Baztango lurren defentsa kriminalizatzeko saioa: Aroztegiako epaiketaren klabeak

  • Epaiketetan aldeen arteko akordio aukera iritsi daiteke ahozko auzia hasi baino minutu batzuk lehenago. Auzi honetan akusatuek publiko egin dituzte orain arte egondako negoziazio saioak, eta azkena aste honetakoa izan da, ezagutarazi den moduan porrot egin duena. Akordiorik egon ezean, hortaz, Garbiñe Elizegi, Aintzane Ariztegi, Eñaut Beristain, Eki Arantza Etxandi, Gorka Laurnaga, Garazi Sarobe eta Itziar Torresen aurkako epaiketa hasiko da datorren astelehenean, hilaren 19an. Ondorengo lerroetan epaiketaren klabe nagusiak azpimarratuko dira.

Auzipetuei sostengua emateko Iruñean otsailean egindako manifestazioa. Aitor Karasatorre / Foku

2025eko maiatzaren 16an - 13:54
Azken eguneraketa: 2025-05-18 22:01

Gertaerak

2021eko apirilaren 6an hasi ziren TEX enpresak bideratu behar zituen obren atontze lanak, eta 8an 20 bat pertsona gerturatu ziren haiek eragoztera. Akusazioaren arabera, talde horrek obrako seinaleak apurtu zituen, Dumper makina baten giltzak lapurtu, makinen aurrean jarri haiek lan egitea eragotzita, eta langileei irainak eta mehatxuak egin zizkieten. Egun horretako arratsaldean, halaber, berriz obretara joan, pankarta bat jarri eta hondeamakinaren palan eseri ziren lanak eragozteko asmotan.

Apirilaren 23ra arteko beste hainbat egunetan ere, hainbat herritar taldek obrak geldiarazteko hamaika ekintza egin zituzten, nagusiki makinen aurrean jarri eta haien lana oztopatuta. Baina horiez gain, bestelako ekintzak ere egon ziren, sabotaje txikitzat har daitezkeenak: gurpil zulaketak, autoen eta makinen pintaketak, makinen sarrailen taponatzea, matrikulen lapurketa, txarrantxez makinak inguratzea eta gisa horretakoak. Apirilaren 16an akanpada eratu zen obren eremuan eta asteburuan zehar ehunka pertsona hurbildu ziren Baztanera lanen oztopatzeari sostengua erakustera. Horien guztien ondorioz, TEXek jakinarazi zion Palacio de Arozteguia SLri ez zuela obrekin jarraituko.

Akusazioak eta zigor eskaerak

Bi akusazio dira. Batetik, talde kriminala osatzea, eta horregatik eskatzen dizkiete urtebeteko kartzela zigorra eta denbora berean kargu publikorako hautatuak izateko debekua. Bestetik, derrigortze edo bortxa delitua, 22 hilabeteko kartzela zigor eskaerarekin. Bi urtetik gorako zigorrarekin zuzenean espetxera joango lirateke, eta hortik beherakoarekin ez, aurrekari penalik ez dutelako. Horrez gain, 41.000 euro TEX eta Explotaciones Forestales Queipo enpresei ordaindu beharreko kalte-ordain gisa.

Obrak gelditu ziren edo proiektu osoa?

Auzi honetan hau da gako garrantzitsuenekoa. Akusazio partikularra –Palacio de Arozteguia– etengabe saiatzen da adierazten akusatuek ez zituztela bakarrik obrak geldiarazi, Aroztegiako proiektu osoa gelditu zutela, eta horrek sekulako kalte ekonomikoak ekarri dizkiela: 46 milioi euro.

Horregatik, 2021ean bertan, Nafarroako eta Espainiako gobernuei 43 miloi euroko kalte-ordainen eskaera egin zien. Eskaeraren oinarria honakoa da: bi gobernuek obrak babesteko beharra zuten eta ez Foruzaingoak ez Guardia Zibilak ez zuten ezer egin langileak babesteko, eta legezko proiektu batek aurrera jarraitu ahal izateko. Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu eskaera, eta Palacio de Arozteguiak auzitegietara eraman zuen. Une honetan ez da publikoa prozedura hori zertan den, baina litekeena da epaiketan argitzea.

