Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

  • 11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.

"Modu desberdinetan baina asko izan dira momentu bereziak.", adierazi du Ane Elordik. AEK

2024ko martxoaren 25an - 10:03

Emozio festa izan zen atzokoa euskararentzat, baina batez ere Ane Elordi Korrikaren arduradunarentzat. Korrikaren balorazio azkarra egin du Euskadi Irratian. “AEK-k behar du Korrika, baina euskarak ere behar du Korrika” esan du Elordik, eta aurtengoa “batasunaren korrika” izan dela nabarmendu du: "Eragile askotarikoak izan dira Korrikan, bakoitzak bere arlo eta iritziak edukita, denei euskarak elkartuta".

“Nabaritu dugu orain arte hain jendetsuak ez ziren uneetan ere jende gehiagok parte hartu duela eta jende gehiago batu dela”. Horrela, eskerrak eman dizkie kilometro bakartiak egin dituztenei. Kopuruak eman ez dituen arren, sentsazioz, 22. Korrika gainditu dela uste dute, babes handiagoarekin, jende gehiagorekin.

“Harro gara... konforme ez!”, euskara gizarte osora iristeko hizkuntza politikak gizarte osora heldu behar duela aldarrikatu du Elordik, “hizkuntza politika sendoa” eta ez “brilli-brillizko bilgarria” dena. Garazi Arrulak aipatu moduan, gogorarazi du Korrika festa erraldoi bat izateaz gain, oinarria euskararen aldarria dela, oso presente izan behar dela eta “hizkuntz politika ausartak” behar dituela euskarak, “ezagutzaren unibertsalizazioa bermatu” behar delako.

“Euskara washing-ak kezkatzen gaitu, hamaika egunetatik harago horri ekitea dagokigu orain”, adierazi du Elordik. “Eragile horiekin lanean jarraitu eta Korrika ez denean eta pozak batzen ez gaituenean ere lanketarako bideak sortzen jarraitu behar da”.

Baionan hainbat aldarri egin ziren, baina Elordik fokua honetan jarri du: “Euskaraz harro bizitzeko eskubidea” dugula euskaldunok. “Mundu oso bat kabitzen da euskaran, ateak zabaldu, dakitenek bai baina ez dakitenei ere aukeran eman behar zaie ikasteko eta doakotasuna beharrezkoa da euskara ikasteko”. Garazi Arrulak mezuan adierazi moduan: “Korrika da herri bat gose”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude