dugu deitu izana [kupoa betetzeko bada ere]"

Gainera, eztabaida horiek kuoten eredua bestelako terminoetan pentsatzeko aukera ere ireki dezakete. Izan ere, zer gertatuko litzateke kupoak ezarriko bagenitu, besteak beste, arlo teknikoan eta antolakuntzan? Lehen lerroetan? Eta ordutegien arabera pentsatuko bagenitu?

Amets Aznarezek Musika Bulegoak antolatutako mahai inguru batean zera esan zuen: “Oholtzaren gainean espero gintuzten, baina ez gaituzte espero jai batzordean esanez ‘aizu, orain arte larunbatean jotzen duen talde handiari ez diogu utziko lekua, eta herriko neska talde txikiari utziko diogu, eta 23:00etan joko dute, eta ez 45 minutuz, baizik eta ordubetez’”. Oholtzak gureak ere badirelako, bai. Baina pogoak, kamerinoak eta asanbladak ere bai.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Su hartu du belarri gorrak
Moderatzaileak Aner Peritz bertsolariak konfrontazio transfeministaz esandakoak ekarri ditu hizpidera, beste hari-mutur interesgarri bezain konplexu bati bidea irekita. Ekintza posibleen artean, kupo zorrotzak jartzea, gizon, talde eta pertsonaia konkretuen ekintza konkretuak seinalatzea eta aldaketak exijitzea proposatu du. Baita gizonei betoa jartzea ere. Zer egin auzi honetaz ezer entzun nahi ez duten belarri gor horiekin?

“Gizonezkoak %100 diren taldeak kanpora. Nahikoa da. Ez da beharrezkoa. Nire ustez kalte egiten dute”; adierazi du Aimar Jimenezek. Ildo beretik, “igual zerbait erradikalagoa egin behar dugu, ez?”, galdegin du Eneko Garcíak, eta oholtzan egoteko baimena eta barkamena eskatzetik konfrontaziora pasa beharra aldarrikatu: “Ez da bakarrik 'ai, baditugu bi emakume eta bi marikita oholtzan'. Ez, aurten oholtzan ez da gizonik egongo. Puntx. Baketsuegiak gara”.

Auzia buruan bueltaka dabilkidala, galdera berriak pizten zaizkit: bai edo ez bainoago, edo horrekin batera, nola bai eta nola ez ere hausnartu behar genukeela. Edo zertan bai eta zertan ez. Jakitun gara askotariko proposamen eszenikoak gorpuzten dituztela gizonez osatutako taldeek ere, eta haietako batzuk artistikoki zein politikoki interesgarriak iruditzen zaizkit.

Gai beraren beste hari-mutur batetik, oholtza gaineko gizontasunaz hausnarketa interesgarriak egin zituen Mikel Izarra musika kritikariak Desafinatzen jarraitzen duen maskulinitatea artikuluan, Diario de Noticias-en. Mainstream zirkuituak maskulinitatearen fabrika gisa funtzionatzen duela dio, gizon musikariak gizontasun eredu zehatzak proiektatu eta erreproduzitzen dituzten erreferente direlarik. Maskulinitate cool berri batez dihardu, gizon sentikorraren figurak lekua irabazi duela argudiatuta, baina “negar egiten duen gizona boteretsua da oraindik, arrakastatsua, desiratua; samurtasuna dago, baina ez estatusa galtzea”. Alabaina, bestelako proposamen eta adibideak ere badakartza lerroetara, Joe Talbotek (Idles) gorpuzten duen maskulinitate deseroso, zikin eta kontraesankorra, edo maskulinotasun disidenteetatik maskulinitate beltzaren eta raparen kodeak dinamizatu dituen Lil Nas X musikaria, esaterako.

Gizonen monopolioa bukatzeko beharra mahai gainean dugun erronka da, ezbairik gabe. Eta horretarako hainbat estrategia ere plazaratzen ari dira. Eraginkorrak diren ala ez jakiteko, horiek probatzera ausartzea da, ziurrenik, emateke dugun pausua.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

... bazterrak nahasteko ez balitz 
“Egiten dituzuen letrak feministak dira? Zuen helburua, talde bezala, aldarrikapen feministak oholtzaratzea da?”. Horrelako galderak maiz entzuten dituzte. Eta horiek ez direnean, “ze ausartak oholtza gainera igotzen”, “erreferenteak zarete” eta antzerakoak. Galderoi erantzuten egon beharraz nekatuta daudela azpimarratu du Nerea Arrasate Naxker taldeko bateria-joleak: “Ni neska bat naiz eta kontzertu bat ematen ari naiz. Espazio batzuetan egotea guk egiten dugunarekin ausardia edo aldarrikapen modu bat izan daiteke, baina ez gaude momentu oro horretan pentsatzen, eta ez daukagu nahitaez horren aldarria egiteko beharrik. Uste dut lotzen zaigula mezu feminista emateko beharra guk horrelakorik egin edo eskatu gabe”. Oholtzan egote hutsa aldarrikapen bat da oraindik; musika eginez besterik gabe gozatzea, batzuen pribilegio bihurtzen da.

Hausnarketa horri helduta, euskal musika-rekin konparaketa egiten zuen Amets Arangurenek, euskaraz egiten d en musika, emakumeek egiten duten musika bezala, abiapuntu eta kokaleku bat dela argudiatuta, baina ez musika horren edukia: “Uste dut argi izan behar dugula hori gure parte dela eta hortik egiten ditugula gauzak. Eta nahi baldin badugu, batzuetan, horri buruz ere bai. Baina nahi baldin badugu eta batzuetan”. Eneko Garcíak beste ikuspegi bat gehitu dio gaiari: “Arreta ematen didana da gizonei ez zaiela galdetzen bere letren mezuei buruz, jakintzat ematen dela aldarrikatzailea dela eta listo. Politika egiteko boterea emana zaie, eta guri etengabe galdetzen digute ea zergatik esaten dugun abesti batean esaldi hau edo bestea”.

Logika berean, ohiko zaigu musikaren bueltan gabiltzan feministoi bakarrik horri buruz galdetzea. Horretan ere badago begirada aldatzeko beharra. Izan ere, proposamen feministak zapalkuntzarik gabeko jendarterantz bideratutako ariketa kolektiboak diren heinean, analisi feministek abiapuntu, kokaleku eta begirada bat dakarte, baina ez aztergai bat eta bakarra; emakume eta genero disidenteek oholtzetan dituzten bizipenei bezainbat begiratu diezaiekete musikaren logika kapitalista eta kolonialei. 

Aimar Jimenez: "Gizonezkoak %100 diren taldeak kanpora. Nahikoa da. Ez da beharrezkoa. Nire ustez kalte egiten dute"

Egingo ez balie, analisia murriztailea eta arriskutsua izan daiteke, gainera. Feminismoaren izenean BBK Live-n edo Viña Rocken %50a emakumeak izatea aldarrikatzera heltzea, esaterako. Kuoten eztabaida mamitsua izanagatik, marra gorriak ere jarri behar ditugulako. Ez zaigulako hori interesatzen Last Tourren goi-postuetan egotea, IBEX35-ean edo Polizian egotea interesatzen ez zaigun bezalaxe. Ezin dugulako genozidio bat finantzatu, langileak esplotatu edota elkarte txikiei bideratzen ez zaien diru publikoa jasotzen duten enpresek antolatutako oholtzan disidentzia feministak egotea aldarrikatu. Haien lorpenetako bat baita industria kapitalista eta herri kultura disidentea modu armonikoan elkarbizitzan egon daitezkeela pentsaraztea, bata bestea desagerrarazteko diseinatuta ez balego bezala. Makrojaialdien arazoa ez baita tamaina bakarrik, musika ulertzeko, egiteko eta irudikatzeko inposatzen duten eredua baizik. 

Eneko García: "Biolentzia jasotzen dugu oholtzara igotzean, baina askotan telefono deitik hasten da"

Aldarrikapenei eta politika egiteari dagokionez, Aimar Jimenezek konpartitu du Maruxak taldeari elkarrizketa gehienetan egiten dieten galdera bat: “Mitoaroa 2.0 egiten ari zarete?”. Eta irmoa izan ohi da bere erantzuna: “Guk gure dantza taldeetan, erraldoien taldeetan eta abarretan egiten dugun militantzia egiten duenean Pello Reparazek euskal kulturan, hitz egingo dugu”.  

Izan ere, musikan politika egitea letretako aldarrietatik askoz harago doa. Musikarien aldetik, talde gisa hartzen dituzten erabaki guztiak baitira erabaki politikoak: taldekideen osaera, zein ekoiztetxe eta zigilurekin lan egin, lana non argitaratu, zein espaziotan jo, norekin eta zenbaten truke, sarreraren prezioa zenbatean jarri, nola aurkeztu eta zer gorpuztu oholtzan, zein harreman sare eraiki inguruko musika-agenteekin… Eta musika taldeko lanaz harago egiten dena ere aintzat hartu behar da, Maruxak taldeko kideak beraien militantziaz dioena bezala, edo Dena talde ondarrutarrak, Lur azpitik abestian, haien buruei egiten dien kritikak adierazten duen bezala.

Fokua beraiengan jartzen bada ere, musikariek ez ezik, musikaren esparruan, haren parte garen agente guztiok egiten dugu politika hartutako erabaki bakoitzean: kontzertuak antolatzen dituzten kolektibo autogestionatuek, produktorek, aretoetako programatzaileek, kritikariek, teknikariek, komunikabideek zein ikusleek. Erronkaren dimentsioarekin bat datorren lana dugu erabaki horiek birpentsatzen eta eraldatzen: gure desira artistikoetatik hasita, berau kontsumitzea, antolatzea edota ikusaraztea erabakitzen dugun espazio eta moduekin jarraituta, espazio musikaletan gorpuzten duguneraino.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zer dira elkarguneak, daudenean hutsik?
Josu Larrinaga antropologoak dio euskal herri-musikak, Euskal Herrian jazotako zenbait aldaketa sozial islatzeaz gain, horiek aurreikusi, performatu, erraztu, bideratu eta moldatu izan dituela. Hargatik, musikaren industriaren atzaparrak helduko ez diren espazioak indartu eta musikaren bestelako ulerkera bat irudikatzen, probatzen eta performatzen jarraitzea da aurrera begira zabalik dugun joko-zelaia.

Bide horretan, saretzearen garrantzia azpimarratzen dute musikariek, baina berau plano sinbolikotik harago gauzatu beharra ere bai, Amets Arangurenek adierazi bezala: “Denok dakigu kolektiboan eta komunitatean indartsuagoak, eraginkorragoak eta denagoak garela. Baina sare hori ez da existitzen”. Nerea Arrasatek ere berretsi du saretzearen falta: “Esperientziak partekatzeko modua edo bidea da agian falta dena, batez ere gure artean indartzeko; hasi berri diren taldeek saretze hori beharrezkoa dute”.

Mikrorik, kamerarik edo grabagailurik egongo ez den topagunea, hausnarketa patxadatsu eta kontraesankorrari bide emango diona. Elkarri begiratuta eta elkar entzunda, galdera berriak egiten jarraitzeko. 
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Sendo eta dotore

Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.

-------------------------

Orquestra de la Comunitat Valenciana... [+]


Requiem batekin abiatzea?

Zer: “Requiem (s)”. Ballet Preljocaj.
Koreografia: Angelin Preljocaj.
Eszenografia: Adrien Chalgard.
Argiztapena: Éric Soyer.
Jantziak: Eleonora Peronetti.
Bideoak: Nicolas Clauss.
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren... [+]


2025-08-01 | Eider Iturriaga
Musika zuzenean Eider Iturriagaren begietan

Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]


2025-08-01 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso urruñarrak:... [+]


2025-07-30 | Xalba Ramirez
Oin bat paretaren kontra

Zatitxu 7
Zikin
Mendeku diskak, 2025

-------------------------------------------------------------

Aurten ere, udarekin batera dator Zikinen lan berria, esanez bezala: berdin zait oporrek hartzen bazaituzte Elantxoben, Belaguan edo Copacabanan. Eguraldi onak ez du egoera... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


2025-07-24 | Gedar
Aurka kolektiboa
“Auzi politikoa da: zertarako egiten dugu musika?”

Musika-eszena antikomertzialean alea jartzeko asmoz sortu dute Aurka kolektiboa. Martin eta Katalin kideekin hitz egin dugu arlo horretako kolektiboen loraldiaz, musika politizatuaz eta musikaren potentzialitateez, industria musikalaz, makrojaialdiez eta beste.


Handinahikeria vs txikitasuna

Iritsi da uda. Egunak argi, bero eta luze dira orain, eta kostaldea jendez, sonbrilaz, krema usainez eta doi-doi ulertzen ditugun hizkuntzez bete da. Zuzeneko musikan ere gauzak asko aldatzen dira: mailarik gorenean daudenek makrojaialdietako birari ekiten diote, poltsikoak... [+]


Musika Hamabostaldia: nire gomendioak

Azken urteotan egin dudan bezala, Musika Hamabostaldiak 86. ediziorako prestatu duen egitarau ederra ikusita, nire iradokizun eta gomendio bereziak egiten dizkizuet. 

Egia esan, eta ia beti gertatzen den bezala, oso zaila da kontzertu batzuk nabarmentzea, horiek guztiak... [+]


“Herriak erabaki du Hatortxu Rock 30 aldiz egitea”

26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama... [+]


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


2025-07-16 | Iker Barandiaran
Benetako apokalipsiaren ateetan

Alegoría del mal
Rat-zinger
Kasba Music, 2025

--------------------------------------------------------------

Apokalipsiaren aurreko garai ustel hauetan, non eskuin atzerakoienak lortu duen bere diskurtsoa erdian jartzea, erabat ezabatuta dagoen gizarte batean,... [+]


Maia Iribarne Olhagarai
“Tabu diren gai batzuen inguruko ekintza sortzaileak sortu behar ditugu”

Aspaldi ez bezala hunkitu nintzen Bloñ lehen aldiz ikustean. Bizi osorako ahots bakarra entzun ahalko banu kantuan, zalantzarik gabe, Maia Iribarnerena litzateke. Obretan ari dira etxe barnean eta inguruko zuhaitzen itzalpean jarri ditugu aulkiak, parez pare. Mintzatu... [+]


Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean

Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]


Eguneraketa berriak daude