Edozein kasutan, Palacio de Arozteguiak berebiziko interesa du auzipetuak akusazio partikularrak finkatutako norabidean zigortzeko. Horrela frogatuko litzateke apiril hartan egindako kalteek proiektua geldiarazi zutela, eta horrekin askoz errazagoa lukeelako bi gobernuei eskatutako kalte-ordainen prozeduran aurrera egitea.

Beraz, 43 milioi euroko kalte-ordaina dago auziaren ardatzean. Gobernuek kalte-ordain hori ordainduko ez balute, Palacio de Arozteguiak akusatuei bizkarreratzeko aukera izango luke. Izandako negoziazioetan Aroztegiakoak prest ziren talde kriminalaren akusazioa kentzeko, eta baita akusatuei kalte-ordainak inoiz ez eskatzeko ere, baina zigor gogorra behar dute, gero 43 milioiak patrikaratzeko.

Akusazio partikularrean oso argi ageri dira proiektu osoa kaltetzearen aldeko argudioak, baina fiskaltzaren akusazioak ez du horrelako aipamenik egiten, eta akusatuek egindako ekintza guztien ondorioz, obrak gelditu zituztela aipatzen du, ez besterik.

Palacio de Arozteguiak 2039ra arteko epea du proiektuarekin aurrera jarraitzeko, baina oraingoz ez du egin obrak berriz hasteko saiorik.

Talde kriminala

Euskal Herrian ohikoak izan dira erakunde edo elkarte kriminalaren aurkako akusazioak, batez ere “dena da ETA” eskemaren barruan leporatuak. Baina 2011z geroztik, delitu mota horrek aldaketa juridikoak izan ditu, eta besteak beste, delitu arinagoak epaitu ahal izateko, talde kriminalaren kontzeptua sortu zuten. Hori da auzi honetako akusazioetako bat. Kontzeptua ez da batere zehatza, baina zenbait osagai bildu behar ditu: talde bat izatea, denboran irautea, buruzagi zehatzak izatea, antolaketa jerarkikoa, delitua egiteko asmo argiak izatea... eta akusazio partikularraren eskaeretan argi ikusten da akusatuak gisa horretako ezaugarriekin lotzeko ahalegina.

Inongo momentutan ez da esaten zein den talde kriminal hori, baina akusazioen idatzietan, bereziki partikularrean, etengabe aipatzen da Aroztegia eta gero zer elkartea. Horrelako erakundeetan lider edo buruzagiak izaten dira, hori Garbiñe Elizegiri leporatzen diote lider nagusia izatea, eta Aintzane Ariztegi eta Itziar Torresi haren albokotzat jotzen dituzte. Beste lauak, aurrekoen aginduak beteko lituzkete. Aroztegia eta gero zer elkartea legez egituratu zen, NIFa zuen beraz, eta bere funtzio nagusietakoa izan zen Aroztegia proiektuaren aurkako prozedura judizialetan parte hartu ahal izatea. Dagoeneko desagertuta dago.

Lehen aldia da gisa honetako auzi batean talde kriminalaren akusazioa erabiltzen dela. Saioa ez da alferrikakoa, eta ingurumenaren defentsan diharduten beste talde askoren aurka jotzeko aurrekaria izan daiteke. Europako hainbat lekutan ere, bereziki Frantzian, ingurumenaren defentsan ari diren hainbat talderi gisa horretako akusazioak egin zaizkie.

Derrigortze delitua

Kasu honetan, akusazioen arabera, auzipetuek egindako ekintzen ondorioz, obretako langileek lanak gelditu behar izan zituzten haien borondatearen aurka, eta hori egin zuten bai makimen aurrean jarriz, bai sabotajeen eta langileei egindako mehatxuen bidez, "bortxaz" dio akusazioak. Hemen bi eratako delituak daude, bortxa arinarekin egindakoak (makinen aurrean jartzea...) edota gogorragoak (gurpilen zulatzeak...).

