Ludotekan, gazte txokoan, udalekuetan... batzuk musukatzen ari direla, beste hark zakila erakutsi duela eta honakoak gorputzarekiko irainak jaso dituela, hori guztia kudeatzea ez dute erraza hezitzaileek. Adibide praktikoz lagunduta, 'Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan' liburuxka kaleratu dute. “Natural hitzaren aterkia askotan erabiltzen dugu, eta sexualitatea naturala da, bai, baina haur edo gaztearen garapen sexuala zein den ere kontziente izan behar dugu”.
Liburuxka aurkeztearekin batera, egun osoko jardunaldia antolatu du Oinherri herri hezitzaileen sareak, maiatzaren 16an, Arrasaten. Aitzakia hori baliatuta, liburuxkan parte hartu duten hiru kide elkarrizketatu ditugu: Ibai Fresnedo Moreno sexu-hezitzaile eta Hiruki Larroxa kooperatibako kidea, Lide Galdos Balanzategi Txatxilipurdi aisialdi elkarteko hezitzailea, eta Aitziber Leoz Etxarri Oinherriko kidea (hasi aurretik jakinarazi digu batez ere beste biei utziko diela hitz egiten).
Haur eta nerabeekin sexualitateaz aritu aurretik, guk geuk helduok nola bizi dugun aztertu beharko genuke, ezta?
Ibai Fresnedo: Curriculum ezkutua deritzogunaren barruan, lehenengo beharrezkoa da helduok behatzea zein den gure motxila propioa, ez garelako neutralak, eta gure gorputzarekiko harremana, desiraren inguruko ideiak, barneraturiko beldurrak eta lotsak… egingo dugun heziketaren parte dira, esplizituki edo inplizituki. Sarri hezitzaileok pentsatzen dugu sexu-hezkuntza dela edukiak transmititzea, baina edukiak baino inportanteagoak dira bizipenak eta ikuspegiak. Eta horrek hainbat galdera bistaratzen ditu: zer utzi ziguten irakatsi gabe? Non eta zergatik sentitzen dugu lotsa? Zein dira sexualitateari loturiko gure zauriak, tabu inkontziente nahiz barneratuak? Guk izandako sexu heziketan fokua jartzeak oinarri sendoa emango digu gero haur eta gazteekin lan egiteko.
Aitziber Leoz: Azken finean, maiz gure beldurrak transmititzen dizkiegu haur eta nerabeei, eta garrantzitsua da hezitzaileak eurak heztea, dituzten kezka eta gainerakoetan, erremintak ematea.
Liburuxkan diozuenez, eskolako sexu-heziketatik harago, hezkuntza ez-formala gune pribilegiatua da sexualitatea modu informalean lantzeko.
Lide Galdos: Testuinguruak ahalbidetuta, sortzen diren harremanak ez dira eskolakoak bezain bertikalak (irakasle-ikaslea), gainera, eurek aukeratuta etortzen dira gure espazioetara, eta hori guztia kontuan hartuta, arduraren bat edo beste dutenean hezitzaileongana jo ohi dute. Nerabeen kasuan, galdera zuzenekin etortzen zaizkigu (gogoan dut, adibidez, bere sexu joerarekin galdezka etorri zitzaigun bat) eta lanketa ere zuzenagoa egin dezakegu. Haurren kasuan, 3-12 urteko umeak hartzen dituen ludotekan, adibidez, lanketa transbertsalagoa izaten da, material eta ikuspegi ezberdinak partekatuz, gorputz adierazpenari lotutako jolasak proposatuz… eta adin horietan, haurrak baino, gurasoak izan ohi dira kezkatuta etortzen direnak.
A bai? Zer nolako kezkekin?
L. Galdos: Esaterako, behin guraso bat etorri zitzaigun, bi haur ikusi zituela (ez ludotekan, baina bai ludotekara etortzen zirenak) ezpainetan pa ematen, eta arduratu egin zen, egoera hori zelan gertatu zen ez zekielako (baimena tarteko) eta ea ongi ote zegoen galdezka.
