Euskalduntzerako bidean harriak eta zubiak

  • Euskara ikastea zaila denaren mitoa aski zabaldua dago, batik bat, euskalduntzeko ahaleginik batere egin nahi ez dutenen artean. Arrazoi dute puntu batean. Zailtasun nagusiak, ordea, ez dira hertsiki linguistikoak, gizarte antolamendukoak baizik. Batetik, Onintza Iruretak astekari honetako 2894. zenbakian aztertu bezala, euskara ikasteko eskubidea ez da unibertsala, ikas prozesuaren doakotasuna hainbat baldintzari lotua baitago. Bestetik, zailtasun ekonomikoez gain, badira maila soziolinguistikoan eta didaktikoan aztertu beharreko zenbait traba eta oztopo, euskalduntze prozesuan eragiten dutenak. 

Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Arkaitz Zarraga euskara irakasle eta soziolinguistak asko gogoetatu du horien inguruan. Haren esanetan, bi dira euskara ikasteko bidean jendeak topatzen dituen traba nagusiak: batetik, ordutegietara moldatzeko zailtasunak, lan baldintzekin zuzenean lotutako afera; eta, bestetik, euskaltegietan erabiltzen den metodologia. Zarragaren hitzetan “eurozentrikoa” da euskara irakasteko dugun modua, eta erabilerara eta ahozkotasunera zuzenduta egon beharrean, azterketak gainditzera dago bideratuta.

EAEn azterketek duten zentraltasuna gaitzetsi du, bere ustetan azterketen tipologiak euskara irakasteko modua baldintzatzen duelako. “Euskaltegietara funtzionario izan nahi duen jendea dator, lan publiko bat egin nahi duena: ikasketak ditu eta ezaugarri batzuk”, dio. Hala ere, egungo ikasle tipologia handi bat kanpotik etorritakoek osatzen dute, eta haiek ere ezaugarri bereziak dituzte: “Askok ez dakite ez gaztelaniaz ez frantsesez, ez daukate ikasketa maila handirik, asko alfabetatu gabeak dira euren hizkuntzan edo beste alfabeto bat darabilte”.

Materialak, eskolen modulu tipoak eta irakasleen prestakuntza egoera horietara egokitu beharko liratekeela uste du. Lan baldintza prekarioenak eta aldakorrenak dituzten horien ordutegietara moldatzeko beharra azpimarratu du.

 “B1eta B2 mailetatik aurrera nor bere testuinguruan euskalduntzea sustatu beharko litzateke, bai lan munduan, kirolean, administrazioan… ez eragiteko soilik ezagutzan, baita erabileran ere”. Horretarako, ezinbestekotzat du didaktika komunikatiboan sakontzea: “Bakoitzak duen testuingurura egokitu beharko genuke programazioa: tabernari batek zenbakiak beharko ditu, edarien izenak, bere burua eta lekua aurkeztea… agian ez du titulu bat beharko, solasaldi batzuk izateko gaitasuna baizik”. Era berean, eskoletatik metalinguistika ateratzearen alde egin du, zenbait ikasle galduta sentitzen omen baitira gramatika kontuekin.
Materialak berrikusterako orduan, hainbat konturi erreparatu beharko litzaiekeela defendatu du Zarragak: generoari, aniztasun funtzionalari eta beste kultura eta kosmobisio batzuei ere. Izan ere, argitu du askotan Euskal Herrira iritsi berriek ez dituztela “guk oso ohikotzat ditugun ariketa batzuk ulertzen”, eta begirada zabaldu beharra azpimarratu du.

Arkaitz Zarraga, euskara irakaslea: “Bi dira euskara ikasteko traba nagusiak: ordutegietara moldatzeko zailtasunak, lan baldintzekin zuzenean lotutako afera; eta euskaltegietan erabiltzen den metodologia”

Laburrean, egoera onbideratzen hasteko eman beharreko pausoak zerrendatu ditu Zarragak. Batetik, sektore inplikatuekin hitz egin beharko litzatekeela uste du, horietara egokitutako moduluak prestatzeko ahozkotasunera begira. Areago, hainbat sektoretako langileak euskara ikas dezaten liberatzeko instituzioek dirua jarri beharko luketela defendatzen du. Doakotasuna maila gainditzera lotua egotea deitoratu du, eta aprobetxamendua neurtzeko beste neurri batzuen beharra azpimarratu. Bestetik, politika publikoetan euskarak zeharkako lerroa izan beharko lukeela dio, “ez soilik Kultura Sailaren ardura”.

Etorkinak eta euskara
Baskale eusko-alemaniar elkarteak sakonki erreparatu die atzerritarrek euskara ikasteko dituzten oztopo espezifikoei. Iaz aurkeztutako ikerketan, etorkinek euskararen aurrean dituzten jarrerak aztertu zituzten. Amaia Herrero elkarteko kideak azaldu du zein izan zuten azterketa abiatzeko hipotesia: “Azkenaldian asko entzuten da etorkinek ez dutela euskara ikasi nahi, ez dutela interesik eta euskaldunentzako oztopo direla. Bestalde, euskara diskriminatzailea eta pribilegioa ere izan daitekeela entzun izan dugu”.

“Aurreiritzi horiek apurtzeko”, 65 pertsona elkarrizketatu zituzten, adin, genero, belaunaldi eta euskara maila desberdinetakoak, hiru multzotan sailkatuta: etorkinak, haien seme-alabak eta euskara irakasleak. Lehenengo taldeko elkarrizketatu guztiek aipatu zuten euskara ikasi nahi zutela, baina ezinezkoa zaiela “egungo baliabide eta antolamenduarekin”.

Galdekatuek aipatutako oztopoen artean, honakoak nabarmendu ditu Herrerok: oinarrizko beharrizanak aseta ez izatea, oinarrizko hezkuntzarik jaso ez izana, alfabetatze maila baxua izatea, latindar alfabetoa ikasi behar izatea edo lehendabizi gaztelania ikasi behar izatea. Egoera soziolinguistikoari lotutako zenbait traba ere aipatu ditu: inguruko jendeak euskara ez erabiltzea eta garrantzirik ez ematea, ikasteko motibazio falta eta euskara pribilegioa denaren ideia.

Faran Riaz punjabiarrak Otxandioko Aisa taldea sortu eta berehala eman zuen izena. Aste batzuetara utzi zion joateari denbora faltagatik. Hala ere, ondo moldatzen da euskaraz eta berak dio ahal duen guztietan erabiltzen duela hizkuntza. Argazkia: Laida Zapre.

Azken horiei lotuta, Herrerok salatu du Euskal Herrian jaiotakoei eskatzen ez dieguna exijitzen diegula kanpotik etorritakoei: “Hemengo jende askok ez du euskara ikasi eta ez du ikasi nahi. Horiek ez al dira arriskutsuak euskararentzako?”. Etorkinek giro euskaldunetan sartzeko dituzten zailtasunak ere jarri ditu mahai gainean: “Zer aukera dauka Bilbon bizi den atzerritar batek euskaraz bizitzeko? Guk sare bat dugu sortuta, baina zaila da etorkina izanda giro euskaldun batean sartzea, ez gara asko irekitzen. Gainera, kultura ezberdinetako pertsonentzako zaila izan daiteke. Adibidez, gure aisia oso lotuta dago tabernetan edatearekin eta musulman askok ez dute alkoholik edaten edo ez dira hainbeste joaten tabernetara”.

Jendartean zabaldutako jarrera eta aurreiritzi arrazistak ere badaude: jakintzat eman ohi dugu pertsona arrazializatua ez dela euskalduna izango, eta zuzenean zuzentzen gatzaizkio gaztelaniaz. “Ez diegu aukerarik ematen giro euskaldun batean egoteko”, dio Herrerok. Halaber, azaldu du euskararekin harreman estuena dutenek militantziaren eta lagun sareen bidez gerturatzen direla, eta jatorrizko herrietan hizkuntza minorizatu bat edo gehiago dutenen artean euskararekiko elkartasuna eta jakin-mina piztea errazagoa dela.

Elkarrizketatuek eskatutako “pazientzian” eta “enpatian” jarri du azpimarra Herrerok: “Laguntzaileak izan behar gara eta bideak ireki behar dizkiegu euskarara hurbiltzeko”. Etorri berriei harrera egin eta Euskal Herriko egoera ondo azaltzeko dugun erantzukizuna nabarmendu du, askok ez baitute horren berri hona iristen direnean.

Bestalde, EAEn euskara irakasteko lehen mailetan gaztelania erabiltzen dela kritikatu du Herrerok. Etorkin askok, ordea, ez dute gaztelania menderatzen edo beste aldaera bat darabilte. Gainera, ikas materialak “eurozentrikoak” izateaz gain “nahiko klasistak” ere badirela deritzo: “Erabiltzen dituzten ereduek ez dituzte pertsona guztiak ordezkatzen: denok ez gara oporretan joaten, ez dugu kotxerik… Uste dut hori ekiditen ahalegintzen direla, baina modu batean edo bestean agertzen da”.

Amaia Herrero, Baskale elkarteko kidea: “Ikas materialak eurozentrikoak izateaz gain, nahiko klasistak ere badira”

Harreraren garrantzia
Pentsatzekoa denez, AEKn ere sakon gogoetatu dute gaiaren inguruan. Didaktika Saileko arduradun Joseba Irazabalek eta Irakaskuntza Zerbitzuko arduradun Maialen Otegik Euskal Herrira iritsi berriek euskara ikasteko dituzten zailtasunak azaldu dituzte.

Zenbait gako azpimarratu dituzte: Euskal Herrian bizi diren askok ez dutela euskara ikasteko inolako interesik erakusten eta leku askotan ez dela beharrezkotzat hartzen; etorkinei ez zaiela harrerarik egiten eta ez zaiela euskara ikasteko motibazio afektiborik eta instrumentalik adierazten; informazio-gabezia handia izaten dutela euskararekiko eta euskara ikasteko urratsekiko; kontu administratibo ugari egin behar dituztela Euskal Herrira iristean; paperik ez dutenek ez dutela doan ikasteko aukerarik; egoera zaurgarrian bizi direla asko eta bestelako lehentasunak dituztela; lanarekin eta familia-betebeharrekin uztartzeko zailtasunak dituztela; bai eta matrikula ordaintzeko ere arazoak dituztela.

Errealitate horri erantzuna emateko neurri politikoak eta baliabideak behar dituztela adierazi dute, sektorea berrantolatu, ikusgarritasuna eman eta lan-baldintzak duintzeko. Horretarako, “Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia” azpimarratu dute, aldakorrak diren hiru eremu administratiboetako dirulaguntza sistema gainditzeko.
Euskaltegietako metodologiari dagokionez, AEKn ikuspegi komunikatiboan oinarritzen direla oroitarazi du Joseba Irazabalek: “Batzuetan ikasleak baldintzatuta datoz, azterketa gainditu behar dutelako. Gu beste muturrera eramaten ahalegintzen gara: komunikazio gaitasuna lortzen badute azterketa gaindituko dutela azaltzen diegu”.

Otegik aitortu du azken urteetan EAEn gora egin duela euskaltegietara titulua eskuratzera joaten den ikasle kopuruak, bereziki B1 mailatik gora. Hala ere, ikasleek euskara ikasteko askotariko motibazioak dituztela nabarmendu du: “Etorri berrien kasuan izan daiteke gizarteratzeko, izan daiteke seme-alabekin edo ilobekin hitz egiteko, izan daiteke hemen jaio den pertsona bat ikasteko aukerarik izan ez duena…”. Alta, azpimarratu du motibazioa beharrak sortzen duela eta harrera prozesurik gabe zaila dela beharra piztea, eta testuinguru soziolinguistikoaren arabera egoera asko aldatzen dela.

 Fatima Zahara Laktarni marokoarra Otxandioko (Bizkaia) Aisa taldeko ikaslea da. Darija eta arabiera ditu ama hizkuntza.
Beste alfabeto bat ikasi behar izan zuen hemen eta ez zuen gaztelania menderatzen Otxandiora iritsi zenean.
Marokon eskolara joateko aukera handirik izan ez zuenez, hasieran kostatu egin zitzaion euskara ikastea. Argazkia: Laida Zapre.


Euskarara lehen hurbilpena
Ugariak dira Euskal Herri osoan etorri berriei euskarara lehen hurbilketa egiten dieten egitasmoak: hainbat herritan oinarrizko eskolak boluntarioek ematen dituzte elkarte eta gaztetxeetan, Berbalagun taldeak eta gau eskolak oso zabalduta daude, Helduentzako Hezkuntza zentroetan euskarazko klaseak ematen dituzte dohainik… “Herri mugimendua eta eskola txikiak dira horrelako alternatibak eraikitzen ari direnak, instituzioek paso egiten dute”, salatu du Baskaleko kide Amaia Herrerok.
Eredu herrikoiek, ordea, zailtasunak dituzte denboran iraun eta egonkortzeko: irakasleak boluntarioak dira eta askotan ez dute beharrezko prestakuntzarik, taldeetan maila guztiak nahasita egoten dira, ikasle eta irakasle taldeak nahiko aldakorrak dira, giro informalagoak eta saioak musu-truk izateak taldea lasaitu eta jarraitutasuna galtzera eraman dezake taldea, ikasle askok ordutegi eta bizitoki aldakorrak dituzte…

Egoera iraultzeko, bi bide jorratu beharko liratekeela uste du Herrerok: batetik, instituzioek eredu malguak sustatzea, azterketak gainditzeaz harago bideratutako taldeak bultzatzea eta benetako doakotasuna bermatzea; eta, bestetik, herri mugimendutik ahozkotasunarekin eta aisiarekin lotutako proiektuak martxan jartzea. Beste hainbat elkartek egin bezala, Baskalek berbalagun talde bat antolatu du, “euskarara lehen hurbilpen bat eman eta euskaltegira joateko grina pizteko”.

Antzeko helburuarekin hasi ziren duela hiru urte Hernanin (Gipuzkoa) euskarazko eskolak ematen AMHER Sos Arrazakeria elkartean, Udalarekin eta AEKrekin lankidetzan eta irakasle boluntarioekin. Euskaltegira joateko zailtasunak dituzten horien baldintzetara moldatzen dira, lehen hurbilpena egin eta egoera egonkortzean euskaltegira joatera animatzeko. Su Hernández AMHEReko langileak azaldu du euskaltegiek gero eta malgutasun handiagoa duten arren, askotan ez dela nahikoa. “Oso bizitza prekarioa dute eta edozein lan ateratzen bazaie eskolak uzten dituzte. Oso zaila da ikasturte osoa klasera etortzea”.
Astean lau orduko eskolak ematen dituzte eta ez dute matrikulazio epe itxirik. Horrela, edozein momentutan has daiteke taldean euskara ikasten. Horrek, jakina, badu bere ifrentzua. Urte luzez Hernaniko Udaleko euskara teknikari izandako Malores Etxeberria boluntario dabil irakasle, eta azaldu du taldea txikia eta ezegonkorra dela, ikasleek oso baldintza aldakorrak dituztelako. Hala eta guztiz ere, Hernándezek nabarmendu du etorkinei lehen harrera egiten dien elkartea izateak asko laguntzen duela konfiantza piztu eta euskara ikasteko lehen urratsa sustatzeko.

Aisa taldeak
AEKn ere, euskarara hurbiltzeko eskolak eskaintzen dituzte. 2006an Aisa izeneko 60 orduko ikastaroak antolatzen hasi ziren EAEn eta tokian toki xede bereziko taldeak egiten dituzte. Taldeon berezitasuna da gutxieneko ikasle kopuru batek Espainiako Estatutik kanpokoa izan behar duela eta ordutegi bereziak eskaintzen dituztela, ikasleei ahalik eta egokituenak. Irazabalek azaldu du taldeotan metodologia berriak planteatzen ari direla, orain arte metodologia eta irakasleen prestakuntza pentsatzeko izandako “modu itxiak” apurtzeko.

Izan ere, badira urteak ikasleen aniztasunari erreparatu eta eskolak emateko moduak birplanteatzen ari dela. Irazabalen hitzetan, “orain konturatzen ari gara lehendik gertatzen zitzaiguna: badirela kultura desberdina dutenak, munduaren ikuskera desberdina dutenak, alfabetatu gabekoak, ama hizkuntza eta alfabeto desberdinak dituztenak…”. Alta, aniztasuna heterogeneoa dela gogorarazi du Irazabalek: “Atzerritarrak ez dira talde bat, mila talde dira. Euskal Herrian daude, euskara ikasten ari dira eta ezaugarri batzuk dituzte. Horiek hartu behar ditugu kontuan baliabideak sortzerakoan eta formazioak eman eta hartzerakoan”.
Aniztasun hori kontuan hartu eta euskaltegien jardunean nola barneratu etengabe aztertzen ari direla azpimarratu du Irazabalek. Gainera, Maialen Otegik nabarmendu du ikas materialek “bizirik” egon behar dutela eta ardatz asko kontuan hartuta “etengabe eguneratu” behar direla. “Beti gaude ikasten, bai ikasleak bai gu, gradualki joan gara kontu horiek txertatzen”, laburbildu du Irazabalek.

Fatima Zahara eta Faran Riazen ibilbideak
Otxandioko (Bizkaia) Aisa taldeko ikaslea da Fatima Zahara Laktarni marokoarra, eta ikasle ohia Faran Riaz punjabiarra. Taldea sortu eta berehala eman zuten izena eskolan, euskara ikastea ezinbestekotzat jotzen dutelako herrian integratzeko. Biak datoz eremu diglosiko batetik, beste alfabeto bat ikasi behar izan zuten eta ez zuten gaztelania menderatzen Otxandiora iritsi zirenean.
Laktarnik, adibidez, darija eta arabiera ditu ama hizkuntza. Marokon eskolara joateko aukera handirik izan ez zuenez, hasieran kostatu egiten zitzaiola euskara ikastea, baina nabarmendu du euskaraz gaztelaniaz baino erosoago sentitzen dela. Euskal Herrian bizi delako erabaki zuen euskara ikastea, eta bere alabei etxerako lanekin lagundu ahal izateko.

Riaz erabat inguru euskaldunean bizi da: familia, lagunak, lantokia… Ezin daiteke esan hizkuntzak ikasteko zailtasunik duenik, erabat menderatzen baititu punjabera, urdua, ingelesa, greziera, gaztelania eta euskara, eta italiera eta frantsesa ere hitz egiteko gai da. 16 urterekin joan zen etxetik, eta geroztik Europako hainbat herrialdetan bizi izan da.

Denbora arazoak zituenez Riazek, aste gutxi eman zituen Aisa taldean. Aipatu du eskolan irakasten duten euskara eta kalean entzuten duena ez direla berdina. Hala ere, ahal duen guztietan mintzatzen da euskaraz, eta horren beharra defendatzen du nonahi. Baditu Indiako eta Pakistango lagunak esaten diotenak euskara ikasteak ez duela zentzurik, ez dakitelako noiz arte egongo diren hemen. “Nik esaten diet horrek berdin duela, ikasiko dudala beste hizkuntza bat beharrezkoa bada”, dio.
Eskolan, ordea, badituzte egoera desberdinean dauden beste kide batzuk. “Gure taldean emakume arabiar bat dago, oso nagusia da eta apenas atera da etxetik, eta gainera ez daki gaztelaniaz. Hori arazo bat da, zailagoa da euskara ikastea ez badakizu gaztelaniaz”, argitu du Laktarnik.

Nahita ere, ezin
Isabel Quiñones, Lina Ortiz, Sahir Villacis eta Mohamed El Karfou Altsasuko euskaltegian ari dira euskara ikasten. Kubatik, Kolonbiatik, Ekuadorretik eta Marokotik iritsi ziren Ziordiara, Etxarri Aranatzera, Altsasura eta Urdiainera, hurrenez hurren. Euskal jendartean “hobeto integratzeko” erabaki zuten euskaltegian izena ematea, bai eta euskal kultura eta hizkuntza atsegin dituztelako ere. Ortizek etorkinek euskarari egiten dioten ekarpena azpimarratu du: “Dakigun apurrarekin gure alea jartzen dugu hizkuntza mantendu eta kulturari eusteko”.

