Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta besteek adierazitakoa.
Fumata zuria, EAEko irakaskuntza publikoan. Azken negoziazio mahaiak bi egun iraun ditu. Ostegun arratsaldean bildu ziren, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak deituta. Proposamen berri bat jarri zuen mahai gainean, baina “oso eskasa” iritzi zioten sindikatuek. Ostiral eguerdi honetan heldu diote berriz negoziaketari, eta goizean ere kale; proposamen horretan ere aldaketa gehiago behar zirela-eta, atzeratzen joan da arratsaldeko bilera, sindikatuz sindikatu hartu-eman zuzenean aritu baita Jaurlaritza, luze jo duen egunean. Azkenean, ordezkaritza sindikalaren %80 inguruk (STEILAS, LAB, CCOO eta Interinok) sinatu du akordioa.
“Azken hilabeteotako greba eta mobilizazioei esker Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu dugu eta behingoz negoziatzeko aukera erreal bat izan dugu. Eguna luze joan da, irakasleen lan baldintzak irmoki defendatu ditugu, hezkuntza publikoa eta lorgarriak ziren edukiak erdigunean jarrita”, azaldu dio ARGIAri STEILASko bozeramaileak. “LABek lortu du Jaurlaritzak hasierako proposamenean jarri ez dituen baliabideak adostea euskalduntzerako, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko eta hezkidetzarako, baita, hamabost urtean lehen aldiz, soldatak bertan adostea ere”, nabarmendu du LABek.
Oso bestelakoa da ELA sindikatuaren irakurketa: adierazi du gainerako sindikatuek “gobernuaren presioei men egin” diotela eta irakasleen borrokak ez zuela “amaiera hau merezi”.
Zer adostu dute?
Akordioaren puntu nagusiak azpimarratu ditu STEILASek:
Lan zama arintzeko, “ordu lektiboak jaitsi eta baliabide gehigarriak txertatu dira”. HH eta LHn 21 ordu lektibo izango dituzte; alegia bi ordu murriztu dira, norberaren irakaskuntza prozeduren hobekuntzarako erabilgarri. DBHn 17 ordu lektibo izango dituzte gehienez eta 23 orduen baitan familiak artatzeko ordu osagarria izango dute.
Irakasleak sarritan kexatu dira lanean duten gehiegizko burokraziaz. Bada, burokratizazio hori arintzeko sortuko den batzordean, zehaztapenak adostu dituzte.
Baliabidetan, 800 langile inguru gehiago izango dira. Baliabideak esleitzeko betekizunak malgutu dira, “eta hala lanpostu gehiago sortuko dira”. Euskararekin lotutako baliabideak gehituko dira, HIPI eta EUSLE orduek gora egingo dute. Aldi berean, Hizkuntza Proiektutarako Mentoreak sortuko dira euskara indartzeko. EHI/ALE baliabideak ere handituko dira. Ongizate emozionalaren figura berria sortuko da zentro guztietan, eta orientazio-figurak edota PTak handituko dira LHko zentroetan.
Gazteberritze planean hobekuntzak txertatu dituzte. 60 urtetik aurrera, erretiroa hartu arte herena murrizteko aukera izango dute langileek, simulaziorik aurkeztu gabe, eta 65etik gora irakastorduen erdia murriztuko da.
Ordezkoen uda kobraketa berreskuratu dela nabarmendu du sindikatuak: 165 egun lan egin dutenek uztaila eta abuztua kobratu, kotizatuko eta puntuatuko dute. Horrez gain, “ordezkoen lan-baldintzak parekatu eta hobetuko dira, karrerako funtzionarioenekin berdintze aldera”.
Ordainsaria ere puntu beroa izan da negoziaketetan: guztientzako soldataren %7ko igoera adostu dute, “datozen urteetan funtzio publikoan aplikatuko diren igoerez gain”. %7ko igoera pixkanaka egingo da: 2025eko ekainean hasita %2, 2026-2027an %2,5 eta 2027-2028an 2,5.
Ordainsaria ere puntu beroa izan da negoziaketetan: guztientzako soldataren %7ko igoera adostu dute
ELA: “Akordio hobe baterako aukera paregabea galdu da”
ELA sindikatuaren aburuz, sinatutako hitzarmenak ez ditu jasotzen “grebalariok aldarrikatutako eduki nagusiak”. Hainbat puntu nabarmendu ditu:
Ratioetan, dio, “ez dago jaitsiera orokorturik”, baizik “bi aldaketa kosmetiko”: HHn eta LHn ratioa ikasle batean murriztea.
Soldatetan adostutakoa “KPIari lotu gabeko eta epe luzeko” proposamena dela kritikatu du. “Hezkuntza Sailaren azken proposamenak ez du galdutako eros-ahalmena berreskuratzen”.
Enpleguan, hitzarmenak “ez du bermatzen behin-behineko tasa erreala %8ra jaistea, are gutxiago %5era”.
Burokratizazio lanak arintzeko, “epe eta neurri zehatzik ez” dagoela salatu du, “batzorde baten sorrera eta asmo adierazpen orokor bat soilik”.
Baliabidetan, proposatutako baliabide berriek “nekez suposatzen dute %1eko gehikuntza”, kritikatu du.
Begoña Pedrosa: “Oso pozik gaude”
Akordioa historikotzat jo dute Eusko Jaurlaritzatik, eta oso pozik agertu da Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua. "Lortu dugu, oso pozik gaude akordio on bat lortu dugulako. Euskal eskola publikoa eraldatzeko akordioa da. Hezkuntza-sistema indartzen du, sistemak behar duena da, ikastetxeek eskatu digutena, eta akordio honek behar dutena bermatzen die" azaldu du.
Tentsio handiko ikasturtea
Joan den urtarrilean abiatu zituen EAEko irakaskuntza publikoak greba eta mobilizazioak, ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek deituta. Hezkuntza Sailak email masiboa bidali zien seme-alabak eskola publikoan dituzten gurasoei, greba egunek gurasoengan sor zezaketen kezka ulertzen zutela eta hezitzaileen lan-baldintzak hobetzeko “ahalegin sendoa” egiten urteak zeramatela adierazteko. Hezkuntza Sailak gutunean zioenez, “zaila da grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan. Akordioak eskura daude”. Horrek haserrea piztu zuen sindikatuen artean, eta “propaganda egiteko, familiak irakasleon kontra jartzeko eta grebak baldintzatzeko” helburuz posta pertsonalak erabiltzea "oso larria" dela erantzun zuten.
Ordutik, tentsioak gora egiten jarraitu du eta hitz gurutzatuak izan dituzte batzuek eta besteek. Begoña Pedrosak behin baino gehiagotan adierazi du negoziazioak zabalik egonik grebek ez dutela justifikaziorik, are gehiago, “neurriz kanpokoak eta arduragabeak” direla ere esan izan du, hezkuntza-sistema publikoari kalte egiten diotela eta sindikatuak interes partikularrak defendatzen ari zirela: “Frogatuta gelditu da greba horrek ez duela zerikusirik hezkuntza-sistemaren hobekuntzarekin. Interes ekonomiko neurrigabeak eta helburu politikoak uztartzen dira”, sailburuaren hitzetan.
Sindikatuak ez dira isilik geratu, Hezkuntza sailburuari gogoratu diote hamabost urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe eta negoziazioen inguruan salatu izan dute ez direla benetako negoziazioak izan, “ez delako edukirik jarri mahai gainean”, baina Jaurlaritza kanpora begirako marketina egiten ari zela. Are, “fede txarrez” aritzea leporatu izan diote sailari.
Kontuak kontu, azkenean akordioa erdietsi dute eta datorren asterako deituta zegoen hirugarren greba zikloa bertan behera gelditu da.
Kooperatibismo bat komunitateari begira UEUko topaketek, komunitatea ahaldundu eta lurraldeetako beharrei erantzuteko tresna direla gogorarazi ziguten. Halaxe da, bai, baina ekaina ez da kooperatibetan idealizaziorako garai egokiena, ez behintzat kooperatibetako kudeaketa... [+]
María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]
Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]
Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.
Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]
Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.
Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]
Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]
“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]
Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.
Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]
Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]
Ehunka pertsona joan dira jaialdira, haien artean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, 60 milioi euroko inbertsioa iragarri duena Eskola Txikientzat.
EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]