Fresnedo: "Hezitzaileon erantzun automatikoa beti da moztea, eta horrek ekartzen du sexualitatearen adierazpen erotiko publikoak lotsagarritzat ulertzea eta haur eta gazteak autoerrepresioan eta autozentsuran heztea"
Hain justu, liburuxkara ekarri duzuen egoera erreal bat da haur batzuk “egia ala erronka”-ra jolasten ari zirela ludotekan eta elkarri musuak emateagatik gurasoak kezkatuta etorri zirela. Hezitzaileak zer egin behar du jolas horren aurrean? Eta familiekin?
I. Fresnedo: Sekulako helduzentrismoa dago, ez bakarrik hezitzaileen artean, baita guraso eta familiek sexualitatea ulertzeko duten moduan ere. Helduon betaurrekoetatik egiten dute irakurketa, sakondu gabe bizi-etapa bakoitzean gizakion garapen sexualari lotuta ditugun ezaugarri berezkoetan, eta justuki haurtzaroan ezaugarri horietako bat kuriositatea da, berdinen arteko harremanen sendotzea eta auto-esplorazioa. Hiru elementu horiek ekartzen dute haurrak halako jolasetan aritzea, eta jolas organikoak dira, nahiz eta helduok beti alarma aktibatu, jolas horren atzean ikusten dugulako ondorengo urratsa izango dela genitalekin jolasten hastea edo koitoa praktikatzea. Helduon logika erotiko berdinak txertatuta, arrisku hori aurreikusten dugu, baita bortxaketa edo abusurako arriskua ere, baina arazoa helduon ikuspegia da. Berriro ere lehenengo galderara itzultzen gara, helduok jaso dugun sexu-hezkuntzara.
Kasu honetan zer egin? Lehenengo, plazeraren eta gozamenaren aitortza; jolasten ari badira, jolas gisa ulertu behar dugu, eta ez dugu epaitu behar, jolasak balio du, besteak beste, helduon mundu sinbolikoa barneratzen ikasteko, mugak eta desirak identifikatzeko. Utzi beharko genieke “egia ala erronka”-ra jolasten, esplorazioari loturikoetara jolasten, hain justu jolas horien atzean helburu hezigarriak daudelako, haurrek eurek jakin ez arren. Jakina, ikusiz gero botere-abusuren bat edo indarkeria zehatzen bat, esku hartu, baina bestela, utzi libre, zeren hezitzaileon erantzun automatikoa beti da moztea, eta horrek ekartzen du sexualitatearen adierazpen erotiko publikoak lotsagarritzat ulertzea eta haur eta gazteak autoerrepresioan eta autozentsuran heztea.
Momentu horretan libre utzi, baina gero gaia lantzeko moduak proposatzen ditu liburuxkak.
I. Fresnedo: Gai ugariz hitz egiteko aukera ematen duelako: harremanei buruz, maitasuna ulertzeko moduez, adierazpen afektiboez eta horien atzean dauden muga eta arriskuez… Horretarako, hezitzaile gisa gauza izan behar dugu identifikatzeko musu soil batek atzean dituen elementu sinboliko, kultural eta fisiologiko guztiak. Eta haurrekin hausnartzeko modurik onena galderak egitea da, pentsaraztea.
Musu ematetik koska bat harago, irakasle batek behin aipaturikoa gogoratu dit: umeak elkarren gorputzak ukitzera, deskubritzera eta marraztera jolasteagatik, guraso larrituen bisita jaso zuela.
I. Fresnedo: Beste behin, helduak ari gara desira eta jakin-min erotiko hori kriminalizatzen, moralizatzen, patologizatzen; helarazten dizkiegun mezuak sarri dira “hori ezin da egin”, “hori lotsagarria da”, ikuspegi ezkorretik, alarmatik eta debekutik. Ulertu behar dugu norbere genitalak eta besteenak ukitzea haurrek duten bulkada bat dela eta ziurrenik oraindik ez dituztela nahikoa erreminta eskuratu, adibidez mugak errespetatzearen inguruan; hori aldatzen joango garela, baina ez dugula moztu behar, bestela moralizazioan erortzen garelako.
Galdos: "Esan nion: ‘Niri ez dit minik eman zuk niri potola deitzea, min eman dit nire gorputza erabiltzea besteek barre egiteko eta zu erdigunean kokatzeko’. Hezitzaile gisa, momentu zaurgarria izan zen niretzat"
Liburuxkan jaso duzuen beste egoera erreal bat: haurrak zakila erakutsi du eta denetariko erreakzioak izan ditu inguruan.
L. Galdos: Ibaik dioen moduan, alarmismoan jausi barik, lehenengo erreakzioak eragina duelako haurrak jasoko duen horretan, momentuko esku-hartzetik harago sinesten dugu lanketa transbertsalagoetan eta patxada handiagoz egiten direnetan. Ume horrekin, adibidez, intimitatearen inguruko lanketa egin dezakegu ondoren. Testuingurua gakoa da: ez du konnotazio bera umeak komunean lagun batekin pixa egiten ari dela barrabilak bistan ukitzeak, edo arreta eskuratu nahi duelako denen aurrean ludotekan prakak jaisteak, lanketaren fokua ez da berdina izango.
Errazago imajinatzen dugu mutikoa ipurdia eta zakila erakusten, neska alua eta ipurdia erakusten baino.
I. Fresnedo: Genero arrakala agerikoa baita. Biluztasun hori ez da berdin ikusiko, ez berdinen artean, ez helduon partetik ere. Biluztasunetik harago, masturbazioarekin, sexu praktikekin… genero arrakala eta desberdinkeriak agerikoak dira eta jorratu ditugu liburuxkan.
Biluztasunari lotuta, udalekuetako monitore batek behin kontatu zidan haurrek biluztasuna natural bizi zezaten (lotsak hartuta zeudelako, piszinarako aldatzen toalla gora eta behera) bera ere denen aurrean biluztu zela, bainujantzia janzteko. Monitorea gizona da. Gaur egun hala jokatu ahalko luke?
I. Fresnedo: Ziurrenik, beste paradigma eta errealitate batean bestelakoa litzateke erantzuna, baina egungo errealitatea ezagututa eta rol profesional batetik ari garela kontuan hartuta, arriskutsua iruditzen zait. Haurrek biluztasunarekin duten harremana naturalizatzea eta helburu pedagogikotzat hartzea inportantea da, baina uste dut “natural” hitzaren aterkia askotan erabiltzen dugula oso argi ez dugunean zer egin behar dugun eta sexualitatearekin oso jarrera irekia dugunean. Sexualitatea naturala da, bai, baina garapen sexuala zein den ere kontziente izan behar dugu eta garapen sexuala oso lotuta doa adinari, generoari, klase sozialari… Horri gehitzen badiogu hezitzailea heldua izate hutsagatik eta gizon izate hutsagatik botere harreman batetik abiatzen dugula egoera hori, ez dut egoki ikusten heldu bat haur talde baten aurrean biluztea, eta ez biluztasunagatik beragatik, baizik eta biluztasun horren atzean dauden sinbolismo guztiengatik. Gaia lantzeko, zuzenean biluztea baino interesgarriagoa iruditzen zait biluztasunaz hitz egitea.
Naturaltasunaren izenean, esaterako, haur txiki guztiak hondartzan bertan biluzten eta aldatzen ditugu, ez ditugulako gizaki sexuatutzat, aingeruak bailiran, baina aintzat hartu behar dugu indibidualtasuna, eta haur bakoitzaren bizipenetara jo beharko genuke. Haur batzuei lotsa sorrarazten die edota gaizki bizi dute publikoki hain gordin biluzaraztea.
Biluztasuna ezinbestean dago lotuta gorputzari. Loditasuna, luma izatea, konplexuak… Gorputza zenbateraino bizi dute nerabeek lotsatik eta gatazkatik?
L. Galdos: Gaur egun, gainera, sare sozialek hartu duten indarrarekin eta dugun gorputz eredu hegemonikoen zaparradarekin, nerabeek eredu ezberdinak falta dituzte. Horren adierazgarri da elikadura-nahasmendu kopuru handia.
I. Fresnedo: Hezitzaileon ardura da haiek pentsatzen jartzea zein gorputz hartzen diren desiragarritzat gure gizartean. Zein punturaino gaude prest gure zaurgarritasun propioak gazteekin elkarbanatzeko? Zeren berriz ere nerabezaroa kriminalizatzen ari gara konplexuekin lotzen dugunean, baina konplexuak denok dauzkagu. Hezitzaileok bagara haien erreferente, eta gure konplexuak partekatzea eta konplexu horien atzean dauden mekanismo eta dispositiboak mahai gainean jartzea inportantea da.
Ufa, zeinen ariketa zaila, ezta? Zaurgarri agertzea, zer eta seguruena ezizenen bat asmatuko dizuten nerabeen aurrean.
I. Fresnedo: Bai, gogorra da, baina hezitzaileok askotan gure zilegitasuna oinarritzen dugu plano kontziente, kognitibo eta moraletik abiatuta, eta aldiz, gazteengana plano emozionaletik hurbiltzen garenean gehiago konektatzea lortzen dugu. Ultraeskuina horretan ari da: lotura emozionalak sortzen ditu eta gero plano ideologikora eramaten ditu. Gu ez bagara zaurgarri azaltzen, haiek ez dira zaurgarri azalduko, eta zaurgarri azaltzen ikasi behar dute, horrek egingo dituelako indartsu eta ahaldundu.
L. Galdos: Haurrek eta nerabeek gorputzaren gainean duten presioa dugu hezitzaileok ere. 7-8 urteko haurra etorri zitzaidan, beste haur batek “potola” deitu zidala esatera. Jakitun naiz lodia naizela, horren inguruko lanketa egina daukat, eta erabaki nuen momentuan bertan ez joatea haur harengana, denbora hartu nuen zer esan pentsatzeko. Gerturatu nintzenean, nahiz eta denek pentsatu errieta egitera nindoala, denen aurrean haurra fokupean jarri ordez berarekin solastatu nintzen eta galdetu nion ea zergatik esan zuen hori. Ez zekiela. “Beharbada gainerakoak barrez jarri eta taldeko arreta deitzeko?”, esan nion, eta baietz adierazi zidan. “Niri ez dit minik ematen zuk niri potola deitzea, min ematen didana da nire gorputza erabiltzea besteek barre egiteko eta zu erdigunean kokatzeko”, esan nion, eta eskemak apurtu nizkiola uste dut. Hezitzaile gisa kanpora begira beti fuerte agertu arren, momentu zaurgarria izan zen niretzat, baina saiatu nintzen buelta ematen eta erantzun nahi nion horretan zentratzen.
Fresnedo: "Naturaltasunaren izenean, haur txiki guztiak hondartzan bertan biluzten eta aldatzen ditugu, ez ditugulako gizaki sexuatutzat, baina batzuek gaizki bizi dute"
Liburuxkan bildu dituzuen beste egoera errealetako batzuk genero-rolei lotuak dira: mutilek ez dute negar egiten, ez dituzte azazkalak margotzen… Ziurrenik, teoria entzuna dute; zein da zuen teknika, diozuena txapa teoriko eta politikoki zuzen gisa ez hartzeko?
L. Galdos: Egun bateko txaparekin paso egingo dute. Nik bi une bereiziko nituzke. Batetik, halako erasorik ematen bada edo haurren bat ez badago eroso jarreraren batengatik, momentuko esku-hartzea beharrezkoa da, haur-txokoa edo ludoteka denentzat espazio ahalik eta seguruena izan dadin elkarbizitzako arau eta mugak bete behar direlako. Hezkuntza ez-formala gozamenerako espazio askea da, baina denak ez du balio. Bestetik, lanketa poliki-poliki egiten da, transbertsalki, dela hainbat material eta jolas erabilita, ludotekara datozen eredu eta gorputz ezberdinengatik, sortzen diren elkarrizketa eta gogoeta uneak baliatuta… eta hortik sortzen dira gainera konexioak.
“Denak ez du balio”, diozu. Dena den, ez epaitzea da liburuxkako esku-hartze denetan edo ia denetan ageri den gomendioa.
L. Galdos: Ez epaitzea diogunean adierazi nahi dugu hezitzaileok kontziente izan behar dugula zein posiziotik begiratzen dugun haur edo gazteak izan duen jarrera. Egoera jakin horrek hezitzaile gisa nola eragin didan, adibidez, zerikusia izango du nire esku-hartzean. Zaila da jarrera bat ez epaitzea, baina hezitzaile gisa kontziente izan behar dugu epaiketa hori nondik datorren. Ikusi behar dugu zein den testuingurua eta saiatu behar dugu pertsona horren egoera ulertzen, gure helduzentrismotik sarri bihurtzen garelako “hau ondo dago” eta “hau ez” ebazten duten moralistak, harago joan gabe.
I. Fresnedo: Epaiketa nahiko automatikoa da, baina epaiketak berak ez du ezer eraldatzailerik ekartzen, ez du haien jokabideetan aldaketarik ekartzen. Hezkuntzan diogu jarrerak eta jokabideak ezberdintzea oso garrantzitsua dela. Jarrera da gure mundu ikuskeratik dugun posizioa, irekiagoa edo itxiagoa, balio batzuetan ardaztua, eta jarrera horren araberako jokabideak ditugu. Nerabeen jokabideak aldatu nahi baditugu, jarrerak aldatzean jarri behar dugu indarra. Epaia egiten dugunean, automatikoki jokabide hori aldatzea nahi dugu, baina hori oso zaila da, balioetara eta erroetara jo behar dugu, eta erro horiek batez ere jarreretan daude; jarreretan eragitea lortzen badugu, jokabideak aldatuko dira, adin horretarako jarrerak dagoeneko erabat baldintzatuta daudelako ezaugarri sozial eta kulturalengatik. Informazioa, ideiak eta ereduak behar dituzte.
Haurtzaroan, aldiz, sexualitateari dagokionez jarrerak oinarritzen dira inpultsu sexualetan, baldintzapen sozialetan baino gehiago. Sexualitatearekiko jarrera irekia dute, esploraziorako gertu, eta beraz, jokabideetan zentratzea gakoa da, haien kasuan jokabideak garatzea behar dugulako: arau batzuk barneratu, mugak identifikatu…
A. Leoz: Liburuxkan benetako adibide bat ageri da: nerabe batek liatzen ari diren beste bi grabatu ditu mugikorrarekin, eta lagunartean zabaldu du bideoa. Egiten ari dena ez da legala, baina “egiten ari zarena ilegala da” mezutik harago, debekuaren, zigorraren eta epaiketaren pedagogian oinarritu beharrean, bestelako lanketa bat proposatzen da, “zergatik ez nituzke grabatu behar” horren inguruan gogoetatzeko.
Galdos: "Zaila da jarrera bat ez epaitzea, baina hezitzaile gisa kontziente izan behar dugu epaiketa hori nondik datorren, sarri bihurtzen garelako ‘hau ondo dago’ eta ‘hau ez’ ebazten duten moralistak, harago joan gabe"
Nola ligatzen dute gaur egungo gazteek? Zerbaitek arreta eman dizue?
L. Galdos: Sare sozialak asko erabiltzen dira ligoteorako, dinamika horrek dakarren guztiarekin. Nahi duzun moduan agertzen zara hor, errealitatearekiko distortsionatua ere izan daiteke, eta harremanaren abiapuntua hori da askotan.
I. Fresnedo: Gainera, presioa areagotu egiten dute sare sozialek. Gazte batzuk euren gorputza, mugak eta desirak oraindik argi ezagutu gabe hasiko dira sexua esplizituki praktikatzen (gehiengoa, esango nuke), eta beste batzuk errudun sentituko dira, esperientziadunak ez izateagatik edo haiengandik espero diren rolak ez garatzeagatik. Batez ere, mutil heterosexualen artean.
Pornoa ezin utzi aipatu gabe. Egungo haur eta gazte gehien-gehienek kontsumitu(ko) dutela jakitun, zer egingo zenukete, adin bateko eta besteko haur edo nerabeak pornoa ikusten harrapatuz gero?
L. Galdos: Aitzakia litzateke lanketarako tresna moduan erabiltzeko.
I. Fresnedo: Hasteko, lehen esandakoa, ez ginateke eskandalizatu behar, helduon lehenengo erreakzio hori delako heziketarik garrantzitsuena. Pornoaren kontsumoa egongo da eta hala onartu behar dugu. Kontsumo hori zigortzen, hesiarazten edo moralizatzen badugu, epaitzen badugu, mezua da ez dela onargarria eta ez dute gurekin horren inguruko ezer partekatuko, dela desinformazioa, dela erru sentimendua. Bestetik, adina kontuan hartu behar dugu, pornoa helduontzako materiala delako, eta 8-9 urteko haur batek ikusten badu, sarri ez du ulertuko ikusten ari dena, inpaktu bisual hutsa izango da, beldurra ere eragin diezaiokeena, oso praktika bortitzak ikus ditzakeelako, hizkera arraroa… Shock erotikoan utzi ditzake haurrak. Lehentasuna da haurrari ulertaraztea ikusi duena ez dela egiazkoa eta ez dela bere adinerako eduki bat. 12-14 urteko nerabearekin, ordea, galdera ez da zer ikusi duen, hori ikusita zer eraikitzen ari den baizik, zein ondorio atera dituen: zer ulertzen duen sexu harremanez, desiraz, botereaz, baimenaz, plazeraz…
Generoaz ari garelarik, mutil batek pornoa ikusten duenean sarri ulertzen du prestakuntza modura (zer egin ikasi behar du, pornoaren bidez), eta neskak ikusle pasibo gisa ikusi ohi du (zer espero dute gugandik, nola izan desiragarria).
Maiatzaren 17an LGTBIQ+fobiaren Kontrako Eguna dela-eta, “bizi dugun oldarraldi atzerakoia” , “transfobiak hartu duen indarra” eta “instituzioen utzikeria” nabarmendu dituzte kolektiboaren bueltako elkarteek. Zenbait instituzioren kapitalismo... [+]
Naizenek I. Nazioarteko Biltzarra antolatu du haur eta gazte transexualitateaz hitz egiteko. Egitaraua maiatzak 5 eta 6 artean egin dute eta hitzaldiz josia izan da. Eztabaida eta hausnarketa bateraturako "espazioak sortzeko" ezagutza arlo ugaritan espezializatutako 400... [+]
Errepikatu nirekin: Sara Millerey. Ez dezagun ahaztu bere izena. Transfeminizidioaren biktima da Millerey: gorrototzaile transmisogino batek torturatu zuen, besoak moztu zizkion eta bizirik bota zuen ibaiertz batera. Bi orduko agoniaren ondoren hil zen.
Errazagoa da J.K... [+]
Sare sozialetan argitaratutako argazkiaren bidez ezagutarazi du erasoa Ordiziko alkate Adur Ezenarrok. Bere sexu izaerarekiko "harrotasuna eta ohorea" berretsi du, eta azken aldiko "oldarraldia" salatu du.
Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.
Transfeminismoak argia eta konplexutasuna ekarri ditu gorputz, genero eta desirei buruzko eztabaidetara. Hala ere, itzalak ere sortu ditu. Ustezko koherentzia politiko erradikal baten izenean –askotan hegemonia oso zehatz bati lotua–, diskurtso transfeminista batzuek... [+]
Ikaslez lepo zegoen Leioako Hezkuntza Fakultatea pasa den asteazkenean, Samantha Hudson zetorrelako. 1999an jaiotako Mallorcako artista, abeslari eta influencer transgeneroa da. Kantatzen Duen Herria topaketetako izarrak ilara amaigabea zuen selfie eta autografoak emateko, eta... [+]
Larretxeatarren oinordea da, aizkolari, harri-jasotzaile, txinga-eramale eta, oro har, herri-kirolari handien ondokoa. Patxi du aita; Donato, berriz, osaba. Hasier Larretxea, aldiz, da gizarte langile, da idazle, da homosexual. Harro beharko genuke denok.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero... [+]
Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (Ley de Vagos y Maleantes, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea... [+]
"Pornografiaren aurrean nola esku hartu. IKTen erabilera nerabeen eta gazteen sexualitateen arretan: errealitateak eta aukerak" ikastaroa emango du Ane Ortiz Ballesterosek (1989, Bilbo). Sexologoa da bera, Training sexologia klinikoan, Genero Berdintasun Teknikaria eta... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
La bajona kolektibo kide Heiko Elbirak salatu du psikiatriak zisheteroarautik aldentzen diren erotikak kontrolatu nahi dituela.
Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.
Manifestazio jendetsuak egin dituztean larunbatean Argentinako hainbat hiritan. Javier Milei presidenteak "pedofilo" deitu ditu LGBTIQ+ pertsonak Davoseko Munduko Ekonomia Foroan.