Gazteak dira laurak, eta pozik eta gogotsu ari dira euskalduntzeko bidea egiten. Aipatu dituzten zailtasunen artean, ahoskera nabarmendu dute. Villacisek gaztelaniak ez dituen zenbait soinu bereizteko zailtasuna nabarmendu du: “Hemen bizi den jende askok ez du euskaraz hitz egiten, baina soinu horietara ohituta daude, gu ez, ordea”. Hala ere, orokorrean jendeak pazientzia duela eta ahal dutenean hitz egiten saiatzen direla azaldu dute, nahiz eta euskaltegian irakasten dieten euskara eta kalean entzuten dutena berdin-berdinak ez izan.

El Karfouk euskara ikastea zenbait konturako baliagarria dela irizteaz gain, bertoko kultura eta historia ezagutzea ezinbestekoa dela deritzo. Amazigeraz, arabieraz eta gaztelaniaz mintzatzen da, eta euskara ikastea ez zaio zaila iruditzen. Quiñonesek etorkinei zein bertakoei eskatu die “oinarrizkoena bada ere” ikasteko ahalegina egin dezaten. Kexu da Ortiz: “Hemen denbora asko daraman jendea dago, euskara zaila delako aitzakian babesten direnak, baina saiatu ere ez dira egiten”.

Nahita ere ezin dutenak daudela gogoratu du Villacisek: “Nire amak euskara ikasi nahi du, baina ez du denborarik. Hona iritsi zenean kontu administratibo ugari konpondu behar izan zituen eta orain lan eta lan ari da Ekuadorreko familiari laguntzeko. Euskaltegira etorriko balitz ez luke lo egiteko astirik ere izango”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Crowfunding kanpaina abian, Korrika eta euskararen etorkizuna ardatz dituen dokumentala egiteko

Korrikaren "bihotza eta burua" erakutsiko ditu dokumentalak. Proiektua gauzatzeko, herritarren babesa "ezinbestekoa" izango dela adierazi dute AEK eta Mirokutana ekoiztetxeak, eta apirilaren 25era bitartean crowdfunding kanpaina bat abiatuko dute jalgihadi.eus... [+]


Famili'on egonaldi ibiltaria aurkeztu dute lehendabizikoz Baionan

Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.


Euskara doan ikastea
Pausoak pauso, oraindik hankamotz

Aldarrikapen historikoa da euskara doan ikasteko eskubidea. Gaur egun, gori-gori dago gaia. Bi urrats esanguratsu eman berri ditu HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak C1 maila gainditu nahi duten gazteentzat eta A1 mailakoentzat. Hala, diru kopuru... [+]


2024-09-19 | Ahotsa.info
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabalik dago

“Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean, hasi da dagoeneko, Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Beraz, ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.


Presoen Euskara Irakasleen Taldeak agur esan du

Badira sei-zazpi urte kartzelan dauden presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin, lanean aritu den euskara-irakasleen sare bat: Presoen Euskara Irakasleen Taldea.


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: “Batasunaren Korrika izan da”

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Euskara ikasleekin kanpaina
Familia handituz

85 gehiago gara. 85 izen-abizen. 85 etxe. 85 dira hemendik aurrera euskara ofiziala ez den eremuetan euskara ikasten ari diren lagunengana doan bidaliko ditugun aldizkariak. Ipar Euskal Herriko, Nafarroa erdiko eta Trebiñuko 85 pertsonak baliatu dute aukera –[+]


Larrungo uhinak

Gau eskolatik plazara, plazatik oihan-zolara, oihan-zolatik mazeletara, mazeletatik mendi-kaskora, mendi-kaskotik uhinetara… euskara zabaltzen ari gara”. Azkaingo AEK-ko ikasleen bloga. Hori da ARGIAn sortu zaharra ez den blog berriaren aurkezpena. Azkaingo gau... [+]


Eguneraketa berriak daude