Palacio de Arozteguiak bi eratako delituak leporatzen dizkie akusatuei, hori bai, oraingoz bederen horretarako frogak aurkeztu gabe, batez ere sabotajeen kasuetan. Saiatuko dira horiek frogatzen lekukoen bidez. Ez da erraza izango, baina etengabeko aipamen eta akusazio horiekin, auzia eta auzipetuak bortizkeria giro batekin lotzen dituzte. Fiskala askoz zuhurrago agertu da, eta makinak oztopatzeko ekintzak bai leporatzen dizkie auzipetuei, baina sabotaje gogorragoak ez, eta argi dio horiek pertsona ezezagunek egin zituztela.

Akusatuek, bestalde, onartzen dute makinen aurrean jarri zirela eta akanpadan parte hartu zutela, eta hori obren hasiera galarazteko egin zutela. Modu publikoan egin zuten hori guztia, egun haietan hedabideek jasotako albiste ugaritan ikus daitekeen legez; halaber, prest daude horren ordaina egiteko. Hau da, desobedientzia klasikoa bereganatzen dute, eta jardun horri dagozkion kalte-ordainak egiteko prest daude, baina ez bestelako sabotajeak, ezta talde kriminalaren osaketarik ere.

Hedabideak

Bitxia da fiskaltzak eta akusazio partikularrak hedabide batzuen lanaz egiten duten irakurketa. 2021eko gertaera horiek komunikabide ugaritan agertu ziren euskarri ugaritan: paperean, interneten, telebistan, irratian, idatzizko albiste gisa edota ikus-entzunekoetan. Bada, oso irakurketa baldarrean, bi akusazioen arabera, horietako asko akusatuek –talde kriminal gisa– sareetan egiten dituzten ekintzen propaganda da. Eta adibide gisa aipatzen dituzte Ahotsa.info-k eta Xaloa Telebistak bideo formatuan eskainitako hainbat albiste. Horietako batzuetan nahasmena oso agerikoa da, adibidez Ahotsa.info-ko “Lekarozko Aroztegia proiektuaren obrak gelditu dituzte” albistean. Aintzane Ariztegi akusatuari elkarrizketa egiten diote bertan eta haren ahotsarekin batera, irudietan ikusten da talde bat hondeamakinaren aurrean eserita dagoela. Haien interpretazioan Ariztegi narratzailea litzateke eta ez elkarrizketatua.

25 urteko auzi luze eta konplexua da honakoa, eta berau ondo ulertzeko gako ugari daude. Horietako gehienak lantzen dira gaia sakonki lantzen duen iragan otsaileko Larrun honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
Aroztegia auziaren inguruko negoziazioak
Akusatuek ez dute Palacio de Arozteguiak eskatutako erantzukizun zibila onartu eta astelehenean epaiketa hasiko da

Hilabeteak dira jada fiskaltza, defentsa eta akusazio partikularra –Palacio de Arozteguia SM– epaiketa ez egiteko negoziatzen ari direla. Bazegoen oinarrizko akordio bat, baina Aroztegiko Elkartasun Komiteak prentsa ohar bidez iragarri du bertan behera gelditu dela.


Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua
Aroztegiako auzipetuen absoluzioa eta desobedientzia zibila aldarrikatu dituzte

Euskal Herriko hainbat arlotako 196 pertsona ezagunek Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute Iruñean astearte goizean. Errepresioa eta Aroztegiako proiektuak ordezkatzen duen garapen eredua salatu dituzte. Astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko ekintzak... [+]


Aroztegiako auzipetuen aldeko kanpaldia Baztanen
“Ezin dugu onartu desobedientzia zibila egiteagatik talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzea”

Aroztegiako hirigintza proiektuaren lanak eteteagatik Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Auzipetuei elkartasuna adierazi eta beren absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi zuten igandean Elizondoko plazan, larunbatera arte. Aroztegiko Elkartasun... [+]


Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazteko kanpaldia egingo dute maiatzaren 4tik 10era

Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Epaiketaren bezperan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak zazpi absoluzioa aldarrikatzeko kanpaldia antolatu du, maiatzaren 4tik 10era, Elizondoko Plazan. Askotariko egitaraua osatu dute egunotarako.


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”

Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko

“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.


2025-01-07 | Leire Ibar
Baztango Batzar Nagusiak elkartasuna adierazi die Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude